Archives mensuelles : mars 2020

Hiru maisu handiak

Hendaiako Abbadiako Jauna (Antoine d’Abbadie d’Arrast-euskaldunen aita delakoa) adinean han harat joana zelarik, adiskide batek galdatu zion nor izan zuen maisurik handiena.

Erantzun zion maisu ainitz ukan zituela, zerrenda luze baten egitea alferrezkoa zitzaiola. Bainan gehitu zuen :

“Halere  baditut hiru maisu nehoiz ahantzi ez ditutanak.

Lehena xakur bat zen. Bidean, Bidasoa ibai bazterretik oinez nindoan batez, nire aitzinetik xakur bat bazabilan, xakur erratua, alderraia, hain segur konpañia zenbaiten eske… Edan beharrez xakurra urera hurbildu zenean bat batean saingaka, beldurrak harturik, niri buruz tarrapatan itzuli zitzaidan. Etzen deus ibaian. Bere burua ikusi zukeen ur axalean, ustez eta beste xakur bat zen.

Baina hain zen egarri nun, beldurra gaindituz, berriz urera itzulirik, salto egin baitzuen, amorru biziz, etsaia garaitzeko. Bistan da ukaldian berean etsaia desagertu zitzaiola. Ulertu nuen xakurrarena. Zenbat aldiz ez ninduen beldurrak gibelerazi ? Irakatsi zautan guhauren beldurrak dauzkigula jendeak eta gauzak diren baino beldurgarriagoak egiten. Hor ikasi nuen bizian beldurraren gainetik menturatu behar nintzela…

Bigarrena basa-ihiztaria zen. Etiopian. Egun batez basamortuko mendietan, galdu nintzen, leher egina eta sukar tzar batek  ahuldua. Ke usain bat segituz, heldu nintzen artzain baten etxolara. Aterbetu ninduen eta bere ohantzea utzi zautan. Goizero bizpahiru orenez, etxola utzirik, ihizira joaten zen, jateko zerbaiten bila. Adar-tuta luze bat uzten zautan, zerbait gerta baledi deitzeko. Eguerdi irian itzultzen zen, eskuak hutsik. “Bihar goizean, Jainkoak nahi badu zerbait atxemanen dut.”  Biharamunean bezperan bezala itzultzen zen. Hamar-dozena bat egunez, etsitu gabe, errepika bera entzun nion “… Bihar Jainkoak nahi badu…” Ainitz aldiz artzainaz oroitu naiz, amor emaitekotan nindagolarik oroituz : « Bihar, Jainkoak nahi badu, berriz … »

Mutil koxkor batez oroitzen naiz ere. Ikusten nuen mutikoa goizero elizara joaten. Urruñan izan behar zen, untsa oroitzen banaiz. Elizan sartzean pizten zuen kandela. Familiako norbaitentzat otoitz gisa pizten zukeen. Halako batez hurbildu nintzaion trufa arraillant batekin, gogoa nahasi nahiz  :

  • Hihaurek piztu duk kandela ?
  • Bai, jauna, nihaurek.
  • Beraz erraiten ahal dautak nundik  hartu dukan argi hori ?
  • Zer ?
  • Erradak hire argi hori nundik jin zaukan !

Mutikoa irriz hasi zen. Ufako batez sua itzali eta galde egin zautan :

  • Jauna ! Argia joan da!  Erraiten ahal dautazu norat eskapatu  den?

Mokoa net hetsiz zautan. Nire lekuan ezarri ninduen! Ni,  jakintsuna, ustez eta hura baino gehiago nintzen.

Egia erraiteko, bizia bera izan zait maisu nagusien. Bizia den bezala. Bere ttipikeria eta handitasun guziekin.  Gertatu zaizkitan guziak,  onak eta txarrak, xantza bat bezala hartu ditut.  Unean unekoari ahal bezain ongi etorri ona eginez.”

Johanes Bordazahar

Amets tematiak

Gizon hau ez da ez pobrea ez aberatsa. Ardi eta behiekin, herritar guziak bezala, laborantza lanetik bizi da. Bakean bizi, emazte eta hiru haurrekin. Etxea  hantxe du Baztango mendi hegi hartan, borda bat gibelean, bi iratze meta aldamenean eta  leizar handia etxaitzineko korralean

Udan, bazkal ondoan,  leizarraren itzalean egiten du loaldia. Burua erro sendoaren gainean pausaturik.

Badu orain egunak eta egunak, siesta denboran, behin eta berriz, amets ber-bera heldu zaiola… Amets tematsu iraunkorra.

Halako batez, gogoa libratzen dio emazteari.

  • Ene ametsean ikusten dut hiri zabala, famatua. Bi katedral baditu. Zubi  ederrenaren azpian, zoko-zokoan, sekulako fortuna dago gorderik, ene beha. Loalditik triste iratzartzen nauzu. Alabaina, holako ametsetarik  ateratzea ez da goxo gero!” 

Ustegabean, emazteak  serioski hartu du.

  • Holako amets tematsu egonkor baten gibelean egia zerbait badukezu. Hiri handia bi katedraleekin, Salamanka duzu hain segur. Zoaz. Proba ezazu. Zure itzulia egiteko denboran etxea gure artean atxikiko dugu.

Joan da gizona, San Martine egunean. Bidea luze eta dorpe gertatu zaio. Atzerri otserri. Gorriak pairaturik, azkenean,  goiz eder batez, heldu da Salamankara. Heldu bezain laster, zubi guziak begiztatu ditu. Atseginekin ezagutu du ametsetako hura.

Zoritxarrez, bohame familiek okupatua dute. Bazterrak ezin mia. Halere, badaki norbaitek, zerbaitek, nolazpait adieraziko diola nun dagon delako “altxorra”… Alferrik. Seinalerik ez. Iluntzean, behar bada lokartzearekin ametsa berriz etorriko zaiolakoan, zubi ixkin batean korobilkatzen da lo egiteko. Ametsik ez zaio jin. Gaueko loa ere motza izan zaio. Ipurdian bi ostiko finek iratzarri dute tupustean. Hor du, aitzinean, polizia ofizierra :

  • Aika ! Arlote, eskale alferra !

Eskuburdinekin loturik eraman dute komisaldegira. Presoen arteko joka partida  baten gaitik, gure gizona berehala epaileari presentatu diote.

Epailea ez da guti harritu ikustearekin gure gizonak bizi  ezin “normalagoa” deramala: lana, etxaldea, emaztea, haurrak baditu. Gizon xaloa, maleziarik gabekoa.

  • Zertarako debru etorri zira honara ?
  • Amets iraunkor baten gaitik ! Eta kondatu dizkio : siesta, ametsa, zubia,  fortuna, xehetasun guziekin.

Epailea irriz lehertua :

  • Ametsetako lukainka!… Zigor on bat merezi zinuke zure ergelkeriarentzat. Horiek guziak xakur-ametsak dituzu !  Bazinaki ? Niri ere amets bat etortzen zait, beti bera. Etxea  hantxe da mendi hegian, borda bat gibelean, bi iratze meta bazterrean. Ametsaren arabera etxe aitzineko leizarraren erroaren azpian bada ikaragarriko altxorra, kutxa baten barnean ! Huskeriak horiek! Usteak ustelak ditugu!

Gizonak jaun epaileari bostekoa emanik, kuxian etxeko bidea hartu du. Esperantza hain du handia non bideak berak gure gizona airez-aire eraman baitu. Etxeratzekoan, nehor. Hainbat hobe. Hartu palaharra eta erroaren azpitik atera du… delako altxorra, uste baino ederragokoa !

Ixtorioak deus ez derasa, gizonak zer erran zion emazteari, ez eta nola banatu zuen altxorra. Baina beste mezu ixilen artetik hau dio : maiz guretik urrundu behar dugula; urrun hartarik ohartzen girelako nolako aberastasuna daukagun bai gure baitan, bai gure etxean bertan.  Zutan daukazun egiazko altxorra  hoberenarentzat balioko zaizulako asmoarekin : urte berri on !

Johanes Bordazahar

Ametsak

Baratze bat nahi deizüt egin

Amets segeretüenekilan…

Pier Paul Berçaitz

 Etxe gibelean, haritz handiaren azpian, sei urteko haurra ari da jostetan : « Belen belen, bee…» ezkurrak ardiak ditu. Bapatean entzuten du aitaren trakturra burrunban.  Haurra, zurezko trakturra eskuan, lurrean, alorraren iraultzen ari da. Horra bidea, enzilaia meta. … Gelditu eta hasi da ametsetan : « Ah aita banintz ! Trakturraren gainean munduko erregea ninteke ! Jaun ta jabe ! Nolako lanak, zein ongi eta laster eginak ! Azkarra eta errespetatua izanen naiz herrian…. ! »

Haurrak ez dakiena da etxea ere ari dela ametsetan, mendi hegian. « Nahiko nuke ehun solairuko   bizitegia izan. Zein maiteko nukeen ene burua ikustea hiri handi baten erdian zut eta zabal, igogailuekin, dena berina, kaskoan antena-haga oihana. Gauaz argiz dirdiran. … Ha !  Bizitegi dorre bat banintz etxe xoil galdu bat izaiteko orde ?

Hala hala, ibar zolan ; herrixka bera ari da ametsetan. « Iri handi bat banintz ?! Etorbide zabal eta luzeekin, hiper-merkatuekin. Bankuak, zinemak, areto handiak, kirol zelaiak, geltokiak, aireportuak, alde guzietan. Mota guzietako jendeak trumilka aferetan harat-hunat. Bizia pilpilean. Bazterrak hilak dira hemen.»

Herrixka aberri ttiki batean kokatua baita, hau  ere ametsetan dago: « Ah munduko hamabi estadu handienetarik banintz. Zabala, aberatsa, poderetsua, muga finkoekin. Armada handi batekin, herritarrak defendatzeko. Auzoko nazioak beldurrez atxikiko nituzke.»

Aberria bezala, gure planeta ere ari da ametsetan. « Iguzkia banintz ! Planetak ene inguruan itzuli mitzuli meneko nituzke. Denen indar, denen argi nintzateke ! »

Bainan ez haurrak, ez etxeak, ez herrixkak, ez aberriak, ez eta ere planetak uste ez dutena da : iguzkiak ere bere ametsa badaukala : « Lur planeta banintz mila kolorez jantzia, soinu eta usain ugarikoa ; mendi, itsaso, zelai, ibaiekin, hain desberdinak, hain aberatsak. Biziz gaindika, oi lur urdin maitagarria ! »

Estadu handia ere ari da ametsetan. « Ah  aberri ttipi bat banintz ? Armadarik gabe, zergarik gabe, legedi konplikaturik gabe, presondegirik gabe, zaintzeko mugarik gabe. Hots, buru hausterik gabe … »

Hiri handia, estadua bezala, gogoetetan dago. « Oxala ! Herrixka bat banintz ? Zer bakea ! Zer goxotasuna. Zer bizi lasaia. Auzoen harat hunat baketsuekin, haien solas  zuhur eztiekin… Xoriak eta arbolak ixkin guzietan, loreen eta animalien erdian…Eta zenbat grazia ttipi zoko moko guzietan ! »

Hiriko  ehun  solairuko bizitegia, burua lanoetan galdua arida bere baitan : « Nahiago nuke etxe ttikpi bat izan. Zer joia ! Mendi hegian irriz, leiho gorriekin, erridauak berinetan ; lore baratze batez inguratua, …. »

Aitak, trakturraren gainetik. haurra ikusi du haritz handiaren azpian josteta …  « Ah   haurra banintz, kezkarik gabe ; duda mudarik, zorrik gabe, konfiantza osoan… Gure haurrak balaki zenbat eta zenbat lan, kezka eta gataska behar den bizitzeko ! Jakin gabe gure lanak zerbait balio duenetz ere. »

Etxe gibelean sei urteko haurra ari da ezkurrekin ardika : « Belen, belen. Bee bee ! …  “Ah aita banintz ! Trakturraren gainean munduko erregea nintzateke ! Jaun ta jabe … »  Hola doaz ametsak eta asmoak gure munduan: itzuli-mitzuli. Zerri gosetiak ezkurra amets!

Haurtzaroko ainitz amets gogoan dauzkagu oraino. Bakoitzak bereak edo elgarrekin ditugunak, aberri oso batenak. Gehienak bete ez ditugunak, batzu ez beteko ere. Bainan amets guzietan baliosena, ederretan ederrena : haurrarena.  Ametsarekin geroaren eraikitzen hasia baita. Gu, gaurko bizikoak gira. Haurra jadanik biharko etxean bizi da. Eskuetan daukan ezkurra bezala :  hor baitago lo haritz handi ikaragarri baten ernamuina.

Johanes Bordazahar

Amatxi, zergaitik…?


– Amatxi! Zergaitik zaude hor, etx’aitzinean jarria ?

Adin handia nolakoa den

Haurra, ari naiz ikasten:

Xinaurri, lore edo pinpirin

Gauza ttikien miresten;

Ene belaunen daldararekin

Hezurren kraskak entzuten;

Gau-eguneko oren luzeetan

Nehoren beha egoiten;

Baratzerako bidea ere

Ari zait luze egiten.

– Amatxi! Zergaitik beti arbolari so ?

Arbola nauzu, azalez latza,

Erroak barna sarturik,

Beso eiharrak zerura deika

Hor nago otoitz eginik.

Haize hegalen firfiran ere

Maiz ametsetan galdurik.

Badakit minek lanoen gisa

Ez dutela iraupenik.

Aldiz xoriek, berdin liliek

Hor naukate xoraturik.

– Zer erraiten dauzu bada arbolak ?

Intxaurrondoko hosto batekin

Ari nauzu solasean.

Xuxurlatzen daut:  “ Bizi hazia

Emana zaigu sortzean.

Kimu begitik erro punttara

Adarretik pasatzean,

Zuhaitz bakar bat  gira guziak,

Biziaren ahurrean.

Zure aldian ama bat zira

Belaunaldien katean…”

Amatxi ? Nola zinen lehen ?

Etxekandere oparo nintzen,

Eder begiesten ninduten.

Orain umilki, ixil-ixila,

Etxe zilo naiz egoiten.

Ene bihotza tarrapataka

Bapatez ez bazait hasten,

Egun  bakoitza argiratzean

Gogoa zait arrapizten.

Jaungoiko aita lauda nezake

Ainitz balizkit emaiten.

– Haur denbora urrun duzu,  Amatxi !

Xahartu eta urte gazteeri

So egiten badiezu,

Haur denborako mirari berak

Orain ikusten dituzu.

Jaun Goikoaren esku ixila

Orotan sumatzen duzu.

Kolore, soinu, irriak oro

Gordinik heldu zaizkizu.

Zahartzaroan,  haur denborara

Berriz itzultzen gaituzu !

– Amatxi! Zer ikasten duzu oraino ez dakizunik ?

Libre egoiten ikasia dut

Begi besoak zabalik.

Ikasia dut pazientzia,

Ez dela lan minagorik.

Ene biziak luze iraunik

Ez duela gelditzerik .

Oroitzapenak gogoan hartuz,

Armairu zolak husturik,

Ixil ixila urrunduko naiz

Utzi gabe herrestorik.

– Ez duzu nehorat joaiterik ?

Denak galduta, zer gelditzen zait ?

Bakarrik ene gorputza;

Zahar ‘ta hotza izanagatik

Maite dut ene egoitza.

Adin ederrak badu argi bat

Deitzen dena esperantza.

Etxekoekin, maitasunean

Berotu baitut bihotza,

Beldurrik ez dut noiz ere jinen

Baitzait azken oren latza.

– Oren latza ? Zer derasazu ?

Begiak zaizkit malkoz erretzen

Hil bati begiratzean.

Ez naiz izitzen azken eguna

Etorriko zaidanean,

Urrats handia, sakratuzkoa,

Betikotzat egitean,

Azken hats hartan, nahi nuke hartu

zure eskua enean.

Zeruko aitak har diezadan

Beste eskua berean.

– Hil eta zer ?

Arima daukat, Jaunak emana,

Betirako oparia.

Nehork ez dautan, nehoiz, moztuko

Urre bizizko haria.

Hau da kaiola puskatuz geroz

Airatuko den xoria.

Negu bakoitzak ez ote dakar

Berekin udaberria ?

Lurperatzen den hazitik berdin

Pizten da lore berria.

– Amatxi! Beti ikusten dauzut pindar bat begietan.

Badakit ongi ene gorputza

Badoala itzaltzera.

Bainan bihotzak beti deitzen nau

Gehiago maitatzera.

Begi  ahulak lehiatzen zaizkit

Aurpegien mirestera,

Bi esku hauen daldararekin

Xamurki perekatzera.

Barneko suak ez  daut barkatzen,

Ez nau uzten erdoiltzera.

Johanes Bordazahar