Archives de catégorie : Noiz BEHINKA

Asteasu

Villabona eta Asteasu (2017/03/08)

Joan girenak: Etiennette, Mizel, Piarres, Gillermo, Beñat, Jean-Claude eta Peio

Lehenik, Villabonan Mintzola ahozko lantegiaren bisita, Nere Erkiaga, Xenpelar dokumentazio zentroko arduraduna, eta Karlos Aizpurua ikerketa saileko arduradunarekin. Oren bateko bisita, biziki interesgarria.

Hortik Asteasura joan gira. Pili Legarra andere auzapezak ongi etorria egin dauku Herriko Etxean.

Han berean elkarrizketa egin daukute eskualdeko bi hedabidek (Aiurri eta Tolosaldeko Hitza), beren irakurleeri Euskaltzaleen Biltzarraz informazioa zabaltzeko (Mizel, Gillermo eta Piarres dira mintzatu).

Eta berehala oren erdiko bilkura egin dugu,

juntatua zitzaigula Juan Bautista Mendizabal, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidentea.

Juan Ignacio de Uria-ren ildotik doa Juan Bautista

Asteasuko San Pedro elizan.

Eguna aitzina segitu dugu Asteasuko Elizmendi auzoa bisitatuz (Gillermoren sort auzoa), hor gaindi dagola ere “Muskerraren bidea”, Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberriak hazia (Atxaga ere horgoa da). Hameketakoa Gillermoren amaren baserrian. Ermita eta elizari behakoa Arantxa andere-serorarekin, Gillermo organo-jole aparta zaigula agertu (baginakien lehenagotik ere)…

Eguna bururatu dugu Iturri-Ondo jatetxean, Jun Bautista Mendizabalek ordaindurik guzia.

Fernando Txueka ginekologoa. Getariako Etxaniz txakolindegiko jabearen anaia.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide den Fernando Txueka ere gurekin ginuen bazkariz.

Pasaia eta Albaola

2016/03/03 ko bulego bilkura hegoaldean egitea erabaki genuen, Gillermo donostiarra ez beti Baionararaino ekararazteko. Hau paradaz balitu zen bixitaldi baten muntatzeko San Pedroko untziolara, Albaolara.

Hemen dituzue Gillermo Etxeberriak paratu txostenatik hartu 2 orrialde.

1

Victor Hugo2

Dokumento osoa ikusteko klika hemen

 

Ondotik, Peio Jorajuriak Herrian agerrarazi zuen artikulua.

DSCN5537

San Juan baleontziaren erreplika historikoa

Adiskide multxo batekin Pasaia San Pedrorainoko itzulia egin berri dugu. Albaola elkarteak abiatua duen xantier miresgarriari behakoa ematea ginuen helburu. Pasaiako badiaren kasik puntan aurkitzen da Albaola Faktoria. 1998an sortu zen Albaola elkartea, itsas ondarea begiratzeko edo zaintzeko. Azken urte hautan xantier handi bati lotua da: Ternuako uretan XVI. mendean hondoratutako San Juan euskal baleontziaren erreplika baten eraikitzea. Xantier horren ondoan, museo bat dute apailatua, proiektu horren adierazgarri dena. Hori guzia dugu bisitatu Mikel Leoz gida argiarekin.

DSCN5506

Euskal arrantzariak aitzindari

DSCN5527

Erdi-Arokotzat itsasoan gaindi bazabiltzan euskal arrantzaleak, beriziki balea ihizin, IX. mendeko dokumentu batek seinalatzen daukunaz. Ikaragarriko trebezia bazaukaten itsasoan, frantziar, espainiar eta ingleseri besteak beste aise nagusi zirela, Mikelek erran daukunaz.

DSCN5519

Ausartzia horrek Ternuaraino gidatu zituen, bakailaoa arrantzatzeko eta balea ihiztatzeko. Euskal kostaldeko portu guzietatik, mugaz bi aldetakoetatik, abiatzen ziren itsasontziak, gutiz gehienak portu horietako ontzioletan eraikiak, horien fabrikazioa gain gainetik menperatzen zutela. XVI. mendean Pasaian berean baziren sei ontziola.

DSCN5522

Garai hortan, urtero 70 ontzi abiatzen ziren hemendik, bakoitzean 60 bat mariñel, bi ibilbide desberdin har zezaketela Ternuara heltzeko, aroaren arabera, laburrenak 5.500km egiten, luzeenak 6.300km. Bidaia denboran, edateko ura ez zelakotz ongi kontserbatzen, ontzi bakarrean 50.000 pinta sagarno karreatzen zuten milako bat barrika ttipitan (tribulante edo arrantzale bakoitzarentzat egunean 3 pinta).

San Juan baleontziaren aurkikuntza

DSCN5513

 

Ternuako toponimiak badauzka euskal izenak, hemengo arrantzaleek han gaindi eramaniko biziaren lekuko. Bainan bertzelako arrasto guti zauden. Gehiago jakin nahian, 1970eko urtetan, Selma Huxley Barkham historialariak ikerketa batzuk egin zituen Euskal Herrian. Itsasgintzako artxiboak ikertu zituen, bereziki Oñatiko Unibertsitate zaharrean. Eta aurkitutako dokumentuak berme, Kanadako arkeologo talde batek, Robert Grenier buru, Pasaian eraikitako San Juan baleontzia aurkitu zuen 1978an Butusko portutik itsasoan haratago, Red Bay badian. 1565ean hondoratu zen olioz beterik zagon baleontzi hori, bainan egoera nahiko onean kontserbatua izan da itsasoko uretan, zureria eta kalamuzko sokak frango ongi beiratuak izanik. Arkeologoek 30 urte behar izan dituzte halere ontzi hori bai eta inguruko beste aztarna asko ikertzeko, zeren horgo portuko inguruan uda oroz 600 bat mariñel bazagon, arrantzako lanen gainera, txaboletan bizi eta lan egiten zutenak, olio ekoizten bereziki. Aurkitu dira txabolen arrastoak, txalupak, balearen gantza urtzeko labeak, aurkitu ere 140 gorputzen hezurdurak… Geroztik UNESCOk “munduko ondare” izendatua du euskal balezaleen aztarna gune hori guzia.

Erreplikaren eraikuntza

DSCN5512

Albaolan, San Juan baleontzia nolakoa zen ulertu-eta, duela bi urte maketa bat egina izan da berdin-berdinean (1/20 eskalean). Eta gaur 22 metro luzetasuneko baleontzi horren erreplika egiten ari dute tokiko ontzi-arotzek, 2014ko ekainean hasirik, munduko ontzigintza-eskola askotako ikasleak etortzen zaizkiela laguntzera. Noiz ezarriko ote dute uretan? Bada oraindik lan asko egiteko. Anartean, zinez bisita merezi du Albaolak. San Juan astez aste ari da gorpuzten eta edertzen…

                                                                                                 P.J.