Gure azken Burulehenak bere kargua utzi duelarik Azkaingo herrikoetxean ginen lau lekukoren aitzinean ez dugu jakin zer ihardets galde horri, baina geroztik Hegoaldeko ta Iparraldeko beste bospasei lagunekin hitzarturik, aitortzen dugu Heletako egun hau antolatzea erabaki dugula Etienne Salaberry-ren mezuaz oroituz. Lehengoak ez ahantz! erran zuen Garrako apezak eta hona Euskalzaleen Biltzarraren historia laburra.Erran zuen ere gure adiskide zenak Gerokoez oroit!
Hemen gaituzue beraz euskalzale multxo bat Euskal Herriaren adarra entzuteko eta entzunarazteko xede duena. Hemen dituzue behin behineko burulehen anderea Edurne Epalza Hebrard, Buruorde GilIermo Etxeberria, Idazkari Piarres Aintziart eta Diruzain Roger Artzubi, Herria kazetaren eta Gipuzkoako Egan aldizkariaren eta Euskal Herriko Adiskideen lagun bat edo besteekin. Guziek nahi genuke jakin, gaur hemendik aterako ote den ondoko egunetan euskararen laguntzeko prest dagoen elkarte sendo bat, aitzinekoen ildoari jarraikiz geroaren menturan. Nahi duenak eman beza bere izena! Piarres Charritton eta lagunak, Heletan, 2003 ko urriaren 26an |