Labéguerie 1960-1980

Michel Labéguerieren aldia (1960-1980)


Dena den, 1960 – 1980eko Michel Labéguerie gure lagunaren Euskalzaleen Biltzarraren buruzagigoan eta ber denboran bere kantagintzan eta bere politikan agertze horrek, bere semeen eta bere adiskide Mixel Itzaina eta Daniel Landarten aldetik hartze zituen aipamenak izan ditu, haren joaitearen hogeigarren urteburuaren karietara. Ez naiz ni hemen orain sartuko errepikapenetan eta are gutiago jorratze lanetan.

Erranen dut bakarrik Michel Labéguerie Kanboko auzapez eta deputatu edo zenatorea ez dela izan, soil soilik, Uztaritzeko Louis Dassance jaun auzapezaren jarraitzale itsu itsua, baina izatekotz ere Piarres Lafitte gure irakasle zenaren ikasle fidela. Bere dohain ederrak erabili ditu Bilboko hiriak eskaini dion karrika izenak oroitarazten duen bezala euskal kulturaren zerbitzuko, bai eta ere bere garaian Enbatatiar ala ETA-tiar lagun askoren laguntzeko beharrorduetan.

Urte haietan sortu diren kantu edo bertso xapelketa, ikastola, ikastegi, lantegi, kultura ala politika talde berri askok anitz zor diote ez bakarrik Iparraldean baina Euskal Herri osoan, Bilbotik Iruñea eta Baionaraino Mixel Labéguerie zenari.

Baina bestalde, Dassancen ildotik eta, Arbotin, 1960an ; Arrosan, 1961an Uztaritzen, 1962an ; Donibane Garazin, 1963an ; Donapaulen, 1964an Maulen, 1965ean ; Ezpeletan, 1966an ; Baigorrin, 1967an ; Azkainen, 1968an, Kanbon, 1969an ; Larzabalen, 1970ean ; Itsasun, 1971an ; Aiherran, 1972an ; Saran, 1973an ;  eta  gero berriz Saran eta Hazparnen, Baigorrin edo azkenik Heletan, 1979 an, Michel Labégueriek kudeatu ditu ohiko Eskualzaleen Biltzarraren. egun handiak.

Bizkitartean, ene iduriko, Iparraldeko bi eta hiru eskola saretan euskarari bere lekua egiteko asmatu den gauzarik ederrena izan da, 1960an, Euskaltzaleen Biltzarrak sortu zuen IKAS erakundea. Horra ??? ezen kolore guztietako irakasle euskalzaleek berek antolatu duten erakunde bat, euskararen politika soil eta garbiari behatuz, lan harrigarria egin duena, ikastolak berak sortu baino lehen , eta gero ere maila guztietako irakasle pribatu ala publikoek, ikastolakoekin batean, berrogei urte luzez, eskuz-esku hari izanik.

Zergatik ez aitor gainera IKAS erakunde horri zor diola Udako Euskal Unibertsitateak ere bere sorrera?

Baina bego horretan! eta aipa dezagun azkenik zertan gelditu den Michel Labéguerie zenak utzi ondoriotasuna.