Barnatik mintzo


Nahi duenak bizi, zernahi gerta dakion, ez du behar etsi.

Lelo zahar.

            « Mutua » deitzen zuten, zazpi urteko haurra. Navajo Indiano haurra. Zergatik zen mutu ? Misterio. Mediku, belagile ala txamanek ez zakiten. Haurrak urteak bazeramatzan mintzatu gabe. Burasoek pentsatzen zuten mutu sortua zenaz geroz ez zela nehoiz mintzatuko.

            Delako  mutiko « Mutua » sortu zen ur bazterreko lur hezeetan, ihien artean. Egun hartan, indiano familien kanpamendua soldadu amerikarrek (US Army-k) atakatzear zuten. Aitak, emaztea haur minetan zelako, hartu eta eraman zuen aintzira bazterreko ihietan gordetzera, gerlari etsaiek ez zezaten aurki. Ama mutiko batez erdi zen, gerla gorriko oihu, garrasi eta tiroetarik bi urratsetan. Biek, ihi handien artean, bakardadean, hotzez eta beldurrez ikaran iragan zituzten beren lehen oren latzak.

            Indiano putikoak handitzearekin ez zuen hitzik ateratzen. “Ahots-gabea” izendatu zuten. Alde bat mutua zen, salbu zurrunga batzu entzuten zitzaizkiola estomakan. Bere zazpigarren neguan, « Ahots-gabea” eritu zen. Arrain hexur bat kokatu zitzaion zintzurrean. Ezin kenduz, goitika ez zuen gelditzerik. « Belagilea » deitu zuten. Hau, hexurraz aparte, berehala ohartu zen estomakan beste zerbait bitxia bazaukala. Korrokak » heldu zitzaizkion sabel zolatik, hurbilekoek aspalditik  entzuten zituztenak : korrokak, kolpatu batek botatzen dituen idurikoak.

            Belagileak, jakin zuelarik istorioa noiz eta nola sortu zen, irriño batekin, bere gisan esplikatu zuen sortu berriak soinuak “iretsi zituela”. Doi-doia sortua eta jadanik bazakien bere baitan, ez zuela oihurik egin behar, auhen bat egitean ama nun zen salatuko zuela,  etsaiek entzun bezain laster biak hilen zituztela.

            Hexurra kendu ziotenean, hexurrarekin, aspaldiko beldurra kanpora bota zuen. Mintzatzeko debekua ere joan zitzaion. Hitz egiten hasi zen. Ordutik beste izen bat eman behar izan zioten. « Barnatik mintzo” deitu zuten. Ez barnetik!  Barnatik, sakonetik mintzo.

&

            Baitezpadazko indar edo jite hori denek badugu gure baitan. Horrela aitatxi bat entzun dukezue haurreri kontatzen :

“Semaatxi” (semebitxi) ! Ñiñiak amaren sabelean, handitzearekin batera, baitezpadako indarra irabazten dik, bizitzeko gai izaiteko. Sortzean, ama eta ñiñia, erditze lanetan akiturik, lokartzen dituk biak. Orduan, ilunbetarik, lamina (batzuek ziotek aingeru begiralea dela) sortu berriari hurbiltzen zaiok eta erhia sudurpeko ezpainaren gainean polliki pausatzen dik, ahapetik «Ixxxo ! » xuxurlatuz. Hortik landa gaixo haurrak ikasi guziak ahanzten ditik. Ahanzten ez, bederen  bere baitan biziki barna sartzen zaizkiok. Hiri eta eni ere gauza ber-bera gertatu ziaukuk. Proba hor duk : denek badiagu sudur pean “laminaren marka”.  Hunkitzen ahal duk ildotxo hori. Hi ere, uste dukan baino gehiago haiz.”

            Zenbat jende ez da entzuten gertakari latz bat gainditu ondoren erraiten. « Nihaurek ez nakien holako gauza zail baten egiteko gai nintzela. »  Denek, gizaseme-alaba guziek, badugu gure baitan bertute baitezpadako hori, altxor hori, « ixildua ! ». Biziak bizitzeko emaiten daukun  sen ikaragarria.  Sena baino gehiago, jitea baino gehiago badugu. Hots : “Jainkozko bizitik.”

Johanes Bordazahar