Dohatsu bihotz garbiak ikusiko baitute Jainkoa
Konpostelako pelegrin batek kondatzen du « Ginokatus » quidam delako baten ixtorio hau. Ginokatus ofizoaz zirkoko juglarea da : jauzikarien printze, ilargiaren seme, eroen maisu, astoen errege. Lepoa lau aldiz hausteko zorian egona, kasik bekatu mortalean bizi izana… Egun batez graziak hunkiturik deliberoa hartzen du Andredena Mariaren zerbitzuko emaitea bere bizia. Soka, pilotak, tapiza, kobrezko birlak laguneri emanik, sakelak hutsik, komentuan sartu da.
Abadea, jakintza eta zuhurtzia handiko gizona ez da batere fida.
- “Ginokatus” seme maitea ! Zer dakizu egiten Jaunaren zerbitzuko ?
- Zer dakidan ? Deus guti ! Badakit zernahi jauzi egiten, zaldi-ferratzen, behien sangaratzen….
- Haurride maitea, hobe duzu zure bidea zirkoan segitzea. Ez zira on gure komentuko ! Hemen Jaungoikoa adoratzen dugu gau eta egun. Andredena Maria otoizten. Lana eginik, kantatzen: hymnis et canticis. Horien denen ikasteko adina pasatua duzu.
Bainan juglareak ez du amor ematen. Hain du tematsuki otoiztu Abadea nun onartu baitute komentuan.
Multo modo, mila maneraz zerbitzu emana da juglarea : baratze-zain, sukaldari, zurgin, zapatain, jostun, nik dakita … Buruz tonto bainan laneko pronto. … Elizako liburu lodien hitzak, salmoen kantuak xorienak bezain misterio zaizkio.
Elizkizunetan, zintzoki belaunikatu orduko besteak zutik. Besteek Kantua finitu-ta hunek lau loriretan lelo-lelo aintzina. Besteen gibeletik beti. Elizkizunen ederra noiz nahi histen du. Halako batez Abade buruak deitzen du :
- Ofizio denboretan ez zaitugu gurekin elizan nahi !
- Aita! Egin bedi zure nahia!
Gaur, Andramariko bezperen ondotik fraileak atera orduko gure juglarea elizan sartzen da, bakarrik. Umilki belauniko emaiten da Andredena Mariaren aldarearen aintzinean,
- Andere Jainkoa! Damu dut ! Ez dut zuretzat, latinezko otoitzik ezagutzen.
Andere Jainkoa barkatu ene tontokeriak. Ez naiz sekulan eskolan izan eta nehork ez daut otoitzik ikasi. Dakidan gauza bakarra da zirko lana ! Salto guziak badazkit. Otoitzaren partez nahi bazinitu onartu ene jauzi batzu ?
Galtzak altxatu, ontutsik, hasten da itxulingoen egiten : briu brau, salto ta brinko.
Jauzien artetik oihu bat botatzen dio Ama Birjinari :
- Andere Jainkoa, orain zuretzat, salto doblea!
- Maria Jainkoa! orain salto inglesa!
Hor gaindi gertatzen da fraile sakristaua. Harriturik tarrapatan joaten zaio abade nagusiari erraitera:
- Gure juglarea deabruak bere eskuetan derabila !!
Abadea jauzian jausten da elizako atera. Ate artekatik horra bi begi pare so… Gure juglarea han, aldare aintzinean, mattin-salto bat bezala jauzika.
Gero eta ausartago gure gizona. Memento batez abiadura handi bat hartzen du eliza zolatik eta punpez, airean, bat, bi, behar bada hiru itxulingo egiten ditu eta aldare aintzinen erortzen da, hedailo.
Orduan, ate artekatik, lau begiek ikusi dute Ama Birjina ukurtzen. Eskua luzatzen, bere zetazko arropa urdinarekin juglareari kopetako izerdia pollikiño xukatzen. Abadea, zur eta lur, begiak hetsirik zeinatu da! Bere baitaratu ondoan, humilki joan zaio zutitzen laguntzera… “Bai, dohatsu bihotz garbiak”
Johanes Bordazahar