Teodosio Nafarroako Goñi herrikoa zen. Gizon ausarta eta leiala
Gerratik itzultzean, bide ertzean, gizon ilun eta gaizto batek, gezur izugarria esan zion: “Zure andrea Konstantza ez zaizu fidel izan! ”
Orduan sutan jarrita, harrapalada bizian etxera bideratzen da.
Etxean, bere gelara itsututa sartzen da, eta ohean lotan dauden biak, ezpataz hiltzen ditu
Nolako nahigabea hartuko zuen, Konstantza ikusita eta ohartzean lo zeudenak bere aita eta ama zirela.
Neurrigabeko bihotz minarekin, bere erruaren barkamena lortzeko, erromes doa, Erromara. Han, Aita Santuak, barkamena eman ondoren, penitentzi berezi bat jartzen dio.
Kate bat gerrian loturik, higaduraz erori arte eraman beharko du. Hau penitentzi astuna!
Aralar mendian urteak eman zituen Teodosio gaixoak Jainkoaren errukia iritsi arte.
Aralarko leize zulo sakonetik, herensuge izugarria ateratzen da. Bere bizia galdua ikustean, lurrera erortzen da,
San Mikel, goiaingeruaren laguntza eskatuz: berehala herensuge hila dago eta bere kateak hautsita.
Eskerrak emateko eta Jainkoaren laguntza gogoratzeko Aralar mendian eliza eder bat eraikitzen da.
San Mikelen irudian, goiaingerua agertzen da, eta gurutzea dauka buru gainean. Gurutz barrenean, Jesusen gurutzearen erlikia zatitxo bat dago. ‐———————————
Bisita hurrunago segituz:
Teodosio Goñiren kateak buru gainean itzulikatuz sinetsi…Kristok askatzen bazaituzte benetan aske izango zarete!
Jose Maria Satrustegiren iritzia:
Mendia zen […] sineste zaharretako katedral eta santutegia. Ez halere edozein mendi. Zerutik gertu zegoen mendi aukeratuak, Amaren sabelera doan bide antzera, kobazulo edo leizeren bat behar zuen goiko aita indarrak lurraren ama sabela ernaltzeko.
Horrela sortu zen mundu guztiko mendi santuen mitoa. Bizia ematen duen sugar edo suge harra. Herensugea alegia, udaberrian ikusten da garra dariola kanpora ateratzen, eta udazkenean itzultzen da berriro lurpean dagoen neguko gelara.
Herensugea, berez, biziaren aita da, baina, gero, bere umeen irensle bihurtzen da, ekaitz, tximista, lurrikara, uholde, lehorte eta ezbehar guztien figuran, eta gizonak hil egiten du.
Bide berean egurasten da Mari, lurraren emankortasunaren irudia. Mendi horien inguruan egiten ziren erlijio paganoen ospakizun nagusiak, eta Eliza indartzen joan zen eran mendietako kultua kristautzen ahalegindu zen.
Aralarko elizaren oinarrian erromaniko eta arabiar kutsuko aztarnak baino lehenagokoak aurkitu dira.
Nafarroa “eremuka” zatitua dago. Haietako bat da “Larraun”, gu gauden eremua, Leitzaldean. Bertan dago Aralarko San Migel, Baraibar… Lurralde honek pertsonaia ospetsu asko eman ditu. Horien artean pilotariak, Ladis Galartza eta bere semea, idazleak, Nikolas Ormaetxea, ORIXE…
Hemen idatzita dauden bertso, esaldi eta gainerakoak Orixe idazlearen liburuan agertzen dira, EUSKALDUNAK izenekoan. Ahozko literaturan, oso aberatsa da LARRAUN baila. Horietako batzuk agertzen dira hemen.
Koxantonio oihanzainari adi adi. Koxantonioren xehetasunak gogoan behako bat mapari: -Igaratza (Hil baratza? Barandiaranek). -Kobre meategi emankorrak. – 2003ko idortearen ondotik aurkitu iturburuak ur bilatzaile zahar bati esker. Km13-tik 1286 metrotara. Oinez edo 4X4 ean. Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan
Aizpurua autobusez hemendik beheiti. Honaino oinez edo 4X4ean.Lehendakari ohia eta diruzaina… incognito!
Etorri
zen goizen arteko goiza. Aita alabaren ohe kanttoinean jarri
zitzaion. Eskua amultsuki hartu zion. Ordukotz, Sarhak, alaba
gazteak, bazakien haurtzarotik emaztetasunera heldua zela.
Sarha, ene alaba
maitea, ordu da printze gazte eder batekin ezkont zaitezen. Ene
ondorengoa ikus dezadan. Jainkoari esker, haurrak, dotzenan hamahiru
izan ditzazuen. Hautatu dizut printze gazte bat gorputzez eta
izpirituz sendoa… Bihozduna.
Sarhari aurpegia,
haserrez, sumindu zitzaion. Burua apaldu zuen, aitak ez zezan ikus.
Aspaldi aitatxiri entzun hitz batzu etorri zitzaizkion gogora,.
« Izan zaitez zure bizi propioaren Sultantsa ! Maitasuna
izan dadila zure hats eta urrats, zure ogi eta edrai, zure palazio
eta zure baratze”. Aski kopeta izan zuen aitari oldartzeko:
Ez ! Aita !
Zuk hautatu dautazuna ez da nik maite dudana ! Maite dudan
hura urrun da orazino. Ez dakit non bizi den ere. Bainan badakit
egun batez segur etorriko zaidala.
Hitz hauek aitari zauri bizi
bat ideki zioten.
Aita, orain, utz nezazu,
nihauren etxea eraikitzen. Etxerik gabe ene biziak ez luke bideko
errautsa ere balio.
Goiz
batez, artilezko kapa luze urdin batean inguratua, mendiko xendretan
zehar menturatu zen Sarha. Egunak eta gauak, oihanak eta mendiak
zeharkatu ondoan gelditu zen,
itsas bazterreko haize leku
lehor batean. Senditu zuen hemen izanen zela bere munduaren erdi
gunea. Ttattola bat eraiki ere zuen harriz, adarrez eta itsasoak bota
ohol zaharrez. Segurtatu zuen ttattolako atea ongi hesten zela.
Ordutik
berria haizea bezain laster hedatu zen :
Sarha printsesa
mendien haraindira, joan da. Han dago, itsas bazter batean, bere
maitalearen haiduru!
Etorri zitzaizkion.
Haraino
mentura zen lehena zaldizko trebe bat izan zen. Burua zut, ezpata
gerrian, atean jo zuen. Barnetik neskak:
Nor da hor ?
Bihotza estu eta larri
gerlariak :
Ni nauzu, Hasan !
Ixil une luze bat izan zen…
Ate zirrikitutik Sarhak xuxurlatzen zion :
Barkatu Hasan !
Ez da aski toki, ttattola honetan, zuretzat eta enetzat. :
Gizona zaldi gainera igan eta
jin bezala joan zen. Sarhak berehala hari xuriz brodatu zuen
« Hasan » izena bere kapa urdinean.
Gau haizetsu batez, beste
gazte lerden bat menturatu zen itsas-untziz. :
Nor dator ?
Ni nauzu, Ali !
Erantzun zion itsas-gizonak ozen.
Haize zirrimolan entzun zuen
barnetik :
Ali , zure eta
ene artean bat sobera da ttattola hontan bizitzeko. Haizeak lagun
zaitzala berriz etxera.
Berehala hari xuriz brodatu
zuen « Ali » izena.
Hameka ilargi berri izan
ziren eta beste hainbeste gizon etorri zitzaizkion printze, gerlari,
eskale, ebasle…. Izen guziak hari xuriz brodatu zituen soineko
urdinean.
Hamabigarren
ilargian, Moktar delako batek, oinez jina, eskuak hutsik,
hatsa sendo, bi begiak izar, ttattolako atean jo zuen.
Nor zaitut zu ?
Ixil une luze bat izan zen.
Nor ziren erradazu !
Haizea intzirika bazabilan …
Galdatu dautzut nor
ziren !
Moktar atetik hurbildu
zen eta taula artekatik xuxurlatu zion :
Zu nauzu ! Zu eta
ni biak bat gaituzu !
Atea ideki zen. Ilunbean,
gizon gazteak emazteki zahar bat ikusi zuen. Aurpegia hits, ileak
gris, larrua ximur, gorputza hezur eta larru, soineko urdin lodi
batean borobilkatua; bainan begiak argi eta ezti. Sorbalda gainean,
hari xuriz brodatua ikusi zuen « Hasan » izena … Pirua
punttatik tiratu eta izena desegin zen. Haria atetik kanpo, gaueko
haizeari bota zion. Beste bat «Ali », desegin zuen, hura ere
gaueko haizeari eman. Izen brodatu bat kentzen zuen aldi oro, Sarhari
aurpegiko zimurdura bat joaten zitzaion. Kapako izenak oro kendu
zituenean, emaztearen aurpegiak gaztaroko, leun eta dirdira bera
zaukan. Udaberriaren gordin gozo bera senditu zuten biek beren
baitan.…Biak bat orain, eskuz esku, etxerako bide luzea hartu
zuten… Haizeak haien herrestoak aspalditik ezabatuak ditu… Nola
zendu direla ez dutan entzun, beti bizi izan behar dute.
Zuen
haurreri…Maitasun guzia emanik, haien gorputzaz arta zaitezkete,
ez haien arimaz.
Haien arima
biharko etxean bizi da. Hau ez dezakezue bisita, ez ametsez ere.
Bizia beti
aintzina baitoa.
Khalil Gibran
Sakai
mendiko ote zaharrak sutan ezarri dituzte laborariek. Bele-ama bere
hiru umeak bizirik atera beharrez hasten da bat bestearen ondotik
Behereko-Bordako oihaneko kabi zaharrera eramaiten. Hirur ditu
hazteko eta orain hiruak salbatzeko!
Denak batean ezin eraman, zaharrena aztaparretan hartu
eta badoa airez aire kearen gainetik, Errekagorriko errekan gaindi.
Badoala, umeari galdatzen dio :
Hi.
To? Nor artatuko duk nitaz, zaharturik, hegalez ibili ezingo nauk
eta ?
Hortan
umeak beldurrez ikaran :
Ama!
Ala fede! Ni, zutaz artatuko nauzu, beti. !
Amak
ez du sinetsi. Badaki eta ez duela egia erraiten. Laxaturik, ttipia
kean behera desagertu da…
Bigarren
umeari, airez aire eramaiten duela, galdera bera egin dio. Umeak
daldarak harturik :
Nik
maite zaitut, ama, ez zaitut sekulan beharrean utziko!
Amak
senditu du ez dela egiaz ari eta utzi du kean behera…
Azkenari,
aztaparretan duela, kearen gainetik galdatzen dio :
Hi?
Nor artatuko duk nitaz, zahartua eta ezindua izanen naukalarik?
Nik!!
Nola lagunduko zaitut? Nihauren umeak izanen ditut artatzeko-ta.
Amak
ume hau sinetsi du eta biak Behereko Bordako gaztenatze zaharrean
kabitu dira.
Egunak
joan egunak jin, Behereko-Bordako alorrean laborariak artoa erein
berri du. Bazterretako gaztenatzetan, beleak katzakan : « Kroa,
kroa, kroa . » . Ama zaharra belekumeari ari zaio
azken sekretuen irakasten. Bele gazteak, jadanik gotortuak, badazki
airean ibiltzeko jukutria guziak.
–
Orai, seme, badakik hegaldatzen. Ikasia duk pazientzia. Badakik nun
lurra aztaparkatu, nola pikorrak harrapatu, lagunak nola deitu,
goseteari nola ihardoki … Errekagorriko zoko moko guzietara joan
haiteke eta urrunago ere. Joan aitzin, halere, aholku pare bat! –
Entzuten zaitut ! Ama !
–
Beha ezak arto alor hau, ikusten baduk gizon bat hor gaindi heldu
burdinezko ziri luze beltz bat besapean, kasu-emak ! Hoa
urrun !! Tiro eginen dauk !
–
Ulertu dut !
–
Beste bat oraino ! Alor bazterrean ikusten baduk gizon bat,
bapatean ukurtzen, leku hadi xixtu bizian ! Harri baten hartzen
ari duk hiri botatzeko !
–
Gogoan hartu dut, Ama!
–
Eta azken hau, semetxo ! Gizonak ez badik lurrean deus biltzen
eta ez badik deus ere beso azpian, lasai , ez dik balio odol
gaiztorik egitea !
–
Nolaz diozu holakorik, Amatto ? Ni, lasai ? Ez ez !
Ihes joango naiz fuera-futre ! Sekulan, harri bat balin badu
sakelan edo nik dakita zer satorkeria, azerikeria edo zakurkeria
gogoan ?
–
Hoa hemendik, semetxo. Nik bezain bat badakik ! Bizitzen balin
badakik, aski badakik!
Antso Gartzez, Nafarroko erregeak deliberatu zuen behar zuela gaztelu eder bat eraiki Euskal mendietako leku mitiko batean, erresumako lekurik ederrenean : Ortzanzurietako kaskoan.
Bainan erret kontseilariek,
minixtroek eta aztiek ezetz!
Nehondik ez duzu
palaziorik egin behar Ortzanzurieta mendian. Mendi madarikatua da.
Ortziak edota aire gaixtoak noiz nahi jotzen du. Deabruaren egoitza
bera da!
Erregea tematu zen. :
Ene erresuma guzian ez
dut gune ederragorik aurkitzen. Palazio ederrena leku ederrenean eta
kitto !
Hola bada madarikazioa
altxateko, gazteluaren harresietan beharko duzu haur bat bizirik
ehortzi!!
Ehortzi behar badugu
ehortziko dugu !
Nafarroako lau haizetara
bidali zituen mezulariak zaldiz, errepikatuz : “ Nork ere bere
haurra emanen baitu erresumari, erregeari, Ortzanzurietako
gaztelupeko harresietan ehortzia izateko, haurraren pisuaren
araberako urrearekin ordaindua izanen da.”
Nehor ez zen azaldu.
Alabaina, zein burraso izanen da aski bihozgabea bere haurra emateko,
bizirik ehortzia izateko ? Hiru urteren buruan halere emazte
batek jo zuen Antso Gartzez-en Iruñeko jauregiko atean. Emaztea
hezur eta larru zen, eri, ezindua, bere azkenetan, etsitua.
Harrazue ene hamar
urteko alaba. Behar gorrian naiz. Nehondik ezin dut behar bezala
hazi ere.
Erregeak haurra jauregian
hartu zuen eta amak ukan zuen ordaina urrez.
Gaztelua eraikitzen hasi
zutelarik ehortzia izateko une latz hura etorri zenean, Antsok deitu
zuen neskatxa Iruñeko gortera, kontseilariekin hor zagolarik bildua.
Ehortzia izan aintzin,
haurra, zer litzateke zure azken desira ?
Deus guti. Halere
baditut bizpahiru galdera egiteko zure ingurukoeri, horien
erantzunak nahi nituzke entzun.
Mintza ! Zein dira zure
galderak ?
Zure jendeentzat zer da,
gure munduan, gauzarik arinena ? Zer da goxoena ? Zer da
gogorrena ?
Jakintsuak eta kontseilariak
elgarretaratu ziren… Adosturik, aski laster, itzuli ziren.
Gauzarik arinena
guretzat da lumatxa! Nahiz batzuek dioten airea bera dela !
Lumatxa airatzen denaz gero arinago izan behar da. Gauzarik goxoena
gure ustez eztia da.
Gauzarik
gogorrena aldiz, adituek diamantea dela diote !
Neskatxa brauki aintzineratu
zitzaien :
Zer erantzun arruntak !
Ez da eskola handikoa izan behar holako erantzunen emateko.
Ez,
jaunak ! Gauza arinena gure munduan ñiñi ttipi da, bere
amaren besoetan. Amak hain du maite nun ez baitu ñiñiaren pisua
senditzen ere, atxikiago eta arinago ordea…
Gauzarik
goxoena ? Ez da eztia ! Ñiñi batentzat ez da amaren
bularra baino goxoagorik. Ez da sekulan aski asetzen. Gauza gogorrena
?… Ezin jasana ama batentzat… jakitea, alaba bizirik harresi
batean ehortziko diotela.
Hortan Antso brauki zutitu
zen :
Eramazue berehala
neskatxa hau amarenganat !!
Ez da sekulan gaztelurik
ikusi Ortzanzurietako kaskoan.
Gartzea
III. a Naiarakoa, orduan Iruñeko errege egin berria zen. Ramiro
anaiak kontra egin zion Nafarroako lurrez jabetu nahiz. 1035 urte
inguruetan Tafallan gertatu zen bi anaien armaden arteko gudua eta
Gartzeak menderatu zuen Ramiro anaia.
Orain
Naiaran gaude, orduan Errioxako hiriburuan, Nafarroako erregeen
egoitzan.
Jauregiko
jateko sala nagusiko atetik gizon arrunt bat sartzen da. Gartzea hor
dago mahainean jarria, zenbait aitoren semez eta guardiaz inguratua,
bazkal ondoko asebetea gozatzen. Bisitaria, erreberentzia apal
eginik, hasten zaio :
Maiestate
! Ni nauzu, Luis Rebollar bardo-kontalaria… Populuak bidali nau
mezulari. Aski badugu zuen anaien arteko guduekin. Judu, musulman,
kiristi, nomada, eskale, menditar edo hiritar, jendeak jendea balio
du. Zu Nafarroako Errege, Gartzea hirugarrena, zuri tokatzen zaizu
erakustea bihotz handiko bai eta goi mailako zalduna zirela,
barkamenarekin bakea eskainiz populuari.
Hitz
ederrak… Nork daki ez ziren eraile bat ?
Ni
kontalaria nauzu… bardoa.
Hea
bada, bardoa zirela eta, erradazu nortzat naukazun ? Zakur? Asto ?
Azeri ? Oilar? Ardi ?
ASTO
! Dudarik gabe !
Guardiak
oro jauzian zutitu dira, eskua puñalean. Gartzeak besoak zabalduz :
Lasai
! Jaunak, jar zaitezte ! … Beraz, kontalari, asto naizela diozu ?
“ Bai,
gure zeruko Aitak, mundu hau sortu zuelarik animalia gotor
bakoitzari bizi iraupen berdin-berdina eman zion. Hogoita hamar
urte. Denbora luze baten buruan astoa jin zitzaioan eskatuz, otoi
bizia labur ziezaion. Leher egiten zuela ikaragarriko zamak eta
jendeak ezin eramanez. Bizkarra eta belaunak minbera. Bizia
kurutzearen bide zitzaiola.
Eta
zeruko Jainko aitak, doluturik, 12 urte kendu zizkion.
Ondotik
zakurra, hatsankatua, hurbildu zitzaion otoitzez :
Jauna,
horrenbeste urte ! Sobera zait ! laster harat, laster hunak, beti
lurrean etzana, gauez gau iratzarririk, saingaka, zaunkaka eta
haumaka…Ez jan, ez lo onik! Lepotik kate eta tripan ostiko. Aski!
Zeruko
Aitak 18 urte kendu zizkion hor berean.
Gero
, horra behia hurbiltzen zaiola pausoki. Marrumaz, zahartzearekin
beti-ta gehiago xahal eta esne eman behar, noiznahi uztarrian edo
barrukian lotua. Hea bada bere bizi tristeari hamar urte kentzen ahal
zizkionetz ? Baietz eta kendu.
Gizakumea
ere otoizka hasi zen. Hau ere kexati.
Jauna
! Baina 30 urte ez da aski guretzat. Horrenbeste gauza interesgarri
bada egiteko bizian, ikasteko eta gozatzeko… Mila ikusteko sortuak
gira…
Jaungoiko onak, deus erran gabe, astoari
kendu hamabi urteak, zakurraren hemezortziak eta behiaren hamarrak
eman zizkion gizakumeari. Horra zergaitik gure bizi iraupena 70
urtekoa den.
Eta zu, Gartzea, astoaren adin bete
betean zira, ikaragarriko lan zamak pazientziarekin jasaiteko gai.
Ondoko hemezortzi urtez zakurtuko zira, alde guzietarik saingaka,
lasterka eta ausikika… Azkeneko urteetan, heltzen bazira,
zaharminak joa behi bilakatuko zira. Barruki zokoan, astiro,
hausnarrean, azken putarrak eta adarkadak banatuz. Hortarako diozut
zure adinean astotan zirela ! Bihotzeko gizon zirelako, anaiari
askatasuna eta zaldia utzi dizkiozu, beraz orroit nolako errespetua
ere zor diozun animalia bakoitzari. Haien biziaz gain, haien lanaz
eta haragiaz gain, zenbat zerbitzu ez dauzkizu emaiten !”
Eta
ixiltasunean, gurtza biziki apal eginik Luis atera da gibelka.
Kreatzailea,
mundu hau eta mundutar guziak sortu zituenean, zazpigarren egunean,
pausatu zen. Horrenbestez, itzaletik atera ziren sentimendu, akats
eta kalitate guziak elgarrekin pesta egiteko. Harat eta honat
zabiltzan zer egin ez jakinez, nun eta Irudimenak agudo proposatu
baitzuen :” Zergaitik ez josta kuku-gordeka ? “
Kuriositateak
berehala, sudurra luzatuz: “Nola jostatzen da kuku-gordeka ?”
Zorakeriak harro : “Bai! Josta gaitezen kuku-gordeka! Nik, begiak
tapatu eta ehunera kondatuko dut, anartean zuek denak gordetzen
zirezte, nahi duzuen tokian. Lehenik atxematen dudanak ordezkatuko
nau.”
Duda-muda
daldaran emaiten da berehala:
Galtzen
badut, zer bilakatuko naiz ?
Ni
ere zuhurki jokatuko naiz dio Nagiak
Nik
ez dut nahi hemendik mugitu salatzen du bere aldetik Alferkeriak.
Hiruak
elgarrekin beti bazterrez doaz eta.
Zalutasuna
eta Bizkortasuna bristean desagertu ziren eta Poza, jauzi punpeka,
irriz lekutu. Fedea joan zen zeruan gora Jaungoikoagana. Pasionea
aldiz ikatz gorrian sartu. Ezazolkeria listafin kafira batetan
sarturik fite atera zela!
Garaipena
arbola puntara igan zen, Gutiziak hurbiletik segiturik.
Bakardadea
sartu zen sotoko upel batean, nehorren ondoan ez gorde nahiz.
Jakintasuna oraino kalkulan zabilan nun aurkitu gordagirik segurrena.
Esperantza ttiki-ttiki egin zen adar puntta-punttako begian.
Bapatean, Tontokeriak atera zuen:
Zer
da egiten ari giren joko hau ?
Ezkorra,
Pesimista, jadanik etsiturik zabilan:
Ez
naiz ari ! Ez dut sekulan irabazten.
Justiziak
(Zuzentasunak) hartzen du Egia eskutik :
Nor
harrapatua izan da lehenik ? Alferkeria, hor berean da kukutua harri
baten gibelean. Kuriositatea atera da gero, jakin nahiz nun gordeak
diren besteak. Tzarkeria atera da ere salatzeko nun diren Zuhurtzia,
Emankortasuna, Eskuzabaltasuna, Diskrezioa eta beste ainitz…
Maltzurkeria ixilka Zorakeriari hurbildu zaio :
Justizia
eta Egia errekan gordeak dira.
Hitz
hauek entzun bezain laster Justiziak urak zikindu ditu, Egia ez
dezaten ikus. Egia ikusia izan delata, Justizia Zorakeriaren
gibeletik lasterka joan zaio: “Ezetz! Egia ez dutela ikusi!”
Horra nun behaztopatzen den eta erortzen. Zangoa beharturik segiten
du, amor eman gabe, gaur ere oraino, beti maingu, egia nun eta
nolakoa den adierazi nahiz.
Oraindik
bat falta da !
MAITASUNA !
Maitasuna
atera zaitez ! Irabazi duzu!
Nehork
ez du ikusi. Tzarkeriak ahapetik:
Lorategian
gordea da.
Zorakeriak
makila hartzen du, jo eta jo, larrosa zangarrak eta elorri sistak,
zanpaka, baztertuz. Horra nun Maitasuna ateratzen den, larrosa lore
gorri batetatik, karrasika, begiak odoletan. Makilak eta elorriek bi
begiak leherturik, arrunt itsutua. Zorakeriari, gaizoari, arras
damutu zaio bere abrekeria eta hitzeman dio behin betiko:
Zaude
lasai ni beti ondoan izanen nauzu.
Geroztik
Maitasuna beti da itsu, Zorakeriarekin bi-biak etengabe elgarrekin
doaz.
Gizona gaztea, zintzoa eta
argia zen. Gaztarotik, errabia batek hartu zuen. “Egia” non zen,
zer zen jakin nahi zuen. Lehenik eskola handietako liburuetan bilatu
zuen. Filosofiazko, erlisiozko, zientziazko liburuak irakurri zituen.
Bakoitzak zion hura bera zela egiaren jabe, proba eta arrazoin guziak
emanez; beste guziak gezurretan zabiltzala. Erlisioak berak dozenaka
baziren denak elgarren aurka. Maisu handiek liburuetan ikasiak
errepikatzen zituzten.
Halako moldez,
merkatu izkin batetik pasatzean, itsu zahar batek erran zion :
Oh ! zure delako « Egia »
emazte eder bat besterik ez duzu. Zoragarria : goizargia bezain
distiratsua, gaztea, eta gozoa, gozoetan gozoena. Hots :
izaiten ahal den emazte gutiziagarriena. Emazte hura ezagutuz geroz
ez duzu beste bat ez hurbildu, ez maitatu nahiko ere.
Perla arraro
hura atxeman behar gorriak, gizon gazteari, bihotza erre zion. Ez
zuen nehoiz bakerik ardietsiko emazte hura ezagutu gabe. Goiz batez,
makila eskuan, xapela buruan, jalgi zen herritik, munduko bideetan
zehar, egiaren gibeletik… Herri batetara heltzean galdatzen
zuen :
“Egia” zuen herrira etorri
omen da. Ikusi ote duzue ?
Eta aldi oro entzuten zuen kasik
erantzun bera :
Bai, bai ! Hemen egon da zenbait
denbora bainan gero, bere egiatik zerbait utzirik, auzoko herrira
lekutu da. Zoaz, zoaz urrunago, kausituko duzu !!
Ainitz ibilirik,
nahiko solas eta pentsaketa entzunik, erranik eta eztabaidaturik;
bizitzaren erdia herriz herri iraganik; deliberatu zuen, jendeak
utziko zituela eta naturari buruz itzuliko zela. Segur, ama naturak
erakutsiko ziola “Egia”-ren bidea. Eta sekulako jakintza,
edertasuna kausitu zuen den mendren mamutx batean. Iturri bizien
alaitasunak egitik zerbait salatzen zion. Zuhaitzek, itsasoak,
landareek, xoriek bakoitzak bere maneran, mezu bera erraten zion :
“Bai, « Egia » hemendik pasatu da eta bere hartarik
zerbait utzi dauku. Bila ezazu oraino urrunago.”
Zahartu ondoan ere
gizonak ez zuen amor eman. Basamortu eta ibaiak kasik denak
zeharkaturik, bapatean gelditu zen, hor, mendi gorenen oinetan. Oihu
egin zion mendiari
Zu ederretan ederrena! Zuk
badakikezu non dagon «Egia »!
Bai, hemen nire baitan daukazu! Ni
nauzu “Egia” ! Bainan bidaiariren ezagun-begiak
aspalditik ikasia zuen gezurra egiaren soinekoz jantzirik ibiltzen
zela. Gezurra zion. Jo zuen aintzina.
Ez zen urrun joan.
Munduaren puntaren puntara heldua zen, ibar zolan sartu zen, harpe
ilun bat besterik ez zen. Polliki sartu zen. Begiak ilunbeari jarri
zitzaizkionean, ikusi zuen emazte zahar bat konkortua, ileak zuri,
larrua arrunt zimurdikatua. Berehala bazakien delako “Egia” zela.
Makila pausatu eta xapela kendu zuen. Goibel zen, emaztea hain
itsusia ikusirik…
– “Zu ote zira
“Egia” ? Nire bizi luze guzian bilatu zaitut ! Zergaitik
ihes egiten daukuzu ?
« Egiak » ez zion
erantzunik eman. Ixil une luze bat izan zen.
Orain joan behar naiz! Badakit
“Egia” zirela eta ez zirela hemendik aterako. Herritarreri zer
erran behar diotet ?
Arrazoin duzu “Egia” norbait
dela ? Ni naizela ez da arras hala! Bainan delako Norbait horrek
egun batez erran zuen “Ni naiz, bidea, egia eta bizia” . Haren
baitan aurkituko duzu “Egia”. Zu zintzoa zira, etxerako bidean,
bilatzen segitzen baduzu, aurkituko duzu.
Makila eskuan eta
xapela buruan, bidaiari zaharra, harpetik ateratzekotan zen :
Eup! Zu! Eta erraiezu, zure
herritarreri : “Ni “egia” emazte eder bat naizela : goizargia
bezain distiratsua, gaztea, eta goxoetan goxoena.”
Konpostelako
pelegrin batek kondatzen du « Ginokatus » quidam
delako baten ixtorio hau. Ginokatus ofizoaz zirkoko juglarea da :
jauzikarien printze, ilargiaren seme, eroen maisu, astoen errege.
Lepoa lau aldiz hausteko zorian egona, kasik bekatu mortalean bizi
izana… Egun batez graziak hunkiturik deliberoa hartzen du Andredena
Mariaren zerbitzuko emaitea bere bizia. Soka, pilotak, tapiza,
kobrezko birlak laguneri emanik, sakelak hutsik, komentuan sartu da.
Abadea,
jakintza eta zuhurtzia handiko gizona ez da batere fida.
“Ginokatus”
seme maitea ! Zer dakizu egiten Jaunaren zerbitzuko ?
Zer
dakidan ? Deus guti ! Badakit zernahi jauzi egiten,
zaldi-ferratzen, behien sangaratzen….
Haurride
maitea, hobe duzu zure bidea zirkoan segitzea. Ez zira on gure
komentuko ! Hemen Jaungoikoa adoratzen dugu gau eta egun.
Andredena Maria otoizten. Lana eginik, kantatzen: hymnis
et canticis. Horien
denen ikasteko adina pasatua duzu.
Bainan
juglareak ez du amor ematen. Hain du tematsuki otoiztu Abadea nun
onartu baitute komentuan.
Multo
modo,
mila maneraz zerbitzu emana da juglarea : baratze-zain,
sukaldari, zurgin, zapatain, jostun, nik dakita … Buruz tonto
bainan laneko pronto. … Elizako liburu lodien hitzak, salmoen
kantuak xorienak bezain misterio zaizkio.
Elizkizunetan,
zintzoki belaunikatu orduko besteak zutik. Besteek Kantua finitu-ta
hunek lau loriretan lelo-lelo aintzina. Besteen gibeletik beti.
Elizkizunen ederra noiz nahi histen du. Halako batez Abade buruak
deitzen du :
Ofizio
denboretan ez zaitugu gurekin elizan nahi !
Aita!
Egin bedi zure nahia!
Gaur,
Andramariko bezperen ondotik fraileak atera orduko gure juglarea
elizan sartzen da, bakarrik. Umilki belauniko emaiten da Andredena
Mariaren aldarearen aintzinean,
Andere
Jainkoa! Damu dut ! Ez dut zuretzat, latinezko otoitzik
ezagutzen.
Andere
Jainkoa barkatu ene tontokeriak. Ez naiz sekulan eskolan izan eta
nehork ez daut otoitzik ikasi. Dakidan gauza bakarra da zirko lana !
Salto guziak badazkit. Otoitzaren partez nahi bazinitu onartu ene
jauzi batzu ?
Galtzak
altxatu, ontutsik, hasten da itxulingoen egiten : briu brau, salto ta
brinko.
Jauzien
artetik oihu bat botatzen dio Ama Birjinari :
Andere
Jainkoa, orain zuretzat, salto doblea!
Maria
Jainkoa! orain salto inglesa!
Hor
gaindi gertatzen da fraile sakristaua. Harriturik tarrapatan joaten
zaio abade nagusiari erraitera:
Gure
juglarea deabruak bere eskuetan derabila !!
Abadea
jauzian jausten da elizako atera. Ate artekatik horra bi begi pare
so… Gure juglarea han, aldare aintzinean, mattin-salto bat bezala
jauzika.
Gero
eta ausartago gure gizona. Memento batez abiadura handi bat hartzen
du eliza zolatik eta punpez, airean, bat, bi, behar bada hiru
itxulingo egiten ditu eta aldare aintzinen erortzen da, hedailo.
Orduan,
ate artekatik, lau begiek ikusi dute Ama Birjina ukurtzen. Eskua
luzatzen, bere zetazko arropa urdinarekin juglareari kopetako izerdia
pollikiño xukatzen. Abadea, zur eta lur, begiak hetsirik zeinatu
da! Bere baitaratu ondoan, humilki joan zaio zutitzen laguntzera…
“Bai,
dohatsu bihotz garbiak”