Ongi etorri!

Ateraldi kulturala Azkoitian 2018/07/018. Argazki gehiago hemen klikatuz

Joanes Etxeberri eta Bizenta Mogelen urratsetan, Azkoitian

Uztail erditsutan, Euskaltzaleen Biltzarrak ateraldi kulturala antolatua zuen Azkoitiara, hango altxorreri behakoa eman nahiz. 35 lagun dira gisa hortan han gaindi ibili, gu ere haietarik ginela, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Juan Bautista Mendizabal elkarteburua gidari, hor zagola ere Gillermo Etxeberria asteasuarra, bi elkarte horietan kide dagon lagun baliosa. 14.000 biztanle ditu Azkoitiak, Javier Zubizarreta EAJkoa du auzapez eta hunek ongi-etorri beroa egin dauku Herriko Etxeko gela ederrean.

Intsausti jauregia

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea kokatua da Intsausti jauregian, Xabier Munibe (1729-1785), Peñafloridako kondea, euskal idazle eta musikagile ospetsuaren egoitza izana.Besteak beste, “Mozkorra parregarri” opera komikoa zuen ondu Munibek, historiako lehen euskal opera.
Euskaltzaleen kafira da Azkoitia (Azpeitiaren gisa), eta Intsausti jauregia euskaltzaletasun horren bihotza.
Juan Bautista Mendizabalek jauregi barneko altxortegia dauku bisitarazi, gela ederrak, liburutegia, apaindurak, Antonio Oteiza 92 urteko kaputxinoaren margo erakusketa eta beste, bidenabar hamarnaka anekdota kondatuz, umoretsuki. Loriatu gira.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen historia aberatsaren berri ere eman dauku. Elkarte hunek orotara 800 kide dauzka, hiru euskal lurraldetan –Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa– “Irurac bat” ikurraren pean bilduak, euskal ikerketa askoren bultzazaile eta publikatzaile, bereziki “Egan” izeneko aldizkarian, luzaz Gillermo Etxeberriak kudeatu duena.
Etorkin frango duen herria da Azkoitia, lanak horrat erakarririk, eta gutiz gehienak euskararen ikasteari lotu dira. Ondorioz, euskara nasaiki entzuten da Azkoitian, horgo seme den Xabier Arzallus politikari ezagunak egun batez hauxe omen zioela: “Nahiago dut euskaraz hitz egiten duen beltz bat, erdaraz mintzo den euskaldun bat baino”.

Joanes Etxeberri, Bizenta Mogel eta beste guziak

Euskaltzale askoren ohantzea zen (eta da) Azkoitia, idazle, musikari, pilotari, bertsulari, margolari eta bertze. Horien urratsetan ibili gira Azkoitiako karriketan barna, eta berezikiago Joanes Etxeberri eta Bizenta Mogel bi idazleenetan. Sarakoa zen sortzez Joanes Etxeberri (1668-1749), Axularrek bataiatua. Mediku ikasketak egin zituen Okzitaniako Tolosan, Saran berean zuela lehen batean ofizio hori betetzen. Maria Itsasgaraterekin ezkondu zen eta 11 haur ukan zituzten. Saratik landa Beran egon zen mediku, Elizondon, Hondarribian eta 1725etik aitzina Azkoitian. Mediku izateaz gain, euskararen defendatzaile suharra zen eta euskal idazlea ere, “Escuararen hastapenak” (1712) eta bertze lan batzuk utzirik, euskal idazleetan “lehen laikoetarik”. 81 urtetan zendu zen Azkoitian.

Huna nola bururatzen duen "LAU-URDIRI GOMENDIOZKO GUTHUNA"
"... baldin ene obra bere baithan ezbada ona, sinhets zazue bederen, ona dela... Zer-nahi dagiten Gizonek, intenzinoak neurtzen tu hekien obrak, eta-hala JAUNAK sinhets zazue bethiere naizela borondate eta bihotz on batekin, Zuen zerbitzari Ttipiena, eta obligatuena,
J. D’ETXEBERRI, Sarako Dotor-Mirikua."

Bizenta Mogel (1782-1854) sortzez Azkoitiakoa zen, Joan Antonio Mogel apez idazlearen iloba (apez hau dugu “Peru Abarca” eleberri famatuaren aita, 1802an idatzitako lehen euskal eleberria). Gazterik umezurtz gertaturik, osaba horrek zuen Bizenta eskolatu Markinan. Eta “Ipui onac” lehen alegia-bilduma publikatu zuen Bizentak 1804an. Lehen emaztetarik izan zen euskaraz idazten zuena. Jakin behar da garai hartan gaizki ikusia zela emazte bat idazten aritzea. Ausarta izan behar zen eta halakoa zen Bizenta, bertzalde bertsuak ere zituela moldatzen.

Floreaga jauregiko Joxeba jatetxean, Manex Pagola gogoan

Eguerdi eterditan Errexil tabernan hameketakoa harturik, sagarno eta txakolinez ontua, Andra Maria elizari eman diogu behakoa, hor ere Juan Bautistak zauzkigula barneko edertasunak erakusten, erretaulak, Cavaillé-Coll organoa (frantses organogile horrek eraikitako azkena), Mitra Farahani irandar zinegile eta margolariaren “Haur sakratuen birziklatze modernoa” bi obra handi, salatzen dutena haurrak nola martirio gisa baliatuak diren terrorismo bidetan, obra guziz gogoetagarri eta hunkigarriak !

Ikusi dugu ere bertzerik, hala nola Jorge Oteiza zizelkari handiaren “Zazpi frontoiak”, gune berean aurki ditzakegula pilotan artzeko jokaleku desberdinak, trinket, ezkerpareta, errebote eta bertzeak, euskal lurralde bakoitzaren modalitate berezia agertuz.

Oroitu behar da Azkoitia pilotari handi askoren ohantzea dela, Atanotarrak eta bertze. Horiek hola, eta nahiz artetik hameketakoa egina ginuen, bazkaiteko tenorea ere jin zaigu. Floreaga jatetxeko Joseba jatetxean gira aurkitu, janari zinez ona ginuela ahoratzen. Kantuz beztitu dugun egonaldia, gisa hortako ateraldietan gutartean hainbertzetan ukana izan dugun Manex Pagolaren kantuak bihotz barnetik xaramelatuz.

Peio Jorajuriak Herria astekarian agertu artikulua.

 

 

 

Elhuyarren erretaula  tungstena bakartzea lortu zuena, Pierra Amestoyen  arbasoa. Elhuyar anaiak, Juan Jose eta Fausto Elhuyar Zubize, jatorriz Hazpandarrak, ezagunak dira munduan lehen aldiz wolframa bakartzea lortu zutelako, 1783an, Bergarako Mintegian Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen baitan.

Milesker Peiori, Juan Bautista Mendizabali, Gillermo Etxeberriari eta parte hartzaile guzieiri.

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Biltzar nagusia Azkainen.

2018 05 26

 

Biltzarreko mahain nagusia

 Azkaingo Herriko Etxean bildu da Euskaltzaleen Biltzarra elkartea maiatzaren 26an, larunbat goizez. Biltzar nagusi hortan,

Mizel Jorajuria lehendakariaren inguruan kide andana bat bazagon. Ez haatik Andde Luberriaga azkaindar elkarteburu ohia (lehendakari 1988-2001 urteetan). Jin beharra zen bainan azken mementoko traba bat ukan du. Dena den, Paxkal Peyreblanque eta Anita Lacarra herriko hautetsi axuantek eginik ongi-etorri gozoa, elkartearen harat-hunatak aztertu dira.

Ikus-entzunezko dokumentu baten bidez, lehendakariak elkartearen historia du oroitarazi, mende bateko historia luzea, elkartea 1901ean sorturik, euskal elkarte guzien amatxi dugula biltzar ospetsu hori. Izen handi batzu ukan ditu mendean zehar lehendakari karguan, Arturo Campion, Jean Etchepare, Louis Dassance, Michel Labéguerie, Mixel Itzaina, Andde Luberriaga, Edurne Epalza Hebrard, Piarres Ainziart eta gaur Mizel Jorajuria.

Elkartearen ildo nagusia da euskaltzaletasuna eginahala sustatzea euskarazko idatzizko lanetan. Liburu andana handia badu argitaratua, kasik urtean bat, azken biak Daniel Landarten “Etxea eta etxekoak euskal literaturan” eta “Maiatzen bidean”, Maiatz literatura elkartearen antologia batekin.

Egitasmo berria, Marijan Minaberri zenaren testuen antologia baten argitalpena, olerki, prosa, antzerki, 2019an plazaratu behar litekeena. “Testu pollitek ez dute adinik” zioen Etiennette Etcheto elkarte-kideak.

Ateraldi kulturalak ere antolatzen ditu uda oroz Euskaltzaleen Biltzarrak, Hegoaldera. Aurten, Azpeitia eta Azkoitiari zaie bisita eginen uztailaren 18an, hango Juan Bautista Mendizabal gidari. Osoki euskaraz egiten den ateraldia da, interesatua den orori idekia.

Konduen aldetik, Beñat Soulé diruzainak xeheki agertu ditu, elkartea xumeki bainan sanoki doala erakusten dutenak. Kidetza 15 eurotan finkatua da.

Mizel Jorajuria lehendakaria, Aitor Servier eta Xumai Murua bertsulariak

Biltzarretik landa, Xoko Ona ostatuan dira biltzartiarrak bildu, omore onean, herriko Xumai Murua eta Aitor Servier bertsulariek aperitifa eta bazkaria ederki zutela alaitzen. Badute zinez talendu, perla pollitak zituztela botatzen, bazkaltiar guzien atsegina betez.

Peio Jorajuria

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_

2016eko abendoan argitaratua:

Azalean agertzen den hitzño umoretsua, 1982ko lehen maiatzetik hartua :

Gutarik bakoitza, egun batez, euskararekin gurutzatu da. Egun xoragarria, atsegin neurri gabezkoa. Edertasun eta maitasun hori gogoan, talde lan hau agertzen dugu. Amodioz.

Euskarak hil behar zuela, beste mintzaira zibilizatuei bide egiteko, Unamunok hala zeukan, dohakabeak.

Guk ez dugu euskara beste mintzaira baten compost nahi. Lotsatiarrei eta mutur xurien minkortasunari ez dugu ezer erratekorik: geroa, eginez baizik ez dela egiten…

Euskaraz idatzi nahi dutenei ongi etorri bat zabaltzen diegu: hegalda dedila hegoak gorritzen dituen mendietarik enoadurak lazten dituen igande arratsaldeetako hirietaraino, eta eskutik har dezala ororen poema.

Kezkek leherturik dauden ildoek udaberrian sinestea ahazten dute. Maiatzari neguan sinestea ez da bakarrik eroei emana: Baionako murru batek dauka esperantza menperatasunaren soka dela. Ba, baina, jazarketaren bidean, esperantza, hala ere.

Esperantzaren loretegietan: maiatz.

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Jasta:

Monzonen makila Daniel Landart

Igande arratsalde bat zen, bezperetarik landa. Barne hau (Heletako «patronage»-ko sala) bera mukurru betea. Haurrak, aitzintto honetan, jostetan ari… emazteak kalaka gorrian, eta gizonak, gizonak beti bezala, berena gogoan… Eta kasik ez irudika, denak aiduru, zain,besta noiz hasiko zen ote… Zeren, antzerkia, guretzat eta hemen ziren guztientzat, besta bat bait zen, besta bat gaitza.

Taula gainean, azantz batzu entzuten dira, bai eta, jokolarien urrats pizuak. Pizuak eta zaintsuak. Hiruzpalau aldiz oihala igitzen dute… Zuloño batetatik, begi haundi bat ikus daiteke, so eta so. Haren ondotik beste bat… eta segur naiz zuloño horrek, lagunak badituzkeela…

Bat batean, zura makilaz jotzen dute, baina arrabots haundi horrek ez ditu jendeak berehala ixilaraziko, nahiz emazte zenbat segidan basten diren: «Xo, ixo, xo… orai hasiko baitira»… ondoxean daukadan neskato punpulina batek aldiz, bere irri kokorozka ezin dezakelarik inondik ere trenka.. Beste panpako batzu beharko dira beraz, ikusliarren eztiarazteko, eta azkenean, denak kasik jume-jumea jarri direnean, oihala berriz ere igitzen da, eta erdi-erditik, brixt, jaun bat agertzen zaigu…

 

Dartemalda Eñaut Etxamendi.

….Artzain-bide juntako kamomila lekuan… Oihan urrunekoek gure lehengo sekretu xoragarriak berekin zauzkaten. Elorri-xurietan barna mila pasioneren daldaran nindohan. Elhorriek egiten zauztaten zarramaskien odolak nolako gustu goxoa zaukan! Begiak zerbaitekitsutzen bezala zauztan… Heldu nahi nuen delako muñho neska-bular polliterat.
Astorik etzen…
Lopebeltzerat sogin eta hango ardiak, behorrak eta zinur-oskiak ere arrotz.
Sogin nuen Harri-Kotorretako maldarat: auto bat goiti bazoan bere tarranta irringarriarekin…
Bainan? Otar malda hartan ikusten dut asto bat. Bat bakarrik. Lehengo ihauteriak hegoan…?
Jarririk Dartemaldako larrean astoari so…
Etxeratu eta, gaua.
Jarri nintzan zoko batean, oro lokartu zirelarik, paperrarekin eta arkatzarekilan eta hasi:
Tiki-taka, tiki-taka Ibilki da astottua goizik….
Zenbat nigar musika nota batean…

 

EUSKAL PRESO BATEN BOST URTEKO SEMEARI ENTZUNDAKOA

Joseba Sarrionandia

Izarloka ikusi dudanez gero
nik nahi dut
Aita etxean egotea eta bere gutunei begira
amak negar ez egitea.
Nik nahi dut baita
Euskal Herriko muga galtzea,
Uxuneri zinta morea
galdu zitzaion bezala.
Eta polizia frantses eta espainolen harmak
ene ur pistola bezala zulatzea.
Idazleak:

Ahamendaburu J. 
Aire Henriette
Akixo Kepa
Albizu Daniela
Alkat Ernest
Alunda T.
Amestoy Koldo
Arandia Ellande 
Arbelbide Xipri
Arkotxa Aurelia
Arrosagarai Jean 
Arrosagarai Ladix
Arzallus Jon 
Bedaxagar Jean Michel 
Berhokoirigoin M.
Borda Irene
Borda Itxaro 
Bourgoin Paxkal
Casenave Jon 
Caussade J-Louis
Charriton Peyo 
Davant Jean-Louis
Duny-Petre Piarres
Dupak Mikel
Duvert Mikel
Erdozaintzi-Etxart Manex
Erramouspe Patxika
Etxamendi Eñaut
Etxarren J-B
Etxegoin Pantxoa
Etxezaharreta L.
Ezponda Txomin
Garai Koldo Jule
Goenaga Xan 
Goyheneix Jojo
Haizagerre Leon
Hiribarren Mikel
Hirigoien Arantxa
Iratzeder
Irazusta Koxepa
Irurbide Amaia 
Itzaina Xabier 
Lafitte Amaia
Lafitte Jakes
Lanatua Manex 
Landart Daniel
Larregi Neni
Lopez Adan Emilio 
Lubet Delphine
Madariaga Ermi
Mendizabal J-Luc
Minaberri Maijan
Nesprias Alots
Nielsen Sarah
Oihan
Oiharzabal Beñat
Orpustan J-Baptiste
Pagola Manex 
Peillen Txomin
Pelot Mayi
Perez Pantxike
Rouleau Patrice 
Salaberri Etien 
Salinas Isabel 
Sarrionandia Joseba
Sestorain Gotzone
Sorhouet Maurice
Soubelet Xabier 
Sudupe Pruden 
Tambourin Marikita
Tapia Jon
Txabarri Imanol 
Valencia Josiane
Xalbador Daniel
Xalbardin
Xanpun
Zabala Xanti
Zamora Auxtin

Logo gehi7_ona copie

 Zertan da euskaltzaleen biltzarra ?

Azken berriak hemen klikatuz.

Utzi erantzuna