Gizona gaztea, zintzoa eta
argia zen. Gaztarotik, errabia batek hartu zuen. “Egia” non zen,
zer zen jakin nahi zuen. Lehenik eskola handietako liburuetan bilatu
zuen. Filosofiazko, erlisiozko, zientziazko liburuak irakurri zituen.
Bakoitzak zion hura bera zela egiaren jabe, proba eta arrazoin guziak
emanez; beste guziak gezurretan zabiltzala. Erlisioak berak dozenaka
baziren denak elgarren aurka. Maisu handiek liburuetan ikasiak
errepikatzen zituzten.
Halako moldez, merkatu izkin batetik pasatzean, itsu zahar batek erran zion :
- Oh ! zure delako « Egia » emazte eder bat besterik ez duzu. Zoragarria : goizargia bezain distiratsua, gaztea, eta gozoa, gozoetan gozoena. Hots : izaiten ahal den emazte gutiziagarriena. Emazte hura ezagutuz geroz ez duzu beste bat ez hurbildu, ez maitatu nahiko ere.
Perla arraro hura atxeman behar gorriak, gizon gazteari, bihotza erre zion. Ez zuen nehoiz bakerik ardietsiko emazte hura ezagutu gabe. Goiz batez, makila eskuan, xapela buruan, jalgi zen herritik, munduko bideetan zehar, egiaren gibeletik… Herri batetara heltzean galdatzen zuen :
- “Egia” zuen herrira etorri omen da. Ikusi ote duzue ?
Eta aldi oro entzuten zuen kasik erantzun bera :
- Bai, bai ! Hemen egon da zenbait denbora bainan gero, bere egiatik zerbait utzirik, auzoko herrira lekutu da. Zoaz, zoaz urrunago, kausituko duzu !!
Ainitz ibilirik, nahiko solas eta pentsaketa entzunik, erranik eta eztabaidaturik; bizitzaren erdia herriz herri iraganik; deliberatu zuen, jendeak utziko zituela eta naturari buruz itzuliko zela. Segur, ama naturak erakutsiko ziola “Egia”-ren bidea. Eta sekulako jakintza, edertasuna kausitu zuen den mendren mamutx batean. Iturri bizien alaitasunak egitik zerbait salatzen zion. Zuhaitzek, itsasoak, landareek, xoriek bakoitzak bere maneran, mezu bera erraten zion : “Bai, « Egia » hemendik pasatu da eta bere hartarik zerbait utzi dauku. Bila ezazu oraino urrunago.”
Zahartu ondoan ere gizonak ez zuen amor eman. Basamortu eta ibaiak kasik denak zeharkaturik, bapatean gelditu zen, hor, mendi gorenen oinetan. Oihu egin zion mendiari
- Zu ederretan ederrena! Zuk badakikezu non dagon «Egia »!
- Bai, hemen nire baitan daukazu! Ni nauzu “Egia” ! Bainan bidaiariren ezagun-begiak aspalditik ikasia zuen gezurra egiaren soinekoz jantzirik ibiltzen zela. Gezurra zion. Jo zuen aintzina.
Ez zen urrun joan. Munduaren puntaren puntara heldua zen, ibar zolan sartu zen, harpe ilun bat besterik ez zen. Polliki sartu zen. Begiak ilunbeari jarri zitzaizkionean, ikusi zuen emazte zahar bat konkortua, ileak zuri, larrua arrunt zimurdikatua. Berehala bazakien delako “Egia” zela. Makila pausatu eta xapela kendu zuen. Goibel zen, emaztea hain itsusia ikusirik…
– “Zu ote zira “Egia” ? Nire bizi luze guzian bilatu zaitut ! Zergaitik ihes egiten daukuzu ?
« Egiak » ez zion erantzunik eman. Ixil une luze bat izan zen.
- Orain joan behar naiz! Badakit “Egia” zirela eta ez zirela hemendik aterako. Herritarreri zer erran behar diotet ?
- Arrazoin duzu “Egia” norbait dela ? Ni naizela ez da arras hala! Bainan delako Norbait horrek egun batez erran zuen “Ni naiz, bidea, egia eta bizia” . Haren baitan aurkituko duzu “Egia”. Zu zintzoa zira, etxerako bidean, bilatzen segitzen baduzu, aurkituko duzu.
Makila eskuan eta xapela buruan, bidaiari zaharra, harpetik ateratzekotan zen :
- Eup! Zu! Eta erraiezu, zure herritarreri : “Ni “egia” emazte eder bat naizela : goizargia bezain distiratsua, gaztea, eta goxoetan goxoena.”
Arabiar ipuin zaharretarik
Johanes Bordazahar