19/07/17 ateraldi kulturala Zarautzera.


Zarautz, itsas-bazterreko hiri xarmegarria

Zarautz, 23.000 biztanle, Orio eta Getaria artean kokatua den hiria da, Gipuzkoan, itsas-bazterrean. Autopista harturik, askotan ondotik pasatzen gira, gutitan gelditzen. Alta, bisita merezi duen hiria da. Hain zuzen, uda huntan Euskaltzaleen Biltzarrak kultur ateraldia antolatua zuen Zarautzera, hobeki ezagut dezagun. 34 lagunek dute gomitari ihardetsi, autobusez harat joanez. Horietarik ginen. Aitzineko urtetan bezala, Euskalerriaren

Adiskideen Elkarteko Gillermo Etxeberriak (Euskaltzaleen Biltzarreko kide ere da) zuen bisita antolatua. Sahetsean zaukala elkarte bereko Ander Letamendia tolosarra, ofizioz pilota munduko medikua, Zarautzen ere egoitza daukana.

Zarauzko Arte eta Historia Museoa

Autobusak Santa Maria la Real elizaren sahetsean utzi gaitu. Eliza horren ondoan aurkitzen da Arte eta Historia Museoa, XV. mendeko Zarauzko Dorrean. Eta museo hortako Ainhoa eta Goizane andere gazteek eginarazi daukute tokiko ondarearen bisita. Bai dorreak, bai elizak badauzkate hiriko aztarna zaharrak, bereziki IX. eta XV. mendeen arteko 269 gorpuzkirekin, eraikin horien azpian aurkituak izan zirenak. Bisitarien zangopetan, berin lodi batzuren azpian ikusgai dira. Orduko nekazari eta arrantzale zenbaitenak hain segur. Zinez ikustekoak! Elizak berak arkitektura gotikoa du, XV/XVI. mendeetan eraikia, aitzineko eliza xumeago baten hondakinen gainean, hau IX. mendekoa izan zitekeena, eta hunen azpian aurkituak izan dira ere Kristo aitzineko V. mendeko aztarnak. Zarautzen eta inguruetan, bizia aspaldikoa da!

Hirian barna

Hiri erdiak (Alde Zaharra) ere badauka zer ikus. Karrika nagusiak eraikin eder zenbaitez beztituak dira, jauregi, etxe-dorre, komentu… Musika plazaren erdian bada kiosko handi bat, urte guzian igandero hortik musika zabaltzen dela. Plaza xinaurritsua, Makatzaga jauregiarekin. Haratago, Portu jauregia, Herriko Etxe bilakatua, gaur EAJ alderdiak kudeatzen duena. Aitzina segituz, XV. mendeko Dorre Luzea, hunek ere behakoa zinez merezi duena. Eta hunen aitzinean den baratzetxoan, herriko seme bertsulari handiaren irudia, Inazio Eizmendi Basarrirena (1913-1999). Bertsulari kafira da Zarautz, gaurko Andoni Egaña dugula enblematikoena. 1536ko Narros jauregia ere arras berezia da, Zarauz-Ganboa notable familiak eraikia.

Hondartza sahetseko Malekoia ibilbidea 

        Hondartza sahetsean, Jose Luis Lasa (hemen erdian, bere obraz mintzo) zarauztar zizelkariaren “Surfari omenaldia” eskultura

Narros jauregitik abiatzen da Malekoia ibilbidea (1,5km), 3 kilometroko luzetasuna daukan hondartza guziz ederraren sahetsean. Malekoia ibilbidea zizelkari ospetsu zenbaiten eskulturez edertua da, Jorge Oteiza, Miguel Angel Lertxundi, Dora Salazar eta beste batzurenak. Hain zuzen, gutartean genuen Jose Luis Lasa zizelkaria, Zarauzko semea, eta hunek eraikitako “Surfari omenaldia” obra gure bisita baino zortzi egun lehenago estreinatua izan zen. Ez da erraitearik zer atseginez hartu ditugun haren hitzak, bere obraren erran-nahiak esplikatzerakoan!

Frantziskotarren liburutegia

Malekoia ibilbideko obrak ikusi ondoan, han berean dagon Karlos Aguiñano beasaindar sukaldari ospetsuaren jatetxean (hau Aiala jauregian kokatua da) dauku Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak pintxo-poteo atsegina eskaini, txakolinaz lagundutako moleta. Handik bi urratsetan, aldiz, Santa Barbara jatetxean bazkari nasaia dugu gozatu, jangela kantuz alegeratzen genuela, Ander Letamendiak txistu eta ttunttunez lagundurik, bertze bazkaltiar askoren txalopean.

Ez genuen, haatik, Zarautz utzi nahi Frantziskotarren komentuko liburutegiari behakorik eman gabe, publikoari ontsalaz idekia ez den liburutegi aberatsa. Bazkalondoan, Juan Mari Iturria frantziskotar fraileak bisitarazi dauku, fagore handia eginez. Frantziskotarren eraikin horrek hiru zati nagusi ditu, eliza, komentua eta ikastetxea. 1746an hasi zen hor sermoilarien formakuntza saila, euskaraz nagusiki, Zarautz baita aspaldi huntan euskarari handizki atxikia. Ondorioz, liburutegi aberatsa ere muntatu zen hor. Ez bada ere publikoari idekia, horgo liburu guziak digitalizatuak dira eta Euskaltzaindiaren sarean aurkigarri.

P.J.