“Etzan!” oihukatzen badautzute zaude zutik!
Akitua bazira zaude “etzanik”!
Menditar gaztea, Urdantzian barna, hegoaldetik Baigorrira heldu da, bi astorekin, zahar bat eta gazte bat, biak gasnaz eta kontrabandoaz gainkargatuak. Jadanik eguerdi zahar, izerdi lapetan, Ahartzako lepoan pausa baten hartzera behartuak dira. Bastak kendu, asto zaharra arbolaxka bati estekatu, eta “futxo!”! Asto gaztearen lotzeko soka falta! Oilarandoi kaskoko kapera ondoan ikusten du ermitaua so. Asto gaztearekin igaiten da kaperaraino.
- Ba ote zinuke soka bat ene asto gazte hau estekatzeko, siesta denboran ? Bestenaz “Kalixto” ñapur hau eskapatuko zait !
- Jaun gazte! Ermitau batek ez du deus berea duenik. Zertarako behar nuke soka bat?
Erranen dauzut : astoarekin egizu estekatzen bazinu bezala, lepoa hastatuz, mintzatuz. Ahantzi gabe korapilo batekin arbolari artoski estekatzen duzula. Hitz dautzut astoa ez zaizula higituko.
Zer eginen zuen gure mutilak? Sainduak errana !
Siestatik landa, Mirakulua! Kalixto hor berean dago, xintxo! Bi animaliak berriz kargatu eta, “Arri!”, kontrabandistak manatu bezain laster asto zaharra bideari lotzen da…. Bainan “Kalixto”hor dago geldi-geldia. Makil ukaldi, tripan ostiko, ele goxo, ele gaizto, otoitz eta sakre, pullo nehondik ez kantitzen. Etsiturik, astoak utzi eta gizona berriz badoakio Oilarrandoiko ermitauari…
- Eta bai! Jaun gaztea! Pentsatu ote duzu sokari. Gaizo astoak uste du estekatua dela. Behar zaizkio libratzearen jestu guziak egin, xeheki, eleak ahantzi gabe.
Kontrabandixta itzultzen da errabia golkoan. Ermitauak erran bezala soka ”libratu” orduko, Kalixtok ezin pollikiago obeditzen!
Hiruak badoaz, orain, triki-traka, gain-behera. Asto-zaina ermitauaren jukutriaren gaitik irriz. Azken hau gain hartarik so:
- Ez hadila hire astoaz sobera trufa, mutil ! Hi eta hire behereko jendeak oro astoaren idurikoak zirezte. Esklaboak. Zuen usteen esklabo. Ez duzue sokarik lepotik bainan buruan baduzue, bai, soka eta korapilo! Ez duzue hain urrun esklaboen denbora. Kateak herdoildu balin bazaizkizue, sokak ere usteldu, gaur egun beste ixilpeko kateek lotzen zaituztete finkiago. Gaizoak! Zorrez kargatuak, kezkaz errautsiak, etorkizunaren beldurrez kokilduak, duda-mudaz josiak, bertzeen erranek muturretik lotuak, politikari handi-mandien ele zuriek balakatuak, txontxongilo eskupilatuak, … Katerik gabeko esklaboak, ohar-gabean harrapatuak, astoak bezala ez zirezte ez zuek ere nahi duzuen bidetatik ibiltzen… Jakina, bazterreko belar lits bat ebasten ahalko duzue noizean behin, gaitzuru erdi-bat zaldare ukanen duzue ere… Zer uste duzue behar duzuela gehiago libre sentitzeko ?
Horrelako gogoetetan sartua, bat batean, ermitauari asto baten arrantza ozena heltzen zaio beheretik, Buztanzelai eta Hautza mendi mazeletan barna oihartzunez oihartzun errepikatua :
- To! Kalixto! Banakian ba hi ere enekin ados hintzela !
Johanes Bordazahar






Estreinaldi horren karietara, bazen jende multxo pollita bildua. Lehenik, bistan da, han bereko eta Urepeleko haurrak, berrogei bat orotara, beren erakasleekin: bi eskolak elkartuak dira, haur ttipienak Bankan direla eskolatuak, handienak Urepelen, eta hori imertsio edo murgiltze sisteman, erran nahi baita euskarari lehentasuna emanik.
Pentsa beraz ezin hobeki heldu zaiola herriko eskola horri Marijan Minaberri euskaltzale suharraren izena hartzea! Ondoan bazen jende ezagunik ere: lehen lehenik Marijanen familiakoak, Terexa 91 urteko ahizpa eta Isabelle iloba, hor ere Lucien Etxezaharreta (Maiatz),

Gero lerrokatu dira Marijan zenari buruzko hitzaldi suharrak. Suaia elkartea izan da proiektu horren bultzatzailea eta elkartearen izenean Katixa Dolhare Çaldumbidek laudatu du Marijan “aitzindaria”. Mixel Oçafrain auzapezak “Marijan, zure lana, gogoeta eta izpiritu xorrotxa beti bizirik egon ditela herrian” du opatu. Mizel Jorajuriak, Euskaltzaleen Biltzarrak plazaratu berria duen “Marijan Minaberriren meategitik” liburu gustagarriaz du hitzegin.

