Erregea eta neskatxa.


Haurra amaren, arima Jainkoaren.

Ez daiteke izan Jainkoaren eta deabruaren.

atsotitz

Antso Gartzez, Nafarroko erregeak deliberatu zuen behar zuela gaztelu eder bat eraiki Euskal mendietako leku mitiko batean, erresumako lekurik ederrenean : Ortzanzurietako kaskoan.

Bainan erret kontseilariek, minixtroek eta aztiek ezetz!

  • Nehondik ez duzu palaziorik egin behar Ortzanzurieta mendian. Mendi madarikatua da. Ortziak edota aire gaixtoak noiz nahi jotzen du. Deabruaren egoitza bera da!

Erregea tematu zen. :

  • Ene erresuma guzian ez dut gune ederragorik aurkitzen. Palazio ederrena leku ederrenean eta kitto !
  • Hola bada madarikazioa altxateko, gazteluaren harresietan beharko duzu haur bat bizirik ehortzi!!
  • Ehortzi behar badugu ehortziko dugu !

Nafarroako lau haizetara bidali zituen mezulariak zaldiz, errepikatuz : “ Nork ere bere haurra emanen baitu erresumari, erregeari, Ortzanzurietako gaztelupeko harresietan ehortzia izateko, haurraren pisuaren araberako urrearekin ordaindua izanen da.”

Nehor ez zen azaldu. Alabaina, zein burraso izanen da aski bihozgabea bere haurra emateko, bizirik ehortzia izateko ? Hiru urteren buruan halere emazte batek jo zuen Antso Gartzez-en Iruñeko jauregiko atean. Emaztea hezur eta larru zen, eri, ezindua, bere azkenetan, etsitua.

  • Harrazue ene hamar urteko alaba. Behar gorrian naiz. Nehondik ezin dut behar bezala hazi ere.

Erregeak haurra jauregian hartu zuen eta amak ukan zuen ordaina urrez.

Gaztelua eraikitzen hasi zutelarik ehortzia izateko une latz hura etorri zenean, Antsok deitu zuen neskatxa Iruñeko gortera, kontseilariekin hor zagolarik bildua.

  • Ehortzia izan aintzin, haurra, zer litzateke zure azken desira ?
  • Deus guti. Halere baditut bizpahiru galdera egiteko zure ingurukoeri, horien erantzunak nahi nituzke entzun.
  • Mintza ! Zein dira zure galderak ?
  • Zure jendeentzat zer da, gure munduan, gauzarik arinena ? Zer da goxoena ? Zer da gogorrena ?

Jakintsuak eta kontseilariak elgarretaratu ziren… Adosturik, aski laster, itzuli ziren.

  • Gauzarik arinena guretzat da lumatxa! Nahiz batzuek dioten airea bera dela ! Lumatxa airatzen denaz gero arinago izan behar da. Gauzarik goxoena gure ustez eztia da.

Gauzarik gogorrena aldiz, adituek diamantea dela diote !

Neskatxa brauki aintzineratu zitzaien :

  • Zer erantzun arruntak ! Ez da eskola handikoa izan behar holako erantzunen emateko.

Ez, jaunak ! Gauza arinena gure munduan ñiñi ttipi da, bere amaren besoetan. Amak hain du maite nun ez baitu ñiñiaren pisua senditzen ere, atxikiago eta arinago ordea…

Gauzarik goxoena ? Ez da eztia ! Ñiñi batentzat ez da amaren bularra baino goxoagorik. Ez da sekulan aski asetzen. Gauza gogorrena ?… Ezin jasana ama batentzat… jakitea, alaba bizirik harresi batean ehortziko diotela.

Hortan Antso brauki zutitu zen :

  • Eramazue berehala neskatxa hau amarenganat !!

Ez da sekulan gaztelurik ikusi Ortzanzurietako kaskoan.

Johanes Bordazahar