Ongi etorri!

2023ko Ateraldia kulturala:

Arangurengo Irulegin Aranzadiko ikerleekin.

Alzuzan Oteiza museoan Zigor gidari.

Bilduma eta argazki gehiago: Hemen

2022ko ateraldi kulturala Lekeitiora.


Egun ederra izan da:
-Xan-en istorio hain ongi kondatuak ba autobusean ba mahaian.
-Herriko etxean Alkatearen ongi etorria eta oparia
-Hiria eta Basilikaren bisita, gidari gazte batekin.
-Egaña jatetxean bazkari ederra kantu gozoen artean eta giro bikainean.
-Itsasargiaren bisita uste baino laburragoa… hertzainengatik!

Lekeition, Mikel eta Tomas Epalza gidari


Peio Jorajuriaren artikulua Herria astekarian:

Uda oroz antolatzen du Euskaltzaleen Biltzarrak ateraldi kultural bat Hegoaldean barna. Aldi huntan Lekeitioko bidea dugu hartu, 50 lagunek, autobusez. Lekeitiar erroak dituzten Epalza anaiak genituen bisitaren antolatzaile, ongi ezagutzen dugun Mikel apeza, hemengo mariñelen omonierra, eta Tomas haren anaia, Lekeition berean bizi dena. 7.200 biztanleko herri bat da Lekeitio, Bizkaiko kostaldean kokatua. Portu polita, denboran fama handikoa izana, 30 atunontzitaraino ukanik baina gaur bakar bat baizik gelditzen ez zaiona. Atsegin handiz bisitatu dugun herria.

Herriko Etxean ongi-etorria

Plaza nagusira heldurik, zuzenki joan gira Herriko Etxera. Izkinan ikurrina, haga baten puntan, eraikinetik aparte. Alabaina, espainol gobernuak Espainiako bandera inposatzen du euskal ikurrinaren ondoan, hau Herriko Etxeko balkoian ezartzen baldin bada. Baina ikurrina Herriko Etxetik aparte ezarria delarik, espainol banderaren inposaketarik ez da. Koldo Goitia auzapezak suharki errezibitu gaitu kontseiluko gela nagusian. Bigarren agintaldia du EAJ alderdiko kideak eta datorren urtean kargu hori uztekoa omen du. Ongi-etorrian, Isabel Mendiguren auzapez-ordea saihetsean zuen eta Lekeitioko historia aberatsaren bilduma egin daukute biek. Kontseiluko gela hortan dago, besteak beste, Irkus Robles beskoiztarrak tindatutako Resurreccion Maria Azkue (1864-1951) lekeitiar euskaltzain ospetsuaren margolan ederra. Eta gelaren lau izkinetan Lekeitioko erraldoiak, hala nola Don Terentzio eta Doña Tomasa, San Pedro eta San Antolin herriko bestetan ateratzen direnak, bai eta Antero famatua, Ixil ixilik dago kantuan errepikatzen duguna: Anteron txamarrotia, txingarren bigotia, haretxek derauka preso tximinoia… Ongi-etorriaren bukaeran, Koldo Goitiak sari bat eskaini dio Euskaltzaleen Biltzarreko Mizel Jorajuria elkarteburuari, Lekeitioko iturrrotx baten itxura (zazpi iturri badira herri erdian, ur freskagarriaren emaile). Edurne Epalza-Hebrard andereaz ere oroitu gira, 2003an Euskaltzaleen Biltzarraren buru zegoen basusarritarra, sortzez lekeitiarra, minbiziak goizegi eramana.

Basilikari behakoa eta karriketan gaindi

Herriko Etxetik urrats batean dago basilika gotikoa, XV. mendekoa. Barnean baditu altxor ederrak, Gaizka lekeitiar gidari gazteak ezagutarazi dauzkigunak. Besteak beste, Iñigo Artieta XV. mendeko itsasturiaren eta Azkue euskaltzalearen hilobiak, lekeitiarrak hain atxikiak diren Antiguako Ama Birjinaren itxura, eta, oso distiratsu, erretaula nagusia, urrez estalia, Espainiako hirugarren handiena, Sevillakoa eta Toledokoaren ondotik. Aberastasun horiek gehienak, hain segur, denborako amerikar konkistaren eta esklabotzako negozioaren fruituak.

Lekeitioko parte zaharrak ere behakoa merezi du, jauregi, komentu, dorre eta gaineratiko eraikin ederrekin. Bi karrika bereziki luzatu ditugu, Dendari kalea, hots komertzioena, eta Arranegi kalea, arrantzaleena. Alabaina, arrantza du Lekeitiok bihotzean, bere kofradiarekin bereziki eta San Pedro herriko besta famatuekin, San Pedro izaki arrantzaleen patroia. Portuaren puntan, San Juan ermita. Eta portuaren parean hurbil hurbila, Garraitz-San Nikolas uhartea.

Hau ere azpimarra dezagun. Lekeitiarrak euskarari errotik atxikiak dira. %80ak nonbait han mintzo omen du tokiko euskara berezia, entzun goxoa eta ulerterrexa, beharria doi bat luzatua atxikiz haatik. Eta beren herriari handizki atxikiak dira, nonahi irakurtzen genuela “Lekitton bizi, herrian erosi, danok irabazi”.

Egaña jatetxean ezin hobeki bazkaldurik, herritik urruntxago dagoen itsasargira jo dugu, autobusez, handik dagoen itsasoari buruzko bistaz gozatzeko, baina ertzainak gibeletik genituen, gune hura autobuseri debekatua izaki. Ondorioz, uste baino lasterrago itzuli gira. Beti umore ona atxikiz, haatik, kantuekin eta Xan Errotabehereren ipuinekin alegeratuz.

P.J.


Argazki batzu:

Herriko etxeko terrazan taldearen erdia
Bertze erdia
Tomas Epalza mintzo
Mikel Epalza
1901ean, Azkue Euskaltzaleen Biltzarraren sortzaileetarik izan zen, Urkijo, Lacombeekin eta. Hiruak Euskaltzain izan ziren Azkuek bultzatu zuelarik Euskaltzaindiaren sortzea 1918an
Alkatearen oparia Euskaltzaleen Biltzarrari. Lekeitioko zazpi iturrietarik bat.

————————————————————————————————————————-

Diaporama labur bat:

———————–

———————–

Liburu huntan dira Xanek hain ederki biziarazten dituen kondaira aberasgarriak:

Euskaltzaleen Biltzarrak 2022an maketatu eta argitaratua

————————————————————————

2021eko ateraldi kulturala.

21/07/21 Aralarrera minibus batean kovida dela medio.

1-Aralarko oihan eta belardien ezagutzen hango Koxantonio Irastorza oihanzainarekin. Klika hemen: Argazki eta bertze
2-Done Mikel Aralarkoaren bisita, Gillermok gidaturik. Klika!
3- Bazkaria Galartza III jatetxean. (Galartza/P Laduche, Galartza / Retegi, Gillermo / Orixe)

——————————————————————————————————–

2020 lanean aritu zen EB. Ateraldirik ez: Covid 19!

——————————————————————————————————–

2019ko uztailaren 17an ateraldi kulturala Zarautzera.

Huna talde argazkia. Geroxago bertze batzu eta piaiaren xehetasunak.

Zarautz, itsas-bazterreko hiri xarmegarria

Zarautz, 23.000 biztanle, Orio eta Getaria artean kokatua den hiria da, Gipuzkoan, itsas-bazterrean. Autopista harturik, askotan ondotik pasatzen gira, gutitan gelditzen. Alta, bisita merezi duen hiria da. Hain zuzen, uda huntan Euskaltzaleen Biltzarrak kultur ateraldia antolatua zuen Zarautzera, hobeki ezagut dezagun. 34 lagunek dute gomitari ihardetsi, autobusez harat joanez. Horietarik ginen. Aitzineko urtetan bezala, Euskalerriaren

Adiskideen Elkarteko Gillermo Etxeberriak (Euskaltzaleen Biltzarreko kide ere da) zuen bisita antolatua. Sahetsean zaukala elkarte bereko Ander Letamendia tolosarra, ofizioz pilota munduko medikua, Zarautzen ere egoitza daukana.

Zarauzko Arte eta Historia Museoa

Autobusak Santa Maria la Real elizaren sahetsean utzi gaitu. Eliza horren ondoan aurkitzen da Arte eta Historia Museoa, XV. mendeko Zarauzko Dorrean. Eta museo hortako Ainhoa eta Goizane andere gazteek eginarazi daukute tokiko ondarearen bisita. Bai dorreak, bai elizak badauzkate hiriko aztarna zaharrak, bereziki IX. eta XV. mendeen arteko 269 gorpuzkirekin, eraikin horien azpian aurkituak izan zirenak. Bisitarien zangopetan, berin lodi batzuren azpian ikusgai dira. Orduko nekazari eta arrantzale zenbaitenak hain segur. Zinez ikustekoak! Elizak berak arkitektura gotikoa du, XV/XVI. mendeetan eraikia, aitzineko eliza xumeago baten hondakinen gainean, hau IX. mendekoa izan zitekeena, eta hunen azpian aurkituak izan dira ere Kristo aitzineko V. mendeko aztarnak. Zarautzen eta inguruetan, bizia aspaldikoa da!

Hirian barna

Hiri erdiak (Alde Zaharra) ere badauka zer ikus. Karrika nagusiak eraikin eder zenbaitez beztituak dira, jauregi, etxe-dorre, komentu… Musika plazaren erdian bada kiosko handi bat, urte guzian igandero hortik musika zabaltzen dela. Plaza xinaurritsua, Makatzaga jauregiarekin. Haratago, Portu jauregia, Herriko Etxe bilakatua, gaur EAJ alderdiak kudeatzen duena. Aitzina segituz, XV. mendeko Dorre Luzea, hunek ere behakoa zinez merezi duena. Eta hunen aitzinean den baratzetxoan, herriko seme bertsulari handiaren irudia, Inazio Eizmendi Basarrirena (1913-1999). Bertsulari kafira da Zarautz, gaurko Andoni Egaña dugula enblematikoena. 1536ko Narros jauregia ere arras berezia da, Zarauz-Ganboa notable familiak eraikia.

Hondartza sahetseko Malekoia ibilbidea 

     Hondartza sahetsean, Jose Luis Lasa (hemen erdian, bere obraz mintzo) zarauztar zizelkariaren “Surfari omenaldia” eskultura

Narros jauregitik abiatzen da Malekoia ibilbidea (1,5km), 3 kilometroko luzetasuna daukan hondartza guziz ederraren sahetsean. Malekoia ibilbidea zizelkari ospetsu zenbaiten eskulturez edertua da, Jorge Oteiza, Miguel Angel Lertxundi, Dora Salazar eta beste batzurenak. Hain zuzen, gutartean genuen Jose Luis Lasa zizelkaria, Zarauzko semea, eta hunek eraikitako “Surfari omenaldia” obra gure bisita baino zortzi egun lehenago estreinatua izan zen. Ez da erraitearik zer atseginez hartu ditugun haren hitzak, bere obraren erran-nahiak esplikatzerakoan!

Frantziskotarren liburutegia

Malekoia ibilbideko obrak ikusi ondoan, han berean dagon Karlos Aguiñano beasaindar sukaldari ospetsuaren jatetxean (hau Aiala jauregian kokatua da) dauku Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak pintxo-poteo atsegina eskaini, txakolinaz lagundutako moleta. Handik bi urratsetan, aldiz, Santa Barbara jatetxean bazkari nasaia dugu gozatu, jangela kantuz alegeratzen genuela, Ander Letamendiak txistu eta ttunttunez lagundurik, bertze bazkaltiar askoren txalopean.

Ez genuen, haatik, Zarautz utzi nahi Frantziskotarren komentuko liburutegiari behakorik eman gabe, publikoari ontsalaz idekia ez den liburutegi aberatsa. Bazkalondoan, Juan Mari Iturria frantziskotar fraileak bisitarazi dauku, fagore handia eginez. Frantziskotarren eraikin horrek hiru zati nagusi ditu, eliza, komentua eta ikastetxea. 1746an hasi zen hor sermoilarien formakuntza saila, euskaraz nagusiki, Zarautz baita aspaldi huntan euskarari handizki atxikia. Ondorioz, liburutegi aberatsa ere muntatu zen hor. Ez bada ere publikoari idekia, horgo liburu guziak digitalizatuak dira eta Euskaltzaindiaren sarean aurkigarri.

P.J.

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_

2019ko maiatzaren 23-an Peio Jorajuriak Herria astekarian idatzia

Euskaltzaleen Biltzarra elkartearen biltzar nagusia iragan da maiatzaren 11n, larunbat goizez, Bankan, Olhaberri ondare zentroan.

Euskaltzaleen Biltzarreko Miren Amestoy, Beñat Soulé eta Mizel Jorajuria

Mizel Jorajuria elkarteburuak aipatu ditu iragan urteko harat-hunatak, eta berezikiago elkarteak argitaratu berri duen “Marijan Minaberriren meategitik” liburua. Obra oso pollita, Marijanen antzerki, ipuin, berstu eta olerki hautatuez osatua, hots antologia ezinago aproposa nornahirentzat.

Heldu den uztailean elkarteak Bilbo aldera prestatzen ari duen ateraldi kulturala ere aipatua izan da, euskaltzale guzieri idekia dena, egun gozagarria.

Beñat Soulé diruzainak bere aldetik diru konduen berri eman du. Diru gutirekin ari dela elkartea euskararen alde lanean, gutirekin baina gogo handiz.

Ondotik, Suaia elkartearekin partzuergoan, Marijan Minaberri, Banka Atalkieneko alaba (geroztik aurtikia izan den etxea) da ohoratu. Antton Hariñordoki Suaia elkarteko arduradunak ekitaldi hortaz bere atsegina adierazi du.

Mizel Jorajuriak, bere aldetik, muntatutako diaporama pollit baten bidez labur bildu dauku Marijanen biziko ibilbidea. Harrigarria da zenbat lan bazuen eginik Marijanek euskararen alorrean, egiazko aitzindari izan zela alor hortan.

Bai, merezi du Bankarren eta oro har Euskaldun guzien estimua. Eta hain zuzen Michel Urricariet hautetsiak berri guziz ona jakinarazi dauku: heldu den urrian herriko eskolari emanen zaio ‘Marijan Minaberri’ izena. Urrats goresgarria.

Bertsuak ere altxatu dira, Laka eta Mixel Xalbadorrenak, Marijanen laudoriozkoak.

Laka kantari, Xalbador adi.

  Jendea adi…Jendea adi eta…

Jendea loriatua!

Ekitaldiaren bukaeran, Euskaltzaleen Biltzarrak hiru emazte ohoratu ditu, lore azau bana eskainiz: Eztitxu Berho senpertar gaztea, hunek Marijan Minaberriren obren erreferentzia guzien bilketa lana eginik; Ojalvo anderea, Marijanen adiskide mina zena eta haren kaier manuskritoak eskutan dauzkana; eta Hélène Dolhare ezpeletarra, “Marijan Minaberriren meategitik” liburua marrazki zinez pollitez apaindu duena. Eskertuak izan dira beren ekarpenaz.

Eztitxu Berho Beñat Soulek eskerturik.

Ojalvo anderea eskertua izan da, Mizel Jorajuria elkarte-buruaren ganik.

Hélène Dolhare marrazkilaria ohoratu da, Piarres Aintciarten eskutik.

Ekitalditik landa, multxo pollita bildu da Erreginaneko mahain onaren inguruan, giro ezinago hobean, bertsu eta kantu artean.

Mixel Xalbador eta Laka bertsulariekin, Erreginanean

Testua: Peio Jorajuria. Argazkiak: Peio Soulé eta Peio Jorajuria.

_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Donostiako bilkura, 2019ko martxoan:

Tabakalera eta Etxepare Institutua.

Tabakalerako Eskaler historikoan.

Azken pisua: harrera ospetsu gela

Teilatutik

Juan Bautista Mendizabal, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidenta, eta Gillermo Etxeberria egunaren antolaitzailea.

Etxepare institutuan: Garbiñe eta Ireneren harrera bikaina.

Hunen prestatzen ari dira. Eskaini genioten Eskoziar lore kantua.

Bazkari bilkura.

Gaiak: Bankako biltzar nagusia. Marijan Minaberriren meategitik liburuaren aurkezpena. Udako ateraldi kulturala. Heldu den urteko xedeak.

Bilkura emankorra izan zen. Egunaren goxoaren heinekoa.
Milesker Gillermori!

_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Ateraldi kulturala Azkoitian 2018/07/018. Argazki gehiago hemen klikatuz

Joanes Etxeberri eta Bizenta Mogelen urratsetan, Azkoitian

Uztail erditsutan, Euskaltzaleen Biltzarrak ateraldi kulturala antolatua zuen Azkoitiara, hango altxorreri behakoa eman nahiz. 35 lagun dira gisa hortan han gaindi ibili, gu ere haietarik ginela, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Juan Bautista Mendizabal elkarteburua gidari, hor zagola ere Gillermo Etxeberria asteasuarra, bi elkarte horietan kide dagon lagun baliosa. 14.000 biztanle ditu Azkoitiak, Javier Zubizarreta EAJkoa du auzapez eta hunek ongi-etorri beroa egin dauku Herriko Etxeko gela ederrean.

Intsausti jauregia

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea kokatua da Intsausti jauregian, Xabier Munibe (1729-1785), Peñafloridako kondea, euskal idazle eta musikagile ospetsuaren egoitza izana.Besteak beste, “Mozkorra parregarri” opera komikoa zuen ondu Munibek, historiako lehen euskal opera.
Euskaltzaleen kafira da Azkoitia (Azpeitiaren gisa), eta Intsausti jauregia euskaltzaletasun horren bihotza.
Juan Bautista Mendizabalek jauregi barneko altxortegia dauku bisitarazi, gela ederrak, liburutegia, apaindurak, Antonio Oteiza 92 urteko kaputxinoaren margo erakusketa eta beste, bidenabar hamarnaka anekdota kondatuz, umoretsuki. Loriatu gira.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen historia aberatsaren berri ere eman dauku. Elkarte hunek orotara 800 kide dauzka, hiru euskal lurraldetan –Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa– “Irurac bat” ikurraren pean bilduak, euskal ikerketa askoren bultzazaile eta publikatzaile, bereziki “Egan” izeneko aldizkarian, luzaz Gillermo Etxeberriak kudeatu duena.
Etorkin frango duen herria da Azkoitia, lanak horrat erakarririk, eta gutiz gehienak euskararen ikasteari lotu dira. Ondorioz, euskara nasaiki entzuten da Azkoitian, horgo seme den Xabier Arzallus politikari ezagunak egun batez hauxe omen zioela: “Nahiago dut euskaraz hitz egiten duen beltz bat, erdaraz mintzo den euskaldun bat baino”.

Joanes Etxeberri, Bizenta Mogel eta beste guziak

Euskaltzale askoren ohantzea zen (eta da) Azkoitia, idazle, musikari, pilotari, bertsulari, margolari eta bertze. Horien urratsetan ibili gira Azkoitiako karriketan barna, eta berezikiago Joanes Etxeberri eta Bizenta Mogel bi idazleenetan. Sarakoa zen sortzez Joanes Etxeberri (1668-1749), Axularrek bataiatua. Mediku ikasketak egin zituen Okzitaniako Tolosan, Saran berean zuela lehen batean ofizio hori betetzen. Maria Itsasgaraterekin ezkondu zen eta 11 haur ukan zituzten. Saratik landa Beran egon zen mediku, Elizondon, Hondarribian eta 1725etik aitzina Azkoitian. Mediku izateaz gain, euskararen defendatzaile suharra zen eta euskal idazlea ere, “Escuararen hastapenak” (1712) eta bertze lan batzuk utzirik, euskal idazleetan “lehen laikoetarik”. 81 urtetan zendu zen Azkoitian.

Huna nola bururatzen duen "LAU-URDIRI GOMENDIOZKO GUTHUNA"
"... baldin ene obra bere baithan ezbada ona, sinhets zazue bederen, ona dela... Zer-nahi dagiten Gizonek, intenzinoak neurtzen tu hekien obrak, eta-hala JAUNAK sinhets zazue bethiere naizela borondate eta bihotz on batekin, Zuen zerbitzari Ttipiena, eta obligatuena,
J. D’ETXEBERRI, Sarako Dotor-Mirikua."

Bizenta Mogel (1782-1854) sortzez Azkoitiakoa zen, Joan Antonio Mogel apez idazlearen iloba (apez hau dugu “Peru Abarca” eleberri famatuaren aita, 1802an idatzitako lehen euskal eleberria). Gazterik umezurtz gertaturik, osaba horrek zuen Bizenta eskolatu Markinan. Eta “Ipui onac” lehen alegia-bilduma publikatu zuen Bizentak 1804an. Lehen emaztetarik izan zen euskaraz idazten zuena. Jakin behar da garai hartan gaizki ikusia zela emazte bat idazten aritzea. Ausarta izan behar zen eta halakoa zen Bizenta, bertzalde bertsuak ere zituela moldatzen.

Floreaga jauregiko Joxeba jatetxean, Manex Pagola gogoan

Eguerdi eterditan Errexil tabernan hameketakoa harturik, sagarno eta txakolinez ontua, Andra Maria elizari eman diogu behakoa, hor ere Juan Bautistak zauzkigula barneko edertasunak erakusten, erretaulak, Cavaillé-Coll organoa (frantses organogile horrek eraikitako azkena), Mitra Farahani irandar zinegile eta margolariaren “Haur sakratuen birziklatze modernoa” bi obra handi, salatzen dutena haurrak nola martirio gisa baliatuak diren terrorismo bidetan, obra guziz gogoetagarri eta hunkigarriak !

Ikusi dugu ere bertzerik, hala nola Jorge Oteiza zizelkari handiaren “Zazpi frontoiak”, gune berean aurki ditzakegula pilotan artzeko jokaleku desberdinak, trinket, ezkerpareta, errebote eta bertzeak, euskal lurralde bakoitzaren modalitate berezia agertuz.

Oroitu behar da Azkoitia pilotari handi askoren ohantzea dela, Atanotarrak eta bertze. Horiek hola, eta nahiz artetik hameketakoa egina ginuen, bazkaiteko tenorea ere jin zaigu. Floreaga jatetxeko Joseba jatetxean gira aurkitu, janari zinez ona ginuela ahoratzen. Kantuz beztitu dugun egonaldia, gisa hortako ateraldietan gutartean hainbertzetan ukana izan dugun Manex Pagolaren kantuak bihotz barnetik xaramelatuz.

Peio Jorajuriak Herria astekarian agertu artikulua.

Elhuyarren erretaula  tungstena bakartzea lortu zuena, Pierra Amestoyen  arbasoa. Elhuyar anaiak, Juan Jose eta Fausto Elhuyar Zubize, jatorriz Hazpandarrak, ezagunak dira munduan lehen aldiz wolframa bakartzea lortu zutelako, 1783an, Bergarako Mintegian Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen baitan.

Milesker Peiori, Juan Bautista Mendizabali, Gillermo Etxeberriari eta parte hartzaile guzieiri.

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Biltzar nagusia Azkainen.

2018 05 26

 

Biltzarreko mahain nagusia

 Azkaingo Herriko Etxean bildu da Euskaltzaleen Biltzarra elkartea maiatzaren 26an, larunbat goizez. Biltzar nagusi hortan,

Mizel Jorajuria lehendakariaren inguruan kide andana bat bazagon. Ez haatik Andde Luberriaga azkaindar elkarteburu ohia (lehendakari 1988-2001 urteetan). Jin beharra zen bainan azken mementoko traba bat ukan du. Dena den, Paxkal Peyreblanque eta Anita Lacarra herriko hautetsi axuantek eginik ongi-etorri gozoa, elkartearen harat-hunatak aztertu dira.

Ikus-entzunezko dokumentu baten bidez, lehendakariak elkartearen historia du oroitarazi, mende bateko historia luzea, elkartea 1901ean sorturik, euskal elkarte guzien amatxi dugula biltzar ospetsu hori. Izen handi batzu ukan ditu mendean zehar lehendakari karguan, Arturo Campion, Jean Etchepare, Louis Dassance, Michel Labéguerie, Mixel Itzaina, Andde Luberriaga, Edurne Epalza Hebrard, Piarres Ainziart eta gaur Mizel Jorajuria.

Elkartearen ildo nagusia da euskaltzaletasuna eginahala sustatzea euskarazko idatzizko lanetan. Liburu andana handia badu argitaratua, kasik urtean bat, azken biak Daniel Landarten “Etxea eta etxekoak euskal literaturan” eta “Maiatzen bidean”, Maiatz literatura elkartearen antologia batekin.

Egitasmo berria, Marijan Minaberri zenaren testuen antologia baten argitalpena, olerki, prosa, antzerki, 2019an plazaratu behar litekeena. “Testu pollitek ez dute adinik” zioen Etiennette Etcheto elkarte-kideak.

Ateraldi kulturalak ere antolatzen ditu uda oroz Euskaltzaleen Biltzarrak, Hegoaldera. Aurten, Azpeitia eta Azkoitiari zaie bisita eginen uztailaren 18an, hango Juan Bautista Mendizabal gidari. Osoki euskaraz egiten den ateraldia da, interesatua den orori idekia.

Konduen aldetik, Beñat Soulé diruzainak xeheki agertu ditu, elkartea xumeki bainan sanoki doala erakusten dutenak. Kidetza 15 eurotan finkatua da.

Mizel Jorajuria lehendakaria, Aitor Servier eta Xumai Murua bertsulariak

Biltzarretik landa, Xoko Ona ostatuan dira biltzartiarrak bildu, omore onean, herriko Xumai Murua eta Aitor Servier bertsulariek aperitifa eta bazkaria ederki zutela alaitzen. Badute zinez talendu, perla pollitak zituztela botatzen, bazkaltiar guzien atsegina betez.

Peio Jorajuria

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_

2016eko abendoan argitaratua:

Azalean agertzen den hitzño umoretsua, 1982ko lehen maiatzetik hartua :

Gutarik bakoitza, egun batez, euskararekin gurutzatu da. Egun xoragarria, atsegin neurri gabezkoa. Edertasun eta maitasun hori gogoan, talde lan hau agertzen dugu. Amodioz.

Euskarak hil behar zuela, beste mintzaira zibilizatuei bide egiteko, Unamunok hala zeukan, dohakabeak.

Guk ez dugu euskara beste mintzaira baten compost nahi. Lotsatiarrei eta mutur xurien minkortasunari ez dugu ezer erratekorik: geroa, eginez baizik ez dela egiten…

Euskaraz idatzi nahi dutenei ongi etorri bat zabaltzen diegu: hegalda dedila hegoak gorritzen dituen mendietarik enoadurak lazten dituen igande arratsaldeetako hirietaraino, eta eskutik har dezala ororen poema.

Kezkek leherturik dauden ildoek udaberrian sinestea ahazten dute. Maiatzari neguan sinestea ez da bakarrik eroei emana: Baionako murru batek dauka esperantza menperatasunaren soka dela. Ba, baina, jazarketaren bidean, esperantza, hala ere.

Esperantzaren loretegietan: maiatz.

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Jasta:

Monzonen makila Daniel Landart

Igande arratsalde bat zen, bezperetarik landa. Barne hau (Heletako «patronage»-ko sala) bera mukurru betea. Haurrak, aitzintto honetan, jostetan ari… emazteak kalaka gorrian, eta gizonak, gizonak beti bezala, berena gogoan… Eta kasik ez irudika, denak aiduru, zain,besta noiz hasiko zen ote… Zeren, antzerkia, guretzat eta hemen ziren guztientzat, besta bat bait zen, besta bat gaitza.

Taula gainean, azantz batzu entzuten dira, bai eta, jokolarien urrats pizuak. Pizuak eta zaintsuak. Hiruzpalau aldiz oihala igitzen dute… Zuloño batetatik, begi haundi bat ikus daiteke, so eta so. Haren ondotik beste bat… eta segur naiz zuloño horrek, lagunak badituzkeela…

Bat batean, zura makilaz jotzen dute, baina arrabots haundi horrek ez ditu jendeak berehala ixilaraziko, nahiz emazte zenbat segidan basten diren: «Xo, ixo, xo… orai hasiko baitira»… ondoxean daukadan neskato punpulina batek aldiz, bere irri kokorozka ezin dezakelarik inondik ere trenka.. Beste panpako batzu beharko dira beraz, ikusliarren eztiarazteko, eta azkenean, denak kasik jume-jumea jarri direnean, oihala berriz ere igitzen da, eta erdi-erditik, brixt, jaun bat agertzen zaigu…

Dartemalda Eñaut Etxamendi.

….Artzain-bide juntako kamomila lekuan… Oihan urrunekoek gure lehengo sekretu xoragarriak berekin zauzkaten. Elorri-xurietan barna mila pasioneren daldaran nindohan. Elhorriek egiten zauztaten zarramaskien odolak nolako gustu goxoa zaukan! Begiak zerbaitekitsutzen bezala zauztan… Heldu nahi nuen delako muñho neska-bular polliterat.
Astorik etzen…
Lopebeltzerat sogin eta hango ardiak, behorrak eta zinur-oskiak ere arrotz.
Sogin nuen Harri-Kotorretako maldarat: auto bat goiti bazoan bere tarranta irringarriarekin…
Bainan? Otar malda hartan ikusten dut asto bat. Bat bakarrik. Lehengo ihauteriak hegoan…?
Jarririk Dartemaldako larrean astoari so…
Etxeratu eta, gaua.
Jarri nintzan zoko batean, oro lokartu zirelarik, paperrarekin eta arkatzarekilan eta hasi:
Tiki-taka, tiki-taka Ibilki da astottua goizik….
Zenbat nigar musika nota batean…

EUSKAL PRESO BATEN BOST URTEKO SEMEARI ENTZUNDAKOA

Joseba Sarrionandia

Izarloka ikusi dudanez gero
nik nahi dut
Aita etxean egotea eta bere gutunei begira
amak negar ez egitea.
Nik nahi dut baita
Euskal Herriko muga galtzea,
Uxuneri zinta morea
galdu zitzaion bezala.
Eta polizia frantses eta espainolen harmak
ene ur pistola bezala zulatzea.
Idazleak:

Ahamendaburu J. 
Aire Henriette
Akixo Kepa
Albizu Daniela
Alkat Ernest
Alunda T.
Amestoy Koldo
Arandia Ellande 
Arbelbide Xipri
Arkotxa Aurelia
Arrosagarai Jean 
Arrosagarai Ladix
Arzallus Jon 
Bedaxagar Jean Michel 
Berhokoirigoin M.
Borda Irene
Borda Itxaro 
Bourgoin Paxkal
Casenave Jon 
Caussade J-Louis
Charriton Peyo 
Davant Jean-Louis
Duny-Petre Piarres
Dupak Mikel
Duvert Mikel
Erdozaintzi-Etxart Manex
Erramouspe Patxika
Etxamendi Eñaut
Etxarren J-B
Etxegoin Pantxoa
Etxezaharreta L.
Ezponda Txomin
Garai Koldo Jule
Goenaga Xan 
Goyheneix Jojo
Haizagerre Leon
Hiribarren Mikel
Hirigoien Arantxa
Iratzeder
Irazusta Koxepa
Irurbide Amaia 
Itzaina Xabier 
Lafitte Amaia
Lafitte Jakes
Lanatua Manex 
Landart Daniel
Larregi Neni
Lopez Adan Emilio 
Lubet Delphine
Madariaga Ermi
Mendizabal J-Luc
Minaberri Maijan
Nesprias Alots
Nielsen Sarah
Oihan
Oiharzabal Beñat
Orpustan J-Baptiste
Pagola Manex 
Peillen Txomin
Pelot Mayi
Perez Pantxike
Rouleau Patrice 
Salaberri Etien 
Salinas Isabel 
Sarrionandia Joseba
Sestorain Gotzone
Sorhouet Maurice
Soubelet Xabier 
Sudupe Pruden 
Tambourin Marikita
Tapia Jon
Txabarri Imanol 
Valencia Josiane
Xalbador Daniel
Xalbardin
Xanpun
Zabala Xanti
Zamora Auxtin
 

 

 

Logo gehi7_ona copie

 Zertan da euskaltzaleen biltzarra ?

Azken berriak hemen klikatuz.

Herriko etxeko terrazan taldearen erdia.

Laisser un commentaire