Marijane Minaberri eskola

Urriaren 15ean, astearte arratsaldez, zer ekitaldi pollita herriko eskolaren inguruan! “Marijane Minaberri” izendapena emana izan zaio eskolari, Suaia elkarteak eta Herriko Etxeak partzuergoan antolaturik.

Estreinaldi horren karietara, bazen jende multxo pollita bildua. Lehenik, bistan da, han bereko eta Urepeleko haurrak, berrogei bat orotara, beren erakasleekin: bi eskolak elkartuak dira, haur ttipienak Bankan direla eskolatuak, handienak Urepelen, eta hori imertsio edo murgiltze sisteman, erran nahi baita euskarari lehentasuna emanik.

Pentsa beraz ezin hobeki heldu zaiola herriko eskola horri Marijan Minaberri euskaltzale suharraren izena hartzea! Ondoan bazen jende ezagunik ere: lehen lehenik Marijanen familiakoak, Terexa 91 urteko ahizpa eta Isabelle iloba, hor ere Lucien Etxezaharreta (Maiatz),

Mizel Jorajuria eta Piarres Aintziart (Euskaltzaleen Biltzarra), Sagrario Aleman eta Andres Iñigo nafar euskaltzainak, Mixel Oçafrain Bankako auzapeza eta Mixel Ernaga Urepeleko auzapeza, Oskorri taldeko Natxo de Felipe kantaria, Laka bertsularia, Terexa Lekunberri (EKE), Elise Dilet (Ikas), Annick Trounday departamenduko kontseilaria, Aude Muller Hezkunde Nazionaleko ikuskaria, herritarrak ere hor, Mixel Urricariet, Frantxua Juanicotena eta beste.

 

Ramuntxo Çaldumbide herriko idazkariak kudeatu du ekitaldia. Lehenik haurrek biziki polliki kantatu dute “Bil, bil, bil” (Marijanen hitzak, Oskorrik musikatua), Natxo de Felipek gitarraz lagundurik, ondotik Natxok berak eman du hain ezagutua bilakatua den “Marijane kanta zan” kantua, hor aldiz haurrek lagundurik, Natxok hitz pollitez agurtzen zuela Marijane zena, “andere umila, andere emana, andere eskuzabala”. Lakak bere aldetik lau bertsu eder kantatu ditu (ikus beherago). Eta “Marijane Minaberri eskola” plaka agertu dute Antton Hariñordoki ‘Suaia’ elkarteko lehendakariak eta Anita Falxa erakasleak.

Gero lerrokatu dira Marijan zenari buruzko hitzaldi suharrak. Suaia elkartea izan da proiektu horren bultzatzailea eta elkartearen izenean Katixa Dolhare Çaldumbidek laudatu du Marijan “aitzindaria”. Mixel Oçafrain auzapezak “Marijan, zure lana, gogoeta eta izpiritu xorrotxa beti bizirik egon ditela herrian” du opatu. Mizel Jorajuriak, Euskaltzaleen Biltzarrak plazaratu berria duen “Marijan Minaberriren meategitik” liburu gustagarriaz du hitzegin.

Sagrario Aleman, Annick Trounday eta Aude Muller (euskararen ikasten hasia den inspektorea, erran daukunaz) ere suharki mintzatu zaizkigu, “Marijan omentzeko modu oso pollita, ezin aproposagoa” dela zioelarik Sagrariok. Azken hitza Terexa ahizpari: “Izigarri hunkia naiz, ez dut gauza onik baizik entzun, deneri milesker”. Hurrupaldi-janaldi batekin bururatu den elgarretaratze gozagarria.

P.J.

Bankako eskolak Marijan Minaberri izena (2019-X-15)

Doinua: Gure herriko ihiztarieri

Eskola gehienek badute berena
jakin behar dena
Bankak ez du hautatu izenik txarrena
Atalkinean sortu zen alabarena
herriko idazkari izan zenarena
euskara loreztatzen zabilanarena.

Marijanek bazuen luma urrezkoa
hau aitortzekoa
euskaltzaleek miresten dugun gisakoa
olerki ipuinetan nolako jokoa
euskara distiratsu bilakatzekoa
haurrek eta helduek erabiltzekoa.

On da haren izena hemen ikustea
hau denen ustea
haren ipuin zonbaitzu buruz ikastea
Marijan airosa zen, omorez betea
haren kantu pollitak gogoz abestea
hola, euskal gogoa ukaiten hastea.

Izen ta izanaren arteko lotura
ederra jostura
murgiltze eredua Bankara heldu da
haurrak euskal kulturan hezteko mentura
azkenean joan da gure arrangura
irabazle haundia baita orai haurra.

J.L. LAKA