Baldarreta

Batzuek diote Baldarretako itsas bazterrak baduela dohain berezi bat. Udaberriko hirugarren ilargi betean, itsas behera denean, mirari bat gertatzen omen da. Hondartza guzia ortutsik egiten bada, bakoitzak errestoetan ikus dezake bizia nolakoa izan duen…

Biak laborariak ziren, berriki erretretan sartuak. Igande arrats batez, kabalak moldatu, sukaldean gauza guziak altxatu, eta joan ziren Baldarretara. Hondartzan eskuz esku bazoatzin, hitzik erran gabe. Aspalditik, gaztaroaz geroztik funtsean, ez zuten denborarik hartu elgarrekin “menskeria”baten egiteko.

Itsas bazterrean goxo zen : uhainen burrunba ta galopa,  oinetan hondar xehearen kilika, uhainen zilarrezko aparra. Goxo zen behingoz denbora hartzea. Hondartza buruan, arroka baten gainean jarri ziren. Beren bizi guziko errestoak hor zeuden, lerro lerro.  

Ageri zen lehenik, han, noiz egin zituzten ezagutzak. Bat hiritik heldu zen, bestea etxekoa. Erresto arinak ziren haiek, kasik dantzatuak. Baziren urrats barnagoak : ezteiak, haur bakoitzaren sortzea, aita zaharraren heriotza, etxea zahar-berritu zuten urtea, barruki berria eraiki zutena.

Zenbat urrats ! Urte arruntak, sasoinez sasoin, beti aintzina, beti lanean, nehor haieri biziki ohartu gabe. Berek ere ahantzia zuten horrenbeste urrats eginik. Bi bien errestoak batzutan ez ziren ez hain hurbil. Halere, gizonak atseginez ikusten zuen emaztearen urratsak gehienetan biziki hurbildik jarraiki zitzaizkiola : elgar lagunduz, elgar lauzkatuz…

  • So-izu hor !  Urrats makur horiek. Mahastia errotik atera ginuen urtea ! Ba ta ondotik, ardiak saldu ginituen urtea !! PAC delakoan sartu ginelarik…’Quota’k…Primak…
  • Hara han « Gîte-a » muntatu ginuelarik. Zer lanak ! Zer kezkak !

Gizona emaztea besoetan amultsuki hartzekotan zen ohartu zelarik, memento batez, baten urratsak baizik ez zirela ageri. Oldarrean zutitu zen :

  • Jes ! Zer debru gertatu da hor ?
  • Gaixo zu ! Hori zen gure behi troparen hiltzera etorri zirelarik !
  • Oi oi Ama ! Behi-eroaren urtea ! Jin ziren, bai ! Egun hartan ez nauzu ikusi ! Ez nuen nehor ikusteko gutiziarik, ez eta nehork ikusia izaitekoa ere… Sabaian gorde nintzen, denak untsa hetsirik… Entzuten dut oraino behien orroa, sudurrean dut erre usaina. Soka hartu nuen eta gapirio baten gainetik bota… Putxas ! Putxas ! Bainan nun mila debru zinen, egun hartan ? Zure behar gorrian nintzen eta ?
  • Ixo ! Emazteak eskuarekin ahoa tapatu zion. Begira ezazu ontsa noren urratsak diren, ikus zein barna diren ! Egun hartan eta ondokoetan, nik ekarri zaitut bizkarrean, eta pizua zinen, jakizu ! Pizua !…

Denbora luzean egon ziren ixilik, elgarren besoetan. Orain, itsas zabaletik haize arin bat ari zen altxatzen.
      –    Hainbeste urrats ! Badea posible ! Iduri-ta bizia xita-miru joan zaukula ! Emaiten du gure biziak ez duela arto pikor balio izan !!

–   Ta ta ta ! Zenbat jende ez dugu gure lanetik hazi. Gure burrasoek emana hobetu eta aintzina eraman dugu… Arto pikorra, gure aldian, landatu dugu. Hozitu da eta jadanik landare egin eta burutuko da.

Oraikoan, uhain handiago batek errestoak ezabatu zituen. Marea goiti heldu zen. Gibelera abiatu ziren hondartzan, bata bestearen besoetan. Bazuten oraino frango urrats elgarrekin egiteko.

Johanes Bordazahar