Biltzar nagusia Azkainen.

2018 05 26

 

Biltzarreko mahain nagusia

 Azkaingo Herriko Etxean bildu da Euskaltzaleen Biltzarra elkartea maiatzaren 26an, larunbat goizez. Biltzar nagusi hortan,

Mizel Jorajuria lehendakariaren inguruan kide andana bat bazagon. Ez haatik Andde Luberriaga azkaindar elkarteburu ohia (lehendakari 1988-2001 urteetan). Jin beharra zen bainan azken mementoko traba bat ukan du. Dena den, Paxkal Peyreblanque eta Anita Lacarra herriko hautetsi axuantek eginik ongi-etorri gozoa, elkartearen harat-hunatak aztertu dira.

Ikus-entzunezko dokumentu baten bidez, lehendakariak elkartearen historia du oroitarazi, mende bateko historia luzea, elkartea 1901ean sorturik, euskal elkarte guzien amatxi dugula biltzar ospetsu hori. Izen handi batzu ukan ditu mendean zehar lehendakari karguan, Arturo Campion, Jean Etchepare, Louis Dassance, Michel Labéguerie, Mixel Itzaina, Andde Luberriaga, Edurne Epalza Hebrard, Piarres Ainziart eta gaur Mizel Jorajuria.

Elkartearen ildo nagusia da euskaltzaletasuna eginahala sustatzea euskarazko idatzizko lanetan. Liburu andana handia badu argitaratua, kasik urtean bat, azken biak Daniel Landarten “Etxea eta etxekoak euskal literaturan” eta “Maiatzen bidean”, Maiatz literatura elkartearen antologia batekin.

Egitasmo berria, Marijan Minaberri zenaren testuen antologia baten argitalpena, olerki, prosa, antzerki, 2019an plazaratu behar litekeena. “Testu pollitek ez dute adinik” zioen Etiennette Etcheto elkarte-kideak.

Ateraldi kulturalak ere antolatzen ditu uda oroz Euskaltzaleen Biltzarrak, Hegoaldera. Aurten, Azpeitia eta Azkoitiari zaie bisita eginen uztailaren 18an, hango Juan Bautista Mendizabal gidari. Osoki euskaraz egiten den ateraldia da, interesatua den orori idekia.

Konduen aldetik, Beñat Soulé diruzainak xeheki agertu ditu, elkartea xumeki bainan sanoki doala erakusten dutenak. Kidetza 15 eurotan finkatua da.

Mizel Jorajuria lehendakaria, Aitor Servier eta Xumai Murua bertsulariak

Biltzarretik landa, Xoko Ona ostatuan dira biltzartiarrak bildu, omore onean, herriko Xumai Murua eta Aitor Servier bertsulariek aperitifa eta bazkaria ederki zutela alaitzen. Badute zinez talendu, perla pollitak zituztela botatzen, bazkaltiar guzien atsegina betez.

Peio Jorajuria