– Amatxi! Zergaitik zaude hor, etx’aitzinean jarria ?
Adin handia nolakoa den
Haurra, ari naiz ikasten:
Xinaurri, lore edo pinpirin
Gauza ttikien miresten;
Ene belaunen daldararekin
Hezurren kraskak entzuten;
Gau-eguneko oren luzeetan
Nehoren beha egoiten;
Baratzerako bidea ere
Ari zait luze egiten.
– Amatxi! Zergaitik beti arbolari so ?
Arbola nauzu, azalez latza,
Erroak barna sarturik,
Beso eiharrak zerura deika
Hor nago otoitz eginik.
Haize hegalen firfiran ere
Maiz ametsetan galdurik.
Badakit minek lanoen gisa
Ez dutela iraupenik.
Aldiz xoriek, berdin liliek
Hor naukate xoraturik.
– Zer erraiten dauzu bada arbolak ?
Intxaurrondoko hosto batekin
Ari nauzu solasean.
Xuxurlatzen daut: “ Bizi hazia
Emana zaigu sortzean.
Kimu begitik erro punttara
Adarretik pasatzean,
Zuhaitz bakar bat gira guziak,
Biziaren ahurrean.
Zure aldian ama bat zira
Belaunaldien katean…”
– Amatxi ? Nola zinen lehen ?
Etxekandere oparo nintzen,
Eder begiesten ninduten.
Orain umilki, ixil-ixila,
Etxe zilo naiz egoiten.
Ene bihotza tarrapataka
Bapatez ez bazait hasten,
Egun bakoitza argiratzean
Gogoa zait arrapizten.
Jaungoiko aita lauda nezake
Ainitz balizkit emaiten.
– Haur denbora urrun duzu, Amatxi !
Xahartu eta urte gazteeri
So egiten badiezu,
Haur denborako mirari berak
Orain ikusten dituzu.
Jaun Goikoaren esku ixila
Orotan sumatzen duzu.
Kolore, soinu, irriak oro
Gordinik heldu zaizkizu.
Zahartzaroan, haur denborara
Berriz itzultzen gaituzu !
– Amatxi! Zer ikasten duzu oraino ez dakizunik ?
Libre egoiten ikasia dut
Begi besoak zabalik.
Ikasia dut pazientzia,
Ez dela lan minagorik.
Ene biziak luze iraunik
Ez duela gelditzerik .
Oroitzapenak gogoan hartuz,
Armairu zolak husturik,
Ixil ixila urrunduko naiz
Utzi gabe herrestorik.
– Ez duzu nehorat joaiterik ?
Denak galduta, zer gelditzen zait ?
Bakarrik ene gorputza;
Zahar ‘ta hotza izanagatik
Maite dut ene egoitza.
Adin ederrak badu argi bat
Deitzen dena esperantza.
Etxekoekin, maitasunean
Berotu baitut bihotza,
Beldurrik ez dut noiz ere jinen
Baitzait azken oren latza.
– Oren latza ? Zer derasazu ?
Begiak zaizkit malkoz erretzen
Hil bati begiratzean.
Ez naiz izitzen azken eguna
Etorriko zaidanean,
Urrats handia, sakratuzkoa,
Betikotzat egitean,
Azken hats hartan, nahi nuke hartu
zure eskua enean.
Zeruko aitak har diezadan
Beste eskua berean.
– Hil eta zer ?
Arima daukat, Jaunak emana,
Betirako oparia.
Nehork ez dautan, nehoiz, moztuko
Urre bizizko haria.
Hau da kaiola puskatuz geroz
Airatuko den xoria.
Negu bakoitzak ez ote dakar
Berekin udaberria ?
Lurperatzen den hazitik berdin
Pizten da lore berria.
– Amatxi! Beti ikusten dauzut pindar bat begietan.
Badakit ongi ene gorputza
Badoala itzaltzera.
Bainan bihotzak beti deitzen nau
Gehiago maitatzera.
Begi ahulak lehiatzen zaizkit
Aurpegien mirestera,
Bi esku hauen daldararekin
Xamurki perekatzera.
Barneko suak ez daut barkatzen,
Ez nau uzten erdoiltzera.
Johanes Bordazahar