Eskualtzaleen Biltzarraren sortze eta hastapenak

1951. Eskualtzaleen Biltzarraren sortze eta hastapenak
Louis DASSANCE (1888-1976)
Mende erdi bat, epe luzea eta bizkitartean laburra… Hondar berrogoi eta hamar urte hautan zonbat gertakari ez da izan, zonbat kanbiamendu ez da gertatu ! eta zahartuak girener, bizkitartean, gibelerat behatu eta, zoin laster iduritzen zaukun urte horiek iragan eta joan direla !
Halere, duela mende erdi bat egin gauzak ahantzixeak dire, orduko gizonak eta lekukoak ere itzaliak, gehienak ; ez da beraz harritzeko nehork gutik, eta buruzagiak berak, ez baitzakien xuxen Eskualtzaleen Biltzarraren hastapenen berri. Horra beraz nola eta zertako, aspaldiko errautsak kasik beretuak zauzkan izkirio eta paper zaharrak bilatu ditudan eta xeheki irakurri, jakin nahiz xuxen nun, noiz eta nola gure batasun hau sortu den eta nork eraikirik.
Mila bederatzi ehun eta batean, buruilaren hamaseian, Hendaia hautaturik, dudarik gabe ororen helmenean zelakotz, bi erresumen artean jarria, bildu ziren zazpi probintzietarik jinik jaun andanaxka bat: goizetik, herriak gain-gainetik ohoreak egin ziozkaten, herriko soinuak zazkien aire ederrenak eman zituen eta orduko auzapezak, Vie jaunak, eskualtzaleak errezebitu eta agurtu zituen, Herriko Etxea zabalik biltzarkideen eskuko ezartzen zuela. Bildu gizon horiek nor ziren, nork deiturik, eta zertarat etorriak: hori da jakin behar duguna.
Bi hilabete lehenago, Uztailaren 16ean Hendaian beharrak ziren jai edo pesta batzuez, Adema kalonje zaharrak (Zaldubi olerkaria), eta Martin Guilbeau Donibaneko mirikuak, hemengoen izenean, Arturo Campion nafartarrak eta Sabin Arana-Goiri bizkaitarrak, mendiz ber-tzaldekoentzat, biltzerat deitu zituzten ordu hetan eskuarari gehienik begia atxikitzen ziotenak ; bainan, zerbeit traba kausiturik, uztailean egitekoa zen bilkura gibelatu behar izan zuten, eta beraz buruilaren 16an bildu ziren zazpi probintzietarik hogoi eta hameka eskualdun.

Huna, orduko “Eskualduna” astekariaren arabera eta Zaldubik berak salaturik, jaun horien izenak:
Baionatik, Lapurditik edo Baxenabarretik etorriak : Zaldubi bera, bere iloba apezarekin, Darricarrère kapitaina eta bertze aintzindari bat Lassalle deitua, Pierre Broussain hazpandar mirikua, Hiriart-Urruty eta Landerretche apezak, Juvénal-Martyr eskoletako frailea, Léon Hiriart Baiona hiriko liburutegizaina, Dourisboure eta Guilbeau mirikuak, Ar-belbide kalonjea eta Durruty Itsasuko erretora.
Ziberotik aldiz, Hatan apheza, Sallaberry Mauleko notaria, eta, gure oraiko eskualtzale lagun ona, Albert Constantin atharraztar jaun medikua.
Goiko Nafarrak igorriak zituen Arturo Campionekin : Aranzadi, Goiburu eta Ithurralde eta Suit jaunak.
Gipuzkoak: Domingo Aguirre Zumaiako apeza, Ramon Artola Donostiarra eta Serapio Mugika Hondarrabikoa.
Bizkaitik etorriak ziren : Arana-Goiritar bi anaiak, Luis eta Sabin, Albizuri Bermeokoa, Arrese eta Beitia Otxandianokoa, Arrospide, Grijalba, Zabala bilbotarrak, eta, berrikitan galdu dagun apez jakintsuna, Eskualtzaindiaren eta Eskualtzale guzien nausia R.M. Azkue.
Dozena bat jaun bazen oraino, bertzalde, ezin etorriz egonak zirenak, bainan bertzek eginak ontzat hartuko zituztela gaztiatu zutenak.
Erran behar da zenbeit urte hotan eskuarari eta eskual ohidureri hasia zela mundua ohartzen, eta berrikitan zendua zen Antoine d’Abbadie-k erain hazia sortzen, hazten eta fruitu emaiten zela abiatua: hirur urthe lehenago, Donibane Lohizunen egin ziren batzarre edo biltzarre1 handiak eskualdun khartsu zenbeitek oraino gogoan zerabilzkaten. Hots ! eskualdungoak urhats handi bat bazuen eginik.
Iduri luke haatik Hendaiako bilkuraren pizlek hastapenean seurik zuten asmo berezia, ortografiaren edo hitzen idatz-moldearen xuxentzea eta berdintzea zuketela: “Étudier l’unification de l’orthographe basque et en arrêter, si possible, les règles philologiques basées sur
l’euphonie euskarienne”.Horra, hitzez hitz, Guilbeau-k zer iskiriatu zioten bilarazi nahi zituen jauneri.
Gisa hortan, jadanik erran dugun bezala, bilkura goizeko bederatzi orenetan hasi zuten. Gero, eguerdi jin baitzitzaioten lana bururatu gabe, gure gizonak joan ziren bazkaiterat, bakotxa bere aide ; haatik, kafeak elgarrekin hartu zituzten Legarralde baitan, gero gai berari berehala lotzeko aratsaldeko bi ordutan.
Bainan hautatu zuten langaia zaila eta nekea zelakotz, ortografiarik ez zuten, ez xuxendu ez berdindu aratsaldean, goizean baino gehiago; beldur gintazke asko pondutan ez ziren ere soberarik akort, eta poxi zonbeit hizkatu zirela. Dena den, sail hori utzirik eta pilota partida eder bat ikusi ondoan, goizeko hogoi eta hameketarik hamasei gelditu ziren oraino arats hartan berean elgarretaratu zirenak, eta horra nun, ortografia aldi huntan bazterrerat utzirik, eta beharrik erabaki hau hartu zuten: eskuararen begiratzeko, zaintzeko eta haren aide lan egiteko, batasun bat eraiki behar zutela, eta berehala.

Ez balin baziren soberarik akort, orduko kazetek diotenaz, ortografia horren xurruburru guzietan, eskuararen aide lan egiteko haatik bat egin zuten denek berehala, su berak baitzarabilzkan, eta buruzagitzat segidan hautatu zituzten:
-Adema kalonjea, lehen buru ;
-Arturo Campion eta Sabin Arana-Goiri, bigarren buru ;
-Martin Guilbeau, idazlari ;
-J.-Bte. Daranatz apeza, idazlari-lagun ;
-Léon Hiriart, diruzain.
Eta horien aldean jarle edo lagun: Arbelbide eta Azkue apezak, Broussain, Carlos Guerra, Serapio Mugica eta Lagaz Irufiako apez bat.
Horra beraz, laburzki, orduko kazetak eta idazkiak lekuko, gure batasunaren hastapen eta erroa.
Bainan, sortarazi ondoan, erran gabe doa hainitz bazela oraino egiteko : hasteko, hamaseiek azken bilkura hortan hartu erabakia han ez zireneri onartarazi beharra zen ; gero, batasun berriarentzat ere behar zen izen bat hautatu : Guilbeau-k jadanik “Fédération Littéraire Basque” deithua balin bazuen, ezagun zen izen hori ez zela bertze gehienen gogokoa eta erdarazko izen bat baino eskuarazko bat nahiago zutela. Azkenik batasunaren erregela edo sortarauak moldatzekoak ziren. Lan hori Pierre Broussain eta Arbelbide kalonjeak beren gain hartu zutena.

Gai horiek oro gogoan eta elhez ongi erabili ondoan, bereziki Hondarrabian egin zen bertze bilkuraxka batean, idazki luze bat moldatu zuten onartu ponduak finkatzen eta zabaltzen zituena eta gainerat lauzpabortz galde zauzkanak; gutun hori Eskual Herrian norbeit zireneri igorri zioten, abendoaren 25eko Daranatz aphezari, zauzkan galderi ihardets zezoten. Ihardespen horietarik andana bat ikusi dut : bertze guzien artetik, huna Hiriart-Urruty hazpandar apezarena, iduritzen baitzaut ezagutu dutenek, eta guziz haren eskolier edo ikasle ohiek, atsegin izanen dutela idazki horren irakurtzean:
Hasparren le 2 Janvier 1902. Mon Cher Ami,
En retard pour adhérer à la Fédération ou Association Basque, j’arrive à temps, je le crains. L’enthousiasme est une vertu de jeunesse que vous sentirez refroidir avec les années, et bien mieux encore avec l’expérience des hommes. En attendant, vive tout ce qu’on voudra !
J’ai perdu les imprimés que vous m’avez adressés. Alors, zeri, zer ihardets 1 Pour simplifier les choses, je ferme les deux yeux et des deux mains je signe tout ce que vous a signé notre excellent et ardent ami Pierre Broussain. Son président est le mien. Item, le vice-président ; item, tout le reste, pour tout le questionnaire que j’ai lu, mais dont j’ai perdu de vue la teneur détaillée. Le tout, bon, signé et parafé pour cette fois. Gerokoa gero, comme eût dit Atxular…
Zuekin. Hiriart-Urruty apeza.
Hendaiako hamaseiek ezarri zituzten buruzagiak gehienek onartu zituzten; zenbeitek, bizkitartean, Zaldubi ordukotz zahartuxea zelakoan, Arbelbide nahiagoko zuketen haren orde ezartzea.
Batasunaren izena Broussain eta bertze zonbeiten arabera behar zen Eskual Botitza, eskual batasuna erran nahi duen ziberotar hizkuntzatik ateraia. Arbelbidek, aldiz, zion eskualdunen alkartasuna, bertze bizpahiruek nahi zuten Eskualzaleen Biltzarra : horietarik bat, nik uste Zaldubi bera zitaken, bi hilabete lehenago agertu mintzaldi batean izen hori bera jadaneko erabilia baitzuen.
Dena den, pondu horiek oro : batasunaren izena, buruzagien izendatze, sortarau eta erabil-molde, ondoko urtean (1902) buruilaren hamekan Hondarrabian egin zen bilkura nausian onartu eta finkatu zituzten eskualtzalek.

Anartean, batasuna gotortu zen, lagunak ere emendatu, eta, Hendaian ziren hogoi eta hameken orde, bigarren urtekotzat jadanik ehun eta hamabortz lagun lerrokatzen ahal zituen.
Erran dezakegu beraz Eskualtzaleen Biltzarra egiazki Hendaian sortu balin bada 1901ean, lehen bilkura handia Hondarrabian izan duela ondoko urtean eta han finkatu diotela geroztik beti atxiki duen izena

.
Hastapenetako eskualtzale kartsu batek, gure adiskide maite Ixaka Mendizabalek Buenos-Airesetik iskiriatu daut Eskualtzaleen Biltzarrak Hondarrabian izan duela lehen bilkura, han zela lekuko… Nik aldiz ihardetsi, Hendaian sortua dela urte bat lehenago; eta nik uste, biak xuxen gabiltzan : egia balin bada gure batasunaren izena eta izaite berezia Hondarrabian onartu eta finkatuak izan zirela, haren egiazko sortze eta hastapena Hendaian 1901-eko buruilaren hamasei aratsean gertatu dela.
Eskualtzaleen Biltzarrak geroztik bide egin du ; lehenbiziko urtetan hurriki, bainan, hamalaueko gerlaz geroz, laster azkartuz eta emendatuz. Mende erdi bat iraun duenean hola doala orai berriz bertze mende erdi bati buruz, Eskual Herriaren, eskualdungoaren eta eskuararen alde beti gero eta gehiago lan eginez !