Hileko artxiboak: 2015-09

Edurne Epalza 2003

Gure azken Burulehenak bere kargua utzi duelarik Azkaingo herrikoetxean ginen lau lekukoren aitzinean ez dugu jakin zer ihardets galde horri, baina geroztik Hegoaldeko ta Iparraldeko beste bospasei lagunekin hitzarturik, aitortzen dugu Heletako egun hau antolatzea erabaki dugula Etienne Salaberry-ren mezuaz oroituz. Lehengoak ez ahantz! erran zuen Garrako apezak eta hona Euskalzaleen Biltzarraren historia laburra.Erran zuen ere gure adiskide zenak Gerokoez oroit!

Hemen gaituzue beraz euskalzale multxo bat Euskal Herriaren adarra entzuteko eta entzunarazteko xede duena.

Hemen dituzue behin behineko burulehen anderea Edurne Epalza Hebrard, Buruorde GilIermo Etxeberria, Idazkari Piarres Aintziart eta Diruzain Roger Artzubi, Herria kazetaren eta Gipuzkoako Egan aldizkariaren eta Euskal Herriko Adiskideen lagun bat edo besteekin.

Guziek nahi genuke jakin, gaur hemendik aterako ote den ondoko egunetan euskararen laguntzeko prest dagoen elkarte sendo bat, aitzinekoen ildoari jarraikiz geroaren menturan. Nahi duenak eman beza bere izena!

Piarres Charritton eta lagunak, Heletan, 2003 ko urriaren 26an

Aintziart 2014-2013

Hau Charrittonen bildumatik kanpo da. Ondoko liburu hortarik hartua da:

Euskalzaleen biltzarra Historia. Ekintzak eta Omenaldiak (2003-2009)

Aurkibidea

Piarres AINTZIART. Aitzin solasa

Louis DASSANCE (1888-1976). 1951. Eskualtzaleen Biltzarraren sortze eta hastapenak

Piarres CHARRITON. Euskaltzaleen Biltzarra. Historia laburra

 

HELETA (2003-X-26) – OMENALDIA: ETIENNE SALABERRY

J.L. DAVANT. Etienne Salaberry zenaz oroitzapen eta ohar batzuk

Pako SUDUPE. Euskaltzaleen biltzar berritua

Pierre MOLÈRES. Baionako gotzainaren txostentxoa Etienne Salaberryren omenaldian

J.P. OURET. J.P. Ouret apezaren predikua

 

ITSASU: (2004-IV-25) – OMENALDIA: JANAMARI MALHARIN

Mizel JORAJURIA. Melle. Malharin -en ohoretan Mizel Jorajuriak eman lekukotasuna

Roger GAMOY. Malharin andereari omenaldia

Daniel LANDART. Janamari Malharin-i 1912-2001

Mikel ERRAMOUSPE. Jana Mari Malharin

Mattin LARZABAL. Janamari Malharin

Maite IRAZOQUI. Jeanne Marie Malharin

Kati ITZAINA. Eskerrak

 

SARA: (2005-X-01) – OMENALDIA: CLAUDINE LERALU eta ISABELLE LICHAU

Jean ANIOTZBEHERE. Sarako auzapezaren mintzaldia

Piarres AINTZIART. Piarres Aintziarten mintzaldia

Jean HARITCHELHAR. Leralu eta Lichau andereak

Mizel JORAJURIA. Lichau eta Leralu-ren andereen omenaldian

Ana Mari CURUTCHET. Hitzaldia

Claudine LERALU. Eskerrak

Isabelle LICHAU. Isabelle Lichauren eskerrak.

LAKA – MIHURA. Jean-Louis Laka eta Fermin Mihuraren goresmenak

 

ALDUDE (2006-11-19) – OMENALDIA: JEAN ETCHEPARE (1877-1935) “Medikua”

J. CASENAVE. Idazleak maite zituen euskal idazlea.

Kepa ALTONAGA. Etxepare Aldudeko medikua

 

BESKOITZE (2007-IV-25) – OMENALDIA: JOANES LEIZARRAGA (XVI. Mendea)

J.B. DIRASAR. Joanes Leizarraga Beskoiztar idazlea.

Nora ARBELBIDE. Leizarraga zaharra, Leizarraga gaurkoa

Afïa Mari URBISTONDO. Joanes Leizarraga Nafarroan eta Lapurdin XVI. mendean

Piarres XARRITON. Leizarragaren mendea XVI.a.

Henrike KNÔRR. Lazarraga eta Leizarraga: XVI. mendeko bi idazle

Patxi SALABERRIMUNOA. Iturri urdinen bila (Leizarragaren Testamentu Berria eta hari erantsitakoak) .

 

SENPERE (2007-XII-20) – OMENALDIA: GRATIEN ADEMA “ZALDUBI” (1828-1907

Piarres AINTZIART. Gratien Adema “Zaldubi” (1828-1907)

Henri DUHAU. Gratien Adema “Zaldubi” (1828-1907)

 

SENPERE (2008-II-3) OMENALDIA: DOMINIQUE DUFAU (1880-1956)

Me Christine SANCHETTE-LANNETTE. Me Dominique DUFAU (1880-1956)

Henri DUHAU. Dominique DUFAU (1880-1956) – Christophe DUFAU (1888-1922)

Andres URRUTIA. Dominique DUFAU (1880-1956)

Xemartinen xerri loteria Dominique DUFAU (1880-1956)

 

JATSU-GARAZI (2009-111-22) OMENALDIA: JEAN ETXEPARE “Gaztea”

AUZAPEZA. Jean Etchepare-en omenaldian egin ongi etorria

ITURRALDE. Aitzinsolasa
KULTUR EGUNAK HEGOALDEAN

Arantzazu 2006

Azkoitia 2007

Bergara 2008

Markina-Xemein 2009

 

Liburu hortan ez daudenak.

2010 Lekorne Gerezian:Pochelu apeza “Garralda”. Jakitatez jakitate liburua.

 

2011

2012 Altzuruku Eppherre

2013 Xarritoni, Itzainari eta Luberriagari omenaldia Hazparnen

KULTUR EGUNAK HEGOALDEAN

2010

2011

2012 Gernika

2013 Getaria

 

Aitzin solasa
Piarres AINTZIART

“Euskaltzaleen Biltzarmren histora laburra” idatzi zuen 2003an Piarres Xarritonek, azken orrian gogoeta hau egiten zuela: “Hoinbeste elkarte, erakunde eta talde ari direlarik, zein bere aldetik, hain aspaldian dirauen gure euskararen bataila irabazi beharrez eta etsaiari gaina ezin hartuz, ba ote da oraino Euskaltzaleen Biltzarraren beharrik? ” Gaur ere, gure bilkuretan, galde berak kilikatzen gaitu, jakin nahi dugularik zer den, eta non, gure nortasuna eta zer lanetan behar dugun arizan. Aipatzen dugularik han edo hemen, euskaltzaleen eta abertzaleen korporazioetan, gure iraupenaren errealitatea, ironia, edo bederen biguntasun erdi trufari bat bihurtua zaigu, ez balin badute zenbaitek seko botatzen: “A! delako Bazkaltzaleen Biltzarra!” Baina ez kexa, Euskaldunen arteko kritikak ezagunak dira. Nago ez ote den jokabide hori, bihotzetan sakonki bezain inkontzienteki sartua denik, gure baitan daukagun konfiantza eskasaren seinale.

Bego eta jo aitzina! Zerbait egin dugu guk ere azken 6 urte hauetan, Andde Luberriagaren ganik ukan dugularik lekukoa eta segitu berak hartua zuen aitzinekoen bidea. Balin baditugu duda teorikoak, eginaren bidez eskuratzen dugu argitxo bat edo beste. Bizian zehar, maiz ekintzak du izpiritua argitzen, ekintzak bere baitan dauka artetan justifikazioa. “En attendant!”

Luberriaga jaunak utzi zuelarik elkartearen ardura, Administrazio Kontseilu berria sortu genuen, Edurne Epalza Hebrard hautaru genuelarik lehendakari gisa, Gillermo Exeberria zela aldiz, eta dela beti, buruorde: EGAN aldizkaria kudeatzen du, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen izenean; Roger Arzuby Azkaingo larzabaldarrak atxikiz, eta gaur ere, konduak. Idazkaritzan hasirik nere partaidetza, Edurneren lekua hartu nuen sobera laster, sei hilabete barne zendu baitzen ja eri handi zen Arrangoitzeko andere adoretsua. Zorionez gure artean zegoen oraino hasi genuelarik, Heletan, 2003-ko urriaren 26an, geroztik egin ditugun omenaldien zerrenda. Sei orotara.

Heletako Etienne Salaberry herriko semearen ohoretan eta oroitzapenez egin genuen, haren sortzearen mendeurrena zela eta. Oroitzekoa zen ere 1979 ko urriaren 16an, bere sorterrian omendu zuela Euskaltzaleen Biltzarrak, Labéguerie lehendakariaren ongi etorri beroaren hitzekin, Garrako seme apeza. Eta beraz leku berean presuna bera omendu genuen 24 urte geroago, aro tzar euritsu eta hotz baten egunaz, baina, menturaz kontrastez, are gehiago elgarrekin gozatu genuena. Liburuki honetan dauzkazuete igande hartako hiru mintzaldi, bat Pako Suduperena, Euskaltzaleen Biltzar berrituaz, beste biak, Molères gotzainarena frantses erdaraz eta Ouret Suhuskuneko erakasle adiskidearena euskaraz. Ongi etorria Marie Andrée Arbelbide auzapezak egin zuen, mende laurden bat aitzin bezala!

Bigarren omenaldia, hemen ere, gutartetik fisikoki betikotz urrundua zen, baina bihotz eta izpirituetatik hurbil gelditua zigun andere Jana Mari Malharin errientsari egin genion, Itsasun, 2004-ko irailaren 25an, lekukotasun anitzek oroitarazten zigutela irakaskuntza katolikoan aurrendari izan zen emazte suhar eta tematsua. Irakurtzekoak daude zinez, lehenik Roger Gamoy auzapezaren ongi etorria eta gero Mizel Jorajuria, Daniel Landart, Mikel Erramouspe, Mattin Larzabal, Maite Iratzoqui eta Kati Itçainaren hitzaldi maitekorrak.

Hurrengo emanaldia,2005-ko urriaren lehenean eta Atxularren herrian, Saran, izan zen, han baitzen egiazki hasi, Ana Mari Curutchet errientsarekin, Leralu eta Lichau andereek, gaur egun gurekin dauden pixkor eta suharrek, ofizialki bultzaturik, Hezkuntza Nazionalaren izenean, eskola elebiduna, 1983 an. Hor eta orduan mintzatu ziren, Aniotzbehere auzapezaren ondotik, Jean Haristchelhar, Mizel Jorajuria, Ana Mari Curutchet, Claudine Leralu, erdaraz (baina euskarara ahal bezain zuzen itzuli dut haren lekukotasuna) eta Isabelle Lichau, honek euskaraz, gaur egun gure mintzaira ikasten segitzen duela, Biarnotik! Chapeau! Jean-Louis Lakaren eta Fermin Miuraren bertsu ederrak ere ezarri ditugu hemen.

Ondoko urtean, azaroaren 19an, Alduden ginen, Aldudeko miriku izan zen Etxepare Jean handia, “Buruxkak” obra nagusiaren egile eta Euskaltzaleen Biltzarraren buruzagi izanaren ospatzeko.Herriko auzapez Peio Setoainen ongi etorri beroaren ondotik Piarres Xarritonen lekukotasunaz gozatu ginen, gero Jean Casenave Heletako unibertsitarioak argitasun egoki eta zehatzak aurkezten zizkigula Jean Etxeparek maite zituen idazleen izen eta obrak. Bazkalondoan hemen ohar berezi bat merezi duen Kepa Altonagak eman zigun Jean Etxeparez egin bere lan luze eta sakonaren, “Etxepare Aldudeko medikua” liburu fresko freskoaren dastatzeko plazera. Intelektual horien eskertzeko, irakur beraz idatzi digutena! Ta milesker!

Baxenabarretik Lapurdira itzuli ginen 2006an, Aldudetik Beskoitzera jautsiz, Leizarraga euskaltzale protestantaren sortzearen 500 urtemugakari. Hiru orduz eta jende multxo politaren aitzinean mintzatu ziren lau aditu, Marie Christine Urbiztondo-Picavea orduko protestantismoaz Biarno eta, asmoz bederen, Ipar Euskal Herrian: Enrike Knôrr, zorigaitzez geroztik utzi gaituen arabar jakintsun fina, Leizarragaren garaikide izaniko Lazarraga arabar idazlea aipatzen zigula; Patxi Salaberri Munoak agertu berria zuen liburua “Leizarraga zaharra, Leizarraga berria” aurkeztu zigun eta Piarres Xarritonek aldiz XVIgarren mendeko ideien esparru aberats eta jorian ibilarazi gintuen. Momentu intelektual zinez aberasgarria iragan genuen, apirileko 25 hartan.

Eta azkenik, bururatzeko, baina geroa buruan, jo berriz Baxenabarrera, aurten, udaberriko martxoaren 22an, Jatsu Garazin, beste Jean Etxepare bat, “gaztea”, bere sorterrian ohoratzeko. Karia hortarat, egundaino inprimatu eta agertua izan ez zen “ Iturraldea ” eleberria aurkeztu genuen, gazte gazterik zendu zen idazlearen haurrideen aitzinean. Obra honetan daukazue eleberriaren aitzinsolasa, Jean Michel Bidondo auzapez gaztearen ongi etorriarekin. Ohartzekoa da ere bi Jean Etxepare desberdinak lotura batek juntatzen dituela, Jatsuko auzapeza aldudarra baita! Gogoan daukat re Benat Aldacourrou Jatsuko auzapez ohia: bere herriaz eman zigun hitzaldi xinple bezainberoa, laster, zorigaitzez, zenduko zela.

Bururatu dut gure akten zerrendaren pirua, gogoan izanez, lagun langileekin, datorren urtean, udaberri itxaropentsuan, Lekorne Gerezian eginen dugun elgarretaratzea, herriko seme zen Léon Pochelu apezak, “Garralda” goitizenezkoak, idatzi zituen zientifiko artikuluekin eratu dugun “Jakitatez jakitate” liburua aurkezteko.

Konklusio gisa, beste bi ohar. Euskaltzaleen Biltzarrak parte hartu du beste ekintza batzutan, ohoratzen zirelarik de Monzon jauna Hendaian eta Bergaran, Jean Pierre Arbelbide apeza Zaron, Dufau anaiak eta Adema Zaldubi Senperen, gure biltzarkide Henri Duhauren lanen fruituen biltzeko, eta orai ahantziak dauzkadanak!

Bestalde, eta justuki, ez ahantz beste aldean egin ditugun ateraldi kulturalak, Arantzazun, Azkoitian, Bergaran eta Markina Xemein eta Bolibarren, Gillermo Etxe-berria antolatzaile zehatz eta gidari bipil gisa genuela. Holakoetan gara ere, ez baigara halere arras delako Albitar katarrismoen sakrifizioetan murgilduak eta mehatuak, Gillermok hautatu ostatuetan goxatzen. Sari berak merezitzeko, gure lan umiletan parte har dezala nahi duenak!

Gasteiz 2015

Herria astekarian Peio Jorajuriak agertua, 2015eko abuztuaren 6-ekoan.

DSCN4915

Euskaltzaleen Biltzarrarekin Eusko Legebiltzarrean

Aste huntan besta jantzitan jarria da Gasteiz sei egunentzat, asteartetik igandera. Andra Mari Zuriaren besta airosak, Baionakoeri lekukoa hartu dutenak. Ez ditu haatik besta horiek igurikatu Euskaltzaleen Biltzarrak bidaia kultural baten antolatzeko Arabako hiri nagusira.

UdaDSCN4895 oroz antolatzen du, Gillermo Etxeberria gipuzkoar adiskidearen laguntzarekin, ateraldi aberatsa Hegoaldeko herri edo hiri batera, Iparraldeko jendeak hobeki ezagut ditzan hango altxorrak eta jendeak. Aldi huntan, uztailaren 23an, Gasteiz zuten beraz jomugan Euskaltzaleen Biltzarraren gomitari ihardetsi duten 33 lagunek.

Eusko Legebiltzarraren bihotzean

DSCN4905245.000 biztanleko hiri pollita da Gasteiz, alegera, perdea, altxor askoren kokaleku. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiri nagusia da, bere gobernu eta legebiltzarrarekin. 33 lagunak, katedral berriaren (XX. mendekoa) ondoan jautsirik autobusetik eta katedralari behako laburra emanik, handik bi urratsetan den Eusko Legebiltzarrera dira berehala heldu. Han zuten zain Jorge gidaria, egoitza ospetsu horren barneen erakusle argia. Bidaiari bakotxak bere nortasun agiriko zenbakia aitzinetik emana zuen haatik, ez baita hola sartzen eraikin ongi zaindu hortara. Lehen denboretan, egoitza hori ikastetxe bat zen. 1982an zen Eusko Legebiltzarra bilakatu, legebiltzarrak ordu arte Bilbon zuelarik kafira. Barnean, denak garbi eta dirdiratsu, zoladurak eta eskailerak marmol ederrez estalirik. Lehen estaian, legebiltzarreko lehendakarien neurri handiko potretak paretan zintzilakaturik: Juan Jose Pujana, Jesus Egiguren, Joseba Andoni Leizaola, Juan Maria Atutxa, Izaskun Bilbao, Arantxa Quiroga. Bakartxo Tejeriarena, aldiz, legealdi huntako lehendakariarena, ez dute oraindik ezarria. Bigarren estaian, legebiltzartokia, 75 jarlekurekin, lurralde bakoitzarentzat 25 (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba). Jorgek erakutsi dauku legebiltzarraren antolaketa nola egiten den, alderdi desberdinen tokiak, Euskadiko lehendakariarena, sailburuena, parlamentuburuena, bozkamoldea, telebista pantailak, 6 kamera badaudela eztabaida eta bozkaldi guzien filmatzeko, kazetarien balkoia… Legebiltzarkideen osoko bilkurak ortzegunero egiten dira, ortziraletan hamarbortzetarik aldiz galdera/erantzun bilkurak. Eta bertze xehetasun askoren emaile izan zaigu Jorge. Hots, bisita zinez jakingarria ginuen hor. Orotara, 150 langile dauzka Eusko Legebiltzarrak, egoitza hortan eta urruntxeago dagon administrazio eraikinean lanean ari direnak.

Katedral zaharreko aztarna arkeologikoak

DSCN4922Hiribarnean doi bat ibilirik (Andra Mari Zuria plaza, Espainia plaza, San Migel eliza, atarian daukala Zeledon famatuaren irudia bere parasolarekin, hiriko bestetako pertsonaia xelebrea), hara Santa Maria katedral zaharrera heltzen girela. Han aldiz Naiara gidari ernea ginuen zain. Kanpotik behatuta, gotorleku baten itxura dauka katedralak, bere dorre defentsibo, gezi leiho eta erronda pasabidearekin. Barnetik eraikin gotikoa da, Erdi Arokoa. Bainan zer egoera txarrean dagon! Arraildurak, makurdurak, ur-infiltrazioak, bada izitzekoa. Erran behar da aspaldiko urtetan zaharberritze obretan dela katedral hori eta 10 urte huntan hetsia ere dela. Bainan merezi du halere bisitatzea, kaska buru gainean ezarririk, segurtasunez. Batetik, absidearen azpikaldean badaude miaketa arkeologiko ikusgarriak, aurkikuntza askoren kokaleku. Alabainan, aspaldiko herri xahar eta primitiboa zen kokatzen eremu hortan, miaketa horieri esker gasteiztarrek beren iragan urruna dutela pittaka pittaka zilatzen. Katedral gainak ere merezi du behakoa, dorrean gora iganik. 60 metroko goratasuna du dorreak, gu haatik biderditan gelditu gira, 30 metrotan, hortik bira-bira Gasteiz guzia dela ageri, bai eta urrunagoko mendiak, Gorbeia, Anboto, Aizkorri…

Balaiteke oraindik kondatzeko. Gauden hortan egungo. Hauxe erranik halere: ez da bidaia interesgarririk bazkari onik gabe. Eta gurea han bereko Bilbaina jantokian ginuen, janari onez eta kantu ozenez agradatua.