Ametsak

Baratze bat nahi deizüt egin

Amets segeretüenekilan…

Pier Paul Berçaitz

 Etxe gibelean, haritz handiaren azpian, sei urteko haurra ari da jostetan : « Belen belen, bee…» ezkurrak ardiak ditu. Bapatean entzuten du aitaren trakturra burrunban.  Haurra, zurezko trakturra eskuan, lurrean, alorraren iraultzen ari da. Horra bidea, enzilaia meta. … Gelditu eta hasi da ametsetan : « Ah aita banintz ! Trakturraren gainean munduko erregea ninteke ! Jaun ta jabe ! Nolako lanak, zein ongi eta laster eginak ! Azkarra eta errespetatua izanen naiz herrian…. ! »

Haurrak ez dakiena da etxea ere ari dela ametsetan, mendi hegian. « Nahiko nuke ehun solairuko   bizitegia izan. Zein maiteko nukeen ene burua ikustea hiri handi baten erdian zut eta zabal, igogailuekin, dena berina, kaskoan antena-haga oihana. Gauaz argiz dirdiran. … Ha !  Bizitegi dorre bat banintz etxe xoil galdu bat izaiteko orde ?

Hala hala, ibar zolan ; herrixka bera ari da ametsetan. « Iri handi bat banintz ?! Etorbide zabal eta luzeekin, hiper-merkatuekin. Bankuak, zinemak, areto handiak, kirol zelaiak, geltokiak, aireportuak, alde guzietan. Mota guzietako jendeak trumilka aferetan harat-hunat. Bizia pilpilean. Bazterrak hilak dira hemen.»

Herrixka aberri ttiki batean kokatua baita, hau  ere ametsetan dago: « Ah munduko hamabi estadu handienetarik banintz. Zabala, aberatsa, poderetsua, muga finkoekin. Armada handi batekin, herritarrak defendatzeko. Auzoko nazioak beldurrez atxikiko nituzke.»

Aberria bezala, gure planeta ere ari da ametsetan. « Iguzkia banintz ! Planetak ene inguruan itzuli mitzuli meneko nituzke. Denen indar, denen argi nintzateke ! »

Bainan ez haurrak, ez etxeak, ez herrixkak, ez aberriak, ez eta ere planetak uste ez dutena da : iguzkiak ere bere ametsa badaukala : « Lur planeta banintz mila kolorez jantzia, soinu eta usain ugarikoa ; mendi, itsaso, zelai, ibaiekin, hain desberdinak, hain aberatsak. Biziz gaindika, oi lur urdin maitagarria ! »

Estadu handia ere ari da ametsetan. « Ah  aberri ttipi bat banintz ? Armadarik gabe, zergarik gabe, legedi konplikaturik gabe, presondegirik gabe, zaintzeko mugarik gabe. Hots, buru hausterik gabe … »

Hiri handia, estadua bezala, gogoetetan dago. « Oxala ! Herrixka bat banintz ? Zer bakea ! Zer goxotasuna. Zer bizi lasaia. Auzoen harat hunat baketsuekin, haien solas  zuhur eztiekin… Xoriak eta arbolak ixkin guzietan, loreen eta animalien erdian…Eta zenbat grazia ttipi zoko moko guzietan ! »

Hiriko  ehun  solairuko bizitegia, burua lanoetan galdua arida bere baitan : « Nahiago nuke etxe ttikpi bat izan. Zer joia ! Mendi hegian irriz, leiho gorriekin, erridauak berinetan ; lore baratze batez inguratua, …. »

Aitak, trakturraren gainetik. haurra ikusi du haritz handiaren azpian josteta …  « Ah   haurra banintz, kezkarik gabe ; duda mudarik, zorrik gabe, konfiantza osoan… Gure haurrak balaki zenbat eta zenbat lan, kezka eta gataska behar den bizitzeko ! Jakin gabe gure lanak zerbait balio duenetz ere. »

Etxe gibelean sei urteko haurra ari da ezkurrekin ardika : « Belen, belen. Bee bee ! …  “Ah aita banintz ! Trakturraren gainean munduko erregea nintzateke ! Jaun ta jabe … »  Hola doaz ametsak eta asmoak gure munduan: itzuli-mitzuli. Zerri gosetiak ezkurra amets!

Haurtzaroko ainitz amets gogoan dauzkagu oraino. Bakoitzak bereak edo elgarrekin ditugunak, aberri oso batenak. Gehienak bete ez ditugunak, batzu ez beteko ere. Bainan amets guzietan baliosena, ederretan ederrena : haurrarena.  Ametsarekin geroaren eraikitzen hasia baita. Gu, gaurko bizikoak gira. Haurra jadanik biharko etxean bizi da. Eskuetan daukan ezkurra bezala :  hor baitago lo haritz handi ikaragarri baten ernamuina.

Johanes Bordazahar