Etchepare 1923-1927

Jean Etcheparen ildo motza (1923-1927)
Euskaltzaleen Biltzarrak, 1955ean, bere lorean, bildu zituelarik bizpalau ehun lagun, kolore guzietakoak,Telesforo Monzon, Manu Sota edo Oxobitik hasita, Piarres Etchebarne, Erramun Idieder edo Jean Ybarnegaray-eraino, orduan gazte ginen Michel Labéguerie, Jean Hiriart-Urruty, Joseph Camino edo nihaur bezalako zenbait barne, Lekorne edo Mendiondo-ko herrian, Jean Etchepare hazia izan zen Erlandeneko etxe paretaren gainean oroitarri eder baten jartzeko xedetan, gogoratzen zait Elizalde Zerbitzarik honela hasi zuela bere hitzaldia : Andereak eta Jaunak, Eskualzale adixkideak.... Ahantzia zukeen apez xaharrak, 28 urte lehenago, eta Aldudeko mirikuaren buruzagi denboretan, Andereak espreski baztertu zituela bere bilkuretarik Eskualzaleen Biltzarrak. Ez ote zuen Irungo alardearen itxura zerbait ba urte haietako gure Biltzarrak ?
Dena den, zuzen zebilen Gerezietako euskaitzaina hortik landa erran zuelarik honela : Bertzeak bertze, hau aitortu behar dugu: gure Biltzarraren aita, Etchepare jauna izan da. Duela 55 urte sortu zen Eskualzaleen Biltzarra. Egia huna haatik : hainitz urtez Eskualzaleen Biltzarra amets pollit bat izan da bakarrik eta, urtetik urtera, hogoi lagunentzat bazkari ontto baten estakuru maitagarria. “Bazkalzaleen Biltzarra” erraiten zioten mihi gaixto batzuek. Jean Etcheparek egin du Eskualzaleen Biltzarra bere lan ezin ukatuzkoekin : ehun bat herri eta herrixketako haurren idazki maitagarriekin, Uztaritzeko, Mauleko eta ez dakit nungo ikastegi handieneko ikasle bihozdunen kondaira eta pertsuekin, apezgeien beren itzulkunde eder eta predikuekin, egun bezalako bilkura ederrekin”.
Ez da dudarik hitz gutiz solas hauek, labur eta zuzen biltzen zutela Eskualzaleen Biltzarraren historia, XX. lehen mende erdian bederen eta menturaz mende horren lehen hiru laurdenetan, 1976ean hilen baita, alabaina, Gure Herria ixilduko den une berean, Louis Dassance, Jean Etcheparen laguneta jarraitzale leiala, beihalako Biltzarraren lehen lehendakari iraunkorra eta 1980an berriz, Michel Labéguerie, Dazantzaren ordezko Uztariztarra.
2001eko mendeurrenkari, Sabino Arana Fundazioak eskaturik, Mikel Zalbidek, Euskalzaleen Biltzarraren iturriez eta hastapenez egin duen bezalako lan funtsezkoa osatu nahiko duenak, XX. mende osoko euskal kulturaren edo hobeki erraiteko euskarazko kulturaren historiaz, aurki ditzake Baionako Euskal Erakustokian, aita zendu-eta, Pierre Dassance, Louis zenaren semeak han sartu zituen Kultura erakunde xaharraren artxiboak.
Altxor horretan badaude lehenik, 1923tik hara, urtez urte, Biltzarreko kideen zerrenda luzeak : 400 lagunetara, ez ordea behinere Etxeparek amestu zuen bezala 600 etara, heltzen direnak. Kide horiek gutiz gehienak Iparraldekoak dira: Iparraldean “beren burua norbaitentzat daukaten” guziek, behin edo beste ager bat egin behar baitzuten urteko Biltzar horietara.
Baina, lehen ez bezala, “frantses aberriaren gerlari ohiak” 1923an botereaz jabetuz geroz, Nafarroatik, Gipuzkoatik, Arabatik edo Bizkaiatik zetozenak, buru bakan batzu besterik ez ziren, nahiz hauek guziz jarraikiak, hala nola, Ixaka Lopez Mendizabal eta José Eizagirre-ren ondotik Irigaray eta Labayen eta gero II. mundu gerlatik landa Monzon eta Manu Sota. Lekuko hauei esker, Biltzarraren zuzendaritzan, eta zuzendaritzak egiten dituen urtarteko bospasei bilkuretan izan ohi da beti, Zuberoako, Baxenabarreko eta Lapurdiko, miriku, notario, apez, auzapez arduradunen aldean Hegoaldeko jakile bat edo beste.

Gure artxiboen arabera, urtez urte emendatuz doaz, bai kopuruz, bai kalitatez, herriko eskola pribatu ala publikoetan egiten diren euskal itzulpen edo kontaketak. Martin Landarretchek hasi lana, euskaltzain haren alkia hartuz geroz eta berrogei bat urtez, Zerbitzarik berak du bete, Biltzar egunean lehenik eta euskaldun astekarian gero emaiten zituela, umore handiz, 20, 40, 80 herri eta herrixketarik biltzen zituen 200, 400, 1600, kopien berriak. 1930ean, adibidez, 32 apezek eta beste 14 euskalzale lagunek antolatu zituzten 46 herritako haurren zeingehiagokak. 30 bat urte geroago 80 bat herritako 2000 kopia hurbil utzi zizkion Zerbitzarik bere orde hartua zuen Josep Camino jaun apez gazteari.
Seminario handiko lanak aldiz, Etchepare mirikuak berak zituen atsegin handiz eskuratzen, jorratzen eta gero hoberenak Gure Herrian argitaratzen: Piarres Lafitte, Léon Léon, Ricochet, Mazeris, Behety, Oltzomendi, Etxegoren, Larzabal eta beste gazteago askoren izenak horrela ziren egin ezagunak euskal irakurleen artean.
Ez dugu erraite beharrik Euskalzaleen Biltzarraren egunek ere, herri batetik bestera aldatzen zirelarik, idazle handi bat edo beste ospatzeko gisan, hala nola Dibarrart Baigorrin 1923an, Manex Hiriart-Urruty Hazparnen 1924ean, Axular Saran, 1925ean, Chourio Azkainen 1928an edo Arnaud Abbadie Bitirinen 1929an, gero ta partalier gehiago biltzen zutela eta nolazpait euskal hizlari, kantari eta bertsolari zahar edo berriak ezagutaraziz, bide batez XIX. mendeko Abbadiaren euskal besta handien arrakasta ardiesten.
Jean Etcheparek ordea, bere buruzagigoko bi urteak bete ondoan, kargua utzi nahi izan zuen 1924ean, baina bere lagunek gero behartu bezala zuten beste biurteko baten onartzera. Tarte horretan zituen beraz arauak berritu eta, 1926an, Atharratzeko Biltzarrean finkatu. Gero, Frantziako gobernuaren aldetik onarpen ofiziala ardiesteko apailuak zituen prestatu eta, duela bospasei urte doi-doia, Euskaltzaindiak Frantzian ukan duen onarpen bera Euskalzaleen Biltzarrak ardietsi. zuen 1927an.
Zinez erran dezakegu, guk ere, Zerbitzarik bezala, Iparraldeko Euskaltzaleen Biltzarraren aita Jean Etchepare mirikua izan dela. Artxiboen azterkatzeko lotsa denak, ikus ditzala, haren idazlanen biltzeko eta argitaratzeko guhaurk aurkeztu dugun liburu sortan, lehen liburukiaren kapitulu nagusiak.