Hiru maisu handiak

Hendaiako Abbadiako Jauna (Antoine d’Abbadie d’Arrast-euskaldunen aita delakoa) adinean han harat joana zelarik, adiskide batek galdatu zion nor izan zuen maisurik handiena.

Erantzun zion maisu ainitz ukan zituela, zerrenda luze baten egitea alferrezkoa zitzaiola. Bainan gehitu zuen :

“Halere  baditut hiru maisu nehoiz ahantzi ez ditutanak.

Lehena xakur bat zen. Bidean, Bidasoa ibai bazterretik oinez nindoan batez, nire aitzinetik xakur bat bazabilan, xakur erratua, alderraia, hain segur konpañia zenbaiten eske… Edan beharrez xakurra urera hurbildu zenean bat batean saingaka, beldurrak harturik, niri buruz tarrapatan itzuli zitzaidan. Etzen deus ibaian. Bere burua ikusi zukeen ur axalean, ustez eta beste xakur bat zen.

Baina hain zen egarri nun, beldurra gaindituz, berriz urera itzulirik, salto egin baitzuen, amorru biziz, etsaia garaitzeko. Bistan da ukaldian berean etsaia desagertu zitzaiola. Ulertu nuen xakurrarena. Zenbat aldiz ez ninduen beldurrak gibelerazi ? Irakatsi zautan guhauren beldurrak dauzkigula jendeak eta gauzak diren baino beldurgarriagoak egiten. Hor ikasi nuen bizian beldurraren gainetik menturatu behar nintzela…

Bigarrena basa-ihiztaria zen. Etiopian. Egun batez basamortuko mendietan, galdu nintzen, leher egina eta sukar tzar batek  ahuldua. Ke usain bat segituz, heldu nintzen artzain baten etxolara. Aterbetu ninduen eta bere ohantzea utzi zautan. Goizero bizpahiru orenez, etxola utzirik, ihizira joaten zen, jateko zerbaiten bila. Adar-tuta luze bat uzten zautan, zerbait gerta baledi deitzeko. Eguerdi irian itzultzen zen, eskuak hutsik. “Bihar goizean, Jainkoak nahi badu zerbait atxemanen dut.”  Biharamunean bezperan bezala itzultzen zen. Hamar-dozena bat egunez, etsitu gabe, errepika bera entzun nion “… Bihar Jainkoak nahi badu…” Ainitz aldiz artzainaz oroitu naiz, amor emaitekotan nindagolarik oroituz : « Bihar, Jainkoak nahi badu, berriz … »

Mutil koxkor batez oroitzen naiz ere. Ikusten nuen mutikoa goizero elizara joaten. Urruñan izan behar zen, untsa oroitzen banaiz. Elizan sartzean pizten zuen kandela. Familiako norbaitentzat otoitz gisa pizten zukeen. Halako batez hurbildu nintzaion trufa arraillant batekin, gogoa nahasi nahiz  :

  • Hihaurek piztu duk kandela ?
  • Bai, jauna, nihaurek.
  • Beraz erraiten ahal dautak nundik  hartu dukan argi hori ?
  • Zer ?
  • Erradak hire argi hori nundik jin zaukan !

Mutikoa irriz hasi zen. Ufako batez sua itzali eta galde egin zautan :

  • Jauna ! Argia joan da!  Erraiten ahal dautazu norat eskapatu  den?

Mokoa net hetsiz zautan. Nire lekuan ezarri ninduen! Ni,  jakintsuna, ustez eta hura baino gehiago nintzen.

Egia erraiteko, bizia bera izan zait maisu nagusien. Bizia den bezala. Bere ttipikeria eta handitasun guziekin.  Gertatu zaizkitan guziak,  onak eta txarrak, xantza bat bezala hartu ditut.  Unean unekoari ahal bezain ongi etorri ona eginez.”

Johanes Bordazahar