Gasteiz 2015

Herria astekarian Peio Jorajuriak agertua, 2015eko abuztuaren 6-ekoan.

DSCN4915

Euskaltzaleen Biltzarrarekin Eusko Legebiltzarrean

Aste huntan besta jantzitan jarria da Gasteiz sei egunentzat, asteartetik igandera. Andra Mari Zuriaren besta airosak, Baionakoeri lekukoa hartu dutenak. Ez ditu haatik besta horiek igurikatu Euskaltzaleen Biltzarrak bidaia kultural baten antolatzeko Arabako hiri nagusira.

UdaDSCN4895 oroz antolatzen du, Gillermo Etxeberria gipuzkoar adiskidearen laguntzarekin, ateraldi aberatsa Hegoaldeko herri edo hiri batera, Iparraldeko jendeak hobeki ezagut ditzan hango altxorrak eta jendeak. Aldi huntan, uztailaren 23an, Gasteiz zuten beraz jomugan Euskaltzaleen Biltzarraren gomitari ihardetsi duten 33 lagunek.

Eusko Legebiltzarraren bihotzean

DSCN4905245.000 biztanleko hiri pollita da Gasteiz, alegera, perdea, altxor askoren kokaleku. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiri nagusia da, bere gobernu eta legebiltzarrarekin. 33 lagunak, katedral berriaren (XX. mendekoa) ondoan jautsirik autobusetik eta katedralari behako laburra emanik, handik bi urratsetan den Eusko Legebiltzarrera dira berehala heldu. Han zuten zain Jorge gidaria, egoitza ospetsu horren barneen erakusle argia. Bidaiari bakotxak bere nortasun agiriko zenbakia aitzinetik emana zuen haatik, ez baita hola sartzen eraikin ongi zaindu hortara. Lehen denboretan, egoitza hori ikastetxe bat zen. 1982an zen Eusko Legebiltzarra bilakatu, legebiltzarrak ordu arte Bilbon zuelarik kafira. Barnean, denak garbi eta dirdiratsu, zoladurak eta eskailerak marmol ederrez estalirik. Lehen estaian, legebiltzarreko lehendakarien neurri handiko potretak paretan zintzilakaturik: Juan Jose Pujana, Jesus Egiguren, Joseba Andoni Leizaola, Juan Maria Atutxa, Izaskun Bilbao, Arantxa Quiroga. Bakartxo Tejeriarena, aldiz, legealdi huntako lehendakariarena, ez dute oraindik ezarria. Bigarren estaian, legebiltzartokia, 75 jarlekurekin, lurralde bakoitzarentzat 25 (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba). Jorgek erakutsi dauku legebiltzarraren antolaketa nola egiten den, alderdi desberdinen tokiak, Euskadiko lehendakariarena, sailburuena, parlamentuburuena, bozkamoldea, telebista pantailak, 6 kamera badaudela eztabaida eta bozkaldi guzien filmatzeko, kazetarien balkoia… Legebiltzarkideen osoko bilkurak ortzegunero egiten dira, ortziraletan hamarbortzetarik aldiz galdera/erantzun bilkurak. Eta bertze xehetasun askoren emaile izan zaigu Jorge. Hots, bisita zinez jakingarria ginuen hor. Orotara, 150 langile dauzka Eusko Legebiltzarrak, egoitza hortan eta urruntxeago dagon administrazio eraikinean lanean ari direnak.

Katedral zaharreko aztarna arkeologikoak

DSCN4922Hiribarnean doi bat ibilirik (Andra Mari Zuria plaza, Espainia plaza, San Migel eliza, atarian daukala Zeledon famatuaren irudia bere parasolarekin, hiriko bestetako pertsonaia xelebrea), hara Santa Maria katedral zaharrera heltzen girela. Han aldiz Naiara gidari ernea ginuen zain. Kanpotik behatuta, gotorleku baten itxura dauka katedralak, bere dorre defentsibo, gezi leiho eta erronda pasabidearekin. Barnetik eraikin gotikoa da, Erdi Arokoa. Bainan zer egoera txarrean dagon! Arraildurak, makurdurak, ur-infiltrazioak, bada izitzekoa. Erran behar da aspaldiko urtetan zaharberritze obretan dela katedral hori eta 10 urte huntan hetsia ere dela. Bainan merezi du halere bisitatzea, kaska buru gainean ezarririk, segurtasunez. Batetik, absidearen azpikaldean badaude miaketa arkeologiko ikusgarriak, aurkikuntza askoren kokaleku. Alabainan, aspaldiko herri xahar eta primitiboa zen kokatzen eremu hortan, miaketa horieri esker gasteiztarrek beren iragan urruna dutela pittaka pittaka zilatzen. Katedral gainak ere merezi du behakoa, dorrean gora iganik. 60 metroko goratasuna du dorreak, gu haatik biderditan gelditu gira, 30 metrotan, hortik bira-bira Gasteiz guzia dela ageri, bai eta urrunagoko mendiak, Gorbeia, Anboto, Aizkorri…

Balaiteke oraindik kondatzeko. Gauden hortan egungo. Hauxe erranik halere: ez da bidaia interesgarririk bazkari onik gabe. Eta gurea han bereko Bilbaina jantokian ginuen, janari onez eta kantu ozenez agradatua.