Tous les articles par mizel

Biltzar nagusia Azkainen.

2018/05/26

Biltzarreko mahain nagusia

 Azkaingo Herriko Etxean bildu da Euskaltzaleen Biltzarra elkartea maiatzaren 26an, larunbat goizez. Biltzar nagusi hortan,

Mizel Jorajuria lehendakariaren inguruan kide andana bat bazagon. Ez haatik Andde Luberriaga azkaindar elkarteburu ohia (lehendakari 1988-2001 urteetan). Jin beharra zen bainan azken mementoko traba bat ukan du. Dena den, Paxkal Peyreblanque eta Anita Lacarra herriko hautetsi axuantek eginik ongi-etorri gozoa, elkartearen harat-hunatak aztertu dira.

Ikus-entzunezko dokumentu baten bidez, lehendakariak elkartearen historia du oroitarazi, mende bateko historia luzea, elkartea 1901ean sorturik, euskal elkarte guzien amatxi dugula biltzar ospetsu hori. Izen handi batzu ukan ditu mendean zehar lehendakari karguan, Arturo Campion, Jean Etchepare, Louis Dassance, Michel Labéguerie, Mixel Itzaina, Andde Luberriaga, Edurne Epalza Hebrard, Piarres Ainziart eta gaur Mizel Jorajuria.

Elkartearen ildo nagusia da euskaltzaletasuna eginahala sustatzea euskarazko idatzizko lanetan. Liburu andana handia badu argitaratua, kasik urtean bat, azken biak Daniel Landarten “Etxea eta etxekoak euskal literaturan” eta “Maiatzen bidean”, Maiatz literatura elkartearen antologia batekin.

Egitasmo berria, Marijan Minaberri zenaren testuen antologia baten argitalpena, olerki, prosa, antzerki, 2019an plazaratu behar litekeena. “Testu pollitek ez dute adinik” zioen Etiennette Etcheto elkarte-kideak.

Ateraldi kulturalak ere antolatzen ditu uda oroz Euskaltzaleen Biltzarrak, Hegoaldera. Aurten, Azpeitia eta Azkoitiari zaie bisita eginen uztailaren 18an, hango Juan Bautista Mendizabal gidari. Osoki euskaraz egiten den ateraldia da, interesatua den orori idekia.

Konduen aldetik, Beñat Soulé diruzainak xeheki agertu ditu, elkartea xumeki bainan sanoki doala erakusten dutenak. Kidetza 15 eurotan finkatua da.

Mizel Jorajuria lehendakaria, Aitor Servier eta Xumai Murua bertsulariak

Biltzarretik landa, Xoko Ona ostatuan dira biltzartiarrak bildu, omore onean, herriko Xumai Murua eta Aitor Servier bertsulariek aperitifa eta bazkaria ederki zutela alaitzen. Badute zinez talendu, perla pollitak zituztela botatzen, bazkaltiar guzien atsegina betez.

Peio Jorajuria

Azkoitia Loiola – Azpeitia

Jaz bezala, Hegoaldeko bilkura eta… abar , Gillermok  antolatua:

Loiola ta Azpeitia (2018 02 23)

Elkartu Loiolako basilikaren aurrean, goizeko 11-etan

Ondoren bisitatu artxiboa, Juan Bautistaren eskutik

Segidan basilika bisitatu barru aldetik.

Billera.

Ordu biak aldera bazkaria Azkoitian « Joseba »   jantokian.

 

_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_

Etxerakoan kantari:

Hazparneko apaizak seme bat izan du.

Osaba deitzen dio berak hala nahi du,

Ez da gaizki esana konprenitzen badu,

aitak meza eman ta semeak lagundu.

Iruñaren bisita

Peio Jorajuriak Herrian agertu artikulua

Sanferminak iraganik, Iruñaren bisita gozo eta lasaia

  

Iruñeko bestak doi doia bururatuak zirela eta hango karrikak lasaitasunera itzuliak, turistak oraindik ez metaka etorriak, uztailaren 19ko egunaz, asteazkenez, baliatu da Euskaltzaleen Biltzarra elkartea Iruña hiri zaharra bisitatzeko, luzatua zuen gomitari ihardetsia zuten Ipar Euskal Herriko hogeita hamar bat euskaltzalerekin. Eta gu ere gogotik juntatu gitzaie. Elkarte horren aitzineko urtetako bidaia kulturalentzat bezala, Gillermo Etxeberria donostiar elkarte-kideak zuen egitaraua prunki prestatua.

Herriko Etxean ongi-etorria

Lehen hitzordua, Jon Martinez arte-historialariarekin ginuen, Herriko Etxe aitzinean. Gidari paregabea zaiku suertatu, Iruñaren Alde Zaharra gostura zeharkatuz, argitasun asko eta askorekin. Bainan lehen lehenik Herriko Etxea dauku bisitarazi. Erdi esperantza ginuen Joseba Asiron alkatea (auzapeza) kurutzatuko ginuela egoitzaren barnetan, bainan bazukeen besterik egiteko. Udaletxeko gela nagusian, hor ginuen aldiz Diario de Navarrako argazkilaria, ondoko egunetan egunkari horrek Iparraldeko euskaltzale multxoaren potreta zuela agertuko. Egoitza guziz ospetsua da Udaletxea, margolan eder askorekin, hemen Pablo Sarasate biolin-jolea ageri, han Julian Gayarre operako tenorra, Jabier Cigaren “Elizondoko merkatua”, Francisco de Asisen Isabel II bere senarrarekin eta beste margolan frango. Udaletxeko kapera ere ikusi ahal izan dugu, urtean behin baizik idekitzen ez dutena. Zinez kuriosa, kapera bat egoitza publiko batean ! Biltzar gelak ere merezi du behakoa, bere 28 jarlekuekin, paretetan 9 kamera biltzarrak filmatzeko, eta ere, ospetsu, Nafarroako armarriak, haratago Karlos III erregearen potreta dotorea. Balkoian ere gure agerpena egin dugu, Udaletxeko plaza guzia zangopean ginuela: hortik da sanferminen hasiera ematen, txupinazo famatua, plaza guzia zapi gorriz estalirik.

Hiri Zaharrean barna

Herriko Etxea utzirik, bada zer ikus karrikaz karrika. San Zernin eliza (Zernin edo Saturninok zuen hiria ebanjelizatu eta saindu bilakatuko zen Fermin bataiatu), 12. mendeko aztarnak ageri, eliza erromanikoa zelarik eta oraindik lehenago aspaldiko sineste zenbaiten tenplu. Kontuen Ganbera, finantzak kontrolatzen zituena, 13. mendekoa, Iruñan dagon eraikin gotiko zibil bakarra. San Nikolas eliza, 12. mendeko eliza erromanikoa, gotorleku moldean eraikia, geroztik nagusiki itxura gotikoa hartua duena. Eta plazak ere hor, besteak beste Gazteluko plaza, San Frantzisko plaza, Kontseiluko plaza, bakoitza eraikin ospetsuz mugatua, jauregi (hala nola Nafar Gobernuko jauregia, parkean 165 urteko sekoia erraldoi bat daukala, Kaliforniatik ekarrarazia), antzoki eta beste.

Ernest Hemingwayren atzak

Iruñak ainitz zor dio Ernest Hemingway amerikar kazetari-idazleari (1899-1961) eta autore horrek ere halaber ainitz zor Iruñari. 1923an etorri zen lehen aldikoz Iruñera, kazetari gisa, San Ferminak aipatzeko. Besta horietaz maitemindu zen, ondotik “Fiesta” eleberria zuela idatziko, literatura munduan omena emanen zion lehen obra. Idazle horren arrastoak badira hen hemenka hirian barna. Hala nola Gazteluko plazan dagon Iruña kafetegian, hiriko jatetxe ezagutuena bilakatua dena. Gidariak barnera eraman gaitu, eta jangela nagusia zeharkaturik, gela ttipiago batera heldu gira, “Rincon de Hemingway” deitua. Hor dago amerikarraren busto edo itxura eder bat. Eta hunen ondoan dauku gidariak hauxe kondatu: “Ernest Hemingway Iruñera etorri zenean lehen aldian, Gazteluko plazako La Perla hotelera joan zen, han aterbetu nahian; bainan logelak garestiegiak izanki, ororen buru plaza bereko beste hotel batean zen aterbetu, Quintana hotelean. Eta hunen jabea, Juanito Quintana, izan zuen Emingwayk gidari nekaezina, hiriko xoko mokoak ezagutarazi zizkiona. Quintana hotela geroztik desagertua da. La Perla hotela, haatik, beti hor da, eta badaki segurki nola jokatu behar den. Jendeari sinetsarazirik lehen denbora horietan Emingway bere hoteleko klientea izan zela, hoteleko ganbara ospetsuena, nun Emingwayk lo egin omen zuen, 2.600 eurotan pagarazten du gau bakar San Ferminetan, eta bertze ganbarak 1.900/2.000 eurotan, alabainan leihoek Estafeta kalera dute bista, hortik direla goizero entzierroko zezenak iragaiten”. Eta prezio horietan ere ganbaren alokatzaileak ausarkian izanki, omen !

Andra Maria Errealaren katedrala

Ezin ginuen Iruña utz katedralari behakoa eman gabe. Huntan, donostiar emazte gazte bat ginuen gidari, Saroa. Gotiko estiloko eraikin horren bisitatzeko, ezin uka denbora nasaia hartu behar dela, hainbertze bada ikusteko, nabeak, absidea, korua, kaperak, erretaulak, kalostra (gaur obretan), kalonjeen jangela alimalea, zeintan Erregearen gortea biltzen zen ospakizun batzuren aitzakian, Karlos Noblea Nafarroako erregea eta Leonor Trastamarakoa erreginaren mausoleoa… Arkeologia miaketak ere bete betean daudela katedralaren alde batean, aspaldiko aztarnen erakusleiho. Bai, astira egin behar den bisita eta ahalaz gidari batekin. Eta ez da dudarik datorren urtean Iruñak eta bere katedralak ukanen dutela sekula baino bisitari gehiago, 2018a San Fermin urtea ekarria izanen baita.

Gillermo Etxeberria antolatzaile arraroa. Hemen animatzaile lanetan bazkari denboran.

 

Asteasu

Villabona eta Asteasu (2017/03/08)

Joan girenak: Etiennette, Mizel, Piarres, Gillermo, Beñat, Jean-Claude eta Peio

Lehenik, Villabonan Mintzola ahozko lantegiaren bisita, Nere Erkiaga, Xenpelar dokumentazio zentroko arduraduna, eta Karlos Aizpurua ikerketa saileko arduradunarekin. Oren bateko bisita, biziki interesgarria.

Hortik Asteasura joan gira. Pili Legarra andere auzapezak ongi etorria egin dauku Herriko Etxean.

Han berean elkarrizketa egin daukute eskualdeko bi hedabidek (Aiurri eta Tolosaldeko Hitza), beren irakurleeri Euskaltzaleen Biltzarraz informazioa zabaltzeko (Mizel, Gillermo eta Piarres dira mintzatu).

Eta berehala oren erdiko bilkura egin dugu,

juntatua zitzaigula Juan Bautista Mendizabal, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidentea.

Juan Ignacio de Uria-ren ildotik doa Juan Bautista

Asteasuko San Pedro elizan.

Eguna aitzina segitu dugu Asteasuko Elizmendi auzoa bisitatuz (Gillermoren sort auzoa), hor gaindi dagola ere “Muskerraren bidea”, Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberriak hazia (Atxaga ere horgoa da). Hameketakoa Gillermoren amaren baserrian. Ermita eta elizari behakoa Arantxa andere-serorarekin, Gillermo organo-jole aparta zaigula agertu (baginakien lehenagotik ere)…

Eguna bururatu dugu Iturri-Ondo jatetxean, Jun Bautista Mendizabalek ordaindurik guzia.

Fernando Txueka ginekologoa. Getariako Etxaniz txakolindegiko jabearen anaia.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide den Fernando Txueka ere gurekin ginuen bazkariz.

Erran moldeak

Erran moldeak

Jean-Claude Iribarren-ek egin lanetik hartua:

Esamoldeak Jean Baptiste  Etxeberriren (1903-1996) obran.

Lapurdumen argitaratua. Bere osotasunean irakurtzeko klika hemen

 1. Aberats okitua izan:
Adibidea: (Charles de Foucauld) « aberats okitua zen. Zorigaitzez sei urte zituelarik galdu zituen ontasun beharrenak: bere aitamak » (13, 85, 2) .
Azalpena: arras aberatsa, miliunka aberatsa.
Okitu, okhitu, millionaire, richissime, bainan ere jakitun okitua: grand savant, zahar okitua: vieillard décrépit. (P. Lhande, 801)
(OEH , XIII, 210-211). Okitua: aberats okitua: millonnario, « erraiten zuten aberats okitua, urrez hantua zela », Zubiri E, Prosistas navarros contemporáneos, (1958), 85.
Zahar okitua: decrépito. Jakitun okitua: sabio repleto;
Sarean ez dago.
F : riche comme Crésus (ce roi de Lydie était riche… et montrait une certaine naïveté dans l’étalage de ses richesses) (A. Rey, 270)

3. Aho aberatsekoa izan: « bera ere aho aberatsekoa zen, bat izaitekotz » (9, 39, 20)
Azalpena: mintzalari ona izan. Ele onekoa izan, baikorra izan
Lhandek ez du ekartzen.
Ez dut OEHn atxeman, « aho handi, ahobero izan » lokuzio hurbilenak izanez: exagerado (OEH, II, 203). Aho bero, espantotx. « Ameriketan zonbeitek diote Krutchev aho-bero bat dela, dena espantu », Herria, 2-1-1958.
Euskarazko kidea: « mihia pikoan ukan » (E. Bidegain, 145).
Sarean ez dago.
F: parler d’or, (St Jean Chrysostome « bouche d’or ») (A.Rey, 658). « Positiver ».

7. Ahoan kurutze eta mahain petik hixtu egin: « Beihalako putiko tipi batek goiz guziez mende hunen hastapenean arto eta esnea zuen eta zokolet-esnea urteak betetzeko egunean. Anartean ahoan kurutze eta mahain petik hixtu! »(13, 87, 21).
Azalpena : (Charles de Foucauld tripa handiaren denboran, beste haurrek maizenik gutti jaten zuten) Ahoaren aintzinean kurutzea egin, eta gero barur egin. Jateko deusik ukatea erran nahi baitu.
« Ahoan kurutze » ixilik egon erran nahi du ere.
OEH, II, 190, »ahoan gurutze utzi naute » BN, me han dejado con un palmo de narices, ils m’ont fait un pied de nez ??? Sarean ez dago.
F: « crever la dalle » (A. Rey, 286),« tirer la langue », être dans le besoin (ibid., 535).

4. Ahoa (zure ahoa, haren ahoa) bete izan: « Duela hamabost urte ospitalerat etorri zaukun adinetako emazte bat. Laster ohartu nintzen eni so eta irriz hasten zela. Halako bat egiten dautzu trufa-musika horrek, bizkar hezurrari beheiti heldu zaitzularik. Hurbildu nindakon, ez hoberena gogoan, egiten neuela ene baitan: zerika dut emazte gaizki ikasi hau? … Zerendako irri egiten dautazu? Ez niza ote zure ahoaren bete? » (9, 57, 7).
Adiera: errespetua merezi ukatea. Harremenetan, beste bezalakoa izan. Hemen, zergatik nitaz trufatzen zara, ez duta zure errespetua merezi?
Aho bethez: à pleine bouchées (P. Lhande, 15) ez da gauza bera.
Aho beteka (OEH, II, 196): a boca llena, abiertamente. « Erhotegi batean mediku bat ari da aho betheka erho guziak sendatzen dituela », Egunaria, 24-11-1960.
Ahoa bete: ozenki, « ahoa betez bazerasazuten: ez zutela xede gaixtorik erlisioneari buruz », Hiriart Urruty, Zezenak errepublikan. Lokuzioak sarean, Intza proiektua. Ahoa beteko izan: ospetsu. « Amerika, Afrika, Madrid, Barzelona, aua beteko izen oiek zer ote zeukaten ikasi nairik ». Ataño, Txantxangorri kantaria, 1979. (Esamoldeak Erabili.com).
Ahoa bete hortz (txunditurik): « Larranekoak aoa bete ortzekin gelditu ziran », Agirre D, Garoa, 1907-1912 (esamoldeak Erabili Com).
Bainan Etxeberryren adiera honekin ez dut korpusean beste adibiderik ikusi.
F: mériter le respect de qqn (le vôtre, le sien).
Ez da ene ustez baliokide frantsesik.

6. Aho xuri izan: (Charles de Foucauld)  » hartze onekoa zen segur bainan zotza bezein alferrra. Bertzalde aho-xuri, ahalge gabe gormant erakutsia » (13, 85, 18)
Azalpena: gormanta, mutur-xuri (X 334) « Mutut-xuri eta aho xuri » artean desberdintasuna badaiteke. « Aho xuri egin »gehiago izanez, besteez trufatu.
Aho xuri, 1) délicat pour le manger, gourmet  2) fig. bégueule. (P. Lhande, 16)
OEH, II, 213: friand, délicat, gourmet. Landerretxe, RIEV 1908, 624, euskal-hizkuntza edo kantabrismo (giros o expresiones propias del euskara: cf. castelinismo, galicismo). Euskarari euskal itxura begira dezoketen mintzatzeko molde bakharrak. Hala nola: gogoak emanik, berean bere, aho xuri, etb.
F: « avoir le bec fin, mais aussi bégueule« .

8. Ahuntz esnean galkatu : « egun batez … hurbildu zitzaion gizon bat arras bere gisakoa. Begiak ñir-ñir, gaxuratik sobera bortxatu? Ahuntz esnean galkatu?. »(13, 80,14).
Azalpena : esnea sakatu, esnean ito, (se) gaver (P. Lhande, 330).
Ahuntz-esnea, « leche de cabra, que se prescribía à ciertos enfermos » (OEH, II, 322). » Auntz esnia artzen zan, esate baterako, errapetik aora, autzduna etortzen zalako atera », la leche de la cabra se tomaba, para un decir, de las ubres a la boca, porque la cabrera solía acudir a la puerta, Etxeberria T (1887-1968), Euskera dialectal de Eibar.
Sareak ematen du Etxeberry-ren beste adibide bat eta dio: « ahuntz esnean galgatua izatea, menditarra, landu gabea izatea da », zeren eta ahuntzen haztea zen laborari xumeenen zortea.
F: « abuser de l’eau fraîche, de l’eau claire » est peut-être une expression française locale.

9. Ahuntzaren gauerdiko eztula bezala izan: « gizon maltzurraren hitza ala ahuntzaren gauerdiko eztula biak berdintsu »(3, 65, 11-12).
Azalpena: baliorik gabekoa.
OEH, III, 321, Ahuntzaren gauerdiko eztula: expresión que tiene el sentido de cosa insignificante, sin importancia, » eta zer axola du honek hemen darabilgun hauzian? Ahuntzaren gauerdiko eztulak baino gehiago », Mitxelenaren idazlan hautatuak, 1972, 82 or.
Beste adibideak sarean:
« Ia ba, milloi bat baiedauka zimarroi orrek eta …? Milloi bat! Auntzaren gaberdiko eztula da!? Ta milloiagatik zimarroia edo izurde ustela artu bear da senartzat? », D. Agirre, Kresala, 1901-1905. (Erabili.com/esamoldeak)
« Mille ogerleko diñosu? Ene semea, ezta auntzaren gaberdiko eztula », P. Zamarripa, Manual del vascofilo, 1913 (ibid.).
« Nik uste, eskari oien etorkizuna ta auntzaren gauerdiko eztulaor nonbait ote diran », X. Lizardi, 1896-1933, L. Otaegi, Kasetari lanak. (ibid.).
F: nul, sans valeur, avec un sens plus éloigné, nul et non-avenu? (inexistant, qui ne compte pas, expression d’origine juridique, au sens de sans valeur légale)

10. Akamarreko, Akamerreko bidezainak (norberaren) buruari irri egin: Adibidea : (gerla denboran autoreak arnoa gudu tokirat ekarri zuen eta lagun batek han ebatsi zion) « lehenbiziko gauean ebatsi zautan eta hustu, egun hartan ere irri egin zautan Akamarreko bidezainak » (13, 110, 9).
Erranahia : Akamarre (Cames), Lapurdiko herri kaskoina.
Hemen Akamarreko kantonierra (herri tipienetarikako langile xumeenetarik) nitaz trufatu zen. Ene burua arras trufagarri izan zen.
F: être le sujet de la plaisanterie.

11. Akilimarro ikusi: (Charles de Foucauld 1881ko Algeriako gerlan), « laster pairatu zituen- eta nolako kuraie kalipuarekin -zinak eta minak. Ikusi oraino ez izarrak eguerditan bainan, euskaldun zirtolariek dioten bezala, ikusi akilimarro, galtxagorriren zazpi adar makatzaile uspelkorrak » (13, 89, 28).
Azalpena: Sufritu, pairatu.
Akhilimarro, surnom désignant le diable (P. Lhande, 26).
OEHn  ez dut atxeman. Sareak ematen du adibide bera.
F: souffrir comme un damné (A.Rey, 287), souffrir millemorts (ibid. 611), souffrir comme un possédé  (ibid.755).

16. Apoaren salan ezarri: (Manex Athor Heletako apez xumeak seminario bestaren bazkal ondoko hitzaldia egin predikuaz…) Eta nik aldiz ene baitan: « aldez edo moldez, huts ala kausi, hitz guziak gain azpikatuz ezarriko zaituztet apoaren salan! Berma hor, Attor! » (13, 110, 26).
Adiera: nausitu, garraitu, « mettre qqn en boîte », faire marcher, monter à l’arbre, emmener en bâteau (A. Rey, 90).
OEHn ez dut atxeman. Apo: crapaud, 2) apocado, falto de carácter 3) verraco, cerdo semental, putanero. Sarean ez dago.
F: bon tour, mauvais (sale, vilain) tour (notamment avec le verbe jouer) (A. Rey, 877)
« Mettre en boîte », ik. supra.

17. Arautsu bat mintzatu: « Bizkitartean, ez uste izan arautsu bat mintzo nizala« (9, 30,1)
Azalpena: arautsu, approximatif  (P. Lhande, 52). « Etzirogu ikhus Iainkoa arautsuz bezik » (Rodriguez 1782, cité par P. Lhande).
OEH, II, 333, arau, règle, selon: arabera.
Arautsu: ajustado a la razon (?) « gutiz gehienak harritzen dira berri hori jakitearekin. Alainan denak arautsu batez arizanak erraiten nor izanen zen izendatua »
Arautsuz:  » à peu près« , ik. Lhanden zitazioa.
Ikus hurbil diren hitzak: arauz, araiz, nonbait han, probablement. Sans doute, peut-être (OHE, II, 341).
Sarean ez dut atxeman.
F : « en gros, grosso modo », sans rentrer dans le détail (A. Rey, 481).

18. Ariaren bortxaz: « bizkitartean ariaren bortchaz pindar zonbeit jauzi ziren harri-peña bezein gogorra zen buru hartarik » (3, 96, 25).
Azalpena:  » à force de travail ».
Ari, hari: 1) vaquer à, s’occuper à, « iruten ari nuzu ». 2) travailler. Ariz-ariz, en faisant 3) ari: adjetiboa, zer gizon aria, quel homme travailleur  (P. Lhande, 58-59).
Ari, arian, « trabajando, ocupándose » (OEH, II, 440). Arian-arian, « a fuerza de ocuparse » (ibid.) « Sagasti berri, sagasti zuri/ inguma- atsegintokia iduri/ elurte arian geldia », Lizardi, Bihotz Begietan 1932, 112 or.
Sarean: « nolabait ere sartu bear zian arian/ bapo jan eta edan lertzeko zorian/ ez giñan bildu noski eliz-atarian/ mutillak, etzan giro apal ondorioan! », Goierriko loreak, 1970.
F: « A la la force du poignet », par de grands efforts personnels (A. Rey,740)

20. Aseta pasaia (izan): « Han zabilan beraz De Foucauld jo harat jo hunat –aseta pasaia– mundu huntako itzulia egina balu bezala azken fluxtasun ez deus hautan »,  (13, 93, 4).
Azalpena : aseta, asearen bariantea. Pasaiaz, bidaiaz asea. Fatigué du voyage.
Asetasun: satiété (P. Lhande, 78).
Asetasun: saciedad, satisfaccíon, hartura (OEH, III, 21). « Nere gosea hilen baituzu asetasun miragarriz, eta gorputz ustel au betiko ustelgabez iantziko », Ormaetxea N, « Orixe », Agustin gurenaren Aitorkizunak 1956, 280 or.
Sarean ez dago.
F: (en avoir) « jusqu’à plus soif « (A. Rey, 838), « en avoir marre de » (ibid., 584).

22. Azen ontzeko: « Orduko gobernariek manuz behar zuten Maroc eskualdea nolakoa zen erran errotik azpiz goiti eta gain behera. Bainan nun atxeman bilari aski entzunak eta atrebituak. Gehiago dena, azen ontzeko, nagusi marokanoek ahoan bilorik gabe errana zuten hilen zituztela piru hortako salatari, espiunak » (13, 91, 20).
(L. Ed. Cestac) « Bertzeak beste-azen ontzeko- behar zuen oraino etxe-gizon eta ekonomoa bezala egun guzietako aphairuez eta gaineratiko guziez artha hartu ». (3, 120, 36)
Azalpena: figuratiboan, gauzak hobetzeko bainan hemen zentzu ezezkorrean. Ardurenean, gaixtotik gaixtorenera. Adiera hurbilean, ikus « sasitik berrorat ».
0EH, III, 51, « azak ontzea » ez dut atxeman.
Aldiz, « azen azpitik zopa jan », manger la soupe par dessous le chou qui la couvre, cela se dit quand un domestique ou qqn d’autre auquel on se fie fait une suupercherie.
« Dena jukutria tzar, azen azpitik zopa jale, harrria bota eta eskua gorde », Etxeberry JB, Michel Garicoitz sainduaren bizia eta bertutea, Baionan 1962,  26 or.
« Azen ontzeko, segurra ere ixlamista deitu horiek hiltze hortaz baliatuko direla oraino herria gehiagoren sustatzeko… azen ontzeko, langile zindikatak haserre, jende xeheak duela aintzina pekatuko! Soxialistak ere kexu, ez dela hori bide ona… » Herria, 1995, in lokuzioak sarean.
F: « qui mieux est« , en outre, encore mieux, encore pire, pour tout arranger  (A. Rey, 598).

23. Azken beltzean: « (zahartzerakoan) orok dakiguna, eta zonbeitek gure gostuz ikasia, zahartzerakoan itaxurak zorta larrietan abiatzen direla. Bainan desmasiak hor baitira azken beltzean » (13, 67, 13).
« Zorigaitzez azken beltzean-eta nolako bihotzminarekin- amor eman beharko du (L.Ed. Cestac-ek) eta hortan utziko ditu bere Pariseko ichtudio, ikaskuntza handiak » (3, 120, 22).
Azalpena: parada gaixtoenean.
Au pis aller (P. Lhande, 138).
OEH, III, 568. »« En rigor, en último término, por pura necesidad ».
« Ta gero, nork zuekin eskondu nai? inork ez alabok: azken beltzean umezurtz ta neska-zar bizi-bearrez zaudeteke », Itun berria, 98.
Lokuzioak sarean. « Gogoan eman zezatela errient horiek, beren onetan; bere zedarrietan ez bazauzken, etzakitela, zeri zauden; aiher zela gobernamendua gerla bilatzen gaztigatzeko, hoben arau, toki alda, paga ken edo ttipi; azken beltzean errebolta (?) », Hiriart Urruty J (1859-1915), zezenak errepublikan.
F: « au pire », au pis, au pis-aller, en supposant l’éventualité la plus fâcheuse, (A. Rey, p 725). En dernière extrémité.

24. Azkenaz goiti: (Lacordairek), « aditu zuen Sainduaren (Arseko apezaren) predeikua eliza tiki hartan. Mintzaldi zitakeen xinpleena bainan, azkenaz goiti, bihotzetik ateraiak ziren suzko ateraldiez ausarkian orhatuak » (13, 82, 20).
Azalpena: funtsean, mais pour finir (P. Lhande, 94).
Après tout, finalement (OEH, III, 567). « Eztuzu nahi emazte gaixtoa, ez seme gaixtoa, ez zerbitzari gaixtoa, ez athorra gaixtoa, ez eta azkenez goiti zapata gaixtoa ere », Axular, Guero (1643), 564 or.
Sarean, adibide bakarra da Etxeberryren gaineko adibide hau.
F : « à la fin ». (à la fin des fins, à la fin finale sont des formes superlatives) (A. Rey, p 419). « En dernier ressort ».

25. Aztura tartarika ukan: « barka otoi ene bazter solasak. Ezpaitut oraikoa aztura tartarika hori. »(13,  80,  7). Autoreak dio bera aspalditik kalakaria dela.
Azalpena: tartar, hitz onomatopeikoa, kalaka (beste hitz onomatopeikoa),
Bavardage, personne bavarde et qui rapporte tout ce qu’elle voit et entend (P. Lhande, 956).
Aztura: jitea, izatea, nortasuna.
-Aztura, OEH, III, 627:  1) coûtume, habitude, mœurs, vieilles habitudes 2) expérience 3) mode, manière. « Biluzi naiz behin aztura gaixto guzietarik, nola bada berriz beztituko naiz? « Axular, Guero, 472.
Tartarika, OEH, XV, 130: boniment, charlanaterie. « Apezekilako betiko tehenta, (leloa, errepika, tartarika)… Dantza ez haizu », Laffitte P, Murtuts eta beste (I945) 108.
Sarean ez dago.
F: « être bavard comme une pie » (A. Rey, 710)

28. Barneak farrasta egin : « barneak farrasta gozoena egiten dautzu aspaldiko adixkide xaharren ikusteak » (13, 110, 1)
Erranahia: Bihotzeko mugimendu sakona, émotion ressentie, barneak farrasta egin zautan (P. Lhande 304).
Farrasta: « 1) le bruit d’objets que l’on traîne, remue, frotte, de liquides que l’on répand, qui se précipitent et coulent avec force, que l’on agite vivement, 2) farrasta, parrasta: une certaine quantité de « (OEH, VII, 788). »Athea idekitzean farrastabat egiten dio bihotzak, desegiten zaio begithartea », Laphitz F, Bi saindu euscaldunen bizia, Baiona, 1867, 114 or.
Etxepare J, Bidegorri, medikua: »aire hoxpil batek phagoen abarrak, farrastatuz, elgarri xaflatzen ditu xurruntxa ezti batekin », Beribilez, in Klasikoen gordailua.
F: « faire battre le cœur « (A. Rey, 214), (faire en sorte que) »le coeur batte la breloque« , »Monsieur de Nissen, dont le cœur battait la breloque, crut un instant que sa femme voulait le provoquer », A. Blondin, les quat’saisons, p. 98 (ibid., 119).

30. Beharriez burukitari (lo egin, lo egin gabe):
– « Hobenduna aldiz, bi beharriez burukitari, lo zurrungan ! Gauazko ttirita guziak kurrukaz ari diren denbora dohatsuan… » (9, 64, 5).
–  » Azkenean, ezagutu ondoan gure bizio txarrena behar diogu gerla egin, bi beharriez burukitari egon gabe » (3, 19, 25).
– « Izanen du nun zeri loth bi beharriek burukitari egon gabe« (3, 120, 31).
Adiera:
P. Lhande (189), burukita, oreiller.
Buruki, burukita, »oreiller » (OEH, V, 729).
« Burukitik burukira » (Baztan), de cabo a rabo, de bout en bout, de la tête aux pieds.
Sareak ematen du JB Etxeberryren (9, 64, 5) « supra« -n dagoen adibidea.
Benetan, arras ongi lo egin. Edo alderantziz, loak hartu gabe zerbait egin.
F : dormir sur ses deux oreilles s’oppose à « ne dormir que d’un œil ». Locutions voisines: dormir comme un ange, un bienheureux, un loir, une marmotte, un plomb, un sabot, une souche, une toupie (A. Rey, 327).
Dormir du sommeil du juste: d’un sommeil que rien ne trouble (A. Rey, 526).

31. Behautzu hortik, Kitolis :
– (Bihotz oneko apez landibartarra), « Horren gatik ez uste izan haren solasak etzutela buru buztanik ardurenean: behautzu hortik, Kitolis, hor konpon, Mari Anton! » (13, 108, 6).
– « Emazu hortik eta ni ez ezar gaitzi gogorrean » (13, 71,18).
Erranahia: Emazu hortik, hor konpon...
Allons donc, vous plaisantez  (P. Lhande, 239).
Beha, OEH, IV, 334, écouter, prêter attention, « beha lehenik, mintza azkenik », Oihenarte, Atsotitzak, 79. « Behozu othoi Jainkoarean oneziari eta ez haren azoteari », Itun berria, Iruñea 1983, 36.
Sarean ez dago.
Hemen, allons donc, et ne me vexez pas, ne m’offensez pas gravement.

F: « et allons donc », impératif ironique qui souligne une action malheureuse, qu’on désapprouve

Euskaltzaleen Biltzarra Donostian barna

Donostia 2016” urte berezi huntan, Euskaltzaleen Biltzarra ez zezaken egon, bere udako kultur ateraldiaren karietara, Donostiari agur bero bat egin gabe. Hogoita hamar lagunek ginuen elkartearen deialdiari ihardetsia eta autobusez airoski gira Donostia erdira heldu, lehen hitzordua ginuela San Telmo museoan, elkarte kide den Gillermo Etxeberriak egunaren egitaraua beti bezala munttoki antolaturik.

DSCN5931

San Telmo, Museoen Museoa

Euskal Herriko museo xaharrena da San Telmokoa, 1902an idekia, 2010ean berritua. Hiri zaharrean kokatzen da, Zuloaga plazan, Urgull mendiaren zangopean. Lehengo denboretan, Domingotarren komentua zen (XVI. mendekoa). Inperioko gerlen garaian, 1813an Donostia zetiatua izan zelarik bereziki, armadaren kaserna bezala erabilia izan zen. Geroztik, beraz, museo da bilakatua, euskal gizarteari osoki dedikatua. Bi zati nagusi ditu: parte zaharra, besteak beste eliza eta klaustroarekin, eta parte berria, Nieto eta Sobejano arkitektoek zaharberritua, itxura arrunt modernoa emanik.

DSCN5932

Eneko eta Beatriz museoko gida guziz argiekin ibili gira gelaz gela, argitasun asko eta asko ukanez. Ez ditugu hemen denak aipatuko. Erran dezagun halere eliza barnean aurkitzen diren mihise tindatuak zinez ikustekoak direla. Margolan handiak, Josep Maria Sert katalandar artistak 1929an eginak, Inazio Zuloaga margolariak aholkaturik, euskal populuak ezagutu dituen gertakari handi batzuren lekuko. Klaustroa ere berez ikustekoa da. Eta hor dira gaineratiko gela guziak, gaiez gai antolatuak: aztarnak oroimenean, modernitatearen hasiera, jendartean bizitzea, ohidurak, industrializazioa, itsasgintza, baserriak, karlistadak, euskal artea, kirolak eta beste.

DSCN5934

Parte hori guzia erakusketa iraunkorra balinbada, bada ere behin behineko erakusketarik, hala nola memento huntan “1516-2016 Bake-Itunak” izeneko erakusketa, hunen zati bat Baionako Euskal Museoan ere ikusgai dagona. Gure taldeko batzuk erakusketa horri so zaudelarik, bertzek nahiago izan dugu Donostiako parte zaharrean bazterren ikuska ibili, Gillermo Etxeberriak gidaturik: San Vizente eliza, Abuztuaren 31ko kalea, Andra Maria eliza, Konstituzio plaza, Bretxa eta beste. Bazen zer ikus eta zer ikas.

DSCN5940 DSCN5942 DSCN5945

Juan Gorritiren obrak

Batean honi so, bestean hari, karriketan ibiltzeak halako egarri eta gosea piztu ere ditu gu baitan, ez ginituela bakarrik begiak ase behar. Antiguo auzoan, Igeldoko pekaldean, han ginuen gure zain Imanol Alkorta, Basoetxea elkarteko kidea. Hau Euskaltzaleen Biltzarraren liburuen argitaratzailea dugu. Bainan badu ere bertze talendurik, halanola sukaldaritzan. Eta lagun batzuekin bazkari murtxagarria prestatua zaigun Basoetxean. Atseginezko mementoa, alegera, Manex Pagola ere gurekin baiginuen, gitarra eskuetan, bere osagarri arranguren gainetik beti prest umore ona eta alegrantziaren pizteko. Mahain on horren inguruko denboraldia doi bat luzatu ondoan, kanporateko deialdiak Miramar palazioraino gidatu gaitu, bere parke xoragarriarekin,

P.J.

DSCN5947 DSCN5948 DSCN5949

Kontxako badia osoa ageri, Urgull eta Igeldo artean, bien erdian Santa Klara uharteak esmeralda perla dirudiela. Miramarreko parke hortan aurkitu ditugu Juan Gorritiren obrak, han hemenka ikusgai ezarriak, “Itxasmira Aralerretik Donostira” izeneko erakusketa. Zizelkari nafartarrak badazki gauza arruntak artistikoki apailatzen. Funtsean duela zenbait urte jadanik ikusia ginuen Sarako elizdorreko zureria, sute batek kiskaildurik utzi zuena, zizelkatzen, beltzenari eta arruntenari halako edertasun berezia diola emaiten. Zureriarekin, burdina ere du lantzen, argazkian ageri den behia lekuko. Segur behi horrek ez zezakeela bistaleku ederragorik !

DSCN5955

Euskaltzaleen Biltzarraren deialdiari ihardetsia zuten euskaltzaleen multxoa Miramar parkean, Juan Gorritiren obra baten ondoan

 

Pasaia eta Albaola

2016/03/03 ko bulego bilkura hegoaldean egitea erabaki genuen, Gillermo donostiarra ez beti Baionararaino ekararazteko. Hau paradaz balitu zen bixitaldi baten muntatzeko San Pedroko untziolara, Albaolara.

Hemen dituzue Gillermo Etxeberriak paratu txostenatik hartu 2 orrialde.

1

Victor Hugo2

Dokumento osoa ikusteko klika hemen

 

Ondotik, Peio Jorajuriak Herrian agerrarazi zuen artikulua.

DSCN5537

San Juan baleontziaren erreplika historikoa

Adiskide multxo batekin Pasaia San Pedrorainoko itzulia egin berri dugu. Albaola elkarteak abiatua duen xantier miresgarriari behakoa ematea ginuen helburu. Pasaiako badiaren kasik puntan aurkitzen da Albaola Faktoria. 1998an sortu zen Albaola elkartea, itsas ondarea begiratzeko edo zaintzeko. Azken urte hautan xantier handi bati lotua da: Ternuako uretan XVI. mendean hondoratutako San Juan euskal baleontziaren erreplika baten eraikitzea. Xantier horren ondoan, museo bat dute apailatua, proiektu horren adierazgarri dena. Hori guzia dugu bisitatu Mikel Leoz gida argiarekin.

DSCN5506

Euskal arrantzariak aitzindari

DSCN5527

Erdi-Arokotzat itsasoan gaindi bazabiltzan euskal arrantzaleak, beriziki balea ihizin, IX. mendeko dokumentu batek seinalatzen daukunaz. Ikaragarriko trebezia bazaukaten itsasoan, frantziar, espainiar eta ingleseri besteak beste aise nagusi zirela, Mikelek erran daukunaz.

DSCN5519

Ausartzia horrek Ternuaraino gidatu zituen, bakailaoa arrantzatzeko eta balea ihiztatzeko. Euskal kostaldeko portu guzietatik, mugaz bi aldetakoetatik, abiatzen ziren itsasontziak, gutiz gehienak portu horietako ontzioletan eraikiak, horien fabrikazioa gain gainetik menperatzen zutela. XVI. mendean Pasaian berean baziren sei ontziola.

DSCN5522

Garai hortan, urtero 70 ontzi abiatzen ziren hemendik, bakoitzean 60 bat mariñel, bi ibilbide desberdin har zezaketela Ternuara heltzeko, aroaren arabera, laburrenak 5.500km egiten, luzeenak 6.300km. Bidaia denboran, edateko ura ez zelakotz ongi kontserbatzen, ontzi bakarrean 50.000 pinta sagarno karreatzen zuten milako bat barrika ttipitan (tribulante edo arrantzale bakoitzarentzat egunean 3 pinta).

San Juan baleontziaren aurkikuntza

DSCN5513

 

Ternuako toponimiak badauzka euskal izenak, hemengo arrantzaleek han gaindi eramaniko biziaren lekuko. Bainan bertzelako arrasto guti zauden. Gehiago jakin nahian, 1970eko urtetan, Selma Huxley Barkham historialariak ikerketa batzuk egin zituen Euskal Herrian. Itsasgintzako artxiboak ikertu zituen, bereziki Oñatiko Unibertsitate zaharrean. Eta aurkitutako dokumentuak berme, Kanadako arkeologo talde batek, Robert Grenier buru, Pasaian eraikitako San Juan baleontzia aurkitu zuen 1978an Butusko portutik itsasoan haratago, Red Bay badian. 1565ean hondoratu zen olioz beterik zagon baleontzi hori, bainan egoera nahiko onean kontserbatua izan da itsasoko uretan, zureria eta kalamuzko sokak frango ongi beiratuak izanik. Arkeologoek 30 urte behar izan dituzte halere ontzi hori bai eta inguruko beste aztarna asko ikertzeko, zeren horgo portuko inguruan uda oroz 600 bat mariñel bazagon, arrantzako lanen gainera, txaboletan bizi eta lan egiten zutenak, olio ekoizten bereziki. Aurkitu dira txabolen arrastoak, txalupak, balearen gantza urtzeko labeak, aurkitu ere 140 gorputzen hezurdurak… Geroztik UNESCOk “munduko ondare” izendatua du euskal balezaleen aztarna gune hori guzia.

Erreplikaren eraikuntza

DSCN5512

Albaolan, San Juan baleontzia nolakoa zen ulertu-eta, duela bi urte maketa bat egina izan da berdin-berdinean (1/20 eskalean). Eta gaur 22 metro luzetasuneko baleontzi horren erreplika egiten ari dute tokiko ontzi-arotzek, 2014ko ekainean hasirik, munduko ontzigintza-eskola askotako ikasleak etortzen zaizkiela laguntzera. Noiz ezarriko ote dute uretan? Bada oraindik lan asko egiteko. Anartean, zinez bisita merezi du Albaolak. San Juan astez aste ari da gorpuzten eta edertzen…

                                                                                                 P.J.                                               

 

Zaldubi, Azkue 1901

EUSKALZALEEN BILTZARRA-ren HISTORIA LABURRA (1901- 2003)
Piarres Xarritton

Lehen urratsak, 1901etik 19O4 arte
Euskalzaleen Biltzarra deitu batasuna, 1901 eko irailean Hendaian eta, 1902ko irailean Hondarribian, Iparraldeko eta Hegoaldeko 30-40 bat lagunek egin zituzten bi bilkuretarik jaio zela, gauza jakina da, baina aitortu behar da, bilkura horietan parte hartu zutenek ez zituztela denek gauzak berdin ikusi. Ondorioz, bilkura horiek utzi itxura egiazkoa arrunt nahasia etorri zaigu.

Bizkitartean, mendeurrenkari, gaiaren inguruan Manex Goihenetxek, Mikel Zalbidek, Joseba Agirreazkuenagak eta beste zenbait ikerlek egin azterketei esker, gauzak apur bat argitu zaizkigu.

Battitta Larzabalek dioen bezala, kanpoko historiaren eraginez, XIX. mendean, sekulakoak pairatu zituzten alabaina gure Euskal Herriek, bai Hegoaldean bai Iparraldean. Eta ondorioz, orduan erraiten zen bezala, beren ustez norbait ziren guztiek edo bederen beren sorterriaren zorteaz axolatzeko astia eta gogoa zutenek, aitortzen zuten, bai zinez euskara eta euskaltasuna galtzen ari zirela.

Adostasun zabal horren ondotik zetorren galdeari ordea, hots zergatik bada galtzen ari ziren euskaltasuna eta euskara, ez zioten denek berdin ihardesten.

Leheniketa talde batek asmatzen zuen euskaltasuna eta euskara, berenaz eta, naturalki, zoazela suntsitzera, euskal kultura zaharkituz geroz ez baitzen on mende berrien ezohiko mugimenduei jarraikitzeko eta euskara bera hizkuntza « aglutinantea » izanez, bere inguruko gaztelania, ingelesa, frantsesa edo beste hizkuntza analitiko guztiak ez bezala, ez baitzen gai abstrakzioaren mundu berrian sartzeko. Horra adibidez zertsu zioen Julien Vinson bezalako euskalari erdaldun batek.

Horra zergatik Euskal Herrian berean, Hendaiako lehen bilkura baino zenbait egun lehenago, Migel de Unamuno jakintsun handiak eskatu zien bere herritar guztiei uko egin ziezaioten arren beren aitzinekoen euskarari, zeren euskara itotzen ari baita eta ez da nehor salba dezakeenik : Ez ote dakigu bada herioa delà biziaren legea?

Ez zen ordea Unamuno, aburu horretako filosofo bakarra munduan : Sozialisten artean, Karl KautskyTxekiar arnegatuak idatzi zuen honela: Jakin behar da nazionalitateen hizkuntza guztiak , etxe barneko ohikuntzen mailara eroriko direla eta gehiago baliagarritasunik ez duten etxeko altzari zaharrak bezala zokoratuko ditugula.

John Stuart Mill, liberalismoaren profetak berriz zioen: Esperientziak erakusten du nazionalitate bat urtzen ahal dela beste baten baitan eta honek hura irents dezakeela. Nork erranen du gainera, Nafarroa frantseseko euskaldun batentzat ez dela hobe frantses nazioaren partalier izaitea eta frantses herritartasunaren abantailez gozatzea, ezen ez eta bere mendi kaskoetan zaldun harro ibiltzea, iragan mendeetako hondakin erdi-basa iduri, bere buru hertsiko asmaketak hausnartuz, mundu osoko itzulian parte hartzeko orde?

Beste herritar argitu askok bizkitartean ikusten zuen euskararen eta euskaltasunaren gaitza ez zela sendaezina, baina behar zela iturrietara jo, sendagailua aurkitzeko gisan eta, une horretan, zorigaitzez, bi talde nagusitan zatitzen ziren gure herriko aitzindariak:

Batzuek, alabaina, frantses eta espainol politika gaiztoarengain emaiten zuten orozlehen gure herriaren eta hizkuntzaren beherakada eta beraz abertzaletasunaren pizteari emaiten zioten lehentasuna. Hauek ziren adibidez, Sabino Arana Coiri bizkaitar gazteak sortu berri zuen Euzko Alderdi Jeltzalea-ren jarraitzaleak, Broussain, Constantin eta beste bizpahiru lagun gazteen salbuespenarekin, gutiz gehienak Hegoaldekoak.

Beste batzuek aldiz, Oihenart handiaren zuhur-hitz bat gogoratuz, errepikatzen zuten  » Burutik dela hasten arraina kirasten  » eta alderdi politiko ezberdinetan ibilirik ere, Azkue, Campion eta Urkijo bezala Hegoaldean, Guilbeau, Hiriart-Uraity eta Zalduby bezala Iparraldean, euskararen beraren lantzeari, ortografiaren finkatzeari, akademia baten eraikitzeari eta gero euskara eskoletan sartzeari emaiten zioten lehentasuna

Dena dela,1901eko irailean, XIX. mendeko Abbadiaren Lore Jokoetako Batasunaren ondotik eta, nolazpait haren aurka, Iparraldean 1890eko hamarkadan jaio zen Eskualdun Elkargoaren izenean eta, Arturo Campion nafartar historialariaren eta Gratien Adema Zalduby kalonjearen onespenarekin, Martin Guilbeau medikuak bidali deiari aski ederki ihardetsi zioten, Hendaiako lehen bilkurala etorri ziren 35 bat lagunek, bai eta, berak ezin etorriagatik, eskutitzez biltzarraren asmoekin. bat egin zuten beste 15 euskalariek.

Julien Vinson baztertu ondoan, hiru batzordeetan bildu ziren euskalariek egin zuten iduriz lan onik, eta gero, azken bilkura nagusian, onartu zen alde batetik euskal ortografiari buruz Sabino Aranak proposatu urtebeteko lan programa eta bestetik euskararen indarberritzeko xedetan, Iruneko Estanislao Aranzadik proposatu elkarte berri baten sortzea Fédération Littéraire Basque probisionalki deitu zena.

Zorigaitzez ondoko hilabetetan nahigabeak gertatu ziren, Sabino Arana eritu baitzen, bilkuretara joaiterik ez zuen izan, Guilbeau, Zalduby, Azkue, Broussain, Aranzadi eta beste lagunekin harremanak bakandu eta azkenean mindu ziren.

Iparraldekoek beren ortografia aldatzeari uko egin zioten. Eta Espainiako gobernuak Sabino Arana preso sartuagatik, Martin Guilbeauk eta Gratien Ademak bigarren bilkura batetara Hondarribira deitu zituztelarik, 1902ko irailaren 11an, euskalzaleak, Mikel Zalbidek bildu lekukotasun apurren arabera, Frantziako gobernuak elizako egituren aurka hasi batailarengatik menturaz, Iparraldeko euskalzaleen arteko haserreak eta hausturak nagusitu ziren.

Bilkura hartarik atera probetxu bakarra izan zen Fédération Littéraire Basque delakoari Eskualzaleen Biltzarra-ren izena emaitea eta haren oin-arauak finkatzea.

Campion … 1904 …

Hortik landa, ondoko urtean berean, 1903an, badakigu gaitzak eraman zuela Sabino Arana. Iparraldean berriz, Francière deitu Pabeko jaun prefeta elizetarik beretarik euskararen ohiltzeko erabakien hartzen hasi zelarik, Hiriart-Urruty apeza jazarri zitzaion gogorki bere astekari Eskualduna-ren armarekin, Broussain, Constantin, de Saint-Jayme eta herrigizon askok beren gaitzespena adierazi zioten prefetari baina Eskualzaleen Biltzarraren idazkariak, Guilbeau medikuak eta honen hurbileko bizpalau gorrik ez zuten protestarik sinatu nahi izan.

Ez da beraz harritzeko 1904eko irailaren 29an Irungo herrian egin zen bilkuran Eskualzaleen Biltzarreko idazkariak eta buruzagiak, hots, Guilbeauk eta Ademak kargua utzi baldin bazuten. Hauen ordez, Martin Landerretche apezak hartu zuen behingotz idazkaritza eta Arturo Campion nafarrak lehendakaritza, laguntzaile zituztela Charles Petit, Serapio Mugika, Juan Carlos Guerra eta Léon Hiriart diruzaina.

Urte berean, Donostian sortzen baitzen elkarte berri bat Euskal Esnalea deitua eta Arturo Campion lehendakari bera hautatu zuena, bazirudien, une batez, bi elkarte euskalzaleak bat egitekotan zirela.

Bizkitartean 1905an Eskualzaleen Biltzarrak Biarritzen egin zuen bilkuran beren ezin etorria jakinarazi zuten Campionek eta Zaldubyk, eta beste izen batzu agertu ziren laster, Eskualzaleen elkartearen lehen lerroetan.
Horra nola, Georges Lacombe idazkari lagun izendatu duten Biarritzen, diruzain Hondarribian 1906an eta buru-orde Kanbon 1908an.

Ordutik hara Jean de Jaurgain historialariak buruzagitza hartu duelarik eta Julio de Urquijok Revue Internationale des Etudes Basques aldizkari ospetsua abiatu, Martin Landerretcheri esker, urtez urte izanen ditugu, gerla jin arte, gure Biltzarraren berriak, bai eta laster, haren itzalean, Baionan Lacombek eta Broussainek, Azkue, Urkijo, Henri Gavel, Jean Etxepare, Julien Heguy eta Albert Leonek, sortuko duten Cercle d’Etudes Euskariennes Euskalarien Bilgune edo Akademiatxoarenak ere.

Gerla aitzin 1911-1914

1911eko eta 1912ko urte haietan Georges Lacombek, bera Donostiako biltzarrean burulehen jarriko dutelarik, aspaldiko Pierre Broussain Hazparneko auzapeza, Jean Etchepare, Etienne Decrept, Pierre Lhande idazleak, Abeberry, Sagaspeeta Errecart errientak eta beste kide berri asko biltzen ditu elkarteak dituen 219 kideen artera.
Badirudi zinez indarberritu dela Eskualzaleen Biltzarra eta Georges Lacomberi esker harremanetan sartu baldin bada kanpoko euskalari ospetsuenekin, hala nola Schuchardt, Uhlenbeck, Van Eys, Linschmann, Winkler, Trebitsch eta Vinson berarekin ere, ez ditu horrengatik ahantzi euskararen alde euskal herrian berean egin daitezkeen urrats xeheak.

Hala nola 1913an, irailaren 23an , Lapurdiko Getarian Etienne Decrept jaunak hartzen duelarik Lacomben eskutik Biltzarraren zuzendaritza, badituen berri onak emaiteko : 42 kide berri sartu dira elkartean, Errecart Sohutako jaun errientak jakinarazi du Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan errient eskualdunek frantsesa irakasteko euskararen erabiltzeko baimena ardietsi dutela urriaren lehenetik haste. Eta nola jadanik Biltzarrak herrietako haur, istudiante eta apezgaientzat euskarazko primak antolatzen dituen, oraindik aitzina, Hazparneko auzapezaren emaitza eder bati esker, araberako sariak eskainiko zaizkie urtero euskal lanetan zein gehiagoka lehiatuko diren bikario eta irakasle gaztei.

Beste xede bat ere aipatu zen oraino bilkura berean, hau da Euskal Museo baten antolatzea Baionan. Zorigaitzez 1914ean Donibane Garazin egitekoa zen ondoko biltzarra Gerla Handia iragan arte luzatu behar izan zen.