Artzain hau gaztea zen, maliziarik gabekoa : bihotzez arin, gorputzez sendo, gogoz alegera. Etxeko ogi onez hazia, mendiko haize hotzak eta ur freskoak eta lanak hezia.
Akats bakar bat zaukan : mendiko bizia gustatzen zitzaiola, bakardadea ez zitzaiola biziki axola. « Oi, mendian, zer bakia ! ». Horrengatik ez zen usu menditik herrira jausten. Igandetan, nehoiz ez zen elizan agertzen ere salbu Besta Berriz. Apezak pixka bat aiher zuen. Jendeek ere zioten basatia zela : zoazi zu jakitera alfer hura zer hartzen zen gain hartan !
Egun batez mutila menditik jautsi zen zerbait janariren erostera. Justu apezarekin batean gertatu zen saltegian sartzen. Apezak mehatxuz erhi bat altxatu zion sudur-perat.
– Hi infernuko ihizia ! Kasu emak, Gaineko Haundi hark ikusten hau gero, nik ez bahaut ez Bazkoz ez Eguberriz ikusten ere. Bekatu duk pagano bat bezala bizitzea ! Ahalge behar huke izan !
– Zer ? Nik ez dut ez Gaineko Haundi haren beldurrik. Ni, mendian, zerutik hurbil bizi naiz !
– Jainkoaz ari nauk, tontoa ! Ez duka Jainkoaren beldurrik ?
– Ez ! Batere ! Zergaitik beldur ?
Ez zen deus egitekorik mutikoak nahi zuena egiten zuen, nahi zuena pentsatzen, bere gostuz bizi zen, mendian bezala denetan.
– Zu ez zirea ontsa bizi, jaun erretora ? Oldartu zen apezari galdatzera.
– Oh apezgoa zaila duk ! Hi bezalako ardi galdu batzuen gatik ainitz bihotzeko min sofritzen diat. Nahi nikek denak Jainkoarekin bakean bizi zaitezten !
– Zer egiten ahal nuke zuretzat !
– Enetzat ? Deus ! Behar baduk zerbait baliosa egin, to, haugi sarri kofesatzera, elizara. Siestaren ondotik, hiruak irian.
Artzain gaztea elizan zen tenoreko. Sartu zelarik xoratua zen : eliza ilunbean ixilik, aire freskoa, ezko usaina… Eta berinateetarik iguzki argi bizi eder bat sartzen zen. Errautsa airean dantzan emaiten zuen, mila kolore. Mutila ahoa zabalik begira …
- Ha, hemen haiz !
Boz ozen batek bapatez ametsetarik harrotu zuen. Apeza zen brauki sartzen elizan.
- Belaunika hadi eta biek erranen diagu « Gure aita ! »
Artzaina hor zagon, besoak dilindan.
- Ba… Bainan nik ez dakit « Gure Aita »
- Errak, hi, nolako girixtinoa haiz ? Ez haiza katiximan egundaino ibilia ?
Apeza haserrez ezin egonarekin :
– Ez duka sekulan otoitzik egiten ?
– Otoitzik ? Bai eta nola ! Goizetan, etxolatik ateratzean, agur erraten diot egunari eta milesker Jainkoari egun berriaren gatik. Bizpahiru jauzi eta itzulipurdi batzu egiten dizkiot iguzkiari esker onez, denbora ederra delarik. Edo kantu bat edo bi euriari, denbora txarra delarik. Uste dut gustatzen zaiotela.
– Jainkoa, iguzkia, euria, denak nahasten dituk. Hi, deabruaren seme ! Haugi berehala. Pausa ezak hire ardi larru usaindu zikin hori, hor, alki baten gainean eta sar hadi kofesategian.
Ardi larru zikina kendu eta ez jakin nun pausatu, hurbildu zitzaion iguzki izpiari eta pollikiño iguzki izpiaren gainetik dilindan eman zuen, bihotz xokoan otoitz ttipi bat eginez « Argi maitea, atxikadazu larru hau ixtant bat. » eta soinekoa argi izpitik dilingo egon zen. Apeza mututua, so… Zu, irakurle, ez pentsa mirakulu bat zenik. Ez ! Justu Jainkoaren eta gaztearen arteko arrañamendu sinple bat zen; bi adiskidereren artean egiten den horietakoa, besterik ez.
Johanes Bordazahar