Archives de catégorie : Ibilaldiak

Irulegi

Apotropaikoa

Peio Jorajuria

Herria, 2023-03-30

Denek aipatzen-eta, ez geunden gu ere harainoko itzulia egin gabe. Joan den astean lagun batzuk –Euskaltzaleen Biltzarreko seikote bat– joan gatzaizkio bisitaz. Aitzineko aste eta hilabeteetan bertze ehunka lagun joan zitzaizkion bezala. Ilundain herrixkatik abiaturik oinez (autoeri debekatua baita gorago joaitea), eta Lakidain herrixkan gora orentsu bateko malda noiztenka aski patartsua iganik, hara heltzen girela inguruz inguru bista miresgarria duen kaskora. Bai, zer bista gain hartarik! Urrunera, alde batetik Auñamendi eta haren auzoko gailurrak ageri, bestetik Aralarko mendiak eta ere Erreniegako mendilerroa, Jakobe bideetako ibiltariek ongi ezagutzen dutena. Baina ez ginen baitezpada bistarentzat joanak kasko hortara. Bagenuen besterik ere ikusi nahian: duela guti aurkitua izan den brontzezko esku famatuaren sehaska, Irulegi tontor gainean, Nafarroan, Iruñetik dozena bat kilometrotan.

Han daude burdin aroko gazteluaren hondakinak, han ere lurpean orduko herrixkaren aztarnak, 2200 urte baino zaharragokoak. Arkeologoek, abiatuak dituzten miaketetan, aurkitu dute delako eskua, etxe bateko atean objektu apotropaiko gisa erabilia izan zitekeena, idazki baskonikoekin, hots gure aspaldiko arbasoen euskara izan zitekeenean. Zorte ona eta ongi-etorriaren eskua. Hunkigarri zitzaigun ordoki hortako arima bereziaz gozatzea. Euskararentzat dugun atxikimendu handia are indartsuago sendi genuela gu baitan.

Euskara da, alabaina, Euskal Herriaren zimendura, euskararik gabe ez baita Euskal Herririk. Baina mendeetako altxor hori nahi daukute behin betikoz suntsitu. Frantziako hezkunde ministerioak onartu berri du brebetako probak osoki euskaraz iragaitea. Borroka luze baten garaipena, agurtzekoa. Baina oro har garaipen ttipia, hainbertze baita oraindik irabazteko. Eta hizkuntzaren alorrean bezala, kultura, lurra, etxebizitza eta instituzioen alorretan ere, denak lotuak baitira, dena bat baita. Gero-eta erdaldun gehiago daukan lurralde huntan, dena behar dugu hortzez eta haginez zaindu.

Bazkaltzen edo indar berritzen Irulegi garaiturik!

“Apotropaiko” hitza erabili dut gorago. Ez uste izan jakintsu handi nahi dudala agertu hitz hori erabiltzean. Irulegiko gainetatik itzultzean, Iruñeko jatetxe batean dugu bazkaldu, eta gure taldeko batek du hitz hori mahai gainera bota, gure solasen menuan ezarriz. Beste mahaikideek ezagutzen ez genuen hitza. Denbora batez, ez hain aspaldi arte, Irulegiko eskuaren gisan, baziren objektu apotropaikoak (edo gerizatzaileak) etxe askotako ateetan, hala nola eguzki-loreak. Zorte onaren ikurrak. Gaur, haatik, ez baita gisa hortako objektu apotropaikoen ezartzea aski, gure altxor guzien begiratzeko! Gure erresistentziak du objektu apotropaikoaren betebeharra beteko.

Irulegin Piarres Aintziart gogoetatua.

Ibilaldi zoragarri horren ondotik huna idatzi duen testu ederra:

Behar genuela, guk ere,

Beste anitzek bezala,

Irulegi gailur famatu

Hura bisitatu,

Zorionez Sorioneku!

Anitzek uste dute

Euskaltzaleen Biltzarra,

Bazkaltzaleen Biltzarra dela.

Eta, usu, uste izatea, sinestea,

Kasik egia eta jakitate

Bilakatzen dira.

Baina egun hartan hasteko,

Indartsu eta gihartsu

Geuden gain haietan,

Sei ginen, Etiennette,

Gure president Mixel,

Beñat, Jean Claude, Peio eta ni.

Bi beribil, bi hirukote.

Hitzordua Arangurenen,

Iruñeatik ez urrun.

Aranguren beraz. Gure autoa bakarrik.

Jean Claude, mediku baten

Zehaztasun zientifikoarekin,

Bere smartphonean pianotatuz ari,

Denbora eta espazioa menperatzeko.

Ilundainen elkartu gara.

Autoak no man’s land batean utzi

Eta jo pista patartsuari,

Espazioa gainditu beharrez,

Eta menderen mendeetako

Denboraren mirakuluzko istantearen

Bila, Irulegiko eskuan.

Lakidain herrixka zeharkatua,

Eta patarra beti bereari.

Hona pankarta, eskuin aldeko

Xendra hertsira gomitatuz.

Orduan dira jazo

Euskaltzaleen Biltzarrak

Mende oso batean

Ezagutu ez dituen, egin ez dituzkeen

Gertakaria eta ikuskaria:

Gune prosaikoan

Une poetiko bat,

Kasik epikoa berdin.

« Poesia bat zen »

Erranen zuen gero Etiennetek.

Lohi, istil, lokatzean,

Bidexkaren lur lerrakorrean,

Dantza bat marraztua izan da.

Etiennette oinetako

Fluo arinekin etorria zigun,

Urrats bakoitz erortzekotan.

Orduan gure Mixel sherpak

( Geroztik  » sherpa à grand chose »

Ezin erran beraz )

Kortesia hutsez,

Dantzari baten jestu

 Segur eta elegante batez,

Eskua eman dio Etiennetti,

Eta biek, otarraren

Isilune hunkigarrian,

Oholtza arriskutsuan,

Inprobisazio hutsez

Halako bigarren kanope bat

Deseinatu dute.

Beñat, sesiturik, tente

Gelditu da, ez baitezpada

Hatsa hartu beharrez, baizik

Xalbador batek, edo Mattinek.

Ala Xanpunek?

Zer erranen zuketen gogoan.

Orduan gaitu Peioren hitzak iratzarri:

« Arribatuak gira. Gaztelua ageri da ».

Aztarnategia eskuin, gaztelua gain hartan.

Gure historia zaharrean murgildurik gaude,

Baskoiek  gure ganat igorri

Oihartzun bat entzunez bezala.

Gazteluaren inguru osoan,

Baserri zabal bat, dena uhindura,

Han hemenka herri ttitta xuriak,

Beren izen poetikoekin,

Aranguren, Lakidain, Ilundain beraz

Eta ere Gongora, Idoate, Ustarroz.

Peiok ‘Gure hitza’ editorean

Aipatzen dituen Auñamendia, Aralar mendilerroa.

Eta Santiagorako erromesek ongi ezagutzen duten Erreniega,

Hantxe ageri den Iruñeatik hurbil.

Eta zeruan helikopteroak:

Betiko Baskoien zain?

Eta ere  gu seien gainean

Saien maistatezko hegaldia.

Eta gu orain, apostolu  apotropaikoak,

Jo ‘ El mercato’ ostatura,

Nafarroako hiriburuan.


Piarres Aintziart (2023ko apirilaren 12-ko E-Maila)