Baigurako aingerua

Dohatsu bihotz barnez behartsuak,

haiena baita zeruetako erresuma (Mt 5, 3)

Baigura-zolako herrixka huntako eskolan eman zutelarik, burrasoak ohartu ziren Ñañe burutik ez zoala zuzen. Hamar urterekin eskolatik kendu behar izan zuten. Mutiko ona zen, gozoa, lasaia. Ez zion uli bati minik eginen. Komisioneak auzokoentzat edo etxondoan lanxkila batzu eginarazten zizkioten, xokoleta presa edo ogi-ta-erreximetarentzat edo berdin musu-truk.

  • Hiri, ez zaik deus gertatuko! Hik aingeru begiralea hirekin daukak!

Beti kantuz ari zen. Saskia bizkarrean edo behi azpien ateratzen, noiz nahi, elizako kantu bat ezpainetan. Zerbait emanez geroz nornahiri elizako kantu bat eskainiko zion. Hortarako “Kanttu” deitzen zuten.

Mutil kankaila ari zen egiten. Lepo mehea, beharri zabalak, sakatrapu aire batekin. Besoak zituen ohargarrienak, belaunetarainokoak. Haien puntan xuriketarien gisako bi palote sendo.

Herritar lagunek “xoro batentzat zaukaten”. Berdin zitzaion!  Kanttuk aingerua  zuen axola. Nun atxeman ? Eliza dorrean, lanoetan, baratze ixkinean ? …  Amatxik erasiatzen zuen  :

  • Baina, Ñañe ! Katiximan ez duka ikasi aingeruak zeruan direla.

Maiatza zen, elizako ateak irekiak. Mutiko lagun batek, irriño maltzurra begietan, erakutsi zion zilarrezko txanpona edo pieza berri-berria.

  • To! Ikusten dituk eliza barnean sokak?  Ezkilak orain berean jotzen badituk, pieza hirea duk.
  • Emak!
  • Ez ! Hik ezkilak jo lehenik.

Boneta lurrera bota, zeinatu, esku ahurretan tu eta jauzi batez lotu zen sokeri. Dilan dalan, jo ahala jo. Bi ezkilak boleran. Gure Kanttu irriz,  lagunak ihes. Apeza urrats handiz, sotana airean, berea golkoan, sartu elizan eta beso ukaldi fier batez  baztertu zuen mutikoa.  Kanttuk entzun zituela bereak eta aingeruarenak !  Deus salatu gabe haatik.

Delako trufaria laster atxeman zuen, ukabilak tinko, haserre gorrian :

  • Bota’zak hunat zilarrezko pieza!
  • Ez diat sosik enekin.
  • Ah, ez duk sosik ?

Begiak su, brauki paparotik hartu mutikoa eta lurretik altxatu zuen, besteak txanpona sakelatik lurrera utzi arte. Kanttuk bildu eta besainka errekara.

Biharamun batez, lano beltzak apal, ortzi aire zen. Jakinarazi zuen bazoala Baigura kaskora… Bere aingeruaren ondotik. Astiro bazabilan, kantuz.  Hiru lagunek, urrunetik segitu zuten. Gertatu zen mendipeko borda baten hegaztegi azpian bazela zurubia. Mutiko tzarrek lasterka zurubia Baigura kaskoraino hupatu zuten, Kantturen ixilik,  eta harroka baten gibelean gorde ziren.

Noizbat  mendi kaskora heldu zen Kanttu. Bazterrak lano. Zurubia lurrean.  Aingerurik ez.  

  • Bada norbait ?

Zerua mutu. Zurubiarekin lanoetan goiti igan beharrez hasi zen. Zurubia nehondik ezin zutik atxikaraziz, hameka aldiz  berriz hasi zen: lurrean ziloak eginez, harriekin kokatuz, alferrik. Lagunak gordean irriz. Memento batez zurubia zutik eman zuen, bizkarrari kontra, bere bi esku paloteekin finki atxikiz…  Orduan bai, hiru mutikoek, haien begiez, ikusi zutela, zurubi gainean, lanoetarik jausten … aingerua!

Harriturik, mututuak, lasterka jautsi ziren ikusi zutena ezin sinetsiz, ezin aitortuz … Alabaina, ez ote zen nornahiren baitan, gehiago miresteko mespretxatzeko baino ?

Johanes Bordazahar

1Kondaira zaharrek diote ortzi egunetan aingeru bat agertzen zela Baigura kaskoan.