Andde Luberriagaren saila (1988-2001)
1988an, Michel Itzainak utzi ziolarik Azkaingo auzapez eta Uztaritzeko kontseilari orokorrari Euskalzaleen Biltzarraren ardura, Andde Luberriagari gogoratu zitzaion. Hendaiako Herriko-Etxe xaharrean oroitarri baten ezartzea eta 1990ean beste baten emaitea Hondarribiko Herriko-Etxean, mende hastapeneko bilkuren oroitzapenetan.
Eta gero Euskalzaleen ohiturari jarraikiz omenaldi eder bat eskaini zion Azkaingo herriak Piarres Larzabal apez eta euskaltzain herriko semé zenari 1992ko irailaren 26an.
1996eko uztailaren 14 ean aldiz beste omenaldi bat antolatu zuen Euskalzaleen Biltzarrak Alduden, J. Etchepare idazle handi zenaren ohoretan.
Baina ez da bestarik eskas gaur egun Euskal Herriko bazterretan, azkenekotz Euskalzaleen Biltzarrak egin duen lanik baliosena iragan urteetan izan da, nik uste, euskal liburu ederren argitaratzeaz eta hedatzeaz arduratuz. Horri esker baditugu euskalzaleek eskutan :
Guide de la conversation français—basque ;
Zerbitzariren Azkaine ene herria ;
Jean Etcheparen 5 tomoak (1984-1996) ;
Piarres Larzabalen 7 tomoak (1991-1998),
Manex Erdozaincyren Hinki Hanka,(1995) ;
J.B. Dirassaren Hegiko Bordatik(1995) ;
Pierre Narbaitzen Kattalinen gogoetak (1999) ;
Mixel Itzainaren Michel Labéguerie(1999) ;
Benat Dagorreten Beilaria, zertan da gaua? (2000).
Ez da segur gutiz uztekoa, eta euskalzaleen esker onak hartze dituzte gutartean ditugun Michel Itzaina, Andde Luberriaga eta haien lankideek, baina hainbeste elkarte, erakunde eta talde ari direlarik, zein bere aldetik, hain aspaldian dirauen gure euskararen bataila irabazi beharrez eta etsaiari gaina ezin hartuz, ba ote da oraino euskalzaleen biltzarraren beharrik?