Lehen mundu gerlaren ondotik (1919 -1923 )
1914-1918 ko Gerla Handiaren ondotik, 1919ko buruilaren 30ean, Donibane Garazin, egin zuen Euskalzaleen Biltzarrak, Etienne Decrept eta Martin Landerretche, gerla aitzineko buru-lehen eta iskribari ber-berekin, bere lehen bilaldia.
Euskalzaingoko edo Euskal Akademiako hamabietarik bat hautatu berri den Landerretche baxenabartar jaun apez horrek, bere euskara doi bat dorpean idazten duenaren arabera eta Maitena, Amatxi, Semetxia opera aipagarriengatik ezagutua den Etienne Decrept jaunak, frantsesez, eman hitzaldiari esker, izanen dugu aspaldiko egun horren berri.
Ohartzen gara bada, gerla aitzinean erakundeak bere kide zeuzkan Euskal Herriaren bi aldeetako 100 / 200 kideetarik ahurtara bat lagun baizik ez duela biltzen oraiko biltzarrean. Gerlan berean edo gerla denboran hil adiskideak aipatzen direlarik bestalde, ez da Iparraldeko izenik baizik entzuten, besterik izan ez balitz bezala.
Erabiltzen diren gaiak ere, eskualde honetako gaiak dira soilik : haurren eskoletan, gerla aitzin, euskal sariketak hasiak baitziren, Sohutako Jean Errecart eta Bidarteko J.-Baptiste Abeberry errient kide zenduek, frantsesaren irakasteko, euskara baliatzen hasia baitzuten, edo Baionako Seminarioan euskarazko zeingehiagokak abiatuak baitziren, horiek oro berrindartzea merezi zuela erran zen.
Bizkitartean hor dira ere, Hegoaldetik etorriak jadaneko, euskaldunak euskaldunarentzat duen amodioari doakonaz, azken gerlatean beren anaitasuna erakutsi duten Tolosako bi abokat gazte, Ixaka Lopez Mendizabal eta José de Eizagirre. Bazkal ondoan Ixakak irakurriko ditu zenbait neurtitz eta haren lagunak emanen du, su eta kar zerioen mintzaldia, entzule guztien esku-zarta ezin isilduek saristatu omen dituztenak.
Nola ez aipa ordea, goizeko bilkuran gertatu bi datu adierazgarri : Batetik Biltzarraren burulehenak, bere solasaldian gerlako hilak, bereziki Clément d’Andurain, Mauleko zuberotar euskal idazle suharra eta beste lagun zenduak gogoratu ondoan, hitz gogorrak bota ditu bai Gerlaren pizten jolastu diren gaiztaginentzat, bai gerlaren ospatzen ezin isilduak diren zentzugabeentzat.
Laster ordea, besoa gerlan galdu duen eta Clément d’Andurain zenaren lagun mina izana den Georges Lacombe, Euskalzaleen Biltzarraren burulehen ohia, hitza hartzera doalarik eta Pariseko gobernuak aipu omen baitu Frantziako eskualde berezieri urraspide (sic) berezi baten uztea, gerlari ohi ausarta menturatzen delarik galdetzera, ez ote laiteken haizu gure Euskal-Herrialdearentzat zerbait berezi eskatzea eta ahalaz ardiestea.
Une horretan berean, hain zuzen, sartzen da Mauleko Jaun Suprefeta eta hau ere mintzo da bere aldetik, labur mozten diola solasa aitzineko hizlariari, gai horiek ez omen baitira bilkura hauetan hunkitzekoak, baina bai Pariseko buruzagien eskutan uztekoak. Eta orduan, dio iskribariak, Buru-lehenak erraiten du, eztabaida horretan, Jaun Suprefetaren xede bereko laitekeela.
Ez da beraz harritzeko, ondoko urtean, Uztaritzen, Etienne Decrept jaunak zuzendaritza utzi baldin badio, nori eta hain zuzen, José Eizaguirre, Tolosako deputatu abertzale gazteari. Baina ez da uste izan behar hautu hori bihurgune politiko baten seinale izan zela: Bi urteko pasarte labur baten ondotik, 1922an, Maulen, José Eizaguirre lehen-buruak buruzagitza uzten baitio berriz Jean Etchepare Aldudeko jaun mirikuari.
Eta orduan bai, Baionako Gure Herria aldizkari berria sortu duen taldeak, hots, Frantziako Aberri Handitik kanpo euskal aberri xumerik asma ez dezaketen gerlari ohien belaunaldiak ditu hartzen behingotz Euskalzaleen Biltzarraren giderrak.