Hortik landa, ondoko urtean berean, 1903an, badakigu gaitzak eraman zuela Sabino Arana. Iparraldean berriz, Francière deitu Pabeko jaun prefeta elizetarik beretarik euskararen ohiltzeko erabakien hartzen hasi zelarik, Hiriart-Urruty apeza jazarri zitzaion gogorki bere astekari Eskualduna-ren armarekin, Broussain, Constantin, de Saint-Jayme eta herrigizon askok beren gaitzespena adierazi zioten prefetari baina Eskualzaleen Biltzarraren idazkariak, Guilbeau medikuak eta honen hurbileko bizpalau gorrik ez zuten protestarik sinatu nahi izan.
Ez da beraz harritzeko 1904eko irailaren 29an Irungo herrian egin zen bilkuran Eskualzaleen Biltzarreko idazkariak eta buruzagiak, hots, Guilbeauk eta Ademak kargua utzi baldin bazuten. Hauen ordez, Martin Landerretche apezak hartu zuen behingotz idazkaritza eta Arturo Campion nafarrak lehendakaritza, laguntzaile zituztela Charles Petit, Serapio Mugika, Juan Carlos Guerra eta Léon Hiriart diruzaina.
Urte berean, Donostian sortzen baitzen elkarte berri bat Euskal Esnalea deitua eta Arturo Campion lehendakari bera hautatu zuena, bazirudien, une batez, bi elkarte euskalzaleak bat egitekotan zirela.
Bizkitartean 1905an Eskualzaleen Biltzarrak Biarritzen egin zuen bilkuran beren ezin etorria jakinarazi zuten Campionek eta Zaldubyk, eta beste izen batzu agertu ziren laster, Eskualzaleen elkartearen lehen lerroetan.
Horra nola, Georges Lacombe idazkari lagun izendatu duten Biarritzen, diruzain Hondarribian 1906an eta buru-orde Kanbon 1908an.
Ordutik hara Jean de Jaurgain historialariak buruzagitza hartu duelarik eta Julio de Urquijok Revue Internationale des Etudes Basques aldizkari ospetsua abiatu, Martin Landerretcheri esker, urtez urte izanen ditugu, gerla jin arte, gure Biltzarraren berriak, bai eta laster, haren itzalean, Baionan Lacombek eta Broussainek, Azkue, Urkijo, Henri Gavel, Jean Etxepare, Julien Heguy eta Albert Leonek, sortuko duten Cercle d’Etudes Euskariennes Euskalarien Bilgune edo Akademiatxoarenak ere.