Ibilaldiak

Azkoitia 2018 uztailaren 18an
-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-
Iruñaren bisita 2017. (Klika hemen)

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Euskaltzaleen Biltzarra Donostian barna  (2016)

Donostia 2016” urte berezi huntan, Euskaltzaleen Biltzarra ez zezaken egon, bere udako kultur ateraldiaren karietara, Donostiari agur bero bat egin gabe. Hogoita hamar lagunek ginuen elkartearen deialdiari ihardetsia eta autobusez airoski gira Donostia erdira heldu, lehen hitzordua ginuela San Telmo museoan, elkarte kide den Gillermo Etxeberriak egunaren egitaraua beti bezala munttoki antolaturik.

DSCN5931

San Telmo, Museoen Museoa

Euskal Herriko museo xaharrena da San Telmokoa, 1902an idekia, 2010ean berritua. Hiri zaharrean kokatzen da, Zuloaga plazan, Urgull mendiaren zangopean. Lehengo denboretan, Domingotarren komentua zen (XVI. mendekoa). Inperioko gerlen garaian, 1813an Donostia zetiatua izan zelarik bereziki, armadaren kaserna bezala erabilia izan zen. Geroztik, beraz, museo da bilakatua, euskal gizarteari osoki dedikatua. Bi zati nagusi ditu: parte zaharra, besteak beste eliza eta klaustroarekin, eta parte berria, Nieto eta Sobejano arkitektoek zaharberritua, itxura arrunt modernoa emanik.

DSCN5932

Eneko eta Beatriz museoko gida guziz argiekin ibili gira gelaz gela, argitasun asko eta asko ukanez. Ez ditugu hemen denak aipatuko. Erran dezagun halere eliza barnean aurkitzen diren mihise tindatuak zinez ikustekoak direla. Margolan handiak, Josep Maria Sert katalandar artistak 1929an eginak, Inazio Zuloaga margolariak aholkaturik, euskal populuak ezagutu dituen gertakari handi batzuren lekuko. Klaustroa ere berez ikustekoa da. Eta hor dira gaineratiko gela guziak, gaiez gai antolatuak: aztarnak oroimenean, modernitatearen hasiera, jendartean bizitzea, ohidurak, industrializazioa, itsasgintza, baserriak, karlistadak, euskal artea, kirolak eta beste.

DSCN5934

Parte hori guzia erakusketa iraunkorra balinbada, bada ere behin behineko erakusketarik, hala nola memento huntan “1516-2016 Bake-Itunak” izeneko erakusketa, hunen zati bat Baionako Euskal Museoan ere ikusgai dagona. Gure taldeko batzuk erakusketa horri so zaudelarik, bertzek nahiago izan dugu Donostiako parte zaharrean bazterren ikuska ibili, Gillermo Etxeberriak gidaturik: San Vizente eliza, Abuztuaren 31ko kalea, Andra Maria eliza, Konstituzio plaza, Bretxa eta beste. Bazen zer ikus eta zer ikas.

DSCN5940 DSCN5942 DSCN5945

Juan Gorritiren obrak

Batean honi so, bestean hari, karriketan ibiltzeak halako egarri eta gosea piztu ere ditu gu baitan, ez ginituela bakarrik begiak ase behar. Antiguo auzoan, Igeldoko pekaldean, han ginuen gure zain Imanol Alkorta, Basoetxea elkarteko kidea. Hau Euskaltzaleen Biltzarraren liburuen argitaratzailea dugu. Bainan badu ere bertze talendurik, halanola sukaldaritzan. Eta lagun batzuekin bazkari murtxagarria prestatua zaigun Basoetxean. Atseginezko mementoa, alegera, Manex Pagola ere gurekin baiginuen, gitarra eskuetan, bere osagarri arranguren gainetik beti prest umore ona eta alegrantziaren pizteko. Mahain on horren inguruko denboraldia doi bat luzatu ondoan, kanporateko deialdiak Miramar palazioraino gidatu gaitu, bere parke xoragarriarekin,

P.J.

DSCN5947 DSCN5948 DSCN5949

Kontxako badia osoa ageri, Urgull eta Igeldo artean, bien erdian Santa Klara uharteak esmeralda perla dirudiela. Miramarreko parke hortan aurkitu ditugu Juan Gorritiren obrak, han hemenka ikusgai ezarriak, “Itxasmira Aralerretik Donostira” izeneko erakusketa. Zizelkari nafartarrak badazki gauza arruntak artistikoki apailatzen. Funtsean duela zenbait urte jadanik ikusia ginuen Sarako elizdorreko zureria, sute batek kiskaildurik utzi zuena, zizelkatzen, beltzenari eta arruntenari halako edertasun berezia diola emaiten. Zureriarekin, burdina ere du lantzen, argazkian ageri den behia lekuko. Segur behi horrek ez zezakeela bistaleku ederragorik !

DSCN5955

Euskaltzaleen Biltzarraren deialdiari ihardetsia zuten euskaltzaleen multxoa Miramar parkean, Juan Gorritiren obra baten ondoan

Urte guziz, ibilaldi kultural bat proposatzen du Euskaltzaleen biltzarrak.

Ikus bilduma eta argazkiak sahetseko  Kategoriak ataletan edo hemen klikatuz: Gasteiz.

-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-_-

Huna 2015-ek ibilaldiaren  egitaraua:

Ibilaldirako gomita.

Euskaltzaleak,

Urte guziz bezala Euskaltzaleen biltzarrak ateraldi kultural bat proposatzen du.

Aurtengoa eginen da uztailaren 23-an, Gasteizera.

Autobusa 7ak t’erditan abiatuko da La halle d’Iratiko aparkalekutik (Miarritzeko aireportutik hurbil). Jendea hartuko du ere, 7ak eta 45 etan xuxen, Donibane Lohitzunen, Carrefour saltegiari hurbil den kamioi aparkaleku batean. (ikus juntatu plano.)

-Gasteizen, Ibilaldia oinez eginen da, Katedral berritik abiatuz.

10ak t’erditan Eusko legebiltzarraren bisita abiatuko da.

Gero, Andre Mari zuriaren Plaza ikusiko dugu, Zeledonen ongi etorria gabe haatik.

Ondotik, San Miguel eta Katedral zaharraren bisita.

-La Bilbaina ostatuan bazkalduko dugu, Artium museoaren ondoan.

-Bazkalondoan nahieran eginen du bakotxak: alde zaharrarrean ibili edo bertze.

-5 orenetan ttanko autobusak hartuko du etxerako bidea; goizean gelditu toki berean izanen da.

Prezioa 40. Izena, deitura, nortasun ageriaren zenbakia (baitezpadakoa legebiltzarra bixitatzeko) eta txekea (Euskaltzaleen biltzarra-ri egina) igorri diruzainari uztailaren 15-a aitzin:

-Gutunez helbide huntara: Beñat Soulé Jauna, Haltzagaraia, rue Haltzabea karrika 64480 USTARITZ.

GonbidapenGasteiz 2015 imprimatzeko3                                   Gasteiz 2015_pantailarako3

Zabaldu gonbidapen hau zuen inguruan, jakinik ateraldi osoa euskara hutsean egiten dela.

Bertzalde, Euskaltzaleen biltzarrak, aurten ere liburu bat plazaratuko du : Etxea eta etxekoak izanen da hunen titulua.

Biltzar nagusia eta liburuaren aurkezpena udazkenean eginen dugu. Orduan ere gurekin izanen zarelako itxaropenarekin bidaia on opatzen dizu Euskaltzaleen biltzarraren bulegoak: Miren Ameztoy, Etiennette Etcheto, Piarres Aintziart, Gillermo Etxeberria, Jean Claude Iribarren, Mizel Jorajuria, Peio Jorajuria, Daniel Landart eta Beñat Soulé. 
                                                                                                                        Mizel Jorajuria.

P.S. Bazkidetza, 15€-koa, biltzar nagusia hasi aintzin ordaintzea aski da. Ibilaldiarekin batean pagatzen baduzue egin bi txeke diferente otoi, edo diru idorrez ordaindu.