Maitasuna eta zorakeria

Amodioa zoin den zoroa

Mundu guziak badaki

Kreatzailea, mundu hau eta mundutar guziak sortu zituenean, zazpigarren egunean, pausatu zen. Horrenbestez, itzaletik atera ziren sentimendu, akats eta kalitate guziak elgarrekin pesta egiteko. Harat eta honat zabiltzan zer egin ez jakinez, nun eta Irudimenak agudo proposatu baitzuen :” Zergaitik ez josta kuku-gordeka ? “

Kuriositateak berehala, sudurra luzatuz: “Nola jostatzen da kuku-gordeka ?” Zorakeriak harro : “Bai! Josta gaitezen kuku-gordeka! Nik, begiak tapatu eta ehunera kondatuko dut, anartean zuek denak gordetzen zirezte, nahi duzuen tokian. Lehenik atxematen dudanak ordezkatuko nau.”

Duda-muda daldaran emaiten da berehala:

  • Galtzen badut, zer bilakatuko naiz ?
  • Ni ere zuhurki jokatuko naiz dio Nagiak
  • Nik ez dut nahi hemendik mugitu salatzen du bere aldetik Alferkeriak.

Hiruak elgarrekin beti bazterrez doaz eta.

Zalutasuna eta Bizkortasuna bristean desagertu ziren eta Poza, jauzi punpeka, irriz lekutu. Fedea joan zen zeruan gora Jaungoikoagana. Pasionea aldiz ikatz gorrian sartu. Ezazolkeria listafin kafira batetan sarturik fite atera zela!

Garaipena arbola puntara igan zen, Gutiziak hurbiletik segiturik.

Bakardadea sartu zen sotoko upel batean, nehorren ondoan ez gorde nahiz. Jakintasuna oraino kalkulan zabilan nun aurkitu gordagirik segurrena. Esperantza ttiki-ttiki egin zen adar puntta-punttako begian. Bapatean, Tontokeriak atera zuen:

  • Zer da egiten ari giren joko hau ?

Ezkorra, Pesimista, jadanik etsiturik zabilan:

  • Ez naiz ari ! Ez dut sekulan irabazten.

Justiziak (Zuzentasunak) hartzen du Egia eskutik :

– Erreka zolan, lehar xehean gordeko gira. Nik, Justiziak, bazterrak nahasiz gordeko zaitut.

Zorakeriak – … 98, 99, 100!

Nor harrapatua izan da lehenik ? Alferkeria, hor berean da kukutua harri baten gibelean. Kuriositatea atera da gero, jakin nahiz nun gordeak diren besteak. Tzarkeria atera da ere salatzeko nun diren Zuhurtzia, Emankortasuna, Eskuzabaltasuna, Diskrezioa eta beste ainitz… Maltzurkeria ixilka Zorakeriari hurbildu zaio :

  • Justizia eta Egia errekan gordeak dira.

Hitz hauek entzun bezain laster Justiziak urak zikindu ditu, Egia ez dezaten ikus. Egia ikusia izan delata, Justizia Zorakeriaren gibeletik lasterka joan zaio: “Ezetz! Egia ez dutela ikusi!” Horra nun behaztopatzen den eta erortzen. Zangoa beharturik segiten du, amor eman gabe, gaur ere oraino, beti maingu, egia nun eta nolakoa den adierazi nahiz.

  • Oraindik bat falta da !
  • MAITASUNA !
  • Maitasuna atera zaitez ! Irabazi duzu!

Nehork ez du ikusi. Tzarkeriak ahapetik:

  • Lorategian gordea da.

Zorakeriak makila hartzen du, jo eta jo, larrosa zangarrak eta elorri sistak, zanpaka, baztertuz. Horra nun Maitasuna ateratzen den, larrosa lore gorri batetatik, karrasika, begiak odoletan. Makilak eta elorriek bi begiak leherturik, arrunt itsutua. Zorakeriari, gaizoari, arras damutu zaio bere abrekeria eta hitzeman dio behin betiko:

  • Zaude lasai ni beti ondoan izanen nauzu.

Geroztik Maitasuna beti da itsu, Zorakeriarekin bi-biak etengabe elgarrekin doaz.

Istorio zaharra

Johanes Bordazahar