San Telmo, Museoen Museoa
Euskal Herriko museo xaharrena da San Telmokoa, 1902an idekia, 2010ean berritua. Hiri zaharrean kokatzen da, Zuloaga plazan, Urgull mendiaren zangopean. Lehengo denboretan, Domingotarren komentua zen (XVI. mendekoa). Inperioko gerlen garaian, 1813an Donostia zetiatua izan zelarik bereziki, armadaren kaserna bezala erabilia izan zen. Geroztik, beraz, museo da bilakatua, euskal gizarteari osoki dedikatua. Bi zati nagusi ditu: parte zaharra, besteak beste eliza eta klaustroarekin, eta parte berria, Nieto eta Sobejano arkitektoek zaharberritua, itxura arrunt modernoa emanik.
Eneko eta Beatriz museoko gida guziz argiekin ibili gira gelaz gela, argitasun asko eta asko ukanez. Ez ditugu hemen denak aipatuko. Erran dezagun halere eliza barnean aurkitzen diren mihise tindatuak zinez ikustekoak direla. Margolan handiak, Josep Maria Sert katalandar artistak 1929an eginak, Inazio Zuloaga margolariak aholkaturik, euskal populuak ezagutu dituen gertakari handi batzuren lekuko. Klaustroa ere berez ikustekoa da. Eta hor dira gaineratiko gela guziak, gaiez gai antolatuak: aztarnak oroimenean, modernitatearen hasiera, jendartean bizitzea, ohidurak, industrializazioa, itsasgintza, baserriak, karlistadak, euskal artea, kirolak eta beste.
Parte hori guzia erakusketa iraunkorra balinbada, bada ere behin behineko erakusketarik, hala nola memento huntan “1516-2016 Bake-Itunak” izeneko erakusketa, hunen zati bat Baionako Euskal Museoan ere ikusgai dagona. Gure taldeko batzuk erakusketa horri so zaudelarik, bertzek nahiago izan dugu Donostiako parte zaharrean bazterren ikuska ibili, Gillermo Etxeberriak gidaturik: San Vizente eliza, Abuztuaren 31ko kalea, Andra Maria eliza, Konstituzio plaza, Bretxa eta beste. Bazen zer ikus eta zer ikas.
Juan Gorritiren obrak
Batean honi so, bestean hari, karriketan ibiltzeak halako egarri eta gosea piztu ere ditu gu baitan, ez ginituela bakarrik begiak ase behar. Antiguo auzoan, Igeldoko pekaldean, han ginuen gure zain Imanol Alkorta, Basoetxea elkarteko kidea. Hau Euskaltzaleen Biltzarraren liburuen argitaratzailea dugu. Bainan badu ere bertze talendurik, halanola sukaldaritzan. Eta lagun batzuekin bazkari murtxagarria prestatua zaigun Basoetxean. Atseginezko mementoa, alegera, Manex Pagola ere gurekin baiginuen, gitarra eskuetan, bere osagarri arranguren gainetik beti prest umore ona eta alegrantziaren pizteko. Mahain on horren inguruko denboraldia doi bat luzatu ondoan, kanporateko deialdiak Miramar palazioraino gidatu gaitu, bere parke xoragarriarekin,
P.J.
Kontxako badia osoa ageri, Urgull eta Igeldo artean, bien erdian Santa Klara uharteak esmeralda perla dirudiela. Miramarreko parke hortan aurkitu ditugu Juan Gorritiren obrak, han hemenka ikusgai ezarriak, “Itxasmira Aralerretik Donostira” izeneko erakusketa. Zizelkari nafartarrak badazki gauza arruntak artistikoki apailatzen. Funtsean duela zenbait urte jadanik ikusia ginuen Sarako elizdorreko zureria, sute batek kiskaildurik utzi zuena, zizelkatzen, beltzenari eta arruntenari halako edertasun berezia diola emaiten. Zureriarekin, burdina ere du lantzen, argazkian ageri den behia lekuko. Segur behi horrek ez zezakeela bistaleku ederragorik !
Euskaltzaleen Biltzarraren deialdiari ihardetsia zuten euskaltzaleen multxoa Miramar parkean, Juan Gorritiren obra baten ondoan