Oteiza museoa eta zorionaren eskua

Oteiza museoa eta zorionaren eskua

Euskaltzaleen Biltzarrak ateraldi aberatsa zuen antolatua Iruñea aldera, uda betean. 50 bat lagunek gonbidapenari ihardetsirik, erditsuak Altzuza herrian dagoen Oteiza museoa nahi izan du bisitatu, bertze erdia aldiz mendi bideari da lotu, Arangureneko lurretan den Irulegi tontorreraino, arkeologoek aurkitua duten brontzezko esku famatuaren ohantzea hurbilagotik ezagutzeko.

Oteizaren altxorrak

Euskal Herritik askoz urrunago ere ezagunak dira Jorge Oteiza (1908 Orio – 2003 Donostia) zizelkariaren obra enblematikoak. 1975ean Altzuzan eraiki zuen bere egoitza. Eta hain zuzen, etxe horri loturik, han du Francisco Javier Saenz arkitektoak eraiki, planak Oteizak berak oraindik bizi zelarik eginik, bisitatu dugun Oteiza museoa, zizelkariaren kolekzio pertsonal osoa aterpetzen duena. Kasik 4.000 pieza, bakoitza molde berezi batez mintzo zaigula. Gutarik nornahirentzat, biziki zaila da haatik Oteiza bezalako artista baten obren behar den bezala ulertzea, norbait ez badugu ondoan komentario argien zabaltzaile. Gidari hori, Miarritzen bizi den Kepa Akixo Zigor aretxabaletar zizelkaria genuen eta molde paregabean gidatu gaitu, umorez eta barnatasunez. Funtsean, tokira heltzean berean, erakutsiz inguru hurbilean berrikitan sute batek erre kiskalduak utziak zituen bazterrak, hitz hauek atera dizkigu, irri handi batekin: “Oteiza hain da sakratua, non Jainkoak bere etxe zaharra beiratu dion!

Aitzindaria

Eta museo barnean, obra andana bakoitzaren aitzinean hurrupatu ditugu Zigorren hitzak. “Oteizak asko teorizatu du eskulturari buruz. Kreazioak izan behar du ahal bezain xumea. Eta hain zuzen zailena da gauzak sinpleki egitea”. Gazte zelarik, Oteizak gauza konplikatuak egin nahi izan zituen, ohartu arte obra horiek arima zerbait falta zutela. Eta emeki emeki, “bere kreazioak mistikatik hartu zuen, artista misterioaren bila ibilirik”. Hala nola hutsaren irudikatzea, obrari aberastasun handia ematen diona. Edo itzala, obraren argitzailea. Oteizarentzat, obra bat ez da sekula abstrakzio hutsa, esperimentazioa baizik. Bide berriak urratu ditu, aski harrigarriak, Arantzazun eraiki zuen 14 apostoluen murru hura bezala, ohikoez aparteko bi apostolu horiek gu garela, nornahi beraz, seinalatu nahiz. Bai, museo guzia altxor bat da, barneko paretak arrosa kolorez eginik, iluntasunean obrak hobeki miresteko. Funtsean museoa bera obra erraldoi baten gisan egina da.

Irulegiko eskua

IRULEGI

Multzo bat Altzuzan geundenean, beste multzoak Irulegiko tontorreko bidea zuen hartua, Arangureneko lurretan, Ilundaingo herrixkatik oinez joanik. Kaskoan aurkitzen dira aspaldiko herrixka baten aztarnak eta Aranzadi elkarteko arkeologoek aztarna horietan aurkitutako esku apotropaiko famatua, bi mila urte baino gehiago erabilitako euskarazko hitzekin (Sorioneku…). Aranzadiko Irati arkeologo gazteak dizkie argitasun guziak eman.

IRULEGI

Mizel Jorajuria Euskaltzaleen Biltzarreko buruaren hitzak bildu ditugu: “Ederra eta aberatsa izan da Irulegi kaskorainoko ibilaldia. Toki zoragarria, Aranzadiko ikerlarien harrera bikaina, Irati izeneko gidaren azalpen aditu bezain sinpleak. Memento hunkigarria eskua nun aurkitu duten erakutsi duelarik: etxe handi baten atarrian. Emozioa piztu da ere ikasi dugularik nola aspaldiko bizitoki hori(Kristo aitzin XV. mende inguruan eraikia, defentsarako eta inguruko lurraldea kontrolatzeko, ordutik etengabe okupatua) abandonatu zuten erromatar armadaren eraso basa bat jasan ondoan. Hori gertatu zen segur aski Sertorioren gerlaren denboran (K. a. 82-72)”.

IRULEGI

Bai Altzuza, bai Irulegiko gainak, egiazko altxor leku ditugu, Euskal Herriko ondare paregabearen ohantze. Bisita merezi zuten (eta dute, ahalaz gidatua). Talde osoa berriz elkarretaraturik, denak atsegin handiz bildu ginen Iruñeko jatetxe batean, goizeko bisitaz batzuen eta bertzeen sentimenduak trukatuz.

IRULEGI

P.J.