Gizon hau ez da ez pobrea ez aberatsa. Ardi eta behiekin, herritar guziak bezala, laborantza lanetik bizi da. Bakean bizi, emazte eta hiru haurrekin. Etxea hantxe du Baztango mendi hegi hartan, borda bat gibelean, bi iratze meta aldamenean eta leizar handia etxaitzineko korralean
Udan, bazkal ondoan, leizarraren itzalean egiten du loaldia. Burua erro sendoaren gainean pausaturik.
Badu orain egunak eta egunak, siesta denboran, behin eta berriz, amets ber-bera heldu zaiola… Amets tematsu iraunkorra.
Halako batez, gogoa libratzen dio emazteari.
- Ene ametsean ikusten dut hiri zabala, famatua. Bi katedral baditu. Zubi ederrenaren azpian, zoko-zokoan, sekulako fortuna dago gorderik, ene beha. Loalditik triste iratzartzen nauzu. Alabaina, holako ametsetarik ateratzea ez da goxo gero!”
Ustegabean, emazteak serioski hartu du.
- Holako amets tematsu egonkor baten gibelean egia zerbait badukezu. Hiri handia bi katedraleekin, Salamanka duzu hain segur. Zoaz. Proba ezazu. Zure itzulia egiteko denboran etxea gure artean atxikiko dugu.
Joan da gizona, San Martine egunean. Bidea luze eta dorpe gertatu zaio. Atzerri otserri. Gorriak pairaturik, azkenean, goiz eder batez, heldu da Salamankara. Heldu bezain laster, zubi guziak begiztatu ditu. Atseginekin ezagutu du ametsetako hura.
Zoritxarrez, bohame familiek okupatua dute. Bazterrak ezin mia. Halere, badaki norbaitek, zerbaitek, nolazpait adieraziko diola nun dagon delako “altxorra”… Alferrik. Seinalerik ez. Iluntzean, behar bada lokartzearekin ametsa berriz etorriko zaiolakoan, zubi ixkin batean korobilkatzen da lo egiteko. Ametsik ez zaio jin. Gaueko loa ere motza izan zaio. Ipurdian bi ostiko finek iratzarri dute tupustean. Hor du, aitzinean, polizia ofizierra :
- Aika ! Arlote, eskale alferra !
Eskuburdinekin loturik eraman dute komisaldegira. Presoen arteko joka partida baten gaitik, gure gizona berehala epaileari presentatu diote.
Epailea ez da guti harritu ikustearekin gure gizonak bizi ezin “normalagoa” deramala: lana, etxaldea, emaztea, haurrak baditu. Gizon xaloa, maleziarik gabekoa.
- Zertarako debru etorri zira honara ?
- Amets iraunkor baten gaitik ! Eta kondatu dizkio : siesta, ametsa, zubia, fortuna, xehetasun guziekin.
Epailea irriz lehertua :
- Ametsetako lukainka!… Zigor on bat merezi zinuke zure ergelkeriarentzat. Horiek guziak xakur-ametsak dituzu ! Bazinaki ? Niri ere amets bat etortzen zait, beti bera. Etxea hantxe da mendi hegian, borda bat gibelean, bi iratze meta bazterrean. Ametsaren arabera etxe aitzineko leizarraren erroaren azpian bada ikaragarriko altxorra, kutxa baten barnean ! Huskeriak horiek! Usteak ustelak ditugu!
Gizonak jaun epaileari bostekoa emanik, kuxian etxeko bidea hartu du. Esperantza hain du handia non bideak berak gure gizona airez-aire eraman baitu. Etxeratzekoan, nehor. Hainbat hobe. Hartu palaharra eta erroaren azpitik atera du… delako altxorra, uste baino ederragokoa !
Ixtorioak deus ez derasa, gizonak zer erran zion emazteari, ez eta nola banatu zuen altxorra. Baina beste mezu ixilen artetik hau dio : maiz guretik urrundu behar dugula; urrun hartarik ohartzen girelako nolako aberastasuna daukagun bai gure baitan, bai gure etxean bertan. Zutan daukazun egiazko altxorra hoberenarentzat balioko zaizulako asmoarekin : urte berri on !
Johanes Bordazahar