Hileko artxiboak: 2020-05

Sarha

Etorri zen goizen arteko goiza. Aita alabaren ohe kanttoinean jarri zitzaion. Eskua amultsuki hartu zion. Ordukotz, Sarhak, alaba gazteak, bazakien haurtzarotik emaztetasunera heldua zela.

  • Sarha, ene alaba maitea, ordu da printze gazte eder batekin ezkont zaitezen. Ene ondorengoa ikus dezadan. Jainkoari esker, haurrak, dotzenan hamahiru izan ditzazuen. Hautatu dizut printze gazte bat gorputzez eta izpirituz sendoa… Bihozduna.

Sarhari aurpegia, haserrez, sumindu zitzaion. Burua apaldu zuen, aitak ez zezan ikus. Aspaldi aitatxiri entzun hitz batzu etorri zitzaizkion gogora,. « Izan zaitez zure bizi propioaren Sultantsa ! Maitasuna izan dadila zure hats eta urrats, zure ogi eta edrai, zure palazio eta zure baratze”.  Aski kopeta izan zuen aitari oldartzeko:

  • Ez ! Aita ! Zuk hautatu dautazuna ez da nik maite dudana ! Maite dudan hura urrun da orazino. Ez dakit non bizi den ere. Bainan badakit egun batez segur etorriko zaidala.

Hitz hauek aitari zauri bizi bat ideki zioten.

  • Aita, orain, utz nezazu, nihauren etxea eraikitzen. Etxerik gabe ene biziak ez luke bideko errautsa ere balio.

Goiz batez, artilezko kapa luze urdin batean inguratua, mendiko xendretan zehar menturatu zen Sarha. Egunak eta gauak, oihanak eta mendiak zeharkatu ondoan gelditu zen,

itsas bazterreko haize leku lehor batean. Senditu zuen hemen izanen zela bere munduaren erdi gunea. Ttattola bat eraiki ere zuen harriz, adarrez eta itsasoak bota ohol zaharrez. Segurtatu zuen ttattolako atea ongi hesten zela.

Ordutik berria haizea bezain laster hedatu zen :

  • Sarha printsesa mendien haraindira, joan da. Han dago, itsas bazter batean, bere maitalearen haiduru!

Etorri zitzaizkion.

Haraino mentura zen lehena zaldizko trebe bat izan zen. Burua zut, ezpata gerrian, atean jo zuen. Barnetik neskak:

  • Nor da hor ?

Bihotza estu eta larri gerlariak :

  • Ni nauzu, Hasan !

Ixil une luze bat izan zen… Ate zirrikitutik Sarhak xuxurlatzen zion :

  • Barkatu Hasan ! Ez da aski toki, ttattola honetan, zuretzat eta enetzat.  :

Gizona zaldi gainera igan eta jin bezala joan zen. Sarhak berehala hari xuriz brodatu zuen « Hasan » izena bere kapa urdinean.

Gau haizetsu batez, beste gazte lerden bat menturatu zen itsas-untziz. :

  • Nor dator ?
  • Ni nauzu, Ali ! Erantzun zion itsas-gizonak ozen.

Haize zirrimolan entzun zuen barnetik :

  • Ali , zure eta ene artean bat sobera da ttattola hontan bizitzeko. Haizeak lagun zaitzala berriz etxera.

Berehala hari xuriz brodatu zuen « Ali » izena.

Hameka ilargi berri izan ziren eta beste hainbeste gizon etorri zitzaizkion printze, gerlari, eskale, ebasle…. Izen guziak hari xuriz brodatu zituen soineko urdinean.

Hamabigarren ilargian, Moktar delako batek, oinez jina, eskuak hutsik, hatsa sendo, bi begiak izar, ttattolako atean jo zuen.

  • Nor zaitut zu ?

Ixil une luze bat izan zen.

  • Nor ziren erradazu !

Haizea intzirika bazabilan …

  • Galdatu dautzut nor ziren !

Moktar atetik hurbildu zen eta taula artekatik xuxurlatu zion :

  • Zu nauzu ! Zu eta ni biak bat gaituzu !

Atea ideki zen. Ilunbean, gizon gazteak emazteki zahar bat ikusi zuen. Aurpegia hits, ileak gris, larrua ximur, gorputza hezur eta larru, soineko urdin lodi batean borobilkatua; bainan begiak argi eta ezti. Sorbalda gainean, hari xuriz brodatua ikusi zuen « Hasan » izena … Pirua punttatik tiratu eta izena desegin zen. Haria atetik kanpo, gaueko haizeari bota zion. Beste bat «Ali », desegin zuen, hura ere gaueko haizeari eman. Izen brodatu bat kentzen zuen aldi oro, Sarhari aurpegiko zimurdura bat joaten zitzaion. Kapako izenak oro kendu zituenean, emaztearen aurpegiak gaztaroko, leun eta dirdira bera zaukan. Udaberriaren gordin gozo bera senditu zuten biek beren baitan.…Biak bat orain, eskuz esku, etxerako bide luzea hartu zuten… Haizeak haien herrestoak aspalditik ezabatuak ditu… Nola zendu direla ez dutan entzun, beti bizi izan behar dute.

Errekagorriko beleak.

Zuen haurreri…Maitasun guzia emanik, haien gorputzaz arta zaitezkete, ez haien arimaz.

Haien arima biharko etxean bizi da. Hau ez dezakezue bisita, ez ametsez ere.

Bizia beti aintzina baitoa.

Khalil Gibran

Sakai mendiko ote zaharrak sutan ezarri dituzte laborariek. Bele-ama bere hiru umeak bizirik atera beharrez hasten da bat bestearen ondotik Behereko-Bordako oihaneko kabi zaharrera eramaiten. Hirur ditu hazteko eta orain hiruak salbatzeko!


Denak batean ezin eraman, zaharrena aztaparretan hartu eta badoa airez aire kearen gainetik, Errekagorriko errekan gaindi. Badoala, umeari galdatzen dio :

  •  Hi. To? Nor artatuko duk nitaz, zaharturik, hegalez ibili ezingo nauk eta ?

Hortan umeak beldurrez ikaran :

  •  Ama! Ala fede! Ni, zutaz artatuko nauzu, beti. !

Amak ez du sinetsi. Badaki eta ez duela egia erraiten. Laxaturik, ttipia kean behera desagertu da…

Bigarren umeari, airez aire eramaiten duela, galdera bera egin dio. Umeak daldarak harturik :

  • Nik maite zaitut, ama, ez zaitut sekulan beharrean utziko!

Amak senditu du ez dela egiaz ari eta utzi du kean behera…

Azkenari, aztaparretan duela, kearen gainetik galdatzen dio :

  • Hi? Nor artatuko duk nitaz, zahartua eta ezindua izanen naukalarik?
  • Nik!! Nola lagunduko zaitut? Nihauren umeak izanen ditut artatzeko-ta.

Amak ume hau sinetsi du eta biak Behereko Bordako gaztenatze zaharrean kabitu dira.

Egunak joan egunak jin, Behereko-Bordako alorrean laborariak artoa erein berri du. Bazterretako gaztenatzetan, beleak katzakan : «  Kroa, kroa, kroa . » . Ama zaharra belekumeari ari zaio azken sekretuen irakasten. Bele gazteak, jadanik gotortuak, badazki airean ibiltzeko jukutria guziak.

– Orai, seme, badakik hegaldatzen. Ikasia duk pazientzia. Badakik nun lurra aztaparkatu, nola pikorrak harrapatu, lagunak nola deitu, goseteari nola ihardoki … Errekagorriko zoko moko guzietara joan haiteke eta urrunago ere. Joan aitzin, halere, aholku pare bat!
– Entzuten zaitut ! Ama !

– Beha ezak arto alor hau, ikusten baduk gizon bat hor gaindi heldu burdinezko ziri luze beltz bat besapean, kasu-emak ! Hoa urrun !! Tiro eginen dauk !

– Ulertu dut !

– Beste bat oraino ! Alor bazterrean ikusten baduk gizon bat, bapatean ukurtzen, leku hadi xixtu bizian ! Harri baten hartzen ari duk hiri botatzeko !

– Gogoan hartu dut, Ama!

– Eta azken hau, semetxo ! Gizonak ez badik lurrean deus biltzen eta ez badik deus ere beso azpian, lasai , ez dik balio odol gaiztorik egitea !

– Nolaz diozu holakorik, Amatto ? Ni, lasai ? Ez ez ! Ihes joango naiz fuera-futre ! Sekulan, harri bat balin badu sakelan edo nik dakita zer satorkeria, azerikeria edo zakurkeria gogoan ?

– Hoa hemendik, semetxo. Nik bezain bat badakik ! Bizitzen balin badakik, aski badakik!

Johanes Bordazahar