Tous les articles par mizel

Done Mikel Aralarkoa

Santutegiko kondaira:

Gillermok hain polliki kontatua

edo santutegi sartzean irudikatua:

Teodosio Nafarroako Goñi herrikoa zen.
Gizon ausarta eta leiala
Gerratik itzultzean, bide ertzean, gizon ilun eta gaizto batek,
gezur izugarria esan zion: « Zure andrea Konstantza ez zaizu fidel izan!  »
Orduan sutan jarrita, harrapalada bizian etxera bideratzen da.
Etxean, bere gelara itsututa sartzen da, eta ohean lotan dauden biak, ezpataz hiltzen ditu
Nolako nahigabea hartuko zuen, Konstantza ikusita eta ohartzean lo zeudenak bere aita eta ama zirela.
Neurrigabeko bihotz minarekin, bere erruaren barkamena lortzeko, erromes doa, Erromara. Han, Aita Santuak, barkamena eman ondoren, penitentzi berezi bat jartzen dio.
Kate bat gerrian loturik, higaduraz erori arte eraman beharko du. Hau penitentzi astuna!
Aralar mendian urteak eman zituen Teodosio gaixoak Jainkoaren errukia iritsi arte.
Aralarko leize zulo sakonetik, herensuge izugarria ateratzen da. Bere bizia galdua ikustean, lurrera erortzen da,
San Mikel, goiaingeruaren laguntza eskatuz: berehala herensuge hila dago eta bere kateak hautsita.
Eskerrak emateko eta Jainkoaren laguntza gogoratzeko Aralar mendian eliza eder bat eraikitzen da.
San Mikelen irudian, goiaingerua agertzen da, eta gurutzea dauka buru gainean. Gurutz barrenean, Jesusen gurutzearen erlikia zatitxo bat dago.
‐———————————

Bisita hurrunago segituz:

Teodosio Goñiren kateak buru gainean itzulikatuz sinetsi…
Kristok askatzen bazaituzte benetan aske izango zarete!

Jose Maria Satrustegiren iritzia:

Mendia zen […] sineste zaharretako katedral eta santutegia. Ez halere edozein mendi. Zerutik gertu zegoen mendi aukeratuak, Amaren sabelera doan bide antzera, kobazulo edo leizeren bat behar zuen goiko aita indarrak lurraren ama sabela ernaltzeko.

Horrela sortu zen mundu guztiko mendi santuen mitoa. Bizia ematen duen sugar edo suge harra. Herensugea alegia, udaberrian ikusten da garra dariola kanpora ateratzen, eta udazkenean itzultzen da berriro lurpean dagoen neguko gelara.

Herensugea, berez, biziaren aita da, baina, gero, bere umeen irensle bihurtzen da, ekaitz, tximista, lurrikara, uholde, lehorte eta ezbehar guztien figuran, eta gizonak hil egiten du.

Bide berean egurasten da Mari, lurraren emankortasunaren irudia. Mendi horien inguruan egiten ziren erlijio paganoen ospakizun nagusiak, eta Eliza indartzen joan zen eran mendietako kultua kristautzen ahalegindu zen.

Aralarko elizaren oinarrian erromaniko eta arabiar kutsuko aztarnak baino lehenagokoak aurkitu dira.


https://eu.wikipedia.org/wiki/Done_Mikel_Aralarkoaren_santutegia

———————————————————————————————–

Gillermo Etxeberria Ugalderen xehetasunak:

Nafarroa “eremuka” zatitua dago. Haietako bat da “Larraun”, gu gauden eremua, Leitzaldean. Bertan dago Aralarko San Migel, Baraibar… Lurralde honek pertsonaia ospetsu asko eman ditu. Horien artean pilotariak, Ladis Galartza eta bere semea, idazleak, Nikolas Ormaetxea, ORIXE…

Mapa eta sailkapena hemendik hartuak:

https://fr-academic.com/dic.nsf/frwiki/1046003

edo

https://eu.wikipedia.org/wiki/Zerrenda:Nafarroa_Garaiko_eskualdeak

———————————————————————————————————-

Gillermo Etxeberria Ugalde

Hemen idatzita dauden bertso, esaldi eta gainerakoak Orixe idazlearen liburuan agertzen dira, EUSKALDUNAK izenekoan. Ahozko literaturan, oso aberatsa da LARRAUN baila. Horietako batzuk agertzen dira hemen.

Nikolas Ormaetxea, «Orixe»-ren  Artazuriketa liburutik:
LECTIO EPISTOLAE LARRAUN’GO:

           Aldatz, ipurdi-latz.

           Etxarri, lepoa bete zintzarri.

           Lekunberri, zakur-erri.

           Uitzi, ez arto ta ez zitzi.

           Gorriti, ardoa darik begiti, ardan-zopa sudurreti, biba Gorriti!

           Azpirotz, elurra danean, aize otz; eguzkia danean bero, azpiroztarra beti ero.

           Lezeta, sardin-zarra erreta.

           Albisu, sasi-ardi betizu.

           Errazkin, deabru kazkin.

           Baraibar, laiñoa bar-bar.

           Iribes, geos eta bees.

           Alli, erre ta kiskailli.

           Mugiro, ez da an beti giro.

           Arruitz, gezur-itz.

           Astiz, ogi gutxi ta aur agitz.

           Odorritz;  ez esne ta ez oritz.

           Madotz,  ez saski ta ez agotz.

 ———————————————-

        LECTIO EPISTOLAE UITZI’KO:

        Zelatari, Txonkoeneko.

        Pitxera Moxkolo, Joanteneko.

        Mokordo polit, Buztineko.

        Alkia bai ta ipurdirik ez, Joandineko.

        Serbilleta zikin, Aizarreneko.

        Mauka txar, Garatxoneko.

        Krisaillu-mutur-zikin, Etxeberriko.

        Ankamei lokaio, purrustari soraio, Loiteteko.

        Dragon aundia, Txurdaneko.

        Oskilla tente, Baztarrikako.

        Artopil zabal, Errekaldeko.

        Izbeste, loiez gaztanbera, Apezeneko.

        Atorra lepo-zikin, Munoko.

        Gazura berde, Perutxeneko.

        Eztela-badela, Garazineko.

        Illargi-zabal, Marieneko.

        Tirrit, Etxetxikiko.

        Tarrat, Etxeaundiko.

        Zakurra bai ta ardirik ez, Legarreko.

        Zatazar, Mikeleneko.

        Asi ta pirris-purrust, Ubillosko.

        Ezkilla jotzaille burutxuri, Joaneteko.

        Labea bai ta ogirik ez, Goikoetxeko.

        Andre gona-gorri, Martipereneko.

        Andre gerri-eder, Otsanbelako.

________________________________________

Herriz herri nolakoak diren:

        «Mami-jaleak dira Errazkingoak.

        Zapata orpo-makurrak, Albisukoak.

        Gazurontzi zikiñak, Baraibarkoak.

        Sardiña-jantzaleak, Iribaskoak.

        Saskigille-kumeak dira Allikoak.

        Baba-txior-jaleak dira Aztizkoak.

        Beti enbotto dira Oderizkoak.

        Gona nabartxoakin or Madozkoak.

        Neskatxa beltxeranak or Mugirokoak.

        Oei dagozkienak or Arruitzkoak.

        Galtza-gorriak dira Aldazkoak.

        Gona petral-luzeak, Etxarrikoak.

        Neskatxa luzituak, Lekunberrikoak.

        Titi-aundiak dira Uitzikoak.

        Beti amorez daude Gorritikoak.

        Beti-alargun dira Azpirozkoak.

        Lezaetan dago kaxkail-erria.

        Antxen akabatzen da kanta guzia».

—————————————————————

Agertzen dira ere Euskaldunak liburu hortan Kantu ezagun batzu. Hala nola:

-Ardo gorri Naparra

-Ni hiltzen naizen egunean

Itzuli lehen orrira hemen klikatuz

Aralar 2021 Koxantoniorekin: Gipuzkoa-Nafarroaren mugan, 1286 metrotan.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena Sans-titre-5-copie-1024x923.jpg da
Koxantonio oihanzainari adi adi.

Irudi honek alt atributua hutsik dauka; bere fitxategi izena Sans-titre-11-1024x534.jpg da

Koxantonioren xehetasunak gogoan behako bat mapari:
-Igaratza (Hil baratza? Barandiaranek).
-Kobre meategi emankorrak.
– 2003ko idortearen ondotik aurkitu iturburuak ur bilatzaile zahar bati esker.

Km13-tik 1286 metrotara. Oinez edo 4X4 ean.
Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan


Aizpurua autobusez hemendik beheiti. Honaino oinez edo 4X4ean.
Lehendakari ohia eta diruzaina… incognito!

Itzuli lehen orrira hemen klikatuz

Sarha

Etorri zen goizen arteko goiza. Aita alabaren ohe kanttoinean jarri zitzaion. Eskua amultsuki hartu zion. Ordukotz, Sarhak, alaba gazteak, bazakien haurtzarotik emaztetasunera heldua zela.

  • Sarha, ene alaba maitea, ordu da printze gazte eder batekin ezkont zaitezen. Ene ondorengoa ikus dezadan. Jainkoari esker, haurrak, dotzenan hamahiru izan ditzazuen. Hautatu dizut printze gazte bat gorputzez eta izpirituz sendoa… Bihozduna.

Sarhari aurpegia, haserrez, sumindu zitzaion. Burua apaldu zuen, aitak ez zezan ikus. Aspaldi aitatxiri entzun hitz batzu etorri zitzaizkion gogora,. « Izan zaitez zure bizi propioaren Sultantsa ! Maitasuna izan dadila zure hats eta urrats, zure ogi eta edrai, zure palazio eta zure baratze”.  Aski kopeta izan zuen aitari oldartzeko:

  • Ez ! Aita ! Zuk hautatu dautazuna ez da nik maite dudana ! Maite dudan hura urrun da orazino. Ez dakit non bizi den ere. Bainan badakit egun batez segur etorriko zaidala.

Hitz hauek aitari zauri bizi bat ideki zioten.

  • Aita, orain, utz nezazu, nihauren etxea eraikitzen. Etxerik gabe ene biziak ez luke bideko errautsa ere balio.

Goiz batez, artilezko kapa luze urdin batean inguratua, mendiko xendretan zehar menturatu zen Sarha. Egunak eta gauak, oihanak eta mendiak zeharkatu ondoan gelditu zen,

itsas bazterreko haize leku lehor batean. Senditu zuen hemen izanen zela bere munduaren erdi gunea. Ttattola bat eraiki ere zuen harriz, adarrez eta itsasoak bota ohol zaharrez. Segurtatu zuen ttattolako atea ongi hesten zela.

Ordutik berria haizea bezain laster hedatu zen :

  • Sarha printsesa mendien haraindira, joan da. Han dago, itsas bazter batean, bere maitalearen haiduru!

Etorri zitzaizkion.

Haraino mentura zen lehena zaldizko trebe bat izan zen. Burua zut, ezpata gerrian, atean jo zuen. Barnetik neskak:

  • Nor da hor ?

Bihotza estu eta larri gerlariak :

  • Ni nauzu, Hasan !

Ixil une luze bat izan zen… Ate zirrikitutik Sarhak xuxurlatzen zion :

  • Barkatu Hasan ! Ez da aski toki, ttattola honetan, zuretzat eta enetzat.  :

Gizona zaldi gainera igan eta jin bezala joan zen. Sarhak berehala hari xuriz brodatu zuen « Hasan » izena bere kapa urdinean.

Gau haizetsu batez, beste gazte lerden bat menturatu zen itsas-untziz. :

  • Nor dator ?
  • Ni nauzu, Ali ! Erantzun zion itsas-gizonak ozen.

Haize zirrimolan entzun zuen barnetik :

  • Ali , zure eta ene artean bat sobera da ttattola hontan bizitzeko. Haizeak lagun zaitzala berriz etxera.

Berehala hari xuriz brodatu zuen « Ali » izena.

Hameka ilargi berri izan ziren eta beste hainbeste gizon etorri zitzaizkion printze, gerlari, eskale, ebasle…. Izen guziak hari xuriz brodatu zituen soineko urdinean.

Hamabigarren ilargian, Moktar delako batek, oinez jina, eskuak hutsik, hatsa sendo, bi begiak izar, ttattolako atean jo zuen.

  • Nor zaitut zu ?

Ixil une luze bat izan zen.

  • Nor ziren erradazu !

Haizea intzirika bazabilan …

  • Galdatu dautzut nor ziren !

Moktar atetik hurbildu zen eta taula artekatik xuxurlatu zion :

  • Zu nauzu ! Zu eta ni biak bat gaituzu !

Atea ideki zen. Ilunbean, gizon gazteak emazteki zahar bat ikusi zuen. Aurpegia hits, ileak gris, larrua ximur, gorputza hezur eta larru, soineko urdin lodi batean borobilkatua; bainan begiak argi eta ezti. Sorbalda gainean, hari xuriz brodatua ikusi zuen « Hasan » izena … Pirua punttatik tiratu eta izena desegin zen. Haria atetik kanpo, gaueko haizeari bota zion. Beste bat «Ali », desegin zuen, hura ere gaueko haizeari eman. Izen brodatu bat kentzen zuen aldi oro, Sarhari aurpegiko zimurdura bat joaten zitzaion. Kapako izenak oro kendu zituenean, emaztearen aurpegiak gaztaroko, leun eta dirdira bera zaukan. Udaberriaren gordin gozo bera senditu zuten biek beren baitan.…Biak bat orain, eskuz esku, etxerako bide luzea hartu zuten… Haizeak haien herrestoak aspalditik ezabatuak ditu… Nola zendu direla ez dutan entzun, beti bizi izan behar dute.

Errekagorriko beleak.

Zuen haurreri…Maitasun guzia emanik, haien gorputzaz arta zaitezkete, ez haien arimaz.

Haien arima biharko etxean bizi da. Hau ez dezakezue bisita, ez ametsez ere.

Bizia beti aintzina baitoa.

Khalil Gibran

Sakai mendiko ote zaharrak sutan ezarri dituzte laborariek. Bele-ama bere hiru umeak bizirik atera beharrez hasten da bat bestearen ondotik Behereko-Bordako oihaneko kabi zaharrera eramaiten. Hirur ditu hazteko eta orain hiruak salbatzeko!


Denak batean ezin eraman, zaharrena aztaparretan hartu eta badoa airez aire kearen gainetik, Errekagorriko errekan gaindi. Badoala, umeari galdatzen dio :

  •  Hi. To? Nor artatuko duk nitaz, zaharturik, hegalez ibili ezingo nauk eta ?

Hortan umeak beldurrez ikaran :

  •  Ama! Ala fede! Ni, zutaz artatuko nauzu, beti. !

Amak ez du sinetsi. Badaki eta ez duela egia erraiten. Laxaturik, ttipia kean behera desagertu da…

Bigarren umeari, airez aire eramaiten duela, galdera bera egin dio. Umeak daldarak harturik :

  • Nik maite zaitut, ama, ez zaitut sekulan beharrean utziko!

Amak senditu du ez dela egiaz ari eta utzi du kean behera…

Azkenari, aztaparretan duela, kearen gainetik galdatzen dio :

  • Hi? Nor artatuko duk nitaz, zahartua eta ezindua izanen naukalarik?
  • Nik!! Nola lagunduko zaitut? Nihauren umeak izanen ditut artatzeko-ta.

Amak ume hau sinetsi du eta biak Behereko Bordako gaztenatze zaharrean kabitu dira.

Egunak joan egunak jin, Behereko-Bordako alorrean laborariak artoa erein berri du. Bazterretako gaztenatzetan, beleak katzakan : «  Kroa, kroa, kroa . » . Ama zaharra belekumeari ari zaio azken sekretuen irakasten. Bele gazteak, jadanik gotortuak, badazki airean ibiltzeko jukutria guziak.

– Orai, seme, badakik hegaldatzen. Ikasia duk pazientzia. Badakik nun lurra aztaparkatu, nola pikorrak harrapatu, lagunak nola deitu, goseteari nola ihardoki … Errekagorriko zoko moko guzietara joan haiteke eta urrunago ere. Joan aitzin, halere, aholku pare bat!
– Entzuten zaitut ! Ama !

– Beha ezak arto alor hau, ikusten baduk gizon bat hor gaindi heldu burdinezko ziri luze beltz bat besapean, kasu-emak ! Hoa urrun !! Tiro eginen dauk !

– Ulertu dut !

– Beste bat oraino ! Alor bazterrean ikusten baduk gizon bat, bapatean ukurtzen, leku hadi xixtu bizian ! Harri baten hartzen ari duk hiri botatzeko !

– Gogoan hartu dut, Ama!

– Eta azken hau, semetxo ! Gizonak ez badik lurrean deus biltzen eta ez badik deus ere beso azpian, lasai , ez dik balio odol gaiztorik egitea !

– Nolaz diozu holakorik, Amatto ? Ni, lasai ? Ez ez ! Ihes joango naiz fuera-futre ! Sekulan, harri bat balin badu sakelan edo nik dakita zer satorkeria, azerikeria edo zakurkeria gogoan ?

– Hoa hemendik, semetxo. Nik bezain bat badakik ! Bizitzen balin badakik, aski badakik!

Johanes Bordazahar

Erregea eta neskatxa.


Haurra amaren, arima Jainkoaren.

Ez daiteke izan Jainkoaren eta deabruaren.

atsotitz

Antso Gartzez, Nafarroko erregeak deliberatu zuen behar zuela gaztelu eder bat eraiki Euskal mendietako leku mitiko batean, erresumako lekurik ederrenean : Ortzanzurietako kaskoan.

Bainan erret kontseilariek, minixtroek eta aztiek ezetz!

  • Nehondik ez duzu palaziorik egin behar Ortzanzurieta mendian. Mendi madarikatua da. Ortziak edota aire gaixtoak noiz nahi jotzen du. Deabruaren egoitza bera da!

Erregea tematu zen. :

  • Ene erresuma guzian ez dut gune ederragorik aurkitzen. Palazio ederrena leku ederrenean eta kitto !
  • Hola bada madarikazioa altxateko, gazteluaren harresietan beharko duzu haur bat bizirik ehortzi!!
  • Ehortzi behar badugu ehortziko dugu !

Nafarroako lau haizetara bidali zituen mezulariak zaldiz, errepikatuz : “ Nork ere bere haurra emanen baitu erresumari, erregeari, Ortzanzurietako gaztelupeko harresietan ehortzia izateko, haurraren pisuaren araberako urrearekin ordaindua izanen da.”

Nehor ez zen azaldu. Alabaina, zein burraso izanen da aski bihozgabea bere haurra emateko, bizirik ehortzia izateko ? Hiru urteren buruan halere emazte batek jo zuen Antso Gartzez-en Iruñeko jauregiko atean. Emaztea hezur eta larru zen, eri, ezindua, bere azkenetan, etsitua.

  • Harrazue ene hamar urteko alaba. Behar gorrian naiz. Nehondik ezin dut behar bezala hazi ere.

Erregeak haurra jauregian hartu zuen eta amak ukan zuen ordaina urrez.

Gaztelua eraikitzen hasi zutelarik ehortzia izateko une latz hura etorri zenean, Antsok deitu zuen neskatxa Iruñeko gortera, kontseilariekin hor zagolarik bildua.

  • Ehortzia izan aintzin, haurra, zer litzateke zure azken desira ?
  • Deus guti. Halere baditut bizpahiru galdera egiteko zure ingurukoeri, horien erantzunak nahi nituzke entzun.
  • Mintza ! Zein dira zure galderak ?
  • Zure jendeentzat zer da, gure munduan, gauzarik arinena ? Zer da goxoena ? Zer da gogorrena ?

Jakintsuak eta kontseilariak elgarretaratu ziren… Adosturik, aski laster, itzuli ziren.

  • Gauzarik arinena guretzat da lumatxa! Nahiz batzuek dioten airea bera dela ! Lumatxa airatzen denaz gero arinago izan behar da. Gauzarik goxoena gure ustez eztia da.

Gauzarik gogorrena aldiz, adituek diamantea dela diote !

Neskatxa brauki aintzineratu zitzaien :

  • Zer erantzun arruntak ! Ez da eskola handikoa izan behar holako erantzunen emateko.

Ez, jaunak ! Gauza arinena gure munduan ñiñi ttipi da, bere amaren besoetan. Amak hain du maite nun ez baitu ñiñiaren pisua senditzen ere, atxikiago eta arinago ordea…

Gauzarik goxoena ? Ez da eztia ! Ñiñi batentzat ez da amaren bularra baino goxoagorik. Ez da sekulan aski asetzen. Gauza gogorrena ?… Ezin jasana ama batentzat… jakitea, alaba bizirik harresi batean ehortziko diotela.

Hortan Antso brauki zutitu zen :

  • Eramazue berehala neskatxa hau amarenganat !!

Ez da sekulan gaztelurik ikusi Ortzanzurietako kaskoan.

Johanes Bordazahar

Erregea asto !


Gartzea III. a Naiarakoa, orduan Iruñeko errege egin berria zen. Ramiro anaiak kontra egin zion Nafarroako lurrez jabetu nahiz. 1035 urte inguruetan Tafallan gertatu zen bi anaien armaden arteko gudua eta Gartzeak menderatu zuen Ramiro anaia.

Orain Naiaran gaude, orduan Errioxako hiriburuan, Nafarroako erregeen egoitzan.

Jauregiko jateko sala nagusiko atetik gizon arrunt bat sartzen da. Gartzea hor dago mahainean jarria, zenbait aitoren semez eta guardiaz inguratua, bazkal ondoko asebetea gozatzen. Bisitaria, erreberentzia apal eginik, hasten zaio :

  • Maiestate ! Ni nauzu, Luis Rebollar bardo-kontalaria… Populuak bidali nau mezulari. Aski badugu zuen anaien arteko guduekin. Judu, musulman, kiristi, nomada, eskale, menditar edo hiritar, jendeak jendea balio du. Zu Nafarroako Errege, Gartzea hirugarrena, zuri tokatzen zaizu erakustea bihotz handiko bai eta goi mailako zalduna zirela, barkamenarekin bakea eskainiz populuari.
  • Hitz ederrak… Nork daki ez ziren eraile bat ?
  • Ni kontalaria nauzu… bardoa.
  • Hea bada, bardoa zirela eta, erradazu nortzat naukazun ? Zakur? Asto ? Azeri ? Oilar? Ardi ?
  • ASTO ! Dudarik gabe !

Guardiak oro jauzian zutitu dira, eskua puñalean. Gartzeak besoak zabalduz :

  • Lasai ! Jaunak, jar zaitezte ! … Beraz, kontalari, asto naizela diozu ?
  • “ Bai, gure zeruko Aitak, mundu hau sortu zuelarik animalia gotor bakoitzari bizi iraupen berdin-berdina eman zion. Hogoita hamar urte. Denbora luze baten buruan astoa jin zitzaioan eskatuz, otoi bizia labur ziezaion. Leher egiten zuela ikaragarriko zamak eta jendeak ezin eramanez. Bizkarra eta belaunak minbera. Bizia kurutzearen bide zitzaiola.

Eta zeruko Jainko aitak, doluturik, 12 urte kendu zizkion.

Ondotik zakurra, hatsankatua, hurbildu zitzaion otoitzez :

  • Jauna, horrenbeste urte ! Sobera zait ! laster harat, laster hunak, beti lurrean etzana, gauez gau iratzarririk, saingaka, zaunkaka eta haumaka…Ez jan, ez lo onik! Lepotik kate eta tripan ostiko. Aski!

Zeruko Aitak 18 urte kendu zizkion hor berean.

Gero , horra behia hurbiltzen zaiola pausoki. Marrumaz, zahartzearekin beti-ta gehiago xahal eta esne eman behar, noiznahi uztarrian edo barrukian lotua. Hea bada bere bizi tristeari hamar urte kentzen ahal zizkionetz ? Baietz eta kendu.

Gizakumea ere otoizka hasi zen. Hau ere kexati.

  • Jauna ! Baina 30 urte ez da aski guretzat. Horrenbeste gauza interesgarri bada egiteko bizian, ikasteko eta gozatzeko… Mila ikusteko sortuak gira…

Jaungoiko onak, deus erran gabe, astoari kendu hamabi urteak, zakurraren hemezortziak eta behiaren hamarrak eman zizkion gizakumeari. Horra zergaitik gure bizi iraupena 70 urtekoa den.

Eta zu, Gartzea, astoaren adin bete betean zira, ikaragarriko lan zamak pazientziarekin jasaiteko gai. Ondoko hemezortzi urtez zakurtuko zira, alde guzietarik saingaka, lasterka eta ausikika… Azkeneko urteetan, heltzen bazira, zaharminak joa behi bilakatuko zira. Barruki zokoan, astiro, hausnarrean, azken putarrak eta adarkadak banatuz. Hortarako diozut zure adinean astotan zirela ! Bihotzeko gizon zirelako, anaiari askatasuna eta zaldia utzi dizkiozu, beraz orroit nolako errespetua ere zor diozun animalia bakoitzari. Haien biziaz gain, haien lanaz eta haragiaz gain, zenbat zerbitzu ez dauzkizu emaiten !”

Eta ixiltasunean, gurtza biziki apal eginik Luis atera da gibelka.

Johanes Bordazahar

Maitasuna eta zorakeria

Amodioa zoin den zoroa

Mundu guziak badaki

Kreatzailea, mundu hau eta mundutar guziak sortu zituenean, zazpigarren egunean, pausatu zen. Horrenbestez, itzaletik atera ziren sentimendu, akats eta kalitate guziak elgarrekin pesta egiteko. Harat eta honat zabiltzan zer egin ez jakinez, nun eta Irudimenak agudo proposatu baitzuen :” Zergaitik ez josta kuku-gordeka ? “

Kuriositateak berehala, sudurra luzatuz: “Nola jostatzen da kuku-gordeka ?” Zorakeriak harro : “Bai! Josta gaitezen kuku-gordeka! Nik, begiak tapatu eta ehunera kondatuko dut, anartean zuek denak gordetzen zirezte, nahi duzuen tokian. Lehenik atxematen dudanak ordezkatuko nau.”

Duda-muda daldaran emaiten da berehala:

  • Galtzen badut, zer bilakatuko naiz ?
  • Ni ere zuhurki jokatuko naiz dio Nagiak
  • Nik ez dut nahi hemendik mugitu salatzen du bere aldetik Alferkeriak.

Hiruak elgarrekin beti bazterrez doaz eta.

Zalutasuna eta Bizkortasuna bristean desagertu ziren eta Poza, jauzi punpeka, irriz lekutu. Fedea joan zen zeruan gora Jaungoikoagana. Pasionea aldiz ikatz gorrian sartu. Ezazolkeria listafin kafira batetan sarturik fite atera zela!

Garaipena arbola puntara igan zen, Gutiziak hurbiletik segiturik.

Bakardadea sartu zen sotoko upel batean, nehorren ondoan ez gorde nahiz. Jakintasuna oraino kalkulan zabilan nun aurkitu gordagirik segurrena. Esperantza ttiki-ttiki egin zen adar puntta-punttako begian. Bapatean, Tontokeriak atera zuen:

  • Zer da egiten ari giren joko hau ?

Ezkorra, Pesimista, jadanik etsiturik zabilan:

  • Ez naiz ari ! Ez dut sekulan irabazten.

Justiziak (Zuzentasunak) hartzen du Egia eskutik :

– Erreka zolan, lehar xehean gordeko gira. Nik, Justiziak, bazterrak nahasiz gordeko zaitut.

Zorakeriak – … 98, 99, 100!

Nor harrapatua izan da lehenik ? Alferkeria, hor berean da kukutua harri baten gibelean. Kuriositatea atera da gero, jakin nahiz nun gordeak diren besteak. Tzarkeria atera da ere salatzeko nun diren Zuhurtzia, Emankortasuna, Eskuzabaltasuna, Diskrezioa eta beste ainitz… Maltzurkeria ixilka Zorakeriari hurbildu zaio :

  • Justizia eta Egia errekan gordeak dira.

Hitz hauek entzun bezain laster Justiziak urak zikindu ditu, Egia ez dezaten ikus. Egia ikusia izan delata, Justizia Zorakeriaren gibeletik lasterka joan zaio: “Ezetz! Egia ez dutela ikusi!” Horra nun behaztopatzen den eta erortzen. Zangoa beharturik segiten du, amor eman gabe, gaur ere oraino, beti maingu, egia nun eta nolakoa den adierazi nahiz.

  • Oraindik bat falta da !
  • MAITASUNA !
  • Maitasuna atera zaitez ! Irabazi duzu!

Nehork ez du ikusi. Tzarkeriak ahapetik:

  • Lorategian gordea da.

Zorakeriak makila hartzen du, jo eta jo, larrosa zangarrak eta elorri sistak, zanpaka, baztertuz. Horra nun Maitasuna ateratzen den, larrosa lore gorri batetatik, karrasika, begiak odoletan. Makilak eta elorriek bi begiak leherturik, arrunt itsutua. Zorakeriari, gaizoari, arras damutu zaio bere abrekeria eta hitzeman dio behin betiko:

  • Zaude lasai ni beti ondoan izanen nauzu.

Geroztik Maitasuna beti da itsu, Zorakeriarekin bi-biak etengabe elgarrekin doaz.

Istorio zaharra

Johanes Bordazahar

Egiaren bila


Gizona gaztea, zintzoa eta argia zen. Gaztarotik, errabia batek hartu zuen. “Egia” non zen, zer zen jakin nahi zuen. Lehenik eskola handietako liburuetan bilatu zuen. Filosofiazko, erlisiozko, zientziazko liburuak irakurri zituen. Bakoitzak zion hura bera zela egiaren jabe, proba eta arrazoin guziak emanez; beste guziak gezurretan zabiltzala. Erlisioak berak dozenaka baziren denak elgarren aurka. Maisu handiek liburuetan ikasiak errepikatzen zituzten.

Halako moldez, merkatu izkin batetik pasatzean, itsu zahar batek erran zion :

  • Oh ! zure delako « Egia » emazte eder bat besterik ez duzu. Zoragarria : goizargia bezain distiratsua, gaztea, eta gozoa, gozoetan gozoena. Hots : izaiten ahal den emazte gutiziagarriena. Emazte hura ezagutuz geroz ez duzu beste bat ez hurbildu, ez maitatu nahiko ere.

Perla arraro hura atxeman behar gorriak, gizon gazteari, bihotza erre zion. Ez zuen nehoiz bakerik ardietsiko emazte hura ezagutu gabe. Goiz batez, makila eskuan, xapela buruan, jalgi zen herritik, munduko bideetan zehar, egiaren gibeletik… Herri batetara heltzean galdatzen zuen :  

  • “Egia” zuen herrira etorri omen da. Ikusi ote duzue ?

Eta aldi oro entzuten zuen kasik erantzun bera :

  • Bai, bai ! Hemen egon da zenbait denbora bainan gero, bere egiatik zerbait utzirik, auzoko herrira lekutu da. Zoaz, zoaz urrunago, kausituko duzu !!

Ainitz ibilirik, nahiko solas eta pentsaketa entzunik, erranik eta eztabaidaturik; bizitzaren erdia herriz herri iraganik; deliberatu zuen, jendeak utziko zituela eta naturari buruz itzuliko zela. Segur, ama naturak erakutsiko ziola “Egia”-ren bidea. Eta sekulako jakintza, edertasuna kausitu zuen den mendren mamutx batean. Iturri bizien alaitasunak egitik zerbait salatzen zion. Zuhaitzek, itsasoak, landareek, xoriek bakoitzak bere maneran, mezu bera erraten zion : “Bai, « Egia » hemendik pasatu da eta bere hartarik zerbait utzi dauku. Bila ezazu oraino urrunago.”

Zahartu ondoan ere gizonak ez zuen amor eman. Basamortu eta ibaiak kasik denak zeharkaturik, bapatean gelditu zen, hor, mendi gorenen oinetan. Oihu egin zion mendiari

  • Zu ederretan ederrena! Zuk badakikezu non dagon «Egia »!
  • Bai, hemen nire baitan daukazu! Ni nauzu  “Egia” ! Bainan bidaiariren ezagun-begiak aspalditik ikasia zuen gezurra egiaren soinekoz jantzirik ibiltzen zela. Gezurra zion. Jo zuen aintzina.

Ez zen urrun joan. Munduaren puntaren puntara heldua zen, ibar zolan sartu zen, harpe ilun bat besterik ez zen. Polliki sartu zen. Begiak ilunbeari jarri zitzaizkionean, ikusi zuen emazte zahar bat konkortua, ileak zuri, larrua arrunt zimurdikatua. Berehala bazakien delako “Egia” zela. Makila pausatu eta xapela kendu zuen. Goibel zen, emaztea hain itsusia ikusirik…

– “Zu ote zira “Egia” ? Nire bizi luze guzian bilatu zaitut ! Zergaitik ihes egiten daukuzu ?

« Egiak » ez zion erantzunik eman. Ixil une luze bat izan zen.

  • Orain joan behar naiz! Badakit “Egia” zirela eta ez zirela hemendik aterako. Herritarreri zer erran behar diotet ?
  • Arrazoin duzu “Egia” norbait dela ? Ni naizela ez da arras hala! Bainan delako Norbait horrek egun batez erran zuen “Ni naiz, bidea, egia eta bizia” . Haren baitan aurkituko duzu “Egia”. Zu zintzoa zira, etxerako bidean, bilatzen segitzen baduzu, aurkituko duzu.

Makila eskuan eta xapela buruan, bidaiari zaharra, harpetik ateratzekotan zen :

  • Eup! Zu! Eta erraiezu, zure herritarreri : “Ni “egia” emazte eder bat naizela : goizargia bezain distiratsua, gaztea, eta goxoetan goxoena.”


Arabiar ipuin zaharretarik

Johanes Bordazahar

Andredena Mariaren juglarea

Dohatsu bihotz garbiak ikusiko baitute Jainkoa 

Konpostelako pelegrin batek kondatzen du « Ginokatus » quidam delako baten ixtorio hau. Ginokatus ofizoaz zirkoko juglarea da : jauzikarien printze, ilargiaren seme, eroen maisu, astoen errege. Lepoa lau aldiz hausteko zorian egona, kasik bekatu mortalean bizi izana… Egun batez graziak hunkiturik deliberoa hartzen du Andredena Mariaren zerbitzuko emaitea bere bizia. Soka, pilotak, tapiza, kobrezko birlak laguneri emanik, sakelak hutsik, komentuan sartu da.

Abadea, jakintza eta zuhurtzia handiko gizona ez da batere fida.

  • “Ginokatus” seme maitea ! Zer dakizu egiten Jaunaren zerbitzuko ?
  • Zer dakidan ? Deus guti ! Badakit zernahi jauzi egiten, zaldi-ferratzen, behien sangaratzen….
  • Haurride maitea, hobe duzu zure bidea zirkoan segitzea. Ez zira on gure komentuko ! Hemen Jaungoikoa adoratzen dugu gau eta egun. Andredena Maria otoizten. Lana eginik, kantatzen: hymnis et canticis. Horien denen ikasteko adina pasatua duzu.

Bainan juglareak ez du amor ematen. Hain du tematsuki otoiztu Abadea nun onartu baitute komentuan.

Multo modo, mila maneraz zerbitzu emana da juglarea : baratze-zain, sukaldari, zurgin, zapatain, jostun, nik dakita … Buruz tonto bainan laneko pronto. … Elizako liburu lodien hitzak, salmoen kantuak xorienak bezain misterio zaizkio.

Elizkizunetan, zintzoki belaunikatu orduko besteak zutik. Besteek Kantua finitu-ta hunek lau loriretan lelo-lelo aintzina. Besteen gibeletik beti. Elizkizunen ederra noiz nahi histen du. Halako batez Abade buruak deitzen du :

  • Ofizio denboretan ez zaitugu gurekin elizan nahi !
  • Aita! Egin bedi zure nahia!

Gaur, Andramariko bezperen ondotik fraileak atera orduko gure juglarea elizan sartzen da, bakarrik. Umilki belauniko emaiten da Andredena Mariaren aldarearen aintzinean,

  • Andere Jainkoa! Damu dut ! Ez dut zuretzat, latinezko otoitzik ezagutzen.

Andere Jainkoa barkatu ene tontokeriak. Ez naiz sekulan eskolan izan eta nehork ez daut otoitzik ikasi. Dakidan gauza bakarra da zirko lana ! Salto guziak badazkit. Otoitzaren partez nahi bazinitu onartu ene jauzi batzu ?

Galtzak altxatu, ontutsik, hasten da itxulingoen egiten : briu brau, salto ta brinko.

Jauzien artetik oihu bat botatzen dio Ama Birjinari :

  • Andere Jainkoa, orain zuretzat, salto doblea!
  • Maria Jainkoa! orain salto inglesa!

Hor gaindi gertatzen da fraile sakristaua. Harriturik tarrapatan joaten zaio abade nagusiari erraitera:

  • Gure juglarea deabruak bere eskuetan derabila !!

Abadea jauzian jausten da elizako atera. Ate artekatik horra bi begi pare so… Gure juglarea han, aldare aintzinean, mattin-salto bat bezala jauzika.

Gero eta ausartago gure gizona. Memento batez abiadura handi bat hartzen du eliza zolatik eta punpez, airean, bat, bi, behar bada hiru itxulingo egiten ditu eta aldare aintzinen erortzen da, hedailo.

Orduan, ate artekatik, lau begiek ikusi dute Ama Birjina ukurtzen. Eskua luzatzen, bere zetazko arropa urdinarekin juglareari kopetako izerdia pollikiño xukatzen. Abadea, zur eta lur, begiak hetsirik zeinatu da! Bere baitaratu ondoan, humilki joan zaio zutitzen laguntzera… “Bai, dohatsu bihotz garbiak

Johanes Bordazahar