Zaldubi, Azkue 1901

EUSKALZALEEN BILTZARRA-ren HISTORIA LABURRA (1901- 2003)
Piarres Xarritton

Lehen urratsak, 1901etik 19O4 arte
Euskalzaleen Biltzarra deitu batasuna, 1901 eko irailean Hendaian eta, 1902ko irailean Hondarribian, Iparraldeko eta Hegoaldeko 30-40 bat lagunek egin zituzten bi bilkuretarik jaio zela, gauza jakina da, baina aitortu behar da, bilkura horietan parte hartu zutenek ez zituztela denek gauzak berdin ikusi. Ondorioz, bilkura horiek utzi itxura egiazkoa arrunt nahasia etorri zaigu.

Bizkitartean, mendeurrenkari, gaiaren inguruan Manex Goihenetxek, Mikel Zalbidek, Joseba Agirreazkuenagak eta beste zenbait ikerlek egin azterketei esker, gauzak apur bat argitu zaizkigu.

Battitta Larzabalek dioen bezala, kanpoko historiaren eraginez, XIX. mendean, sekulakoak pairatu zituzten alabaina gure Euskal Herriek, bai Hegoaldean bai Iparraldean. Eta ondorioz, orduan erraiten zen bezala, beren ustez norbait ziren guztiek edo bederen beren sorterriaren zorteaz axolatzeko astia eta gogoa zutenek, aitortzen zuten, bai zinez euskara eta euskaltasuna galtzen ari zirela.

Adostasun zabal horren ondotik zetorren galdeari ordea, hots zergatik bada galtzen ari ziren euskaltasuna eta euskara, ez zioten denek berdin ihardesten.

Leheniketa talde batek asmatzen zuen euskaltasuna eta euskara, berenaz eta, naturalki, zoazela suntsitzera, euskal kultura zaharkituz geroz ez baitzen on mende berrien ezohiko mugimenduei jarraikitzeko eta euskara bera hizkuntza « aglutinantea » izanez, bere inguruko gaztelania, ingelesa, frantsesa edo beste hizkuntza analitiko guztiak ez bezala, ez baitzen gai abstrakzioaren mundu berrian sartzeko. Horra adibidez zertsu zioen Julien Vinson bezalako euskalari erdaldun batek.

Horra zergatik Euskal Herrian berean, Hendaiako lehen bilkura baino zenbait egun lehenago, Migel de Unamuno jakintsun handiak eskatu zien bere herritar guztiei uko egin ziezaioten arren beren aitzinekoen euskarari, zeren euskara itotzen ari baita eta ez da nehor salba dezakeenik : Ez ote dakigu bada herioa delà biziaren legea?

Ez zen ordea Unamuno, aburu horretako filosofo bakarra munduan : Sozialisten artean, Karl KautskyTxekiar arnegatuak idatzi zuen honela: Jakin behar da nazionalitateen hizkuntza guztiak , etxe barneko ohikuntzen mailara eroriko direla eta gehiago baliagarritasunik ez duten etxeko altzari zaharrak bezala zokoratuko ditugula.

John Stuart Mill, liberalismoaren profetak berriz zioen: Esperientziak erakusten du nazionalitate bat urtzen ahal dela beste baten baitan eta honek hura irents dezakeela. Nork erranen du gainera, Nafarroa frantseseko euskaldun batentzat ez dela hobe frantses nazioaren partalier izaitea eta frantses herritartasunaren abantailez gozatzea, ezen ez eta bere mendi kaskoetan zaldun harro ibiltzea, iragan mendeetako hondakin erdi-basa iduri, bere buru hertsiko asmaketak hausnartuz, mundu osoko itzulian parte hartzeko orde?

Beste herritar argitu askok bizkitartean ikusten zuen euskararen eta euskaltasunaren gaitza ez zela sendaezina, baina behar zela iturrietara jo, sendagailua aurkitzeko gisan eta, une horretan, zorigaitzez, bi talde nagusitan zatitzen ziren gure herriko aitzindariak:

Batzuek, alabaina, frantses eta espainol politika gaiztoarengain emaiten zuten orozlehen gure herriaren eta hizkuntzaren beherakada eta beraz abertzaletasunaren pizteari emaiten zioten lehentasuna. Hauek ziren adibidez, Sabino Arana Coiri bizkaitar gazteak sortu berri zuen Euzko Alderdi Jeltzalea-ren jarraitzaleak, Broussain, Constantin eta beste bizpahiru lagun gazteen salbuespenarekin, gutiz gehienak Hegoaldekoak.

Beste batzuek aldiz, Oihenart handiaren zuhur-hitz bat gogoratuz, errepikatzen zuten  » Burutik dela hasten arraina kirasten  » eta alderdi politiko ezberdinetan ibilirik ere, Azkue, Campion eta Urkijo bezala Hegoaldean, Guilbeau, Hiriart-Uraity eta Zalduby bezala Iparraldean, euskararen beraren lantzeari, ortografiaren finkatzeari, akademia baten eraikitzeari eta gero euskara eskoletan sartzeari emaiten zioten lehentasuna

Dena dela,1901eko irailean, XIX. mendeko Abbadiaren Lore Jokoetako Batasunaren ondotik eta, nolazpait haren aurka, Iparraldean 1890eko hamarkadan jaio zen Eskualdun Elkargoaren izenean eta, Arturo Campion nafartar historialariaren eta Gratien Adema Zalduby kalonjearen onespenarekin, Martin Guilbeau medikuak bidali deiari aski ederki ihardetsi zioten, Hendaiako lehen bilkurala etorri ziren 35 bat lagunek, bai eta, berak ezin etorriagatik, eskutitzez biltzarraren asmoekin. bat egin zuten beste 15 euskalariek.

Julien Vinson baztertu ondoan, hiru batzordeetan bildu ziren euskalariek egin zuten iduriz lan onik, eta gero, azken bilkura nagusian, onartu zen alde batetik euskal ortografiari buruz Sabino Aranak proposatu urtebeteko lan programa eta bestetik euskararen indarberritzeko xedetan, Iruneko Estanislao Aranzadik proposatu elkarte berri baten sortzea Fédération Littéraire Basque probisionalki deitu zena.

Zorigaitzez ondoko hilabetetan nahigabeak gertatu ziren, Sabino Arana eritu baitzen, bilkuretara joaiterik ez zuen izan, Guilbeau, Zalduby, Azkue, Broussain, Aranzadi eta beste lagunekin harremanak bakandu eta azkenean mindu ziren.

Iparraldekoek beren ortografia aldatzeari uko egin zioten. Eta Espainiako gobernuak Sabino Arana preso sartuagatik, Martin Guilbeauk eta Gratien Ademak bigarren bilkura batetara Hondarribira deitu zituztelarik, 1902ko irailaren 11an, euskalzaleak, Mikel Zalbidek bildu lekukotasun apurren arabera, Frantziako gobernuak elizako egituren aurka hasi batailarengatik menturaz, Iparraldeko euskalzaleen arteko haserreak eta hausturak nagusitu ziren.

Bilkura hartarik atera probetxu bakarra izan zen Fédération Littéraire Basque delakoari Eskualzaleen Biltzarra-ren izena emaitea eta haren oin-arauak finkatzea.