Peio Jorajuriak Herrian agertu artikulua
Sanferminak iraganik, Iruñaren bisita gozo eta lasaia
Iruñeko bestak doi doia bururatuak zirela eta hango karrikak lasaitasunera itzuliak, turistak oraindik ez metaka etorriak, uztailaren 19ko egunaz, asteazkenez, baliatu da Euskaltzaleen Biltzarra elkartea Iruña hiri zaharra bisitatzeko, luzatua zuen gomitari ihardetsia zuten Ipar Euskal Herriko hogeita hamar bat euskaltzalerekin. Eta gu ere gogotik juntatu gitzaie. Elkarte horren aitzineko urtetako bidaia kulturalentzat bezala, Gillermo Etxeberria donostiar elkarte-kideak zuen egitaraua prunki prestatua.
Herriko Etxean ongi-etorria
Lehen hitzordua, Jon Martinez arte-historialariarekin ginuen, Herriko Etxe aitzinean. Gidari paregabea zaiku suertatu, Iruñaren Alde Zaharra gostura zeharkatuz, argitasun asko eta askorekin. Bainan lehen lehenik Herriko Etxea dauku bisitarazi. Erdi esperantza ginuen Joseba Asiron alkatea (auzapeza) kurutzatuko ginuela egoitzaren barnetan, bainan bazukeen besterik egiteko. Udaletxeko gela nagusian, hor ginuen aldiz Diario de Navarrako argazkilaria, ondoko egunetan egunkari horrek Iparraldeko euskaltzale multxoaren potreta zuela agertuko. Egoitza guziz ospetsua da Udaletxea, margolan eder askorekin, hemen Pablo Sarasate biolin-jolea ageri, han Julian Gayarre operako tenorra, Jabier Cigaren “Elizondoko merkatua”, Francisco de Asisen Isabel II bere senarrarekin eta beste margolan frango. Udaletxeko kapera ere ikusi ahal izan dugu, urtean behin baizik idekitzen ez dutena. Zinez kuriosa, kapera bat egoitza publiko batean ! Biltzar gelak ere merezi du behakoa, bere 28 jarlekuekin, paretetan 9 kamera biltzarrak filmatzeko, eta ere, ospetsu, Nafarroako armarriak, haratago Karlos III erregearen potreta dotorea. Balkoian ere gure agerpena egin dugu, Udaletxeko plaza guzia zangopean ginuela: hortik da sanferminen hasiera ematen, txupinazo famatua, plaza guzia zapi gorriz estalirik.
Hiri Zaharrean barna
Herriko Etxea utzirik, bada zer ikus karrikaz karrika. San Zernin eliza (Zernin edo Saturninok zuen hiria ebanjelizatu eta saindu bilakatuko zen Fermin bataiatu), 12. mendeko aztarnak ageri, eliza erromanikoa zelarik eta oraindik lehenago aspaldiko sineste zenbaiten tenplu. Kontuen Ganbera, finantzak kontrolatzen zituena, 13. mendekoa, Iruñan dagon eraikin gotiko zibil bakarra. San Nikolas eliza, 12. mendeko eliza erromanikoa, gotorleku moldean eraikia, geroztik nagusiki itxura gotikoa hartua duena. Eta plazak ere hor, besteak beste Gazteluko plaza, San Frantzisko plaza, Kontseiluko plaza, bakoitza eraikin ospetsuz mugatua, jauregi (hala nola Nafar Gobernuko jauregia, parkean 165 urteko sekoia erraldoi bat daukala, Kaliforniatik ekarrarazia), antzoki eta beste.
Ernest Hemingwayren atzak
Iruñak ainitz zor dio Ernest Hemingway amerikar kazetari-idazleari (1899-1961) eta autore horrek ere halaber ainitz zor Iruñari. 1923an etorri zen lehen aldikoz Iruñera, kazetari gisa, San Ferminak aipatzeko. Besta horietaz maitemindu zen, ondotik “Fiesta” eleberria zuela idatziko, literatura munduan omena emanen zion lehen obra. Idazle horren arrastoak badira hen hemenka hirian barna. Hala nola Gazteluko plazan dagon Iruña kafetegian, hiriko jatetxe ezagutuena bilakatua dena. Gidariak barnera eraman gaitu, eta jangela nagusia zeharkaturik, gela ttipiago batera heldu gira, “Rincon de Hemingway” deitua. Hor dago amerikarraren busto edo itxura eder bat. Eta hunen ondoan dauku gidariak hauxe kondatu: “Ernest Hemingway Iruñera etorri zenean lehen aldian, Gazteluko plazako La Perla hotelera joan zen, han aterbetu nahian; bainan logelak garestiegiak izanki, ororen buru plaza bereko beste hotel batean zen aterbetu, Quintana hotelean. Eta hunen jabea, Juanito Quintana, izan zuen Emingwayk gidari nekaezina, hiriko xoko mokoak ezagutarazi zizkiona. Quintana hotela geroztik desagertua da. La Perla hotela, haatik, beti hor da, eta badaki segurki nola jokatu behar den. Jendeari sinetsarazirik lehen denbora horietan Emingway bere hoteleko klientea izan zela, hoteleko ganbara ospetsuena, nun Emingwayk lo egin omen zuen, 2.600 eurotan pagarazten du gau bakar San Ferminetan, eta bertze ganbarak 1.900/2.000 eurotan, alabainan leihoek Estafeta kalera dute bista, hortik direla goizero entzierroko zezenak iragaiten”. Eta prezio horietan ere ganbaren alokatzaileak ausarkian izanki, omen !
Andra Maria Errealaren katedrala
Ezin ginuen Iruña utz katedralari behakoa eman gabe. Huntan, donostiar emazte gazte bat ginuen gidari, Saroa. Gotiko estiloko eraikin horren bisitatzeko, ezin uka denbora nasaia hartu behar dela, hainbertze bada ikusteko, nabeak, absidea, korua, kaperak, erretaulak, kalostra (gaur obretan), kalonjeen jangela alimalea, zeintan Erregearen gortea biltzen zen ospakizun batzuren aitzakian, Karlos Noblea Nafarroako erregea eta Leonor Trastamarakoa erreginaren mausoleoa… Arkeologia miaketak ere bete betean daudela katedralaren alde batean, aspaldiko aztarnen erakusleiho. Bai, astira egin behar den bisita eta ahalaz gidari batekin. Eta ez da dudarik datorren urtean Iruñak eta bere katedralak ukanen dutela sekula baino bisitari gehiago, 2018a San Fermin urtea ekarria izanen baita.
Gillermo Etxeberria antolatzaile arraroa. Hemen animatzaile lanetan bazkari denboran.