Tous les articles par mizel

Baigurako aingerua

Dohatsu bihotz barnez behartsuak,

haiena baita zeruetako erresuma (Mt 5, 3)

Baigura-zolako herrixka huntako eskolan eman zutelarik, burrasoak ohartu ziren Ñañe burutik ez zoala zuzen. Hamar urterekin eskolatik kendu behar izan zuten. Mutiko ona zen, gozoa, lasaia. Ez zion uli bati minik eginen. Komisioneak auzokoentzat edo etxondoan lanxkila batzu eginarazten zizkioten, xokoleta presa edo ogi-ta-erreximetarentzat edo berdin musu-truk.

  • Hiri, ez zaik deus gertatuko! Hik aingeru begiralea hirekin daukak!

Beti kantuz ari zen. Saskia bizkarrean edo behi azpien ateratzen, noiz nahi, elizako kantu bat ezpainetan. Zerbait emanez geroz nornahiri elizako kantu bat eskainiko zion. Hortarako “Kanttu” deitzen zuten.

Mutil kankaila ari zen egiten. Lepo mehea, beharri zabalak, sakatrapu aire batekin. Besoak zituen ohargarrienak, belaunetarainokoak. Haien puntan xuriketarien gisako bi palote sendo.

Herritar lagunek “xoro batentzat zaukaten”. Berdin zitzaion!  Kanttuk aingerua  zuen axola. Nun atxeman ? Eliza dorrean, lanoetan, baratze ixkinean ? …  Amatxik erasiatzen zuen  :

  • Baina, Ñañe ! Katiximan ez duka ikasi aingeruak zeruan direla.

Maiatza zen, elizako ateak irekiak. Mutiko lagun batek, irriño maltzurra begietan, erakutsi zion zilarrezko txanpona edo pieza berri-berria.

  • To! Ikusten dituk eliza barnean sokak?  Ezkilak orain berean jotzen badituk, pieza hirea duk.
  • Emak!
  • Ez ! Hik ezkilak jo lehenik.

Boneta lurrera bota, zeinatu, esku ahurretan tu eta jauzi batez lotu zen sokeri. Dilan dalan, jo ahala jo. Bi ezkilak boleran. Gure Kanttu irriz,  lagunak ihes. Apeza urrats handiz, sotana airean, berea golkoan, sartu elizan eta beso ukaldi fier batez  baztertu zuen mutikoa.  Kanttuk entzun zituela bereak eta aingeruarenak !  Deus salatu gabe haatik.

Delako trufaria laster atxeman zuen, ukabilak tinko, haserre gorrian :

  • Bota’zak hunat zilarrezko pieza!
  • Ez diat sosik enekin.
  • Ah, ez duk sosik ?

Begiak su, brauki paparotik hartu mutikoa eta lurretik altxatu zuen, besteak txanpona sakelatik lurrera utzi arte. Kanttuk bildu eta besainka errekara.

Biharamun batez, lano beltzak apal, ortzi aire zen. Jakinarazi zuen bazoala Baigura kaskora… Bere aingeruaren ondotik. Astiro bazabilan, kantuz.  Hiru lagunek, urrunetik segitu zuten. Gertatu zen mendipeko borda baten hegaztegi azpian bazela zurubia. Mutiko tzarrek lasterka zurubia Baigura kaskoraino hupatu zuten, Kantturen ixilik,  eta harroka baten gibelean gorde ziren.

Noizbat  mendi kaskora heldu zen Kanttu. Bazterrak lano. Zurubia lurrean.  Aingerurik ez.  

  • Bada norbait ?

Zerua mutu. Zurubiarekin lanoetan goiti igan beharrez hasi zen. Zurubia nehondik ezin zutik atxikaraziz, hameka aldiz  berriz hasi zen: lurrean ziloak eginez, harriekin kokatuz, alferrik. Lagunak gordean irriz. Memento batez zurubia zutik eman zuen, bizkarrari kontra, bere bi esku paloteekin finki atxikiz…  Orduan bai, hiru mutikoek, haien begiez, ikusi zutela, zurubi gainean, lanoetarik jausten … aingerua!

Harriturik, mututuak, lasterka jautsi ziren ikusi zutena ezin sinetsiz, ezin aitortuz … Alabaina, ez ote zen nornahiren baitan, gehiago miresteko mespretxatzeko baino ?

Johanes Bordazahar

1Kondaira zaharrek diote ortzi egunetan aingeru bat agertzen zela Baigura kaskoan.

Asto “Kalixto”

“Etzan!” oihukatzen badautzute zaude zutik!

Akitua bazira zaude “etzanik”!

Menditar gaztea, Urdantzian barna, hegoaldetik Baigorrira heldu da, bi astorekin, zahar bat eta gazte bat, biak gasnaz eta kontrabandoaz gainkargatuak. Jadanik eguerdi zahar, izerdi lapetan, Ahartzako lepoan pausa baten hartzera behartuak dira.  Bastak kendu, asto zaharra arbolaxka bati estekatu, eta “futxo!”! Asto gaztearen lotzeko soka falta! Oilarandoi kaskoko kapera ondoan ikusten du ermitaua so. Asto gaztearekin igaiten da kaperaraino.

  • Ba ote zinuke soka bat ene asto gazte hau estekatzeko, siesta denboran ?  Bestenaz “Kalixto” ñapur hau eskapatuko zait !
  • Jaun gazte! Ermitau batek ez du deus berea duenik.  Zertarako behar nuke soka bat?  

Erranen dauzut : astoarekin egizu estekatzen bazinu bezala, lepoa hastatuz, mintzatuz. Ahantzi gabe korapilo batekin arbolari artoski estekatzen duzula. Hitz dautzut astoa ez zaizula higituko.

Zer eginen zuen gure mutilak?  Sainduak errana !

Siestatik landa, Mirakulua! Kalixto hor berean dago, xintxo!  Bi animaliak berriz kargatu eta, “Arri!”, kontrabandistak manatu bezain laster asto zaharra bideari lotzen da…. Bainan “Kalixto”hor dago geldi-geldia. Makil ukaldi, tripan ostiko, ele goxo, ele gaizto, otoitz eta sakre, pullo nehondik ez kantitzen.  Etsiturik, astoak utzi eta gizona berriz badoakio Oilarrandoiko ermitauari…

  • Eta bai! Jaun gaztea! Pentsatu ote duzu sokari. Gaizo astoak uste du estekatua dela. Behar zaizkio libratzearen jestu guziak egin, xeheki, eleak ahantzi gabe.

Kontrabandixta  itzultzen da errabia golkoan.  Ermitauak erran bezala soka ”libratu” orduko, Kalixtok ezin pollikiago obeditzen!

Hiruak badoaz, orain, triki-traka, gain-behera. Asto-zaina ermitauaren jukutriaren gaitik irriz. Azken hau gain hartarik so:

  • Ez hadila hire astoaz sobera trufa, mutil ! Hi eta hire behereko jendeak oro astoaren idurikoak zirezte. Esklaboak. Zuen usteen esklabo. Ez duzue sokarik lepotik bainan buruan baduzue, bai, soka eta korapilo!  Ez duzue hain urrun esklaboen denbora. Kateak herdoildu balin bazaizkizue, sokak ere usteldu, gaur egun beste ixilpeko kateek lotzen zaituztete finkiago. Gaizoak! Zorrez kargatuak, kezkaz errautsiak, etorkizunaren beldurrez kokilduak, duda-mudaz josiak, bertzeen erranek muturretik lotuak, politikari handi-mandien ele zuriek balakatuak, txontxongilo eskupilatuak, … Katerik gabeko esklaboak, ohar-gabean harrapatuak, astoak bezala ez zirezte ez zuek ere nahi duzuen bidetatik ibiltzen… Jakina, bazterreko belar lits bat ebasten ahalko duzue noizean behin, gaitzuru erdi-bat zaldare ukanen duzue ere… Zer uste duzue behar duzuela gehiago libre sentitzeko ?

Horrelako gogoetetan sartua, bat batean, ermitauari asto baten arrantza ozena heltzen zaio beheretik, Buztanzelai eta Hautza mendi mazeletan barna oihartzunez oihartzun errepikatua :

  • To! Kalixto! Banakian ba hi ere enekin ados hintzela !

Johanes Bordazahar

Artzaina eta Iguzkia

Artzain hau gaztea zen, maliziarik gabekoa : bihotzez arin, gorputzez sendo, gogoz alegera. Etxeko ogi onez hazia, mendiko haize hotzak eta ur freskoak eta lanak hezia.

Akats bakar bat zaukan : mendiko bizia gustatzen zitzaiola, bakardadea ez zitzaiola biziki axola.  « Oi, mendian, zer bakia ! ».  Horrengatik ez zen usu menditik herrira jausten. Igandetan, nehoiz ez zen elizan agertzen ere salbu Besta Berriz. Apezak pixka bat aiher zuen. Jendeek ere zioten basatia zela : zoazi zu jakitera alfer hura zer hartzen zen gain hartan !

Egun batez mutila menditik jautsi zen zerbait janariren erostera. Justu apezarekin batean gertatu zen saltegian sartzen. Apezak mehatxuz erhi bat altxatu zion sudur-perat.

– Hi infernuko ihizia ! Kasu emak, Gaineko Haundi hark ikusten hau gero, nik ez bahaut ez Bazkoz ez Eguberriz ikusten ere. Bekatu duk pagano bat bezala bizitzea ! Ahalge behar huke izan !

– Zer ? Nik ez dut ez Gaineko Haundi haren beldurrik. Ni, mendian, zerutik hurbil bizi naiz !

– Jainkoaz ari nauk, tontoa ! Ez duka Jainkoaren beldurrik ?

– Ez ! Batere ! Zergaitik beldur ?

Ez zen deus egitekorik mutikoak nahi zuena egiten zuen, nahi zuena pentsatzen, bere gostuz bizi zen, mendian bezala denetan.

– Zu ez zirea ontsa bizi, jaun erretora ? Oldartu zen apezari galdatzera.

– Oh apezgoa zaila duk ! Hi bezalako ardi galdu batzuen gatik ainitz bihotzeko min sofritzen diat. Nahi nikek denak Jainkoarekin bakean bizi zaitezten !

– Zer egiten ahal nuke zuretzat !

– Enetzat ? Deus ! Behar baduk zerbait baliosa egin, to, haugi sarri kofesatzera, elizara. Siestaren ondotik, hiruak irian. 

Artzain gaztea elizan zen tenoreko. Sartu zelarik xoratua zen : eliza ilunbean ixilik, aire freskoa, ezko usaina… Eta berinateetarik iguzki argi bizi eder bat sartzen zen. Errautsa airean dantzan emaiten zuen, mila kolore. Mutila ahoa zabalik begira …

  • Ha, hemen haiz !

Boz ozen batek bapatez ametsetarik harrotu zuen. Apeza zen brauki sartzen elizan.

  • Belaunika hadi eta biek erranen diagu « Gure aita ! »

Artzaina hor zagon, besoak dilindan.

  • Ba… Bainan nik ez dakit « Gure Aita »
  • Errak, hi, nolako girixtinoa haiz ? Ez haiza katiximan egundaino ibilia ?   

Apeza haserrez ezin egonarekin :

– Ez duka sekulan otoitzik egiten ?

– Otoitzik ? Bai eta nola ! Goizetan, etxolatik ateratzean, agur erraten diot egunari eta milesker Jainkoari egun berriaren gatik. Bizpahiru jauzi eta itzulipurdi batzu egiten dizkiot iguzkiari esker onez, denbora ederra delarik. Edo kantu bat edo bi euriari, denbora txarra delarik. Uste dut gustatzen zaiotela.

– Jainkoa, iguzkia, euria, denak nahasten dituk. Hi, deabruaren seme ! Haugi berehala. Pausa ezak hire ardi larru usaindu zikin hori, hor, alki baten gainean eta sar hadi kofesategian.  

Ardi larru zikina kendu eta ez jakin nun pausatu, hurbildu zitzaion iguzki izpiari eta pollikiño iguzki izpiaren gainetik dilindan eman zuen, bihotz xokoan otoitz ttipi bat eginez « Argi maitea, atxikadazu larru hau ixtant bat. » eta soinekoa argi izpitik dilingo egon zen. Apeza mututua, so… Zu, irakurle, ez pentsa mirakulu bat zenik. Ez ! Justu Jainkoaren eta gaztearen arteko arrañamendu sinple bat zen; bi adiskidereren artean egiten den horietakoa, besterik ez.            

Johanes Bordazahar

Hiru maisu handiak

Hendaiako Abbadiako Jauna (Antoine d’Abbadie d’Arrast-euskaldunen aita delakoa) adinean han harat joana zelarik, adiskide batek galdatu zion nor izan zuen maisurik handiena.

Erantzun zion maisu ainitz ukan zituela, zerrenda luze baten egitea alferrezkoa zitzaiola. Bainan gehitu zuen :

“Halere  baditut hiru maisu nehoiz ahantzi ez ditutanak.

Lehena xakur bat zen. Bidean, Bidasoa ibai bazterretik oinez nindoan batez, nire aitzinetik xakur bat bazabilan, xakur erratua, alderraia, hain segur konpañia zenbaiten eske… Edan beharrez xakurra urera hurbildu zenean bat batean saingaka, beldurrak harturik, niri buruz tarrapatan itzuli zitzaidan. Etzen deus ibaian. Bere burua ikusi zukeen ur axalean, ustez eta beste xakur bat zen.

Baina hain zen egarri nun, beldurra gaindituz, berriz urera itzulirik, salto egin baitzuen, amorru biziz, etsaia garaitzeko. Bistan da ukaldian berean etsaia desagertu zitzaiola. Ulertu nuen xakurrarena. Zenbat aldiz ez ninduen beldurrak gibelerazi ? Irakatsi zautan guhauren beldurrak dauzkigula jendeak eta gauzak diren baino beldurgarriagoak egiten. Hor ikasi nuen bizian beldurraren gainetik menturatu behar nintzela…

Bigarrena basa-ihiztaria zen. Etiopian. Egun batez basamortuko mendietan, galdu nintzen, leher egina eta sukar tzar batek  ahuldua. Ke usain bat segituz, heldu nintzen artzain baten etxolara. Aterbetu ninduen eta bere ohantzea utzi zautan. Goizero bizpahiru orenez, etxola utzirik, ihizira joaten zen, jateko zerbaiten bila. Adar-tuta luze bat uzten zautan, zerbait gerta baledi deitzeko. Eguerdi irian itzultzen zen, eskuak hutsik. “Bihar goizean, Jainkoak nahi badu zerbait atxemanen dut.”  Biharamunean bezperan bezala itzultzen zen. Hamar-dozena bat egunez, etsitu gabe, errepika bera entzun nion “… Bihar Jainkoak nahi badu…” Ainitz aldiz artzainaz oroitu naiz, amor emaitekotan nindagolarik oroituz : « Bihar, Jainkoak nahi badu, berriz … »

Mutil koxkor batez oroitzen naiz ere. Ikusten nuen mutikoa goizero elizara joaten. Urruñan izan behar zen, untsa oroitzen banaiz. Elizan sartzean pizten zuen kandela. Familiako norbaitentzat otoitz gisa pizten zukeen. Halako batez hurbildu nintzaion trufa arraillant batekin, gogoa nahasi nahiz  :

  • Hihaurek piztu duk kandela ?
  • Bai, jauna, nihaurek.
  • Beraz erraiten ahal dautak nundik  hartu dukan argi hori ?
  • Zer ?
  • Erradak hire argi hori nundik jin zaukan !

Mutikoa irriz hasi zen. Ufako batez sua itzali eta galde egin zautan :

  • Jauna ! Argia joan da!  Erraiten ahal dautazu norat eskapatu  den?

Mokoa net hetsiz zautan. Nire lekuan ezarri ninduen! Ni,  jakintsuna, ustez eta hura baino gehiago nintzen.

Egia erraiteko, bizia bera izan zait maisu nagusien. Bizia den bezala. Bere ttipikeria eta handitasun guziekin.  Gertatu zaizkitan guziak,  onak eta txarrak, xantza bat bezala hartu ditut.  Unean unekoari ahal bezain ongi etorri ona eginez.”

Johanes Bordazahar

Amets tematiak

Gizon hau ez da ez pobrea ez aberatsa. Ardi eta behiekin, herritar guziak bezala, laborantza lanetik bizi da. Bakean bizi, emazte eta hiru haurrekin. Etxea  hantxe du Baztango mendi hegi hartan, borda bat gibelean, bi iratze meta aldamenean eta  leizar handia etxaitzineko korralean

Udan, bazkal ondoan,  leizarraren itzalean egiten du loaldia. Burua erro sendoaren gainean pausaturik.

Badu orain egunak eta egunak, siesta denboran, behin eta berriz, amets ber-bera heldu zaiola… Amets tematsu iraunkorra.

Halako batez, gogoa libratzen dio emazteari.

  • Ene ametsean ikusten dut hiri zabala, famatua. Bi katedral baditu. Zubi  ederrenaren azpian, zoko-zokoan, sekulako fortuna dago gorderik, ene beha. Loalditik triste iratzartzen nauzu. Alabaina, holako ametsetarik  ateratzea ez da goxo gero!” 

Ustegabean, emazteak  serioski hartu du.

  • Holako amets tematsu egonkor baten gibelean egia zerbait badukezu. Hiri handia bi katedraleekin, Salamanka duzu hain segur. Zoaz. Proba ezazu. Zure itzulia egiteko denboran etxea gure artean atxikiko dugu.

Joan da gizona, San Martine egunean. Bidea luze eta dorpe gertatu zaio. Atzerri otserri. Gorriak pairaturik, azkenean,  goiz eder batez, heldu da Salamankara. Heldu bezain laster, zubi guziak begiztatu ditu. Atseginekin ezagutu du ametsetako hura.

Zoritxarrez, bohame familiek okupatua dute. Bazterrak ezin mia. Halere, badaki norbaitek, zerbaitek, nolazpait adieraziko diola nun dagon delako “altxorra”… Alferrik. Seinalerik ez. Iluntzean, behar bada lokartzearekin ametsa berriz etorriko zaiolakoan, zubi ixkin batean korobilkatzen da lo egiteko. Ametsik ez zaio jin. Gaueko loa ere motza izan zaio. Ipurdian bi ostiko finek iratzarri dute tupustean. Hor du, aitzinean, polizia ofizierra :

  • Aika ! Arlote, eskale alferra !

Eskuburdinekin loturik eraman dute komisaldegira. Presoen arteko joka partida  baten gaitik, gure gizona berehala epaileari presentatu diote.

Epailea ez da guti harritu ikustearekin gure gizonak bizi  ezin “normalagoa” deramala: lana, etxaldea, emaztea, haurrak baditu. Gizon xaloa, maleziarik gabekoa.

  • Zertarako debru etorri zira honara ?
  • Amets iraunkor baten gaitik ! Eta kondatu dizkio : siesta, ametsa, zubia,  fortuna, xehetasun guziekin.

Epailea irriz lehertua :

  • Ametsetako lukainka!… Zigor on bat merezi zinuke zure ergelkeriarentzat. Horiek guziak xakur-ametsak dituzu !  Bazinaki ? Niri ere amets bat etortzen zait, beti bera. Etxea  hantxe da mendi hegian, borda bat gibelean, bi iratze meta bazterrean. Ametsaren arabera etxe aitzineko leizarraren erroaren azpian bada ikaragarriko altxorra, kutxa baten barnean ! Huskeriak horiek! Usteak ustelak ditugu!

Gizonak jaun epaileari bostekoa emanik, kuxian etxeko bidea hartu du. Esperantza hain du handia non bideak berak gure gizona airez-aire eraman baitu. Etxeratzekoan, nehor. Hainbat hobe. Hartu palaharra eta erroaren azpitik atera du… delako altxorra, uste baino ederragokoa !

Ixtorioak deus ez derasa, gizonak zer erran zion emazteari, ez eta nola banatu zuen altxorra. Baina beste mezu ixilen artetik hau dio : maiz guretik urrundu behar dugula; urrun hartarik ohartzen girelako nolako aberastasuna daukagun bai gure baitan, bai gure etxean bertan.  Zutan daukazun egiazko altxorra  hoberenarentzat balioko zaizulako asmoarekin : urte berri on !

Johanes Bordazahar

Ametsak

Baratze bat nahi deizüt egin

Amets segeretüenekilan…

Pier Paul Berçaitz

 Etxe gibelean, haritz handiaren azpian, sei urteko haurra ari da jostetan : « Belen belen, bee…» ezkurrak ardiak ditu. Bapatean entzuten du aitaren trakturra burrunban.  Haurra, zurezko trakturra eskuan, lurrean, alorraren iraultzen ari da. Horra bidea, enzilaia meta. … Gelditu eta hasi da ametsetan : « Ah aita banintz ! Trakturraren gainean munduko erregea ninteke ! Jaun ta jabe ! Nolako lanak, zein ongi eta laster eginak ! Azkarra eta errespetatua izanen naiz herrian…. ! »

Haurrak ez dakiena da etxea ere ari dela ametsetan, mendi hegian. « Nahiko nuke ehun solairuko   bizitegia izan. Zein maiteko nukeen ene burua ikustea hiri handi baten erdian zut eta zabal, igogailuekin, dena berina, kaskoan antena-haga oihana. Gauaz argiz dirdiran. … Ha !  Bizitegi dorre bat banintz etxe xoil galdu bat izaiteko orde ?

Hala hala, ibar zolan ; herrixka bera ari da ametsetan. « Iri handi bat banintz ?! Etorbide zabal eta luzeekin, hiper-merkatuekin. Bankuak, zinemak, areto handiak, kirol zelaiak, geltokiak, aireportuak, alde guzietan. Mota guzietako jendeak trumilka aferetan harat-hunat. Bizia pilpilean. Bazterrak hilak dira hemen.»

Herrixka aberri ttiki batean kokatua baita, hau  ere ametsetan dago: « Ah munduko hamabi estadu handienetarik banintz. Zabala, aberatsa, poderetsua, muga finkoekin. Armada handi batekin, herritarrak defendatzeko. Auzoko nazioak beldurrez atxikiko nituzke.»

Aberria bezala, gure planeta ere ari da ametsetan. « Iguzkia banintz ! Planetak ene inguruan itzuli mitzuli meneko nituzke. Denen indar, denen argi nintzateke ! »

Bainan ez haurrak, ez etxeak, ez herrixkak, ez aberriak, ez eta ere planetak uste ez dutena da : iguzkiak ere bere ametsa badaukala : « Lur planeta banintz mila kolorez jantzia, soinu eta usain ugarikoa ; mendi, itsaso, zelai, ibaiekin, hain desberdinak, hain aberatsak. Biziz gaindika, oi lur urdin maitagarria ! »

Estadu handia ere ari da ametsetan. « Ah  aberri ttipi bat banintz ? Armadarik gabe, zergarik gabe, legedi konplikaturik gabe, presondegirik gabe, zaintzeko mugarik gabe. Hots, buru hausterik gabe … »

Hiri handia, estadua bezala, gogoetetan dago. « Oxala ! Herrixka bat banintz ? Zer bakea ! Zer goxotasuna. Zer bizi lasaia. Auzoen harat hunat baketsuekin, haien solas  zuhur eztiekin… Xoriak eta arbolak ixkin guzietan, loreen eta animalien erdian…Eta zenbat grazia ttipi zoko moko guzietan ! »

Hiriko  ehun  solairuko bizitegia, burua lanoetan galdua arida bere baitan : « Nahiago nuke etxe ttikpi bat izan. Zer joia ! Mendi hegian irriz, leiho gorriekin, erridauak berinetan ; lore baratze batez inguratua, …. »

Aitak, trakturraren gainetik. haurra ikusi du haritz handiaren azpian josteta …  « Ah   haurra banintz, kezkarik gabe ; duda mudarik, zorrik gabe, konfiantza osoan… Gure haurrak balaki zenbat eta zenbat lan, kezka eta gataska behar den bizitzeko ! Jakin gabe gure lanak zerbait balio duenetz ere. »

Etxe gibelean sei urteko haurra ari da ezkurrekin ardika : « Belen, belen. Bee bee ! …  “Ah aita banintz ! Trakturraren gainean munduko erregea nintzateke ! Jaun ta jabe … »  Hola doaz ametsak eta asmoak gure munduan: itzuli-mitzuli. Zerri gosetiak ezkurra amets!

Haurtzaroko ainitz amets gogoan dauzkagu oraino. Bakoitzak bereak edo elgarrekin ditugunak, aberri oso batenak. Gehienak bete ez ditugunak, batzu ez beteko ere. Bainan amets guzietan baliosena, ederretan ederrena : haurrarena.  Ametsarekin geroaren eraikitzen hasia baita. Gu, gaurko bizikoak gira. Haurra jadanik biharko etxean bizi da. Eskuetan daukan ezkurra bezala :  hor baitago lo haritz handi ikaragarri baten ernamuina.

Johanes Bordazahar

Amatxi, zergaitik…?


– Amatxi! Zergaitik zaude hor, etx’aitzinean jarria ?

Adin handia nolakoa den

Haurra, ari naiz ikasten:

Xinaurri, lore edo pinpirin

Gauza ttikien miresten;

Ene belaunen daldararekin

Hezurren kraskak entzuten;

Gau-eguneko oren luzeetan

Nehoren beha egoiten;

Baratzerako bidea ere

Ari zait luze egiten.

– Amatxi! Zergaitik beti arbolari so ?

Arbola nauzu, azalez latza,

Erroak barna sarturik,

Beso eiharrak zerura deika

Hor nago otoitz eginik.

Haize hegalen firfiran ere

Maiz ametsetan galdurik.

Badakit minek lanoen gisa

Ez dutela iraupenik.

Aldiz xoriek, berdin liliek

Hor naukate xoraturik.

– Zer erraiten dauzu bada arbolak ?

Intxaurrondoko hosto batekin

Ari nauzu solasean.

Xuxurlatzen daut:  “ Bizi hazia

Emana zaigu sortzean.

Kimu begitik erro punttara

Adarretik pasatzean,

Zuhaitz bakar bat  gira guziak,

Biziaren ahurrean.

Zure aldian ama bat zira

Belaunaldien katean…”

Amatxi ? Nola zinen lehen ?

Etxekandere oparo nintzen,

Eder begiesten ninduten.

Orain umilki, ixil-ixila,

Etxe zilo naiz egoiten.

Ene bihotza tarrapataka

Bapatez ez bazait hasten,

Egun  bakoitza argiratzean

Gogoa zait arrapizten.

Jaungoiko aita lauda nezake

Ainitz balizkit emaiten.

– Haur denbora urrun duzu,  Amatxi !

Xahartu eta urte gazteeri

So egiten badiezu,

Haur denborako mirari berak

Orain ikusten dituzu.

Jaun Goikoaren esku ixila

Orotan sumatzen duzu.

Kolore, soinu, irriak oro

Gordinik heldu zaizkizu.

Zahartzaroan,  haur denborara

Berriz itzultzen gaituzu !

– Amatxi! Zer ikasten duzu oraino ez dakizunik ?

Libre egoiten ikasia dut

Begi besoak zabalik.

Ikasia dut pazientzia,

Ez dela lan minagorik.

Ene biziak luze iraunik

Ez duela gelditzerik .

Oroitzapenak gogoan hartuz,

Armairu zolak husturik,

Ixil ixila urrunduko naiz

Utzi gabe herrestorik.

– Ez duzu nehorat joaiterik ?

Denak galduta, zer gelditzen zait ?

Bakarrik ene gorputza;

Zahar ‘ta hotza izanagatik

Maite dut ene egoitza.

Adin ederrak badu argi bat

Deitzen dena esperantza.

Etxekoekin, maitasunean

Berotu baitut bihotza,

Beldurrik ez dut noiz ere jinen

Baitzait azken oren latza.

– Oren latza ? Zer derasazu ?

Begiak zaizkit malkoz erretzen

Hil bati begiratzean.

Ez naiz izitzen azken eguna

Etorriko zaidanean,

Urrats handia, sakratuzkoa,

Betikotzat egitean,

Azken hats hartan, nahi nuke hartu

zure eskua enean.

Zeruko aitak har diezadan

Beste eskua berean.

– Hil eta zer ?

Arima daukat, Jaunak emana,

Betirako oparia.

Nehork ez dautan, nehoiz, moztuko

Urre bizizko haria.

Hau da kaiola puskatuz geroz

Airatuko den xoria.

Negu bakoitzak ez ote dakar

Berekin udaberria ?

Lurperatzen den hazitik berdin

Pizten da lore berria.

– Amatxi! Beti ikusten dauzut pindar bat begietan.

Badakit ongi ene gorputza

Badoala itzaltzera.

Bainan bihotzak beti deitzen nau

Gehiago maitatzera.

Begi  ahulak lehiatzen zaizkit

Aurpegien mirestera,

Bi esku hauen daldararekin

Xamurki perekatzera.

Barneko suak ez  daut barkatzen,

Ez nau uzten erdoiltzera.

Johanes Bordazahar

Kesus eta bixkotxa.


… aise mendian zuen etxea… mahaxterka aritzen zen, ezkondua, ezkondu berria.

Badakizue gure Herrian badira behereko etxeak eta gaineko etxeak. Gaineko etxeak, edo bordak, badu pentze bat. Pentzean egiten zen belarra udan. Belarra egiten zen eta jendea hor egoten zen bizpahiru azindekin. Azindak denek badakizue zer diren… Mamilla eta Master hor dira ezkondu berriak.

Urrusko bestetan, hori Baigorrin da, egiazko istorioa dela erran dut, bazen Kesus, Baztangoa; bere mandoarekin etortzen zen bezperan, besta bezperan. Mandoaren gainean ekartzen zituen tabakoa, 43, Pastis, Patxaran. Etxez etxe pasatzen zen eta manatua zutenek ukaiten zuten beren eskaera.

Beraz, gure Kesus bere mandoarekin heldu zen eta azken etxea Maixterrenea, azken etxea, gainean eta gero muga, segitzen nauzue?…, eta etxeari hurbiltzean ikaragarriko ortzia ximixtak, ortzia, bum bum, harria… “Arri! Mandoa!” Gure Kesus harriaren azpian, eta hantxet Maixtriaeneko leihotik… leihoa idekitzen da eta andere gazteak egiten du: “Kesus! Fite! Sar zite fite! Sar zite fite!” Kesus, bere mandoarekin eta bere kargarekin, sartzen da behitegian.

Esplikatu behar dut… mendiko etxeak, badakizue nola eginak diren? Bada malda eta maldari kontra egiten da etxea. Erran nahi baita azpian bada behitegia eta gainean bizitegia, jendeena. Eta beraz gure mandoa, Kesusekin, sartzen da behitegian, eta Kesus zakuarekin ateratzen da eta sartzen da sukaldean.

Sukaldean sartzen delarik: usaina! Bixkotxa baten usaina. Mahain gainean badira bi bixkotxa. “Gâteau basque!” Zerendako dira? Zeren  biharamunean bestak dira. Herriko bestak dira. Guk beti bixkotxak egiten ditugu, holako bixkotxak, bestetako. “Fite fite bustia zira! Hor pausatu zure gauzak eta zato supazterrera berotzera eta idortzera”. Eta gure gizona, gure Kesus hurbiltzen da eta… zuek beharrik ez duzuela ezagutzen Kesus nola zen… eta hor egoiten da… Betiko usain hori eta…

.

“Afaldua zira? » Kesusek: « Bai afaldua niz. Bai!”. Etzen egia bainan nahi zituen bixkotx hek jastatu. Zeren mutil zaharra zen, emazterik etzuen, bereber bizi zen. “Bai afaldua, naiz bai, bai! Afaldua naiz, eztu balio desarrainatzea afaldua naiz; beraz bixkotxa janen dugu!” Nagusi gazteak, Maixterrek: “Ez! Bixkotxak beroak dira, labetik atera berriak, ez duzu janen, bixkotxak biharko dira. Bihar dira Urdoseko bestak eta. Bihar onak izanen dira, bainan egun ez! Ez!”

Kesus eta bertze biak supazterrean egon dira, kontu kontari.

Erran behar dut bertze gauza bat ahantzi dutena, bainan interesgarria dena. Zeren denbora hartan, gure gazte denboran, kafea, kafea ez genuen Baigorrin erosten, Baztanetik ekartzen zaukuten. Zeren kafea, akeita… bazen halako tabu bat; akeita emazteek goxoki edaten zuten: “Akeita edanen dinau!” eta goxoki, ixilean, edatzen zen kafea, zen gauza bat tabu! Eta beraz kafea edan dute eta “Hunekin etzira etxera joanen, iluna da, ortzia da. Bihar goizean joanen zira, denbora guzia izanen duzu muga pasatzeko eta Baztan aldera joiateko. –Bai, bai, ni gogotik egonen naiz hemen!”

Tenorea etorri da, etzateko tenorea. Eta beraz anderea aldatu da eta hiruak eman dira ohearen ondoan belauniko eta otoitza egin…… eta andere gaztea eman da ohean… astian erran dut etxea nola egina zen luzetara, hola, eta delako Maxterrenean, hor, bazen sua, mahaina, jateko mahaina, eta han ohea; dena sala berean, erridau ttipi bat baizik etzen. Segitzen nauzue? Otoitzean ematen dira eta nnnnnn eta anderea ematen da murruari kontra, bere ondoan ematen da nagusi gaztea eta ohe hegian Kesus, hiruak ohe berean,

Lokartzen dira eta gau erditan, akeitaren eragina, nagusi gazteak sentitzen du behar bat (tripa hunkituz). Ohetik ateratzen da, gibelera begiratzen du: “Ja ja ja ez ditiat utziko bi gazte horiek ohean ni gabe!” Hartzen du kadira bat eta bien artean ezartzen du ohean, alde batetik emaztea eta bestaldetik gizona eta ateratzen da, badakizu lehenago zaku bat ezartzen zuten eta… Beraz behar zuena egiten zuen eta berritz sartzen zen, kadera kendu eta gure gizona etzaten da.

Goizeko lau orenetan. Haizearekin behitegiko atea banbaka: « Dinbi! Danba! » Eta gure nagusi gazteak atea etsi behar! Jeikitzen da, Kesus pasatzen du, eta bi gazteak ahanzten ditu, eta, bere soinekoa emaiten du, …., burutik beheiti emaiten du, ateratzen da atearen hestera eta, atera delarik neskak erraten dio Kesusi: “Balia zaite! Orai duzu denbora. Kanpoan da balia zaite orain, balia zaite, zure biziko xantza duzu!”

Kesus jeikitzen da eta… bixkotxaren jatera joaiten da.