1911eko eta 1912ko urte haietan Georges Lacombek, bera Donostiako biltzarrean burulehen jarriko dutelarik, aspaldiko Pierre Broussain Hazparneko auzapeza, Jean Etchepare, Etienne Decrept, Pierre Lhande idazleak, Abeberry, Sagaspeeta Errecart errientak eta beste kide berri asko biltzen ditu elkarteak dituen 219 kideen artera.
Badirudi zinez indarberritu dela Eskualzaleen Biltzarra eta Georges Lacomberi esker harremanetan sartu baldin bada kanpoko euskalari ospetsuenekin, hala nola Schuchardt, Uhlenbeck, Van Eys, Linschmann, Winkler, Trebitsch eta Vinson berarekin ere, ez ditu horrengatik ahantzi euskararen alde euskal herrian berean egin daitezkeen urrats xeheak.
Hala nola 1913an, irailaren 23an , Lapurdiko Getarian Etienne Decrept jaunak hartzen duelarik Lacomben eskutik Biltzarraren zuzendaritza, badituen berri onak emaiteko : 42 kide berri sartu dira elkartean, Errecart Sohutako jaun errientak jakinarazi du Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan errient eskualdunek frantsesa irakasteko euskararen erabiltzeko baimena ardietsi dutela urriaren lehenetik haste. Eta nola jadanik Biltzarrak herrietako haur, istudiante eta apezgaientzat euskarazko primak antolatzen dituen, oraindik aitzina, Hazparneko auzapezaren emaitza eder bati esker, araberako sariak eskainiko zaizkie urtero euskal lanetan zein gehiagoka lehiatuko diren bikario eta irakasle gaztei.
Beste xede bat ere aipatu zen oraino bilkura berean, hau da Euskal Museo baten antolatzea Baionan. Zorigaitzez 1914ean Donibane Garazin egitekoa zen ondoko biltzarra Gerla Handia iragan arte luzatu behar izan zen.