Dassance 1927-1959

Louis Dassancen sail jarraikia (1927-1959)     Dassance EB ren ixtoriaz 1951an
Jean Etchepare jarri zelarik 1923an, Baigorrin, Euskalzaleen Biltzarraren buru-lehen, Zerbitzarik hartu zuen, erran bezala, idazkaritza eta Diriart notarioak berriz diruzaingoa, baina baziren ere haien lagun bi buru-orde: bat Albert Constantin, hastapeneko zuberotar sendagilea eta bestea Louis Dassance, askazgoa ezagun eta zaharreko????? seme, laborari ingeniaria.

Handik lau urteen buruan, Donazaharren, 1927an, ez zen beraz nehor harritu, uztariztar buru-orde gazteak hartu zuelarik Aldudeko miriku jaunaren kargua. Eta denboraren buruan, erran genezake zuhurtzia handirekin eraman duela anitz urtez bere saila Louis Dassance zenak, kargu horretan eta ondotik hartu dituen auzapezgo, euskaltzaingo eta beste guztietan
Bazituen, egia erran, bere ondoan, bere adineko bi adiskide, bi apez gazte, biak guarda semeak, bizi guztian laguntza gaitza eman behar ziotenak: bat ezkerreko beretterra, Oxobi olerkari eta hizlari paregabea, bestea eskuineko beretterra Zerbitzari kontalari eta zirtolaria.

Zerbitzarik errana zuen aspaldian :

Bizi dadin eskuara

Orain eta gero,

Berma gaiten hortara

Eskualdunak oro !

nahiz laburrago eta argiago bota zuen Oxobik : Gauden gu!
Eta “Gauden gu ! ” horretan egon ziren, lehen urteetan bederen, Eskualzaleen Biltzarraren lanak kudeatzeko, Baionako Farnié ostatuan biltzen ez zirelarik, Dohoztiriko apezetxera zoazen Dassance burulehena eta haren lagunak.

Baina urteak joan ziren; gazteak ere bai zohitu ; hona non Uztaritze aide horretan eta Donibane Lohizunen eta Atarratze aldean, gerlari ohien ondotik, 30eko belaunaldia, aurrekoaz bestelakoa agertu zen.
Louis Dassance aita familiakoa izanki, konturatzen gara 1933an, Luhuson eginen den Euskalzaleen Biltzarrera herriko seme apez gazte bat deitzen duela, Piarres Lafitte hain zuzen, bere ikasle ohi batzuekin Aintzina mugimendu berria sortzera doana eta honek predikualkitik Zahar eta Berri gaiaz ebanjelioaren erakaspena bere entzule euskalzaleeri adieraziko die.

Lafitten paperetarik, interesgarri da jakitea, egun berean, 137 harpidedun egin zituztela “Aintzina”-ren hedatzaile gaztek, bizpahiru ehun bazkaltiarren artean eta gainera Biltzarreko Burulehenak berak, bere azken hitzaldia bururatu zuela oihu eginez : Jaiki Gazteak !.

Laster “Aintzina”-ren Euskalerrizalek eta Euskalzaleen Biltzarreko diruzainak Dominique Dufau Senpereko notarioak, 1935ean, Atharratzen agurtu dituen Begiralek eta Hegoaldeko “Mendigoizaleen” bidetik doazen Piarres Lafitten Menditarrek, ez ote dituzte beren hegalak Pariseraino edo Gernikaraino luzatu nahiko? Gure “Gerlari ohi” zenbait kezkatzen hasiak dira, Parisen berean, “Euskalzaleen Biltzarraren” adar bat sortu delako, bere “Euskal Ikasle” taldearekin eta Elgar bere kazetarekin.

Badakigu zorigaitzez, berriz ere gerla eta, gehiago dena, anaiarteko gerla aldi honetan, berriz hor dugula ate joka, gure Herriaren amets eder guziak suntsitzera datorrena : eta, horrengatik ez du Louis Dassancek Euskalzaleen Biltzarraren elgarretaratzerik antolatzen ahalko 1936an.

Ondoko urtean, 1937an, buruilaren 11an, hona noia Louis Dassancek hasten duen bere hitzaldia Hazparneko trinketean : Adiskideak, ez dut erraite beharrik noia eta zertako aurten artino luzatu behar izan dugun gure urteko elgarretaratzea. Ordu hartan Espainia guzian bezala mendiz bestaldeko probintzietan gudu izigarri eta deitoragarri baten suak bazter gehienak hartuak zerauzkan. Gudu hortaz, egun eta hemen nehoiz baino gutiago ez dut deus aipatuko ez eta nehork deus aipatzea nahi. Bakarrik, hala nahi baduzue segurik, Zeruko Jaunari galdeginen diogu zorigaitzezko egun horiek labur ditzan eta, berriz ere, bakearen dohaina eta gozoa mundu gaixo hunaraino helaraz dezan.

Bizkitartean, 1938ko buruilaren 15ean, gerlaren erditik ater-arte labur baten asmatzea Euskaldun guztiei zilegi balitzaiku bezala, hona non Eskualzaleen Biltzarrak bilkura handi bat antolatzen duen Domintxainen euskararen ohoretan: Goizean mezan, Saint Pierre apezpikuak hiru oren laurdeneko predikua emanen du, bere herritar eta haurride maite guztiei adierazteko Jainkoak neurtu diozkala gizalde bakoitzari bere dohainak, bere mendea, bere eremua eta lana. Ez dute beraz euskaldunek ez euskalzalek, beren arbasoek utzi dohaineri uko egiterik. Baliatuko zaizkie bai hemen lurrean bai bertze munduan.

Ohiko lan bilkuraren ondotik, berrehun eta hiruetan hogeita hamabost bazkaltiar elkarretaratzen dira, hor daudela mahain berean jarririk Saint Pierre apezpikuaren eta ohiko honen adiskideen ondoan ziur aski alderdi beretan ez dabiltzan, Berard, Delzangles eta Ybarnegaray bezalako gizonak alde batetik eta Ciaurriz, Hernandorena edo Orixeren lagunak bestetik.

Bazkaltiar guztiak bazkal artetik ixiltzen dira bai Larralde, Ligueix edo Basarri bertsolariek beren kantu goxo ala saminak ateratzen dituztelarik, bai betiko Oxobik, ortzantza iduri, mihi gaixto batzuen gezurrei ihardesten dielarik, bai azkenean Dassancek berak Euskalzaleen Biltzarraren bakezko xede garbiak argi adierazten dituelarik.

Bakea urrun genuen bizkitartean oraino 1938an eta II. mundu gerlaren amaiera igurikatu behar izan zuten Dassancek eta bere lagunek Euskalzaleen Biltzarra berriz deitzeko 1946ko udazkenean, Etxahunen herrira, Zuberoko Barkoxera.

Ez dugu ez ahantzia oraino gerla ondoko lehen biltzar hura, gutarik askorentzat lehen biltzarra izan zena. Gogoratzen zaizkit bereziki seminarioko gure lagun apezgaiek sotana soinean Barkotxeko plazan eman zituzten dantza jauzi eta mutxikoak, orduan berek seminarioan ikasirik, udalekuetako Eskualdun Xoriei irakasten zizkietenak.

Ondoko urtean aldiz, 1948an, Arrangoitzen izan genuen Biltzarrarekin hitzordua, eta zaharrei gure arrangurak adierazteko parada gazte zenbaitek. Ordutik “gerlari ohiek” deitu zuten Michel Labéguerie gure laguna beren ondora, eta nihaurk ere handik laster, Maulen irakasie egon nintzelarik izan nuen fagorea, Albert Constantin miriku agurgarriaren beribilean, Larrègle Atharraztar jaunarekin, Baionako bulegoaren bilkuretara joaiteko.

Erran dezaket urte horietan, eta gero Parisetik landa, Euskaldun gazteriaren aholkulari bezala, Zuberoko Santa Grazian 1950ean, Baxenabarreko Donazaharren 1953an, Lapurdiko Mendiondon 1955ean edo eztakit noiz Mitikilen, gertatu naizen biltzarretan gure buruzagiak lehiatzen zirela gazteen botzaren entzutera.

Bazen bizkitartean dei bat, urte guziez, gizon berak errepikatzen zuena eta hauxe zen deia : ondoko urteko biltzarraren herria hautatzeko unea heldu zelarik, Teodoro Hernandorena jaunak eskatzen zuen beti gauza bera, hots, Kostaldeko hiri bat hauta zezan Biltzarrak. Baina horrelakorik nehork ez zuen entzun ere nahi. Bazirudien gure euskalzale handienek Kostaldea galdutzat zeukatela eta horrelako abururik nik hasteko ez nezakeen onar. Eskualdungoak mendiei gora ihesi joan behar zuela hirietarik urrun nik ez nuen sinesten.

Puntu horrek eta beste zenbaitek urrunduko ninduen menturaz nihaur Dassance eta Elissalde eta Labéguerie eta Eppherren taldetik, besterik ez balitzait gertatu 1959ko urtean, hain zuzen, Itsasuko Biltzarrean Michel Labéguerie ene lagunari, Louis Dassancek utzi ziolarik buruzagitza. Orduan beraz Hazparneko ikastegiaren buru izendatu ninduten eta, ondorioz, Biltzarraren bilkura berezietan parte hartzeari uko egin nion behingotz.

Baina, ene iduriko, besterik ere gertatu zen 1960eko urte haietan, bihurgune nagusi bat izan balitz bezala, ez bakarrik gure Hazparne sorterriko xokoan, Euskal Herri osoan baizik eta, menturaz, mende ala mundu guztietan.