Marijan Minaberri Bankan ohoratua izan da

Euskaltzaleen Biltzarra elkartearen biltzar nagusia iragan da maiatzaren 11n, larunbat goizez, Bankan, Olhaberri ondare zentroan.

Euskaltzaleen Biltzarreko Miren Amestoy, Beñat Soulé eta Mizel Jorajuria

Mizel Jorajuria elkarteburuak aipatu ditu iragan urteko harat-hunatak, eta berezikiago elkarteak argitaratu berri duen “Marijan Minaberriren meategitik” liburua. Obra oso pollita, Marijanen antzerki, ipuin, berstu eta olerki hautatuez osatua, hots antologia ezinago aproposa nornahirentzat.

Heldu den uztailean elkarteak Bilbo aldera prestatzen ari duen ateraldi kulturala ere aipatua izan da, euskaltzale guzieri idekia dena, egun gozagarria.

Beñat Soulé diruzainak bere aldetik diru konduen berri eman du. Diru gutirekin ari dela elkartea euskararen alde lanean, gutirekin baina gogo handiz.

Ondotik, Suaia elkartearekin partzuergoan, Marijan Minaberri, Banka Atalkieneko alaba (geroztik aurtikia izan den etxea) da ohoratu. Antton Hariñordoki Suaia elkarteko arduradunak ekitaldi hortaz bere atsegina adierazi du.

Mizel Jorajuriak, bere aldetik, muntatutako diaporama pollit baten bidez labur bildu dauku Marijanen biziko ibilbidea. Harrigarria da zenbat lan bazuen eginik Marijanek euskararen alorrean, egiazko aitzindari izan zela alor hortan.

Bai, merezi du Bankarren eta oro har Euskaldun guzien estimua. Eta hain zuzen Michel Urricariet hautetsiak berri guziz ona jakinarazi dauku: heldu den urrian herriko eskolari emanen zaio ‘Marijan Minaberri’ izena. Urrats goresgarria.

Bertsuak ere altxatu dira, Laka eta Mixel Xalbadorrenak, Marijanen laudoriozkoak.

Laka kantari, Xalbador adi.

Ekitaldiaren bukaeran, Euskaltzaleen Biltzarrak hiru emazte ohoratu ditu, lore azau bana eskainiz: Mirentxu Berho senpertar gaztea, hunek Marijan Minaberriren obren erreferentzia guzien bilketa lana eginik; Ojalvo anderea, Marijanen adiskide mina zena eta haren kaier manuskritoak eskutan dauzkana; eta Hélène Dolhare ezpeletarra, “Marijan Minaberriren meategitik” liburua marrazki zinez pollitez apaindu duena. Eskertuak izan dira beren ekarpenaz.

Eztitxu Berho Beñat Soulek eskerturik.

Ojalvo anderea ere eskertua izan da.

Hélène Dolhare marrazkilaria ohoratu da, Piarres Aintciarten eskutik.

Ekitalditik landa, multxo pollita bildu da Erreginaneko mahain onaren inguruan, giro ezinago hobean, bertsu eta kantu artean.

Mixel Xalbador eta Laka bertsulariekin, Erreginanean

Testua: Peio Jorajuria. Argazkiak: Peio Soulé eta Peio Jorajuria.