Hileko artxiboak: 2020-04

Nor zaitut zu ?

   Baratze bat nahi deitzü egin

Amets segeretüenekilan…

Pier Paul Berzaitz

Donibane Garaziko merkatuan gizon eta andere gazte hauek kurutzatzen dira. Pasatzean, batak besteari irriño bat eman dio.

Bi urrats egin eta gizon gaztea itzuliz, herabe, menturatzen da :

  • Errazu, Andere gaztea! Uste dut zu jadanik nunbaitik ezagutzen zaitudala !

Neskak matelak gorri :

  • Ez ! Ez! Ez dut batere holakorik uste !

Bainan hatsa hartu eta gizonari hurbildurik, begietan begiratzen dio :

  • Bitxia da, eni ere iduri zait zure aurpegi hori ez zaidala batere arrotza !

Eta holaxe biak sartu dira ondoko ostatu batean. Kafeño baten aintzinean, argitu beharrez noiztik bi bien irriñoak kurutzatu dituzten lehen aldikotz.

  • Zu, andere gaztea, ez zinena antzerkian ari ? Zu zinen, oroitzen naiz… ‘Herriko Botzak’…’Berta’-ren rola egiten zinuen. Zer irriak!! Biziki ongi orroitzen naiz zutaz.
  • Ee, ez ! Batere. Ez dut sekulan antzerkirik egin… Jes, bainan zu ez zinena pilotan hartzen? “Junior” mailan edo? Irulegiko plazan ikusia zaitut. Ene ondo ondoan lerratu eta  erori zinen. Lagundu zintudan zutitzen.
  • Ja!! Ez! Ez naiz sekulan pilotan jokatu. Arrunt mankerra* naiz.

Solasa arrunt aldrebes joan zaiote. Halere, hitzartu dira elgar ikusiko dutela hurrengo merkatu egun batez.

Bigarren aldi huntan, egun erdi bat pasatu dute elgarrekin. Atxeman dituzte mila gauza biek berdin gustukoak dituztenak : kanpoko bizia, mahastiak, bidaiak, kantua, haurrak eta nik dakita … Bata besteaz agradaturik, polliki polliki maitatzen hasi dira…

Hainbestetaraino nun, egun eder batez, Maixan eta Panpilik, besta handi bat eman baitute. Elgarri, familieri, auzoeri eta laguneri erran diote elgar maitez bizi nahi zutela.

Bizi zail, emankorra eraman dute, hiru haurrekin. Oro har erraiten ahal da bizi ederra. Ez zorionaren hegaletan beti, ez, bainan bizia bere betean …

Gaur Baigorriko zahar etxean, sala nagusian, adin handiko gizon konkortu herbail bat badabila makila eskuan, zangoak herrestan. Kurutzatu du emazteño mehe bat, ile xuriekin, « deambulateur » delako bati doi-doi loturik, ttipi-ttapa, urrats ñimiñoz doala…

Gizona, gelditurik, itzultzen zaio : 

  • Errazu, anderea, uste dut zu jadanik nunbaitik ezagutzen zaitutala !
  • Heee ? Ezagutzen ? Eee ! Ez dut uste !

Emazteak, erdi itzulirik, begitartea mutu, une luze batez, ongi begiztatzen du gizona.

  • Alta bada  ! Eni ere iduri zait zure aurpegi hori ez zaitala batere arrotza !

Biak jarri dira mahain batean buruz buru, jakiteko, noiztik eta nundik elgar ezagutzen duten. Pentsa eta pentsa, bat batean, Maixan-i izar bat pizten zaio begietan …

  • Eta bai ! Zu Panpili ! Badakit nondik ezagutzen zaitudan ! Ene bihotzaren erroetarik, zu ! Ene ametsen iturburuetarik.

Panpilik bere esku-bizkar hotzaren gainean sentitu du Maixan-en ahur bero daldaratia.

  • Jakina, Maixan maitea ! Zu ere, ezagutzen zaitut, ene amets min-minetarik. Ametsetan hasiz geroztik gogoan zaitut. Ha ha ha !

Johanes Bordazahar

  • malestruka?

Baldarreta

Batzuek diote Baldarretako itsas bazterrak baduela dohain berezi bat. Udaberriko hirugarren ilargi betean, itsas behera denean, mirari bat gertatzen omen da. Hondartza guzia ortutsik egiten bada, bakoitzak errestoetan ikus dezake bizia nolakoa izan duen…

Biak laborariak ziren, berriki erretretan sartuak. Igande arrats batez, kabalak moldatu, sukaldean gauza guziak altxatu, eta joan ziren Baldarretara. Hondartzan eskuz esku bazoatzin, hitzik erran gabe. Aspalditik, gaztaroaz geroztik funtsean, ez zuten denborarik hartu elgarrekin “menskeria”baten egiteko.

Itsas bazterrean goxo zen : uhainen burrunba ta galopa,  oinetan hondar xehearen kilika, uhainen zilarrezko aparra. Goxo zen behingoz denbora hartzea. Hondartza buruan, arroka baten gainean jarri ziren. Beren bizi guziko errestoak hor zeuden, lerro lerro.  

Ageri zen lehenik, han, noiz egin zituzten ezagutzak. Bat hiritik heldu zen, bestea etxekoa. Erresto arinak ziren haiek, kasik dantzatuak. Baziren urrats barnagoak : ezteiak, haur bakoitzaren sortzea, aita zaharraren heriotza, etxea zahar-berritu zuten urtea, barruki berria eraiki zutena.

Zenbat urrats ! Urte arruntak, sasoinez sasoin, beti aintzina, beti lanean, nehor haieri biziki ohartu gabe. Berek ere ahantzia zuten horrenbeste urrats eginik. Bi bien errestoak batzutan ez ziren ez hain hurbil. Halere, gizonak atseginez ikusten zuen emaztearen urratsak gehienetan biziki hurbildik jarraiki zitzaizkiola : elgar lagunduz, elgar lauzkatuz…

  • So-izu hor !  Urrats makur horiek. Mahastia errotik atera ginuen urtea ! Ba ta ondotik, ardiak saldu ginituen urtea !! PAC delakoan sartu ginelarik…’Quota’k…Primak…
  • Hara han « Gîte-a » muntatu ginuelarik. Zer lanak ! Zer kezkak !

Gizona emaztea besoetan amultsuki hartzekotan zen ohartu zelarik, memento batez, baten urratsak baizik ez zirela ageri. Oldarrean zutitu zen :

  • Jes ! Zer debru gertatu da hor ?
  • Gaixo zu ! Hori zen gure behi troparen hiltzera etorri zirelarik !
  • Oi oi Ama ! Behi-eroaren urtea ! Jin ziren, bai ! Egun hartan ez nauzu ikusi ! Ez nuen nehor ikusteko gutiziarik, ez eta nehork ikusia izaitekoa ere… Sabaian gorde nintzen, denak untsa hetsirik… Entzuten dut oraino behien orroa, sudurrean dut erre usaina. Soka hartu nuen eta gapirio baten gainetik bota… Putxas ! Putxas ! Bainan nun mila debru zinen, egun hartan ? Zure behar gorrian nintzen eta ?
  • Ixo ! Emazteak eskuarekin ahoa tapatu zion. Begira ezazu ontsa noren urratsak diren, ikus zein barna diren ! Egun hartan eta ondokoetan, nik ekarri zaitut bizkarrean, eta pizua zinen, jakizu ! Pizua !…

Denbora luzean egon ziren ixilik, elgarren besoetan. Orain, itsas zabaletik haize arin bat ari zen altxatzen.
      –    Hainbeste urrats ! Badea posible ! Iduri-ta bizia xita-miru joan zaukula ! Emaiten du gure biziak ez duela arto pikor balio izan !!

–   Ta ta ta ! Zenbat jende ez dugu gure lanetik hazi. Gure burrasoek emana hobetu eta aintzina eraman dugu… Arto pikorra, gure aldian, landatu dugu. Hozitu da eta jadanik landare egin eta burutuko da.

Oraikoan, uhain handiago batek errestoak ezabatu zituen. Marea goiti heldu zen. Gibelera abiatu ziren hondartzan, bata bestearen besoetan. Bazuten oraino frango urrats elgarrekin egiteko.

Johanes Bordazahar

Baigurako aingerua

Dohatsu bihotz barnez behartsuak,

haiena baita zeruetako erresuma (Mt 5, 3)

Baigura-zolako herrixka huntako eskolan eman zutelarik, burrasoak ohartu ziren Ñañe burutik ez zoala zuzen. Hamar urterekin eskolatik kendu behar izan zuten. Mutiko ona zen, gozoa, lasaia. Ez zion uli bati minik eginen. Komisioneak auzokoentzat edo etxondoan lanxkila batzu eginarazten zizkioten, xokoleta presa edo ogi-ta-erreximetarentzat edo berdin musu-truk.

  • Hiri, ez zaik deus gertatuko! Hik aingeru begiralea hirekin daukak!

Beti kantuz ari zen. Saskia bizkarrean edo behi azpien ateratzen, noiz nahi, elizako kantu bat ezpainetan. Zerbait emanez geroz nornahiri elizako kantu bat eskainiko zion. Hortarako “Kanttu” deitzen zuten.

Mutil kankaila ari zen egiten. Lepo mehea, beharri zabalak, sakatrapu aire batekin. Besoak zituen ohargarrienak, belaunetarainokoak. Haien puntan xuriketarien gisako bi palote sendo.

Herritar lagunek “xoro batentzat zaukaten”. Berdin zitzaion!  Kanttuk aingerua  zuen axola. Nun atxeman ? Eliza dorrean, lanoetan, baratze ixkinean ? …  Amatxik erasiatzen zuen  :

  • Baina, Ñañe ! Katiximan ez duka ikasi aingeruak zeruan direla.

Maiatza zen, elizako ateak irekiak. Mutiko lagun batek, irriño maltzurra begietan, erakutsi zion zilarrezko txanpona edo pieza berri-berria.

  • To! Ikusten dituk eliza barnean sokak?  Ezkilak orain berean jotzen badituk, pieza hirea duk.
  • Emak!
  • Ez ! Hik ezkilak jo lehenik.

Boneta lurrera bota, zeinatu, esku ahurretan tu eta jauzi batez lotu zen sokeri. Dilan dalan, jo ahala jo. Bi ezkilak boleran. Gure Kanttu irriz,  lagunak ihes. Apeza urrats handiz, sotana airean, berea golkoan, sartu elizan eta beso ukaldi fier batez  baztertu zuen mutikoa.  Kanttuk entzun zituela bereak eta aingeruarenak !  Deus salatu gabe haatik.

Delako trufaria laster atxeman zuen, ukabilak tinko, haserre gorrian :

  • Bota’zak hunat zilarrezko pieza!
  • Ez diat sosik enekin.
  • Ah, ez duk sosik ?

Begiak su, brauki paparotik hartu mutikoa eta lurretik altxatu zuen, besteak txanpona sakelatik lurrera utzi arte. Kanttuk bildu eta besainka errekara.

Biharamun batez, lano beltzak apal, ortzi aire zen. Jakinarazi zuen bazoala Baigura kaskora… Bere aingeruaren ondotik. Astiro bazabilan, kantuz.  Hiru lagunek, urrunetik segitu zuten. Gertatu zen mendipeko borda baten hegaztegi azpian bazela zurubia. Mutiko tzarrek lasterka zurubia Baigura kaskoraino hupatu zuten, Kantturen ixilik,  eta harroka baten gibelean gorde ziren.

Noizbat  mendi kaskora heldu zen Kanttu. Bazterrak lano. Zurubia lurrean.  Aingerurik ez.  

  • Bada norbait ?

Zerua mutu. Zurubiarekin lanoetan goiti igan beharrez hasi zen. Zurubia nehondik ezin zutik atxikaraziz, hameka aldiz  berriz hasi zen: lurrean ziloak eginez, harriekin kokatuz, alferrik. Lagunak gordean irriz. Memento batez zurubia zutik eman zuen, bizkarrari kontra, bere bi esku paloteekin finki atxikiz…  Orduan bai, hiru mutikoek, haien begiez, ikusi zutela, zurubi gainean, lanoetarik jausten … aingerua!

Harriturik, mututuak, lasterka jautsi ziren ikusi zutena ezin sinetsiz, ezin aitortuz … Alabaina, ez ote zen nornahiren baitan, gehiago miresteko mespretxatzeko baino ?

Johanes Bordazahar

1Kondaira zaharrek diote ortzi egunetan aingeru bat agertzen zela Baigura kaskoan.

Asto “Kalixto”

“Etzan!” oihukatzen badautzute zaude zutik!

Akitua bazira zaude “etzanik”!

Menditar gaztea, Urdantzian barna, hegoaldetik Baigorrira heldu da, bi astorekin, zahar bat eta gazte bat, biak gasnaz eta kontrabandoaz gainkargatuak. Jadanik eguerdi zahar, izerdi lapetan, Ahartzako lepoan pausa baten hartzera behartuak dira.  Bastak kendu, asto zaharra arbolaxka bati estekatu, eta “futxo!”! Asto gaztearen lotzeko soka falta! Oilarandoi kaskoko kapera ondoan ikusten du ermitaua so. Asto gaztearekin igaiten da kaperaraino.

  • Ba ote zinuke soka bat ene asto gazte hau estekatzeko, siesta denboran ?  Bestenaz “Kalixto” ñapur hau eskapatuko zait !
  • Jaun gazte! Ermitau batek ez du deus berea duenik.  Zertarako behar nuke soka bat?  

Erranen dauzut : astoarekin egizu estekatzen bazinu bezala, lepoa hastatuz, mintzatuz. Ahantzi gabe korapilo batekin arbolari artoski estekatzen duzula. Hitz dautzut astoa ez zaizula higituko.

Zer eginen zuen gure mutilak?  Sainduak errana !

Siestatik landa, Mirakulua! Kalixto hor berean dago, xintxo!  Bi animaliak berriz kargatu eta, “Arri!”, kontrabandistak manatu bezain laster asto zaharra bideari lotzen da…. Bainan “Kalixto”hor dago geldi-geldia. Makil ukaldi, tripan ostiko, ele goxo, ele gaizto, otoitz eta sakre, pullo nehondik ez kantitzen.  Etsiturik, astoak utzi eta gizona berriz badoakio Oilarrandoiko ermitauari…

  • Eta bai! Jaun gaztea! Pentsatu ote duzu sokari. Gaizo astoak uste du estekatua dela. Behar zaizkio libratzearen jestu guziak egin, xeheki, eleak ahantzi gabe.

Kontrabandixta  itzultzen da errabia golkoan.  Ermitauak erran bezala soka ”libratu” orduko, Kalixtok ezin pollikiago obeditzen!

Hiruak badoaz, orain, triki-traka, gain-behera. Asto-zaina ermitauaren jukutriaren gaitik irriz. Azken hau gain hartarik so:

  • Ez hadila hire astoaz sobera trufa, mutil ! Hi eta hire behereko jendeak oro astoaren idurikoak zirezte. Esklaboak. Zuen usteen esklabo. Ez duzue sokarik lepotik bainan buruan baduzue, bai, soka eta korapilo!  Ez duzue hain urrun esklaboen denbora. Kateak herdoildu balin bazaizkizue, sokak ere usteldu, gaur egun beste ixilpeko kateek lotzen zaituztete finkiago. Gaizoak! Zorrez kargatuak, kezkaz errautsiak, etorkizunaren beldurrez kokilduak, duda-mudaz josiak, bertzeen erranek muturretik lotuak, politikari handi-mandien ele zuriek balakatuak, txontxongilo eskupilatuak, … Katerik gabeko esklaboak, ohar-gabean harrapatuak, astoak bezala ez zirezte ez zuek ere nahi duzuen bidetatik ibiltzen… Jakina, bazterreko belar lits bat ebasten ahalko duzue noizean behin, gaitzuru erdi-bat zaldare ukanen duzue ere… Zer uste duzue behar duzuela gehiago libre sentitzeko ?

Horrelako gogoetetan sartua, bat batean, ermitauari asto baten arrantza ozena heltzen zaio beheretik, Buztanzelai eta Hautza mendi mazeletan barna oihartzunez oihartzun errepikatua :

  • To! Kalixto! Banakian ba hi ere enekin ados hintzela !

Johanes Bordazahar

Artzaina eta Iguzkia

Artzain hau gaztea zen, maliziarik gabekoa : bihotzez arin, gorputzez sendo, gogoz alegera. Etxeko ogi onez hazia, mendiko haize hotzak eta ur freskoak eta lanak hezia.

Akats bakar bat zaukan : mendiko bizia gustatzen zitzaiola, bakardadea ez zitzaiola biziki axola.  « Oi, mendian, zer bakia ! ».  Horrengatik ez zen usu menditik herrira jausten. Igandetan, nehoiz ez zen elizan agertzen ere salbu Besta Berriz. Apezak pixka bat aiher zuen. Jendeek ere zioten basatia zela : zoazi zu jakitera alfer hura zer hartzen zen gain hartan !

Egun batez mutila menditik jautsi zen zerbait janariren erostera. Justu apezarekin batean gertatu zen saltegian sartzen. Apezak mehatxuz erhi bat altxatu zion sudur-perat.

– Hi infernuko ihizia ! Kasu emak, Gaineko Haundi hark ikusten hau gero, nik ez bahaut ez Bazkoz ez Eguberriz ikusten ere. Bekatu duk pagano bat bezala bizitzea ! Ahalge behar huke izan !

– Zer ? Nik ez dut ez Gaineko Haundi haren beldurrik. Ni, mendian, zerutik hurbil bizi naiz !

– Jainkoaz ari nauk, tontoa ! Ez duka Jainkoaren beldurrik ?

– Ez ! Batere ! Zergaitik beldur ?

Ez zen deus egitekorik mutikoak nahi zuena egiten zuen, nahi zuena pentsatzen, bere gostuz bizi zen, mendian bezala denetan.

– Zu ez zirea ontsa bizi, jaun erretora ? Oldartu zen apezari galdatzera.

– Oh apezgoa zaila duk ! Hi bezalako ardi galdu batzuen gatik ainitz bihotzeko min sofritzen diat. Nahi nikek denak Jainkoarekin bakean bizi zaitezten !

– Zer egiten ahal nuke zuretzat !

– Enetzat ? Deus ! Behar baduk zerbait baliosa egin, to, haugi sarri kofesatzera, elizara. Siestaren ondotik, hiruak irian. 

Artzain gaztea elizan zen tenoreko. Sartu zelarik xoratua zen : eliza ilunbean ixilik, aire freskoa, ezko usaina… Eta berinateetarik iguzki argi bizi eder bat sartzen zen. Errautsa airean dantzan emaiten zuen, mila kolore. Mutila ahoa zabalik begira …

  • Ha, hemen haiz !

Boz ozen batek bapatez ametsetarik harrotu zuen. Apeza zen brauki sartzen elizan.

  • Belaunika hadi eta biek erranen diagu « Gure aita ! »

Artzaina hor zagon, besoak dilindan.

  • Ba… Bainan nik ez dakit « Gure Aita »
  • Errak, hi, nolako girixtinoa haiz ? Ez haiza katiximan egundaino ibilia ?   

Apeza haserrez ezin egonarekin :

– Ez duka sekulan otoitzik egiten ?

– Otoitzik ? Bai eta nola ! Goizetan, etxolatik ateratzean, agur erraten diot egunari eta milesker Jainkoari egun berriaren gatik. Bizpahiru jauzi eta itzulipurdi batzu egiten dizkiot iguzkiari esker onez, denbora ederra delarik. Edo kantu bat edo bi euriari, denbora txarra delarik. Uste dut gustatzen zaiotela.

– Jainkoa, iguzkia, euria, denak nahasten dituk. Hi, deabruaren seme ! Haugi berehala. Pausa ezak hire ardi larru usaindu zikin hori, hor, alki baten gainean eta sar hadi kofesategian.  

Ardi larru zikina kendu eta ez jakin nun pausatu, hurbildu zitzaion iguzki izpiari eta pollikiño iguzki izpiaren gainetik dilindan eman zuen, bihotz xokoan otoitz ttipi bat eginez « Argi maitea, atxikadazu larru hau ixtant bat. » eta soinekoa argi izpitik dilingo egon zen. Apeza mututua, so… Zu, irakurle, ez pentsa mirakulu bat zenik. Ez ! Justu Jainkoaren eta gaztearen arteko arrañamendu sinple bat zen; bi adiskidereren artean egiten den horietakoa, besterik ez.            

Johanes Bordazahar